- Oiartzun: Udal Osoko Ohiko Batzarraldia egingo da gaur
- El Diario Vasco, 2009-11-25
2009/11/25
> Berria: Hiesa > OIARTZUN: GAUR BENEDIKTO XVIAK PRESERBATIBOAZ EGIN DITUEN AZALPENEN INGURUAN UDAL OSOKO OHIKO BATZARRALDIAN
2008/09/21
> Berria: Ekitaldiak > EHGAM KANPALDIA: HOMOFOBIAREN KUTSADURATIK APARTE
- Homofobiaren kutsaduratik aparte
- Ostiralean hasi zen, Oiartzungo Arritxulo aterpean, EHGAMen Les-Gay kanpaldia, eta gaur amaituko da. «Eguneroko bizimodu merkantilistatik» irten, eta aniztasunean elkarrekin bizitzen ahalegindu dira bi egunez.
- Berria, 2008-09-21 # Mikel Perurena · Oiartzun
Txirrindulariek malda gogorrak gainditu behar dituzte Aritxulegiko mendatea (Oiartzun, Gipuzkoa) garaitzeko. Malda gogorragoak izan ohi dituzte, egunerokoan, lesbiana, gay eta transexualek. Mikel Martin Conde EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduko kideak gogoratu duenez, «pertsonak eta sexualitatea askatzeko» gunea zabaltzen dute, hala ere, urtero: Les-Gay kanpaldia. «Egunerokotasunean dugun kutsadura homofobikotik irten eta elkarrekin bizitzeko beste modu batzuk probatzen ditugu», dio Martin Condek. Aurten Aritxulegiko mendatearen bidean dagoen aterpean antolatu du kanpaldia EHGAMek, Arritxulon.
Ostiral arratsaldean hasi ziren topaketak, eta, ordurako, 85 lagun elkartu ziren. Aterpeak 120 lagunentzako lekua du eta atzo gauean dena betetzea espero zuten antolatzaileek. Euskal Herri osotik bildu da jendea aurtengo kanpaldira, baita Leondik, Zaragozatik, Salamancatik (Espainia), Lyondik (Frantzia), Mauritaniatik eta Txiletik ere, besteak beste.
Martin Conde pozik agertu da aurtengo ekitaldiarekin: «Antolatzen ari zarenean, beti pentsatzen duzu ea dena ondo joango den; atzo [ostirala], afaldu eta egitaraua aurkeztu genuenean, aurpegiak ikusi, eta oso pozik jarri nintzen». Iaz baino jende gehiago elkartu dela, eta asko berriak direla, nabarmendu du EHGAMeko kideak.
Herri txikietako presioa
Aurten lehen aldiz etorri direnen artean, bat bereizi du Martin Condek: Gipuzkoako herri txiki bateko 50 urte inguruko emakume bat. Kezkaturik eta urduri omen zegoen izena emateko deitu zuenean. «Atea zabaldu diogu eta garrantzitsua da atea irekita uztea, eta berak ere beste batzuentzat atea irekita edukitzea». Kasu horretan, kanpalekura etortzeko erabakia hartzea jabetzeko edo boterea hartzeko modua dela adierazi du EHGAMeko kideak: «Urratsa egiten duenak hor egon behar du gero, beste batzuek urrats bera egin nahi dutenean laguntzeko». Albotik, Medeak elkarteko Josebe Iturriozek adierazi du lesbianen bazterketa oso gauza berezia dela: «Askoz gogorragoa da, herri txikietan batik bat». Hala ere, EHGAMek urtero antolatzen duen kanpaldia «arraroa» da, gizon baino emakume gehiago biltzen ari direlako azken urteetan. «Hori ez da batere normala, emakume lesbianak askoz ere ezkutatuago daudelako».
Iturriozen ustez, EHGAM punta-puntako erronkak aurkezten ari da, eta «neskentzako» eskaintza politiko erakargarria egiten ari da: «Instituzioak lantzen hasi dira gauza batzuk, baina gaur egun, hemen, ez dago beste gunerik gai hauetaz hitz egiteko». Gai horien artean daude, esaterako, transexualitatea, pornografia, queer teoriak edo drag-king-ak.
Iturriozek nabarmendu du transexualitatea «mende honetako erronka» izango dela. Izan ere, hormonak hartzeari utzi diote batzuek, beste batzuek uko egin diote ebakuntzak egiteari, teoria berriak agertzen ari dira... Iturriozen arabera, «iraultza» gertatzen ari da arlo horretan. Kanpaldian Post porno tailerra egin dute aurten, adibidez.
Hausnartzeko ez ezik, ondo pasatzeko eta elkar ezagutzeko topagunea da Les-Gay kanpaldia. Atzo goizean Bianditzera mendi itzulia egin zuen talde batek, beste batek yoga egiten zuen bitartean. EHGAMeko Amaia Gonzalezek argitu du ez dela derrigorra ekintzetan parte hartzea: «Norberak nahi duena egin dezake». Aukera zabala da: hitzaldiak, txalaparta eta sado-masokismo tailerrak, transfobiari buruzko erakusketa, Arditurriko meategietarako irteera... Atzo gaueko maribollotrans festaren ostean, gaur arratsaldean amaituko dira topaketak, datorren urtera arte.
2007/11/26
> Laburrak: Ekitaldiak > EHGAM-EK JAIA EGINGO DU IURRITAN
- EHGAM-ek jaia egingo du Iurritan
- Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira izango da
- Oarsoaldeko Hitza, 2007-11-26
EHGAM erakundeak Iurritan jaia antolatu du abenduaren 1erako, Hiesaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. Ibizatik eta Donostiatik etorritako DJ-ek jarriko dute musika 23:30etik aurrera Ugaldetxoko gune soziokulturalean.
2007/09/14
> Elkarrizketa: MIKEL MARTIN · EHGAM > "BESTELAKO SEXU AUKERENTZAT PLAN AKTIBOAK BEHAR DIRA ESKOLETAN"
- Mikel Martin · EHGAMeko kidea: «Bestelako sexu aukerentzat plan aktiboak behar dira eskoletan»
- EHGAM erakundeak 30 urte bete ditu aurten. Gaur hasiko da 16. kanpaldia. Mikel Martinen iritziz, ekimen hori erabat finkatuta dago.
- Berria, 2007-09-14 # Ion Olano · Donostia

EHGAMek gaur, bihar eta etzi Oiartzunen (Gipuzkoa) egingo duen kanpaldia prestatzen ari dela jaso du Mikel Martinek BERRIA. Aurten hamaseigarren kanpaldia izan arren, hasiberriaren ilusioa nabari zaio.
Aurten berriro. Zergatik?
Uste dugu jendeak honetarako gogoa duela, eta guk ere interes handia dugu. Era berean, kurtso berria abiatzeko seinalea da guretzat. Kanpaldian lagunekin elkartu nahi dugu, elkar sentitu, giro askean. Espazioa eta denbora elkarbanatu, bizi erritmo ezberdin batean gozatzeko. Eskatzen dugun konpromiso bakarra ondo pasatzea da.
Aurten izango da kanpaldia egiten dugun 16. urtea. Beste urte batzuetan bezala, Arritxuloko aterpetxean egingo dugu, Oiartzunen (Gipuzkoa). Oraingoz, badakigu ez dela soilik Euskal Herriko jendea etorriko. Esaterako, Aragoitik (Espainia) etorriko dira batzuk.
Zein helbururekin antolatu duzue aurtengo kanpaldia?
Pixkanaka, jarduera berriak txertatzen ari gara kanpaldiko egitarauan. Aurten, adibidez, gogo eta osasun egoerak sistema immunologikoan nola eragiten duen ikasteko tailer bat antolatu dugu. Elkarteko emakumeei esker, emakumeentzako defentsa ikastaroa ere berreskuratu dugu. Badago beste tailer berezi bat sexualitateari buruzkoa: Sexu alaia du izena. Horrez gain, jostailu erotikoen erakusketa egingo dugu. Gainera, Sentsualitatea, sexualitatea, segurtasuna izeneko tailer bat ere prestatu dugu. Egingo dugun beste gauza berezi bat txikiak gineneneko jokoak berreskuratzea izango da, baita gu baino zaharragoak diren jokoak ere.
Gaur gauean talde berezia izango dugu gurean: Aluaren Algara. Bihar, berriz, urtero bezala festa egingo dugu. Festa horretan egingo du emanaldia transformista bikain batek: Yougurinha Burova da bere izen artistikoa. Batukada tailerra ere izango dugu, eta natura gustuko duenarentzat, mendi ibilera leunak antolatu ditugu. Etzi, gogoa duenarentzat, Oiartzunera egingo dugu bisita. Oro har, ondo ateratzea espero dugu. Eta kanpaldira etorri nahi duenak jakin dezala: parte hartzea ez da kanpaldian egoteko ezinbesteko baldintza.
Urte hauetan guztietan, belaunaldi berriak joan al dira kanpaldira?
Batez besteko adina 28 urteren inguruan dabil. Azken urteotan, neska-mutilak paretsu etorri dira, eta batzuetan neska gehiago. Lehenengo urteetan ez zen horrela, gizonezkoak ziren nagusi. Aurten Oiartzunen egingo da berriro; kanpaldia beste herrialdeetan egiteko gogoa daukagu, baina ez da erraza.
Hamaseigarrena da aurtengo kanpaldia. Zein bilakaera izan du ekimen honek?
Uste dugu ekimen hau finkatuta dagoela dagoeneko. EHGAMek urte osoan egiten duen beste edozein ekimen bezain finkatuta. Urteotan nabaritu dugun aldaketa, lehen aipatutako emakumeen presentziaz gain, transexualena izan da. Izan ere, transexualen presentzia haziz joan da kanpaldiz kanpaldi, ez soilik maila teorikoan, errealitatean baizik.
EHGAMek 30 urte bete ditu aurten. Zeintzuk dira, egun, erakundearen erronkarik nagusienak?
Autoantolaketan sinesten jarraitzen dugu. Erakundeen parte hartze aktiboa eskatzen jarraituko dugu, baita ikusgaitasuna bultzatzeko ekintzak antolatzen ere. Iraultza sexuala, beharrezkoa dena, egiteke dago. Bestelakotasun sexualentzako plan aktiboak egin behar dira eskoletan, EHGAMen heziketa da bidea leloa errealitate bihur dadin. Izan ere, homofobia egon badago, eta alde askotatik egin behar zaio aurre. Erakunde batzuengandik ezin dugu gehiegi espero, beraz geuk esku hartu beharko dugu.
Homofobia eta lesbofobia indartsu al dira, oraindik, gure artean?
Euskal Herrian izan diren erasoetatik haratago, homofobia mundu ikuskera baten parte da, gutxiengo sexualak baztertzen dituena. Horri aurre egiteak lan handia eta konkretua eskatzen du. Hedabideetan txantxa homofoboak egiten dituzte; lantokietan, homofobia eta matxismoa darien hitzarmenak sinatzen dituzte. Tristeena da kontu honi ez zaiola behar duen garrantzia ematen. Errazagoa da pentsatzea: «Honek ez du zerikusirik nirekin».
Azken urteotan zein urrats positibo egin dela uste duzu?
Orokorrean ikusgaitasun gehiago lortu dugu. Era berean, gainontzeko elkarteak irazkorragoak dira gaiarekin, askok bere egin dituzte lesbiana, homosexual eta transexual mugimenduaren aldarrikapenak. Hala ere, berriz nabarmendu nahi dugu kontzientzia askapena eta aurreiritzien desagerpena ez dagokiela soilik kaltetuei, ezinbestekoa dela gizarteak aldarri horiek bere egitea: politikariek, idazleek, irakasleek, sindikatuek, gazte erakundeek, hedabideek...
Azken urteotan garrantzitsua izan den beste kontu bat nazioarteko homosexual, lesbiana eta transexualek jasaten dituzten egoeren ezagupena izan da: esaterako, Polonian oso egoera gogorra dute, Iranen debekua sufritzen dute, eta Hego Amerika ere ez dugu begien bistatik galdu behar. Gutxiengo sexualen kontrako jazarpenaren aurrean arreta eta konpromisoa eskatzen dizkiogu gizarteari.
2007/09/12
> Berria: Ekitaldiak > EHGAMEK IKASTURTEA HASTEKO KANPALDIA ANTOLATU DU ARRITXULON
- EHGAMek ikasturtea hasteko kanpaldia antolatu du Arritxulon
- Oraindik izena eman daiteke asteburu honetan aterpetxean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko
- Oarsoaldeko Hitza, 2007-09-12 # Goiatz Labandibar
Dagoeneko laugarrenez, Arritxuloko aterpetxea eta Aritxulegi ingurua aukeratu ditu EHGAMek azken hamasei urteetan egin duten les-gay kanpaldia egiteko. Asteburu honetan izango da: etzi hasi eta igandea bitartean.
Aurtengo kanpaldia, izenetik bertatik dator berrikuntzarekin. Izan ere, lehenengoz transexualei ere aipamen zuzena egin diote: les-gay-trans kanpaldia izango da. Mikel Martinek azaldu du arrazoia: «Gay askapenerako mugimendua beti ulertu dugu minoria eta identitate sexual guztien alde. Aurten lehen aldiz aipatu ditugu izenean transexualak, jendeari errealitate hori ere erakutsi nahi diegulako, buruan sartu nahi diegulako» .
Adierazgarria izan ohi da EHGAMek ongi etorria emateko jartzen duen kartela bera: «Hiru punturekin bukatzen da, edozein identitate sexualeko jendea etorri daitekeelako lesbiana, gay eta transexualez gain ere: bisexualak, heterosexual errespetudunak...», argitu du Mikel Martinek.
Asteburupasa honek ekitaldiz betetako egitaraua izan ohi du. Aurtengoa ere ez da gutxiago izango. «Guztiak gauza asko eta onak ikasiko ditugula espero dugu», esan du Martinek.
EHGAMek, 30 urte
Kanpaldiarekin emango dio hasiera EHGAMek 2007/2008 ikasturteari. Aurtengoa, gainera, urte berezia da taldearentzat, 30. urtemuga ospatuko baititu. Leloa ere aukeratu dute urtearentzat: EHGAM 30 urte kutsatzen, «sexua aske bizitzeko», azaldu du Martinek.
Kanpaldiaren filosofia hitz gutxitan definitu du Mikel Martinek, «helburua giro oneko topagunea egitea da, naturarekiko errespetuan eta gu ere, naturalki errespetatuz».
Oraindik izena emateko aukera badute parte hartu nahi dutenek, 667 435 570 telefonora deitu edo ehgamhelbidera idatz dezakete. Oraingoz, 65 lagun inguruk eman dute izena asteburu osoa pasatzeko, Euskal Herri osotik eta baita Aragoitik (Espainia) ere. Lehentasuna asteburu osoa pasatzera doazenek izango dute.
Asteburu osoa pasatzeko, 60 euro sartu behar dira Euskadiko Kutxaren 3035 0063 82 0630 0302 22 kontu korrontean. Kanpina eramango dutenek, 50 euro ordaindu behar dituzte. Informazio gehiago behar duenak www.ehgam.com helbidean aurkituko du.
- EGITARAUA
- Prestatutako guztian parte hartzea «borondatezkoa» izango da eta «malguak» izango dira ordutegiekin, esan dutenez.
- ETZI, IRAILAK 14
- 18:00etan. Ongietorria.
- Gauean. Aluaren Algara.
- LARUNBATA, HILAK 15
- 10:30ean. Mendi martxa eta tailerrak: sexu alaia, emakumeen autodefentsa, jolasak...
- 17:00etan. Tailerrak: autodefentsa; batukada; tuppersexa; sentsualitatea, sexualitatea eta segurtasuna, eta egoera emozionalaren eragina osasunean.
- Gauean. Yogurinha Borova eta DJ 2ttor.
- IGANDEA, IRAILAK 16
- Goizean. Oiartzunera bisita edo Herri Musikaren Txokoa eta Luberri museo geologikora bisita.