2008/08/29

> Berria: Indarkeria > NAFARROA: SARRIGURENEN LABANAZ ZAURITUTAKO EMAKUMEAREN SENARRAREN BILA DABIL POLIZIA, ERASOTZAILEA DELAKOAN

  • Sarrigurenen labanaz zauritutako emakumearen senarraren bila dabil Polizia, erasotzailea delakoan
  • 45 urteko andrea oso larri dago Nafarroak Ospitalean. Etxean gertatu da erasoa, eta Foruzaingoaren arabera ihes eginda dago.
  • Berria, 2008-08-29

Sarrigurenen (Nafarroa) emakume bat laban batez larri zauritu dute gaur goizean. Erasotzailea haren senarra dela uste du Foruzaingoak, eta haren bila dabil. Emakumea Nafarroako Ospitalera eraman dute oso larri. Bularrean, bizkarrean eta aurpegian ditu laban zauriak.


Nafarroako Gobernuak emandako azalpenen arabera, goizeko zortzi eta erdiak inguruan 45 urteko emakumea etxeko leihora atera da Sarrigurengo Urederra kalean, eta oihuka laguntza eskatzeari ekin dio. Lekukoen arabera, odoletan zegoen andrea. Hain zuzen ere, gertatutakoaren berri eman diote Sos Nafarroari bizilagunek, eta Eguesibarko udaltzainak eta Foruzaingoa bidali dituzte bertara. Labankadaz zaurituta aurkitu dute emakumea.


56 urteko senarrak, berriz, ihes egin du Ford Fiesta txuri batean. Hain zuzen ere, haren bila dabiltza Foruzaingoa, Espainiako Polizia eta Guardia Zibila, erasotzailea delakoan.


Senar-emazte horiek hiru seme-alabaren guraso dira. Bizilagun batzuk aipatu dute duela gutxi gizonarengandik banatzeko asmoa adierazi ziela emakumeak.

2008/08/27

> Berria: Berdintasuna > AURRENEKO ALDIZ BADIAN

  • Aurreneko aldiz badian
  • Zortzi traineru ariko dira emakumezkoen Kontxako Banderan, irailaren 13an jokatuko den kanporaketan
  • Berria, 2008-08-27

Irailaren 13an jokatuko da kanporaketa zortzi trainerurekin, eta irailaren 14an estropada nagusia bezperan sailkatu diren lau onenekin. Zehaztuta dago. Jokatu egingo da. Aurreneko aldiz, emakumezkoen Kontxako Bandera antolatu da, eta atzo egin zen Donostian Banderaren aurkezpena. Antolatzaileak izan ziren bertan, bai eta parte hartuko duten taldeetako ordezkari eta arraunlariak ere. Gipuzkoakoak dira hiru talde (Hondarribia, Zumaia-Getaria eta Tolosa), Bizkaikoa bakarra (Arkoteren izenean Bizkaiko selekzioa), Kataluniako bi (Badalona eta Colera), Kantabriakoa beste bat (Astillero), eta Galiziakoa beste bat (Galiziako selekzioa).


«Kantauriko estropadarik garrantzitsuena, hain zuzen, tradizioa gizarte gero eta berdinago batera molda daitekeelako eta moldatu behar delako adibide da», esan zuen atzoko aurkezpenean Donostiako berdintasunerako zinegotzi Ainhoa Beolak. Odon Elorza alkatea, Ramon Etxezarreta Kultura delegatua, Jon Lasa Kiroletako zinegotzia eta Iñaki Galdos Gipuzkoako Kiroletako Diputatua ere aurkezpenean izan ziren, parte hartuko duten taldeetako ordezkariekin batera. Hasiera batean parte-hartzea «testigantza hutsa» izango zela eta ez zutela traineru askorik espero esan zuen Etxezarretak, baina azkenean lehiaketak parte-hartze oparoa izango duela azpimarratu zuen ondoren, eta Mediterraneoko taldeen jarduna nabarmendu.


2.778 metroko ibilbidea osatu beharko dute parte-hartzaileek Kontxan (1,5 itsas milia), eta ziaboga bakarra hartu. Irailaren 13ko kanporaketa 18:00etan jokatuko da, eta igandeko ohorezko txanda 11:00etan -gizonezkoen estropada baino ordubete lehenago-. Traineru irabazleak Kontxako Bandera eskuratuko du, «gizonezkoek jasotzen dutenaren berdina, baina emakumezkoena dela dioena», eta 6.200 euroko dirusaria -bigarrenak 4.000 eta hirugarrenak 3.200-. Ainhoa Beola berdintasun zinegotziak nabarmendu zuen 1879tik gizonezkoek baino ez dutela parte hartu «arraunaren olinpiadan», eta beharrezko urratsaegin zela: «Ateak ireki behar ditugu, kirol ekitaldi eta ekintzetan gero eta emakume gehiagok parte har dezaten, eta gizonezkoen oihartzun berbera izan dezaten».

2008/08/21

> Iritzia: Laura Mintegi > EMAKUME ERAILAK, BAKARDADEA ETA LOTSA

  • Emakume erailak, bakardadea eta lotsa
  • Gara, 2008-08-21 # Laura Mintegi · Idazlea

Latza zaie, umilagarria, emakumeak modu autonomoan bizi nahi izatea; autonomoa ekonomikoki (gero eta onartuagoa) eta autonomoa afektuen arloan. Orduan sentitzen du inpotentzia gizonezko ahulak


Bikotekidea erail eta, ondoren, norberaren burua akabatzea potentzia zantzua da. «Ez badu nirekin egon nahi, tira, ez da egongo, baina beste inorekin ere ez. Niretzat ez bada, ez da izango inorentzat».


Bikotekidea behar duelako erailtzen du gizonezkoak emakumea. Haren beharrizana sentitzen duelako. Ez du erailtzen maite duelako, baizik eta nahi duelako. Posesio nahia da, eta sentimendu hori hurbilago dago apetatik maitasunetik baino. Gizonezko bortxatzaileak bortxaketa eta indarkeria behar ditu bera nor den jakiteko. Bere emakumea gabe ez delako ezer, ez delako inor.


Maitatzeak berekin dakar maitearen zoriontasuna nahi izatea. Pertsona posesiboak, ordea, ez du gogoan maitearen zoriontasuna. Tratu txarrak ematen dituenak ez du aintzat bikotekidea pozik bizi den ala ez. Bere beharrizanak bete nahi ditu, egozentrikoa da, eta oso intsegurua da, batez ere intsegurua. Emakumea behar du, ispilua behar duen moduan, nor den jakiteko.


Gizon intsegurua hautsi egiten da emaztearekiko harremana hausten denean. Emazteak alde egiteak kolokan jartzen du bere izaera. Bere ahulezia ikusten du eta hortik datorkio indarkeriaren beharra. Nahiago du emaztea ez existitzea berarengandik aparte bizitzea baino. Ez du permitituko «berea» dena autonomoa izatea.


Gizon hauentzat mingarriena ez da, ordea, emakumeak bikotekide berria topatzea. Nahiago lukete ordezkatua izan eta beste gizon batek hartzea beren lekua, emakumeak esatea baino bakarrik egon nahi duela, ez duela inoren bikotekidea izan nahi. Latza zaie, umiliagarria, emakumeak modu autonomoan bizi nahi izatea; autonomoa ekonomikoki (gero eta onartuagoa) eta autonomoa afektuen arloan. Orduan sentitzen du inpotentzia gizonezko ahulak. Hutsaren hurrengoa dela uste baitu.


Uste horrek egiten du ulergarri bere buruaz beste egitea emaztea erail ondoren. Zertarako bizi! Ezerk ez du zentzurik dagoeneko. Bakardadeari beldurra dio eta, posesioa galdu duenez, lotsa.


Bakardadea eta lotsa ere badaude emakume sumisoaren jarreran. Bakardadeari beldurra dionez, bikote txarra nahiago du bikoterik ez edukitzea baino. Lotsa ere badu, ez soilik agerian geldituko delako nolako tratua jasan duen etxean. Lotsa da, batez ere, jendeak jakingo duelako nolakoa den beraren gizona; ezin izango du, honezkero, haren portaera zuritu.


Beldurrak eta lotsak iraunarazi egiten dute aspaldi hautsi behar ziren bikoteak (eta miseria ekonomikoak, eta azpiegitura ezak, eta erlijio zanpatzaileek...). Beldurra, alternatiba ez delako oso erakargarria; nahiz eta gizonezkoak ezer gutxi aportatu bikoteari, simetria formala mantentzeko balio du. Lotsa, begi bistan geldituko direlako ordura arte etxeko lau hormetan baino gertatzen ez ziren ezintasunak, hitz latzak, isilune ankerrak, distirarik gabeko begiradak.


Banaketa porrota da, proiektuak huts egin duelako seinale, errakuntza baten zantzua. Beldurra eta lotsa sorrarazten ditu eta, batzuetan, heriotza.

> Berria: Indarkeria > ARABA: KARTZELARA BIDALI DU EPAILAK EZTIBALIZ ANGULOREN SENARRA

  • Kartzelara bidali du epaileak Estibaliz Anguloren senarra
  • Estabaliz Anguloren senar eta haren heriotzaren ustezko egile Cristobal Martinez Langraizeko kartzelan dago jada, ospitalean bost egun eman ostean. Mañuetako bizilagunaren heriotzaren aurkako protestak egiten jarraitzen duten bitartean, eraso sexista gehiagoren berri dago. Azken egunetan, gutxienez beste hamar emakumeei eraso egin diete.
  • Gara, 2008-08-21

Ospitalean lau egun eman ostean, astearte arratsaldean eraman zuten Langraizeko kartzelara Estibaliz Anguloren senar eta haren heriotzaren ustezko egile Cristobal Martinez.


Pasa den ostiralean topatu zuten 72 urteko emakumearen gorpua, bere etxean, hainbat labankada zituela. Haren alboan zegoen Martinez, antza, bere emaztea hil ostean bere burua zauritu zuena. Logroñoko San Pedro ospitalean egon da atxilotuta harrezkero, Polizia espainoleko agenteek zainduta. Epailearen aginduz, astearte arratsaldean eraman zuten bertatik espetxera bere emaztea hil izana egotzita.


Azken egunetan Mañuetako emakumearen heriotza salatzeko elkarretaratze ugari izan dira Euskal Herriko makina bat bazterretan. Salaketak salaketa, emakumeen aurkako erasoak errepikatu egin dira azken egunetan. Hain zuzen, asteartean bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak Gasteizen emakume bati sexu eraso egitea leporatuta. Lakuako Barne Sailak atzo aditzera eman zuenez, erasoa pasa den astelehen gauean gertatu zen Florida kalean.


Emakumea bi gizonekin zihoan kaletik baina horietako batek zelai batera joatera derrigortu, jo eta sexu erasoa egin zion. Beste gizona begira egon zen. Udaltzaingoari dei egin zion pertsona batek gertatu zena kontatuz eta bertaratu zirenean erasotzaileetako bat atxilotu zuten M.E., 24 urtekoa. Era berean, erasoa jasan zuen emakumea Santiago erietxera eraman zuten zauriak sendatzeko. Ertzaintzak beste erasotzailea, 28 urteko R.S., goizean atxilotu zuen, 9.30 aldera.


Aurretik lau alditan atxilotua
Ez da hori azken egunetako kasu bakarra izan, eta atzo bertan Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen azken egunetan sei gizon atxilotu dituztela eta beste hiru inputatu emakumeen aurkako indarkeria delituengatik. Asteartean 44 urteko gizon bat atxilo hartu zuten Cortesen bere bikoteak salatu ostean; lehendik ere indarkeria sexistagatik aurrekariak ditu.


Astelehenean, berriz, 37 urteko gizon bat atxilotu zuten Alesbesen, hain zuzen ere, indarkeria sexista eta aurretik zuen urruntze agindua urratzea egotzita. Erasoa jasandako emakumeak osasun zentrora joan behar izan zuen eragindako zauriak sendatzeko. Egun berean beste emakume bati ere eraso egin zioten Tuteran eta horrek ere osasun zentrora joan behar izan zuen zauriak sendatzeko. Gainera, honakoan ere, lehendik urruntzeko agindua zuen erasotzaileak, zehazki, lau aldiz atxilotu izan dute aurretik indarkeria sexista delituengatik.


Halaber, igandean emakume bati eraso egin zion bikotekideak Zangozan. Erasoaren ostean Poliziari dei egin zion eta ospitalera eraman behar izan zuten zauri ugari zituelako. Ondoren, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren pertsonentzako Nafarroako Gobernuak duen zentrora eraman zuten emakumea.


Egun bat lehenago, larunbatean, Izarbeibarren 74 urteko gizon bat atxilotu zuten bere emaztea jipoitzeagatik. Emakumeak dei egin zion Poliziari eta eraso egin ziotela azaldu zien. Salaketa jartzeaz gain, emakumeak eskatu egin zuen babes neurriak ere jartzeko.


Larunbatean berriz, 23 urteko Berriozarko gaztea atxilotu zuen Poliziak bere bikotekidea erasotzeagatik. Gaztea beste bitan atxilotuta egon da delitu horrengatik.


Aipatutako atxiloketa eta eraso horiez gain, Nafarroako Gobernuak atzo ohar baten bidez aditzera eman zuenez, beste hiru gizon inputatuak izan dira emakumeen aurkako indarkeria delituengatik Zangozan, Iruñean eta Berriozarren.

2008/08/19

> Berria: Indarkeria > ESTIBALIZ ANGULOREN HERIOTZA SALATU ETA AZKENA IZAN DADILA ESKATU DUTE

  • Estibaliz Anguloren heriotza salatu eta azkena izan dadila eskatu dute
  • Ehunka lagun irten ziren atzo kalera Estibaliz Angulo Mañuetako 72 urteko bizilagunaren heriotza salatu eta emakumeen aurkako indarkeriari aurre egin behar zaiola aldarrikatzeko. Beste behin ere, gisa honetako heriotzak eragozteko arazoari errotik heldu eta neurri eraginkorrak eskatu zituzten. Bien bitartean, hildakoaren senarrak, ustezko erasotzaileak, Logroñoko ospitale batean jarraitzen du bere buruari eragindako zauriak sendatzen.
  • Gara, 2008-08-19

Estibaliz Anguloren heriotza salatu eta emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean neurri eraginkorrak har daitezen eskatzeko ehunka lagun irten ziren atzo kalera, Euskal Herriko Mundu Martxarako plataformak deituta. Gisa honetan, gertaerak erabat samindu duen Arabako Errioxako Mañueta herrian egindako salaketei jarraipena eman zitzaion.


Donostian egindako elkarretaratzean dozenaka lagun batu ziren «Matxismoak hiltzen gaitu!» leloa zeraman pankartaren atzean. Emakumeen aurkako indarkeriaren arazoari errotik heldu behar zaiola adierazi zuten eta azaleko neurriak baino, sakonekoak hartzeko eskatu zuten. Elkarretaratzeak Euskal Herriko makina bat bazterretan errepikatu ziren, Gasteizen, Bilbon eta Iruñean kasu.


Datu ofizialen arabera, Euskal Herrian aurten indarkeria sexistak eragindako hirugarren biktima da Estibaliz Angulo. Izan ere, Mañuetako 72 urteko bizilagunaren kasua, Nagore Laffage gazte irundarraren eta Tatiele de Sousa 20 urteko Iruñeko bizilagunaren heriotzei gehitu zaie jada luze jota dagoen emakumeen aurkako indarkeriak utzitako zerrenda beltzean. Angulok hainbat labankada jaso zituen eta pasa den ostiral goizean topatu zuten bere gorpua.


Ikerketei dagokionez, Ertzaintzak Gasteizko Goardiko Epaitegira bidali ditu kasuaren eginbideak, atzo Lakuako Gobernuko Barne Sailak aditzera eman zuenez.


Bien bitartean, atxilotuak, hildakoaren senarrak, Logroñoko San Pedro ospitalean jarraitzen du ingresatuta labanaz bere buruari egindako zauriak sendatzen. Antza, bere emazteari eraso egin ostean bere burua zauritu zuen Cristobal Martinez 72 urteko gizonezkoak. Bikotearen semeetako batek aurkitu zuen ostiral goizean amaren gorpua, aita, zaurituta, ondoan zela. Polizia espainoleko agenteen zaintzapean dago ustezko erasotzailea.


Elkarretaratzeak

Euskal Herriko makina bat herritan egin ziren atzo ilunabarrean Estibaliz Anguloren heriotza salatzeko elkarretaratzeak Euskal Herriko Mundu Martxarako Plataformak deituta.

> Berria: Indarkeria > BI GIZONEZKO ATXILOTU DITUZTE BILBON EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIAGATIK

  • Bi gizonezko atxilotu dituzte Bilbon emakumeen kontrako indarkeriagatik
  • Bata emaztea eta koinatua erasotzeagatik atxilotu dute eta bestea berriz, emakume bat hautsitako botila batekin jotzeagatik. Biak Bilboko epaitegietan daude, epailearen aurrean deklaratzeko zain.
  • Berria, 2008-08-19

Atzo gizonezko bat atxilotu zuten Bilbon, emakume bati hautsitako kristalezko botila batekin eraso egiteagatik. Bilboko Udalak adierazi duenez, igande goizeko bostak aldera, Arriaga plazan gizonezkoa neska bati ukitu lizunak egiten hasi zen. Honek ostikaden bitartez erantzuten ziola ikusita, neska kuadrila batek kargu hartu zion 33 urteko gizonezkoari. Ondorioz, honek hautsita zegoen kristalezko botila bat hartu eta kargu hartu zion nesketako bati eraso zion.


F.B ihes egiten saiatu zen arren, minutu gutxira atxilotu zuten. Datozen orduetan gertatutakoaren berri eman beharko dio epaileari. Erasoa jaso zuen neska, berriz, Basurtuko ospitalera eraman behar izan zuten erasotzaileak hautsitako botilarekin egindako zauriengatik.


Horrez gain, beste gizonezko bat ere atxiotu dute Bilbon, ustez emaztea iraindu eta jotzeagatik. Nahiz eta erasoa pasa den ostiralean gertatu zen, gaur eman dute aditzera. 43 urteko emakumezkoa, ostegun arratsaldean atera zen ospitaletik kateter bat egin eta gero. Ostiralean gizonezkoa etxera edanda iritsi zela agertu zien udaltzainei, eta iraintzen eta jotzen hasi zitzaiola. Gainera, momentu horretan berarekin zegoen 28 urteko anaiari ere eraso zion.


Emakumeak eta anaiak berehala jarri zuten salaketa. Udaltzaingoak adierazitakoaren arabera, bikotearen etxera iritsi zirenean, gizonezkoa ohe gainean zegoen etzanda, eta edanda zegoela antzematen zen. Momentuz, D.C.M 43 urteko gizonezkoa Bilboko epaitegietan da emakumeen kontrako indarkeriagatik akusatuta.

2008/08/17

> Berria: Indarkeria > ARABA: ESTIBALITZ ANGULOREN HILKETA GAITZETSI DUTE HERRITARREK BILKURAN, MAÑUETAN

  • Estibalitz Anguloren hilketa gaitzetsi dute herritarrek bilkuran, Mañuetan
  • Udalak hilketa gaitzetsi eta elkartasuna adierazi dio familiari, ezohiko bilkura batean; eta bi eguneko dolua ezarri du
  • Berria, 2008-08-17 # Anakoz Amenabar

Ehun auzokide baino gehiago bildu ziren atzo, Mañuetako (Araba) herriko plazan, Estibalitz Anguloren hilketa salatu eta senitartekoei elkartasuna adierazteko. Ustez senarrak hil zuen herenegun Angulo, laban batekin lepoa moztuta; senarra Logroñoko (Espainia) erietxean dago oraindik, ustez bere buruari egindako zaurien ondorioz. Udalak herrian dolu egunera deitu du.


Udaletxe plazan bost minutuko isilunea egin zuten atzo, 11:30ean, herritar ugarik, gertatutakoa gaitzetsi eta Angulo gogoratzeko. Lehenago, Udalak ezohiko bilkura egin zuen indarkeria mota guztiak, eta bereziki genero indarkeria, gaitzesten dituen adierazpena onartzeko.


Herri txikia izanik, 350 bat lagunekoa, asko dira Mañuetan 72 urteko emakumearen nahiz senarraren senitartekoak, tartean Luis Troncos alkatea bera ere. Minari ezin eutsirik, ezin izan zuen adierazpena irakurri, eta haren ordez alkateordeak egin zuen, Udaleko zazpi zinegotzien babesarekin. «Gertakari tamalgarriaren aurrean familiari elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio Udalak, herrian maitatua eta hain ezaguna den familiari». Bi eguneko dolua ezarrita, hedabideetako langileei, halaber, gertatutakoa errespetuz kontatzeko eskatu zien. Bost minutuko isilunearen ondoren, asko joan ziren, besarkada batekin, familiari elkartasuna adieraztera.


«Ezberdintasunei aurre»
Elkarretaratzean bildutakoen artean, Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuak emakume eta gizonen arteko ezberdintasunen oinarrian lan egin behar dela adierazi zuen, berriz ere halako gertakaririk ez izateko. «Hemendik aurrera lan egitea baino ez zaigu geratzen. Jakina da emakumeen aurkako indarkeriaren oinarria ezberdintasunak direla, genero artekoak, eta, horregatik, horien kontra egin behar dugu».


Javier Aspuru Arabako Aldundiko Gizarte Sustapeneko diputatuak ere parte hartu zuen bilkuran. Genero indarkeriarekin tolerantzariarik ez izateko eskatu zuen. «Lehendabizi salatu beharra dago, eta halakoei tolerantziarik ez; bestetik, sentsibilizazio eta kontzientziazio neurriak indartu behar dira berdintasuna oinarri duen gizartean».


Bien bitartean, senarra oraindik ere Logronoko hospitalean dago, ustez bere buruari egindako zaurien ondorioz. Angulori autopsia egindakoan, bestetik, erabakiko du familiak noiz izango diren hileta elizkizunak.


Aurten genero indarkeriagatik Euskal Herrian hil den hirugarren emakumea izan daiteke Estibalitz Angulo. Urtarrilean Tatiele de Sousa Neres, 20 urteko emakume brasildarra hilik agertu zen Iruñean, eta uztailean, Nagore Laffage gazte irundarraren gorpua aurkitu zuten Orondritzen (Nafarroa).

  • Genero indarkeria: BIKTIMENTZAT AHOLKUAK
  • Erasoa gertatzear bada. Ahal izanez gero, berehala Poliziari deitu. Ertzaintzaren eta Foruzaingoaren larrialdi zenbakia da: 112. Ipar Euskal Herrian 01 40 33 80 60 da larrialdietarako telefono zenbakia
  • Erasoa gertatuz gero. Konfiantzazko norbaiti kontatu jazotakoa, eta laguntza eskatu.
  • Zauriak edukiz gero. Gertuen dagoen osasun etxera joan, gertatutakoa azaldu eta medikuaren txostena eskatu. Txostena oso garrantzitsua da salaketa jartzeko orduan.
  • Zauriak izan gabe ere. Udaletako gizarte zerbitzuetan laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eska dezakete biktimek.
  • Babesa behar izanez gero. Eskatu babes agindua polizia etxean, auzitegian edo gizarte zerbitzuetan.
  • Infomazio gehiago. Eguneko 24 ordutan Hego Euskal Herrian eskura dago 016 doako telefono zenbakia, Espainiako Gobernuak biktimen arretarako jarritako telefonoa.

> Berria: Indarkeria > ARABA: MAÑUETARRAK ESTIBALIZEN HERIOTZA GAITZESTEKO BILTU DIRA

  • Mañuetarrak Estibalizen heriotza gaitzesteko bildu dira
  • Arabako Errioxan dagoen Mañuetako herritarrak atzo plazan bildu ziren aurreko egunean senarrak hildako Estibaliz A.ren heriotza gaitzesteko. Harridura erakutsi zuten, bien arteko harremana ona zela ematen baitzuen. 72 urte zituen Estibalizek, senarrak bezala, eta atzo haren senideei elkartasuna adierazi zieten herritarrek. Senarrak, Cristobal M.k, ospitalean segitzen zuen atzo, atxiloturik, emazteari eraso ondotik bere burua labanaz zauritu baitzuen.
  • Gara, 2008-08-17

Mañuetako herritarrak euren bizilaguna zen Estibaliz A.ren hilketa salatzeko eta haren senideei elkartasuna adierazteko bildu ziren. Udalak eguerdian elkarretaratzera deitu zuen, plazan, udaletxe aurrean, eta han bildu ziren herriko zazpi zinegotziak, alkatea buru, eta gainerako herritarrak. Estibalizek 72 urte zituen, bera hiltzea leporatuta atxilotutako senarrak, Cristobal M.k, bezala.


Arabako Errioxan kokatzen den Mañueta herriak 350 biztanle inguru ditu, eta herritarren samina nabaria zen, horien artean asko Estibalizen nahiz senarraren senideak baitira. Herriko alkatea bera ere beraien iloba da. Elkarretaratzea baino lehen Udal taldeak batzar berezia egin zuen, indarkeria, emakumeekikoa bereziki, gaitzetsi eta salatzen duen adierazpen bat osatzeko. Era berean, bi eguneko dolua ezarri zuten herrian. Udalak elkartasuna eta berotasuna helarazi zien senitartekoei, eta komunikabideei hitz eginez, eskatu zuten herri osoa hunkitu duen gertaera horrek sortutako egoeraren aurrean errespetua ager dezatela.


Herritarrez gainera, instituzioetako hainbat ordezkari bildu zen atzo Mañuetan, besteren artea, Izaskun Moyua Emakunde-ko lehendakaria. Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, gizon-emakumeen arteko berdintasun ezak segitzen duen bitartean horrelako gertaerak izango direla ohartarazi zuen, eta beraz, ildo horretan lanean segitzeko beharra nabarmendu zuen.


Ideia horixe izan zen hainbat eragilek gertaera latz horren berri izatean zabaldu zuten mezua, eta gehienek instituzioak jo zituzten egoera benetan aldatzeko arduradun gisa. Inplikazio gehiago eskatu zieten, orain arte hartutako neurriak aski ez direla agerian gelditu baita emakumeen kontrako indarkeriak eragindako beste heriotza horrekin. Gizarte osoaren esku-hartzea ere aldarrikatu zuten, arlo guztien eta jendartearen parte-hartzea beharrezkotzat jotzen baitute denei eragiten dien arazo hau sustraitik erauzteko. Astelehenean mobilizazioak egingo dira, hainbat kolektibo biltzen dituen Emakumeen Mundu Martxako plataformak deituta.


Aurten, hirugarrena
Oraingo honetan hildako emakumea eta heriotzaren eragilea 72 urtekoak badira ere, Euskal Herrian aurten izandako heriotzak gogora ekarriz gero, gazteengan agertzen den arazoa dela esango genuke. Urtarrilean Iruñean bere mutil-lagunak eraginda hil zen Tatiele de Souza 23 urteko neska gaztea. Erasotzaileak 20 urte zituen. Tatielen heriotzaren ondotik bere buruaz beste egiten saiatu zen, eta orduan bizirik atera bazen ere, Iruñeko kartzelan zela lortu zuen asmo hori betetzea, duela bi hilabete inguru. Aurten izandako bigarren heriotza Nagore Laffage, 20 urteko neskarena da. Iruñean gertatu zen, duela hilabete pasa. Haren eragileak 27 urte ditu. Bi heriotza hauek gogoan izan zituzten atzo hainbat ordezkari politikok eta eragilek.


Beste hilketa honen inguruan argibide handirik ez dute eman oraingoz. Dirudienez, joan den ostiralean, goizaldean senide batek Ertzaintzari deitu zioten gertaeren berri emanez. Senar-emazteak bizi ziren etxera joan ziren ertzainak, eta Estibaliz hilda aurkitu zuten, lehen itxuraren arabera, senarrak emandako labankadek eragindako zaurien ondorioz. Senarra ospitalera eraman zuten atxiloturik, ustez bere burua ere zauritu baitzuen labanarekin. Logroñoko San Pedro ospitalean dago, eta atzo jakinarazi zutenez, haren egoera egonkortu da. Zauriak sendatuz doazela adierazi zuten, baina diagnostikorik ez zuten argitu.


Hainbat herritarrek egindako adierazpenen arabera, senar-emazteen arteko harremana ona zen, eta leku gehienetara elkarrekin joaten omen ziren. Hiru seme-alaba zituzten. Hainbat herritarrek jakinarazi zutenez, ez zuten euren arteko istilurik ezagutzen, eta beraz, erabat harriturik eta heriotza hau ulertu ezinik zeuden mañuetarrak gertaera latz honen aurrean.

2008/08/15

> Berria: Indarkeria > ARABA: EMAKUME BAT LABANKADAZ HILDA AURKITU DUTE MAÑUETAN, ETA SENARRA ATXILOTU DUTE HILTZAILEA DELAKOAN

  • Emakume bat labankadaz hilda aurkitu dute Mañuetan, eta senarra atxilotu dute hiltzailea delakoan
  • Berria, 2008-08-15

72 urteko gizonezkoak ere laban zauriak ditu, Ertzaintzaren arabera, bere buruari egindakoak.


Labanaz lepoan egin dizkioten zaurien ondorioz hilda aurkitu dute emakumezko bat gaur goizean Mañuetan (Araba), bere etxean, eta senarra atxilotu egin du Ertzaintzak hiltzailea delakoan.


Goizeko hamarrak laurden gutxi aldera jakin du Ertzaintzak hilketaren berri, senar-emazten familiako norbaitek ohartarazita. Etxera joan direnean emaztea hilotz aurkitu dute, lepoan hainbat zauri zituela. Senarra ere etxean zegoen, eta hark ere labanaz egindako zauriak zituen, agi denez, bere buruari egindakoak. Atxilotu egin dute hiltzailea delakoan. Lehendabizi Logroñoko (Errioxa, Espainia) erietxe batera eraman dute zauriak sendatzera.

2008/08/13

> Berria: Indarkeria > ARABA: BIKOTEKIDEA JOTZEA EGOTZITA ARROIABEN ATXILOTUTAKO GIZONEZKOA ESPETXERATU DUTE

  • Bikotekidea jotzea egotzita Arroiaben atxilotutako gizonezkoa espetxeratu dute
  • Pertsona bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Arroiaben, ustez bikotekidea jo eta buruan zauri larria eragin ostean. Gaur, Gasteizko Zaintza Epaitegiko arduradunak erasotzailearen espetxeratzea agindu du.
  • Gara, 2008-08-13

Atzo, arratsaldeko 15.30ak inguru, Ertzaintza Gasteizko etxebizitza batera abiatu zen, izan ere, anbulantzia batek genero indarkeria jasan zuen emakume bat zeraman ospitalera. Ordu batzuk beranduago, emakumeak erasotzailearen aurkako salaketa bat jarri zuen, segurtasun bila. Salaketaren arabera, erasoa atzo goizaldeko 2.00ak inguru gertatu zen. Ordu horretan, atxilotua etxera iritsi eta hitzik esan gabe bikotekidea jo zuen, betaurrekoak hautsi zizkiotelarik. Erasoaren unean, emakumea atzeruntz erori eta altzari batekin kolpea hartu zuen buruan. Zauri larria eragin zion. Gertaera horien ostean, ertzainek erasotzailea bilatzeari ekin zioten. Atzo iluntzeko 21.30ean aurkitu zuten Arroiaben, eta bertan atxilotu zuten.


Gaur, Gasteizko Zaintza Epaitegira eraman dute eta bertako epaileak erasotzailearen espetxeratzea agindu du.