- Apokalipsia iragarri zenetik urtebetera
- Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerantz aurrera egiten laguntzen digu. Lege aldaketa horrek ezabatu egiten du ezkontzerakoan generoen artean eman daitekeen trazu bereizgarri oro
- Berria, 2006-06-30 # Koldobike Mujika · Gehitu-ko koordinatzailea
Lege hori onetsi aurreko hilabeteetan, Alderdi Popularra, Eliza Katolikoa eta talde ultrakontserbadoreak mobilizatu egin ziren, eta katastrofe mota oro iragarri zituzten, eskubide-hedapen horren ondorioz; gizartearen amaieraz hitz egin zuten, familiaren suntsipenaz, aurrekaririk gabeko hondamendi moralaz... Azken buruan, apokalipsia, munduaren amaiera, iragartzen zuen egoera bat aurreikusten zuten. Urtebete igaro da, eta gure munduak bere horretan jarraitzen du, jendeak eguneroko bizitzarekin jarraitzen du, zoriontsuago ala zoritxarrekoago, baina jarraitzen du. Beno, zenbait pertsona zoriontsuagoak dira, beren bikote-harremanak legalki aitortu direla ikusi baitute, adopzioaren bitartez jadanik bikote homosexualekin bizi zen adin txikikoa edo adin txikikoak-ordura arte babesgabetasun legal larri batean bizi zirenak- legalki aitortzeko aukera izan baitute.
Lehen aipatu talde eskuindarrek familia kontzeptuaren inguruan egin zuten eta egiten jarraitzen duten erabilera familia kontzeptuaren jabetze bidegabea da. Izan ere, talde horiek, egun dagoen gizarte-errealitateari bizkarra emanez, erabilera hori familia-eredu bakarrari bakarrik aplikatzea bilatzen dute, eta horrek gizarte-eredu barne-hartzaile, anitz, plural... baten aurka borroka egiteko tresna suposatzen du, familia-eredu hierarkizatu, baztertzaile, desberdin... bat lehenetsiz.
XVIII. mendera arte, zuzenbide kanonikoa zen familia-zuzenbidea monopolizatzen zuena, baina iraultza frantziarraren eta ilustrazioaren garaipenaren ondoren, pixkanaka, eta arrakasta handiagoarekin ala txikiagoarekin, berdintasunaren, errespetuaren eta demokraziaren balioek familia-kontzeptu hori aldatu eta familiaren erabilera zibila aldarrikatu zuten. Ezkontzerakoan berdintasuna eta emakumearen eskubideen errespetua bezalako elementuek, dibortziatzeko aukerak eta familien demokratizazioak aldaketa bat eragin dute ezkon batasunari dagokion guztian eta, ondorioz, familian. Horrela esan dezakegu familia, singularrean, hil egin dela, eta familiez pluralean hitz egin behar dela, familia anitzez, familia desberdinez, pluralez, libreez... baina, kasu orotan, errespetu eta babes legala merezi dutenak. Gizon eta emakumeek jadanik ez diegu erantzuten, onerako, aurreko belaunaldietako balioei (otzantasuna, klasearen edo generoaren araberako predestinazioa onartzea, sexuaren arabera rolak bereiztea,...) eta balioen aldaketa hori gizartearen egitura osora iragaten da, errealitate soziala aitortzen duten lege-aldaketen bidez.
Familiak eta matrimonioak, gure gizarteetan funtsezko elementu direnak, bere horretan irauten dute, aldatzeko eta egokitzeko duten gaitasunari esker. Gaur egun inor ez litzake ezkonduko erromatarren garaian ezkontzen ziren baldintzetan, edo, are gehiago, oso emakume gutxi ezkonduko lirateke gaur egun frankismoaren garaiko baldintzeatan, horrek beren eskubideen eta askatasunaren erabateko murrizketa nahiz senarrarenganako menderatze osoa ekarriko luke eta.
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren aurka erabili ziren argudio berberak erabili ziren bere garaian arraza arteko matrimonioen aurka, boto unibertsalaren aurka, ongizate-estatuaren aurka, emakumeen berdintasunaren aurka... Azken buruan, ezkontza homosexual izendatutako horren aldeko eta aurkako borroka gizarteko bi kontzeptu antagonikoen arteko azken liskarra izan da, kontserbadorismoaren, hierarkizazioaren, diskriminazioaren, inposizioaren nahiz bazterkeriaren eta demokraziaren, eskubideen hedapenaren, aniztasunaren nahiz pluraltasunaren arteko liskarra. Aitorpen sozialetik tradizionalki kanporatuak izan diren sektoreen eskubideak zabaltzea demokrazia balioan jartzea eta askatasuna nahiz berdintasuna hedatzea ahalbidetzen duten elementuak dira.
Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerantz aurrera egiten laguntzen digu. Lege aldaketa horrek ezabatu egiten du ezkontzerakoan generoen artean sor daitekeen trazu bereizgarri oro, eta horrek generoen hierarkizazioa bultza dezaketen elementuak desagerraraztea eta, ondorioz, batek bestearenganako izan dezakeen nagusitasuna desagerraraztea ekartzen du.
Datozen asteetan, Valentzian, Familiaren Munduko V. Topaketa egingo da. Kontzeptu hori modu baztertzaileak bereganatzeko saio bat gehiago da. Topaketa horretan jakinaren gainean egonda baztertu dira ezkondu ez diren familiak, guraso ezkongabeen familiak, guraso bananduak dituzten familiak, berreratutako familiak, familia homoparentalak.... Hori horrela, Euskadiko azterketa soziologikoen emaitzetatik eskuratutako datuen arabera, topaketetatik kanpo utziko da gizartearen erdia baino gehiago. Horrek zalantzan jartzen du Familiaren Munduko Topaketa izendapena. Izan ere, gizarteari igorri nahiko dion mezua eskubideen ukapenarena, aniztasuna desagerraraztearena, nukleo familiar desberdinek duten babes instituzionalaren aurka egitearena eta beren gizarte-eredua ezartzearena izango da, herritar guztien adierazpen demokratikoaren aurka.
Hori guztia dela eta, gizarte berdinago, pluralago eta justuago batean sinesten dugunok bat egin behar dugu sexu bereko pertsonen arteko ezkontzarena bezalako lege-aldaketak babesteko eta sustatzeko, horiek eskubideak zabaltzea, diskriminazioak desagerraraztea eta, azken buruan, zoriontasuna ekartzea eragiten baitute.