2009/07/29

> Berria: Indarkeria > BIZKAIA: EMAKUMEAK HOGEI LABANKADA JASO DITU,ETA LARRI ZAURITUTA DAGO, BAINA EGONKOR DAGO

  • Emakumeak hogei labankada jaso ditu, eta larri zaurituta dago, baina egonkor dago
  • Alaba sastakatzea egotzita, gizon bat atxilotu dute
  • Berria, 2009-07-29
Alabetako bati hogei labankada eman, eta beste seme-alabei eraso egitea egotzita, 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo Ertzaintzak Portugaleten (Bizkaia). Ertzaintzak atzo jakinarazi zuenez, erasoak herenegun gauean izan ziren, eta guztira, bi emakume eta gizon bat izan ziren biktimak, ustezko erasotzailearen seme-alabak hirurak.

Labankadekin zauritutako alabak hogei urte ditu, eta larri eraman zuten Gurutzetako Ospitalera (Barakaldo, Bizkaia). Bertan, ebakuntza egin zioten. Emakumea egonkor zegoen atzo arratsaldean, baina larri zegoen. Beste alabak ebaki bat du eskuan, eta semeak, berriz, ubeldurak ditu. Seme-alabak ere Gurutzetako Ospitalera eraman zituzten.

Erasoak Portugaleteko Ruperto Medina kalean izan ziren. Bertako bizilagun batek adierazi du oihuak, errietak eta pertsianetan emandako kolpeak entzun zituela. Bizilagunak Udaltzaingoari eman zion abisua, eta, ondoren, erasoak izan ziren lekura joan zen Ertzaintza. Alaba hiltzeko saiakera, eta lesio delitu bi egozten dizkio Ertzaintzak ustezko erasotzaileari. Atxiloketaren unean labana bat zeraman poltsikoan gizonak.

Mikel Torres Portugaleteko alkateak gaitzetsi egin ditu «eraso basatiak», eta zaurituak albait arinen hobetzeko nahia agertu du.

2009/07/28

> Berria: In memoriam > MERCE CUNNINGHAM, MUGIMENDUAREN ESPERIMENTATZAILEA

  • Mugimenduaren esperimentatzailea
  • Merce Cunningham zendu da, AEBetako balleta berritu eta XX. mendeko dantza irauli zuen dantzari eta koreografo. Mugimenduaren adierazpide oro ikertzeko, ildo askotariko sortzaileekin lan egin zuen
  • Berria, 2009-07-28 # Irune Berro
«Inoiz ez da nahikoa, beti dago zer deskubritu, zer sortu», zioen iragan udaberrian Merce Cunningham koreografoak. Dantza modernoaren aitzindariak 90 urte zeuzkan, ibilbide joria eta entzute handia. Baina ez zitzaion aski. Mugimenduaren ikerlari handia, ez zen geldirik egoteko sortua. Lan egiteko irrikak bizirik mantentzen zuen, 2007. urteaz geroztik edonora mugitzeko aulki gurpildunaren laguntza behar izanagatik. Handik zuzentzen zituen bere izena daraman konpainiarentzat diseinaturiko obrak. Merce Cunningham Dance Companyko ordezkariek eman zuten atzo arratsean haren heriotzaren berri. Igandetik astelehenerako gauean zendu zen koreografo estatubatuarra, New Yorkeko etxean, lotan zela.

1919. urtean Centralian jaioa (Washington), gazterik barneratu zen dantzaren munduan. Zapateatua eta aretoko dantza ikasi zituen umerik. Eta 20 urterekin hasi zen Martha Graham koreografo laudatuaren konpainian lanean. Dantzari bakarlari gisa aritu zen sei urtez. 1945ean erabaki zuen konpainia uztea, eta bide berriak urratzea, alegia, koreografo lanean buru-belarri murgiltzea. Urtebete lehenago haren ibilbidea eta bizitza markatu zuten elkartzea jazo baitzen: John Cageren musikarekin lagundutako lehen obra zuzendu zuen Cunninghamek. Bikote ederra osatu zuten sortzaile biek, eta beren indarraz jabetuta, koreografia andana osatu zituzten elkarlanean, harik eta 1992an Cage hil zen arte.

Merce Cunningham Dance Company 1953an eratu zuen. Mugimendua esperimentatzeko laborategi bihurtu zuen berehala, joera berrien probaleku. Profesional nekaezina, 200dik gora obra aurkeztu zituen hil artean zuzendu zuen konpainiarekin.

Berrikuntzen bila abiatzen direnen hasierak ez dira samurrak izaten, eta Cunninghamek ere arbuio giroa nozitu zuen ibilbidearen hastapenean. «Oso gogorra izan zen», gogoratzen zuen sortzaileak tristurarik gabe. Izan ere, garai batean txistuka harturikoak munduaren luze-zabalean onarturiko obra arrakastatsuak dira gaur egun.

Zen filosofiatik Cagek barneratutako zoriari buruzko teoriak bere eginez, arte diziplinen arteko topagune bihurtu zituen koreografiak Cunninghamek. Dantzarako pasioak eta mugimenduarekiko lilurak bestelako sortzaileekin lan egitera eraman zuten. Lagun eta lankide izan zituen, esate baterako, Robert Rauschenberg eta Jasper Johns artistak. «Beste artista batzuekin lan egitean zoriaren aukerak gehitu egiten dira. Nik pentsatu ez dudana pentsatzen dute, eta egiazki, estreinaldira arte inork ez daki zer gertatuko den», adierazi zuen Cunninghamek haren lan egiteko moduaz.

Diziplina askotako sortzaileek parte hartu zuten koreografoaren obretan; hala, pieza askotan zoriaren esku laga zuen dantza, musika, artea, eszenografia eta argiztapenaren arteko uztartzea.

Horrenbestez, tradizio koreografikoak agintzen zuenaren kontrara jokatu zuen sarri askotan, ezarritakoari desafio eginez. Baina Cunninghamentzat Rauschenberg, Cage, Johns eta beste sortzaile batzuk ezagutzea «ezinbestekoa» izan zen haren obra garatzeko. «Adierazpide berriak bilatzen zituzten, eta nire esparruan gauza berbera egitera bultzatu ninduten. 50eko hamarraldian nagusi zen jarraikortasunaren ideia nabarmen aldatu da. Telebista izan zen aurrena, eta Internet orain. Etenaldietara ohituak gaude, gauza batetik bestera salto egitera, horregatik orain lehen baino hobeto ulertzen da egiten dudana».

Dantzarien teknika, nolanahi ere, gertutik eta zorrotz jarraitu zuen koreografoak beti, «bestela ez da posible mugimenduaren aukera guztiak aztertzea».

Teknologia berriek ez zuten kikildu. Kontrara: DanceForms konputagailurako programa sortu zuen, teknologiak dantzaren esparrura eramanez, mugimenduaren aukera berriak ikertzeko xedearekin. XX. mendeko dantza irauli zuen, eta AEBetako balleta berritu. Ez zuen inor hotzepel utzi, eta urteen joan-etorrian ospe handiko sariak emanez aitortu diote mundu osoan.

2009/07/26

> Elkarrizketa: Max Rekarte > "SEXUAREKIN LORTZEN DUGUN PLAZERRA DENON ESKUBIDEA DA"

  • Max Rekarte . Sexualitatean aditua: «Sexuarekin lortzen dugun plazerra denon eskubidea da»
  • Sexualitatea gizartean normalizatzea du helburu Rekartek, eta «horretarako lotsarik gabe gorputzari eskatzen duena ematen ikasi behar da»
  • Urola Kostako Hitza, 2009-07-26 # Aiora Larrañaga
Irakurle askori ezaguna egingo zaio Max Rekarte aiarraren (Venezuela, 1980) aurpegia, hainbat urtez aktore izan baitzen; besteak beste, Goenkale eta Hasiberriak telesailetan. Orain, ordea, Madrilen (Espainia) bizi da eta sexuaren munduan dabil lanean buru-belarri. Duela bost urte La jugueteria denda erotikoa ireki zuen Madrilen eta, orain, bigarren denda bat ireki berri du Donostian. Gainera, sexuarekin lotutako beste hainbat proiektu ere abiatu ditu.

Venezuelan jaio, Ingalaterran haurtzaroa pasa eta 10 urte ingururekin Aiara etorri zinen bizitzera. Nola gogoratzen dituzu Aian pasa zenituen urte horiek?
Zortzi urte nituenean iritsi ginen Erresuma Batutik Euskal Herrira, eta lehen bi urteak Hondarribian pasatu genituan. Nire gurasoek, ordea, ez zuten herri edo hiri batean bizi nahi eta Aiara joan ginen bizitzera. Egia esan, aldaketa handia izan zen Ingalaterrako (Erresuma Batua) ohituretatik Aiako ohituretara moldatzea. Dena dela, Aian bizitako urteetako oroitzapen oso onak ditut eta niri nongoa naizen galdetzen didatenean, aiarra naizela erantzuten dut harro.

Sexuaren munduan murgildu baino lehen, aktorea izan zinen. Nolatan egin zenuen aldaketa hori?
Sexuak jakin-min handia sortu dit beti. Alde horretatik zorte handia izan dut etxean, gurasoek heziketa alternatiboa eman baitziguten gaztetatik. Sexuari buruzko informazioa txikitatik jaso dut eta sexualitateari buruzko liburuak beti izan ditugu etxean; ez desiozko sexuari buruzkoak, baizik eta sexu osasuna eta beste hainbat kontu azaltzen zituztenak. Bestalde, aktorea nintzenean, beti 18 urteko pertsonaien paperak eskaintzen zizkidaten eta 24-25 urtekin konturatu nintzen eskaintzen zizkidaten lanek ez zidatela aparteko zirrararik egiten. Aspertuta negoen. Beraz, beste zerbaiten bila hasi nintzen. Memento horretan nire lehengusu batek ere aldaketa bat eman nahi zion bere bizitzari, eta bere emaztearekin batera La jugueteria denda erotikoa irekitzea erabaki genuen.

Erraza izan al zen buruan zenuten proiektua errealitate bihurtzea?
Urte osoa pasa genuen ikasten. Asko bidaiatu genuen Europako beste herrialdeetara, sexualitatea nola bizi zuten ezagutzera. Eta konturatu ginen alde handia ateratzen zigutela; hau da, hemen eskas genbiltzala sexualitatearen normalizazioari zegokionez. Behin bide horretatik abiatuta, ez genuen bi aldiz pentsatu eta aurrera jarraitu genuen.

Zer desberdintasun dago orain arte hemen ezagutu den sex shoparen eta zuek proposatzen duzuen kontzeptuaren artean?
Sex shop tradizionalek sexua bera saltzen dute: film porno asko, show erotikoak eta ikuskizun horiek ikusteko kabinak, besteak beste. Bertan saltzen dituzten jostailuak pornotik eratorriak dira; bibragailuek porno aktore famatuen zakilen itxura izaten dute. Gurea bezalako denda erotikoek, berriz, norberaren sexualitatea hobetzeko eta aberasteko jostailuak eta osagarriak eskaintzen dituzte.

Dena den, lehen aldiz horrelako jostailuren bat erosi nahi dutenentzat ez da erraza izango egoki aukeratzea, ezta?
Gazteago nintzenean sex shop askotara joan izan nintzen eta beti sentitu izan nuen informazio falta ikaragarria bertan. Horrelakoetan bakoitzak nahi duena hartzen du, berarentzat egokia den jakin gabe. Guri, ordea, jendeak beretzako aproposa den jostailu topatzea gustatzen zaigu. Horretarako gurean jostailuak ukitu egin daitezke, piztu, usaindu... Gainera, dendako langileok trebakuntza ikastaroak egiten ditugu urtero. Guztiok jostailu guztiak probatu behar ditugu, hori da gure urrezko araua. Horrela, dendara etortzen diren bezeroei jostailu bakoitzak zertarako balio duen adierazi eta eurentzat egokiena dena aholka diezaiokegu. Beti saiatzen gara sexua positiboki helarazten.

Zer esan nahi duzu sexua positiboki helaraztearekin?
Gure ustez ezinbestekoa da jendeak ulertzea sexuarekin lortzen den plazerra denon eskubidea dela, eta ez dela ezer txarra. Sexualitatea norberarena da eta ez da inoiz beste inorenaren berdina. Horregatik, norberak jakin behar du hori garatzen eta hobetzen. Orain arte suxualitatearekin lotu den kutsu iluna deusezten saiatu behar dugu. Nik uste dut jende asko sexualitatearen normalizazioa iristeko irrikitan dagoela. Izan ere, orain arte horren inguruan isiltasun handia egon da eta zientziak nahiz historiak bizkarra eman izan diote; kristautasunak zerikusi handia izan du horretan. Nik uste dut orain dela hiru mila urte, orain dela 60 urte baino normaltasun gehiagoz biziko zutela geure arbasoek euren sexualitatea.

Sexualitatea normalizatzeko bidean hizkuntzak ere bere garrantzia izango du. Uste duzu posible izango litzatekeela euskara sexuaren munduan normalizatzea?
Galdera hau asko gustatu zait. Aitortu behar dut, nahiz eta egunean ordu asko pasa sexuaz hitz egiten, orain euskaraz ari naizela arraroa egiten zaidala. Beharbada euskal ondareak sexualitateaz ezer erakutsi ez digulako izango da. Gure arbasoek ere sexu harremanak izaten zituzten, baina euskaldunok ez dugu geure sentipen pertsonalak elkarbanatzeko ohitura handirik. Agian, euskaraz sexuaz aritzea ez zaigu erraza egiten. Hala ere, munduan zehar asko bidaitu eta gero, konturatu naiz kanpotarrei euskara oso erakargarria egiten zaiela. Sentsuala iruditzen zaiela. Beraz, gure lana da sexuaren normalizazioan urrats bat gehiago ematea eta euskarazko sexu adierazpenei tarte bat egitea. Guk, esaterako, Donostian denda berri bat ireki dugu eta webgunea euskaratzen ari gara, bezeroak euren sexualitatea euskaraz garatzeko aukera izan dezaten.

Zer eskaintzen diote jostailu erotikoek bezeroei?
Kontutan izan behar dugu sexualki gustura gaudenean, bizitzako beste arloetan ere antzeman egiten dela hori. Jostailuek sexualitatea lantzen eta hobetzen laguntzen dute, eta irudimena erabiltzeko eta gauza berriak probatzeko ere aukera ematen dute. Dena dela, jendeak argi izan behar du euren sexualitatea garatzeak ez duela esan nahi porno izarrak bihurtu behar dutenik. Besterik gabe, gorputzari eskatzen dioguna ematen ikasi behar dugu. Hori modu askotara egin daiteke: masturbazioaren bitartez, bikoteko harremanen bitartez...

Sexuaren Unibertsitatea izeneko eskola ikasleek hori lortu ahal izateko ireki al zenuten?
Uste dut iraunkorrak diren harremanetan jende askok jarduera berriak probatu nahi izaten dituela, baina askotan galduta ibiltzen gara hanka sartzeko beldurrez eta ateak ixten ditugu. Hala ere, norbaitek bere sexualitatea normalizatzen duenean, zera esaten du: «Hau ibiltzen ikastea bezalakoa da, lau aldiz erortzen naizenean lehen urratsak ematen hasiko naiz pixkanaka». Horregatik, egokia iruditu zitzaigun Sexuaren Unibertsitatea sortu eta jendearentzat ikastaroak antolatzea. Besteak beste, striptease-a egiteko, masaje erotikoak emateko, bondage-ak egiten ikasteko edota uzki sexua behar den bezala praktikatzen ikasteko ikastaroak antolatzen ditugu. Izan ere, jarduera berri horien oinarrizko ezagutzak ematen dizkigun irakasle espezializatu bat izanez gero, askoz lasaiago probatu ahal izango ditugu.

Nolakoak dira ikastaro horiek?
Adibidez, sexu harremanetan jende askok bi segundutan kentzen du arropa. Berez arropa kentzeko prozesua dagoen erotikoenetakoa da eta polita iruditu zitzaigun striptease-ak egiten aditua den norbaitek ikasi nahi zutenei erakustea. Dunia Montenegro izeneko striptease dantzari brasildarra da irakaslea eta Sexuaren Unibertsitateko ikasleei biluzten erakusten die, baita horretan ari diren bitartean euren gorputzaz gozatzen ere. Baita euren gorputzei ahal duten probetxu gehien ateratzen, striptease-a egiteko nola jantzi behar duten edota zein den horretarako girorik egokiena. Izan ere, oso desberdina da arropa ziztu bizian kentzea edo modu erotiko batean kendu eta ukitu ere egin gabe maitalea limurtzea.

Ez al du sexuaren munduak orain arte ikuspegi matxista izan?
Bai. Orain arte gizarteak zabaldu duen sexu ereduak gizonezkoei larrua jotzen eta emakumezkoei, berriz, jarrera pasiboa izaten erakusten zigun. Badirudi orain dela gutxira arte emakumeek gizonek nahi zutena eta nahi zutenean egin behar zutela. Azken urteetan, ordea, hori aldatu egin da, emakumeek jarrera aktiboa eta positiboa hartu baitute. Emakumeak euren sexualitatea lantzen eta eurentzako produktuak sortzen hasi diren mementotik alde batera geratu da pornoak helarazten zuen ikuspegi matxista hura. Izan ere, emakume batek eta gizon batek ez dute berdin bizi euren sexualitatea. Normalean, gizonen helburua eiakulazioa izaten da eta emakumeek, aldiz, nahiago dute kalitatezko sexua.

Ikuspegi aldaketa hori zertan nabarmentzen duzu zuk?
Sexuaren industria orain arte gizonezkoei zuzendua egon da eta orain emakumea ari da bere sexualitate eskubidea aldarrikatzen. Garai bateko bibragailuek, esaterako, zakil itxura izaten zuten eta nolabait gizon batekin sexu harremanak izatean sentitzen dena sentiaraztea zuten helburu. Orain, ordea, egoera aldatu egin da eta gaur egun ez dute zakil itxura izaten, ezta zakil baten funtzioa irudikatzen ere. Alde batetik, jende askok bibragailuak euren maitalearekin jolasteko erabiltzen dituztelako eta bestetik, bibragailuak direlako eta ez zakilak. Izan ere, bibragailuak lepotik, oinetatik, titietatik eta beste hainbat tokitatik pasa ditzakete gizonezkoek nahiz emakumezkoek, eta horrek ere plazerra ematen du; ez dira beti penetraziorako erabili behar.

Ikus-entzunekoetan ere antzematen ari al da aldaketa hori?
Azken urteetan pornoaren industria ere aldatzen ari da. Hiruzpalau zuzendari emakumezko oso ezagunak bihurtzen ari dira, betiko film pornoak alde batera utzi eta helduentzako filmak egiten hasi direlako. Orain arte porno filmak zuzenean sexuan murgiltzen ziren eta gizonezkoentzat oso oinarrizkoak ziren fantasiak irudikatzen zituzten. Helduentzako filmeetan, ordea, gainontzeko filmetan bezala istorio bat kontatzen dute eta erotismoa izaten da filmaren ardatz nagusia. Film hauek oso interesgarriak dira maitalearekin ikusteko, baita ideia berriak hartzeko ere. Oro har , gainera, arrakasta handia izaten ari dira, aspaldidanik jendeak horien falta sentitzen zuelako.

Ildo horretatik ere abiatu duzu proiekturen bat, ezta?
Helduentzako Filmen Zinema Jaialdi Independentea izenekoa abiatu dugu Espainiako hainbat hiritan eta horren bitartez, jendeak helduentzako filmak zineman ikusteko aukera izan du. Hori ere aurrerapauso bat izan da sexualitatearen munduan, orain arte sexua ikus-entzuneko formatoan pornoan bakarrik ikusten baitzen. Europako beste hainbat herrialdeetan ere bide bera jarraitzen ari dira. Aurten, esaterako, Cannes-eko (Frantzia) Zinema Jaialdian emakumezko aktore onenaren saria Charlotte Gainsbourg-i eman diote, Antichrist lanagatik. Film hau Lars von Trier-ek zuzendu du, bere porno ekoizpen etxearen baitan, eta filmak sexu eduki handia du. Helduentzako filmak telebistan ikusten ditugunekin alderatuta zera da, sexu jokaerak daudenean, zati hori ez dela zentsuratzen, baizik eta gertatzen den guztia ikusten dutela ikusleek. Horrelakoekin uste dut pixkanaka sexualitateari kultur balorea ematen ari gatzaiola.

> Berria: Sexualitatea > MANEX REKARTEK DENDA BERRIA INAUGURATUKO DU BIHAR DONOSTIAN

  • Manex Rekartek denda berria inauguratuko du bihar Donostian
  • Sexuarekin zerikusia duten gaiak landu eta salduko dituzte bertan
  • Karkara, 2009-07-26
Denda berria irekiko du Manex Rekartek bihar, astelehenean, Donostiako Usandizaga kalean, Gros auzoan, La Juguetería, Erotic toys, nahiz eta inaugurazio ofiziala datorren asteburuan izango den.

Orain dela 5 urte, beste bi bazkiderekin batera, izen bera duen aurreneko denda ireki zuen aiarrak Madrilgo Chueca auzoan. Arrakasta handia izan dute, ez bakarrik dendarekin, baizik eta antolatu dituzten ikastaroekin, guztiak sexuarekin zerikusia dutenak. Horrez gain, telebista eta irratiko programa askotan parte hartu du Rekartek, azkenak, esaterako, Radio Vitorian ostegunean eta Telecinco kateko El Programa de Ana Rosan ostiralean, eta prentsan ere maiz azaldu da elkarrizketatu dutelako edota berak idatzitako artikuluak argitaratu dituztelako. Aurtengo maiatzean, Madrilgo Helduentzako Zinema Jaialdi Independentea antolatzeko ardura hartu zuten La Jugueteríako hiru bazkideek, eta orduko esperientzia bukatu ondoren hasi ziren Donostiako denda irekitzeko azken pausoak ematen.

Hala ere, sozioen helburua inoiz ez da mugatu dendetara soilik. Rekartek honakoa esan digu: Sexua gaitzat hartuta eta gaiaren inguruan dauden beste kontu askori helduta, garrantzi handia ematen diogu hezkuntzari. Ikastaroak, hitzaldiak, tailerrak… gauza asko antolatu ditugu, eta ikusi dugu eskaera handia dagoela. Bestalde, Interneten ere aurkitu gaitzakete www.lajugueteria.com helbidean, eta bertan dendetan dugun guztia erosteko aukera dago. Aspaldi hasi ginen Donostian beste denda bat irekitzeko asmoa lantzen, eta, azkenean, lortu dugu.

Momentu zailean gauzatu dute ametsa, ekonomiaren egoerak ez baititu asko lagunduko, baina itxaropentsu dira hiru bazkideak: Oso inportantea da sexuari diogun beldur edo erreparoa alboan uztea eta era natural batean heltzea gai horri. Espero dugu dendan ematen dugun arretaren bidez jendeari lagunduko diogula hori egiten. Etorri nahi duena naturaltasun osoz hartuko dugu.

Prentsa eta telebista ez dira isilik gelditu notiziaren aurrean: aipatutako Radio Vitoriako programa sei astean jarraian emango dute eta Euskal Telebistarekin harremanetan dago beste zerbait antolatzeko. Lana egiteko, hiru lankideek bi denden artean banatu beharko badira ere, abuztuan behintzat, hemengoaz arduratuko da Rekarte.

2009/07/19

> Berria: Festak > GIPUZKOA: MAIRUAREN ALARDEKO ALDAKETEK ERANTZUN ONA LORTU DUTE ANTZUOLAN

  • Mairuaren Alardeko aldaketek erantzun ona lortu dute
  • Goiena, 2009-07-19 # Txomin Madina
Iragarritako aldaketak medio, Antzuolako bertako eta kanpotik etorritako jende andana bildu zuen Mairuaren Alardeak zapatuan.

Lehenengo aldiz, fusileroen artean emakumeak egon dira aurten, eta alardearen beraren ibilbidea ere luzatu egin dute.

Mairuaren itxura eta eszenografia berria izan da baina zeresan gehien piztu duena. Herritarren artean galdetuta gainera, esan daiteke, aldaketak jendearen gustukoak izan direla; ikusleen iritziz, itxura ikusgarriagoa izan du aurten mairuak, eta bere figura duintzeko ahalegina ere ontzat eman dute.

Juan Carlos Gomezek bete du aurten lehenengoz Abderraman III.a mairuaren papera, eta hasierako urduritasunak alde batera utzita, bera ere pozik zegoen alardeak emandakoarekin.

Bestela ere, jende ugari jaietan
Eguenean eman zitzaien hasiera aurtengo herriko jaiei. Hasiera koloretsua egin zuten gainera, eta alkate eta alkatesa txikien saioaren ostean, umeek udalekuetan gertatutako ikuskizuna egin zuten.

Iluntze aldera, eta salbearen ostean, Antzuolako bandera eta ikurrina jasotzea egin zuten. Urtero legez, Pedro Iturbe alkatea buru, aurreskua dantzatu zuten udalbatzako kideek.

Egubakoitzean, bigarren urtez gastronomia lehiaketa egin zuten. Iaz marmitakoa izan bazen aurten paella izan da prestatu beharreko platera baina aldatu ez zirenak, irabazleak izan ziren: Florentino Lamariano eta Isidoro Quintana ibili dira berriz ere sukalde kontuetan nagusi.

Txosna batzordeak ere hainbat ekitaldi antolatu ditu jaietan: herriko hainbat koadrila esaterako, altxorraren bila ibili ziren egubakoitzean, eta mus txapelketa ere egin zuten. Jende asko ibili zen baita ere egubakoitzean, Antzuolako trikitilarien doinuekin egin zen poni eta zezentxoen erakustaldian.

Domeka eguerdi aldera, Acordes Navarros jota taldeak girotu zuen herriko plaza.

2009/07/15

> Berria: Sexualitatea > ZENTZUMENEN PIZGARRIA

  • Zentzumenen pizgarria
  • Ateak ireki berri ditu Bitxigorria boutique erotikoak eta, aurreiritziek iradoki dezaketenaren kontra, sex shopa baino gehiago da.
  • Irutxuloko Hitza, 2009-07-15 # Maitane Aldanondo
Passione, gozamena, orlha, vuela, zuloak... Salamanka pasealekuko erakusleihoan hainbat hizkuntzatako hitzak irakur daitezke. Hauek erakarrita Bitxigorria dendaren barrura sartzen denak boutique erotiko batekin egingo du topo. Orain gutxi ireki ditu ateak, baina hau sortzeko asmoak hilabete batzuk baditu.

Hamarkada baino gehiago igaro da Iñaki Olaizolak lehen Pittilingorri sex shopa Oiartzunen ireki zuenetik, eta beranduago Amara Osinaga auzokoa etorri zen. Iazko azaroan, Donostian bizi den Nerea Sancho sexologo altzotarra ezagutu zuen irratsaio batean. Ordutik aurrera, denda honetan gauzatu den Bitxigorria kontzeptua garatzen aritu dira.

Boutique desberdina
Barrura sartzen denak produktuak bost zentzumenen arabera antolatu dituztela ikusiko du. Sanchok azaltzen duenez, «sexualitatearen kontzeptu zabala transmititzeko da, zentzumen bakoitzak eskain ditzakeen plazerak aldarrikatzeko». Lan honetan, elkarlanean, sukaldariak, idazleak, ginekologoak, bertsolariak, soziologoak... ari dira.

Gazteei, helduei, zaharrei, oso zaharrei, urritasun fisiko nahiz psikologikoa dituztenei... adin eta sexualitate guztiei zuzendua dago Bitxigorria. Bere helburua sexualitatearen normalkuntzan laguntzea da. Horregatik, beste denda erotikoetatik bereizten dituen ezaugarriak ere baditu. Guztien begi bistan dago eta ez du bromazko artikulurik saltzen.

Berezitasun nabarmenena, produktuei buruzko informazioa emateaz gain, bestelako informazioa ere ematen duela da. Izan ere, «zalantzei erantzuna emateko, kezkak argitzeko, jakin-mina asetzeko... doako psikologia eta sexologia aholkularitza eskaintzen dugu». Sancho arratsaldeetan dendan izaten da eta berarekin aurrez aurre hitz egiteko aukera dago. Horrez gain, telefonoz eta posta elektroniko bidez ere erantzuten ditu galdera zehatzak. Bestalde, bikote terapia ere eskaintzen dute, baina hau ez da doan, eta aldez aurretik hitzordua egin behar da.

Hizkuntza aniztasuna
«Hizkuntzek, aniztasun elementu gisa, badute bere garrantzia gure proiektuan. Horregatik, hainbat herrialdetako lagunei sexualitatearekin lotura duten hitzak idaztea eskatu genien eta horien selekzio bat erakusleihoan dago ikusgai: euskara, errusiera, alemana, kuna, italiarra...». Erakusleihoaz gain, barruko aldean ere eleaniztasuna da nagusi. Bezeroei euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez edota frantsesez ematen diete zerbitzua.

2009/07/12

> Artikulua: Angel Erro > BI LEGEZ KANPOKO


  • Bi legez kanpoko
  • Brendan Behan eta James Patrick Donleavy idazleek nobela ausart eta probokatzaile bana idatzi zuten, beren garaian debekatuak, gaur irakurketa nahitaezkoak.
  • Berria, 2009-07-12 # Angel Erro
Adimenak kapritxoko loturak egiten ditu. Ezagutu berri ditugun bi lagunak luzaro nahas ditzakegu elkarrekin, eta, denbora aurrera doan heinean, hasierako nahasketa horren zantzuak geldi daitezke inkontzientean, norberak baino sumatzen ez dituen bizitza paralelo sekretuak baleramatzate bezala. Gehiegizko aitormena izan badaiteke ere, esan behar dut denbora luzez Ovidioren eta Horazioren artean zein den zein ziurtatu aurretik istant batez pentsatu behar izan dudala -nahi duenak oraindik proba egin dezake eta ikusiko du begiak nola goititzen ditudan oroimenaren koadrantera-.

Gaur, buruan sortu zaidan horrelako bikote bati buruz jardungo dut: Brendan Behan (1923-1964) eta James Patrick Donleavy (1926).

Brendan Behan
Behan irlandarra zen, baina bere herriaz eman zuen irudia ez zen zeharo idilikoa izan: «Nik folk kantariak gorroto ditut, den-denak fusilatuko nituzke». Idazle izatera eraman zuten arrazoiez ere oso ziur zegoen: «Ez naiz apaiza, bekataria baizik. Ez naiz psikiatra, neurotikoa baizik. Nire neurosiak bizibidea ateratzeko tresna dira. Sendatuko banintz, etxeak margotzera itzuli beharko nuke». Horiek guztiak Brendan Behan's New York izeneko gogoeta koadernoan jaso zituen, hil baino lehentxeago, baita hiri harekiko miresmena eta edanarekiko lotura ere: «Ni edale bat naiz, idazte arazoekin».

Edarizaletasunak, 41 urterekin hilobira eraman aurretik, lehen arrakasta erraztu zion. The Quare Fellow (1954) antzezlana sustatzeko telebistan egin zioten elkarrizketara nabarmen edanda agertu eta piztu zen polemikatxoak antzokia bete zuen -orduz geroztik, askotan ikus-entzuleak ere eskandalizatu zituen-. Kartzelan girotutako obra horretan, heriotzara zigortutako preso baten azken egunaren aurrean gaude, irritik goibelera joanik. Quare hitza queer-aren irlandar aldaera da, baina gerora hartu duen gay adiera baino lehenagokoa; hala ere, homosexualtasuna islatzen da antzezlanean. Horren ondoren idatzi zuen antzezlana gaelikoz egin zuen, IRAkide bati buruz: An Giall (Bahitua). Oso aztertua izan da lan horren ingelesezko itzulpenak ez duela zer ikusirik gaelikozkoarekin -produktorearen eskua ikusi nahi izan da; alde politikoa leundu eta, The Quare Fellow-aren arrakastagatik akaso, gay pertsonaiez bete zuen The Hostage-.

IRAren gaia ez zitzaion Brendan Behani arrotz; izan ere, nerabetasunetik IRAn parte hartu baitzuen -13 urterekin Fianna Éireann gazte erakundean sartu zen-. Horrek ekarri zion bost urteko egonaldia Borstal izeneko gazteentzako zentzategian, 1939an harrapatu zutenetik. Han bizitakoarekin 1958an bere maisulantzat jotzen den nobela idatzi zuen, Irlandan lizunkeriagatik denbora luzez debekatua: Borstal Boy -gaztelaniaz Delincuente juvenil izenarekin itzuli berria Ediciones del Viento argitaletxe galegoan-. Bertan, bildungsroman baten egituran, gaztearen idealismoa, kartzelako esperientzia gogor eta ezustekoa -«zaindari katolikoak okerrenak ziren eta katoliko irlandarrak okerretan okerrenak»-, bortxakeria ororen funtsik eza eta kanporako proiektuak -«desfile gehiagotara ez joan, eta IRAtik irten, eta nire lanaz gehiago arduratu, eta dantzatzera atera, eta hortik ibili, eta ezkondu...»- islatzen dira. Erakunde militarretiko urruntze honen despit, gudari baten hileta eskaini zioten hil zenean. New Yorketik itzuli berria zen.

James Patrick Donleavy
New Yorken jaio zen, 1926an. Bigarren Mundu Gerran parte hartu ondoren Dublinera aldatu zen, eta han, irlandar nazionalitatea harturik, bizi da oraindik ere. Bere xede artistikoa, inoiz esan zuenez, «bere gurasoak lotsaz hilaraztea zen». Eta ez zen gehiegi berandutu helburua lortzen. 1955ean The Ginger Man -Jengibre gizona, El hombre de mazapán gaztelaniazko itzulpenean -Edhasa, 2009-; L'homme de gingembre frantsesezkoan- argitaratu zuen, 30 argitaletxe beldurtik ezezkoa eman ondoren. Irlandan hogei urtez debekatuta egon da, lizunkeriagatik. Hala ere, munduko hizkuntza anitzetan 45 milioi ale saltzera iritsi da, eta joan den mendeko nobelarik inportanteenetarikotzat jotzen da, seguruenik eleberriaren protagonistaren erakargarritasunagatik.

Sebastian Balfe Dangerfield da protagonista, Dublinen alderrai dabilen mozkor estatubatuar grinatsu, haserrekor, lizun, joko zalea eta abar. Emazteari ematen dion tratua ez da gaur egun sozialki zuzenegia, baina ez da hori urratzen duen arau sozial bakarra: erlijioa, sexua, klase sozialak, ezer ez da libratzen. Dangerfielden genealogia zehaztu nahi bagenu, Leopold Bloomen seme sasikotzat har genezake, eta John Kennedy Tooleren A Confederacy of Dunces-eko Ignatius Reillyren aitzindaria.

Estilo bereko beste lan bat, baina antzerkirakoa, Fairy Tales in New York da (Maitagarrien ipuinak New Yorken), non gizartearen ahuleziak desestaltzen dituen protagonista, orain, Cornelius Christian den. Baina jengibretasun hartatik ere ihes egiten saiatu da, esaterako, autofikziorik biziena eta tenis modalitate berri baten asmakuntza nahasten duen nobela bitxiarekin (De Alfonce Tennis: The Superlative Game of Eccentric Champions; Its History, Accoutrements, Rules, Conduct and Regimen).

2009/07/11

> Berria: Arrazakeria > ERRENTERIA: BIZIKIDETZAREN ALDE LAN EGITEKO PREST DAUDELA BERRETSI DUTE MAGREBTARREK

  • Bizikidetzaren alde lan egiteko prest daudela berretsi dute magrebtarrek
  • Auzoko mabregatarrek ez dutela gertatuakoaren errua dio Iztietan sexu-eraso ahalegina jasan zuen emakumeak
  • Berria, 2009-07-11 # Ainara Arratibel . Errenteria
Errenteriako Iztieta auzoko (Gipuzkoa) magrebtarrak prest agertu dira, gainerako bizilagunekin batera «delinkuentzia eta auzoak dituen bestelako arazoak» konpontzeko. Hala, bizikidetzaren alde lan egingo dutela berretsi zuten atzo egindako elkarretaratzean. «Auzoan bakea eta askatasuna izan dadin egingo dugu lan». Hala, eskari bat egin diete auzotarrei. «Urteak daramatzagu hemen, eta sekula ez dugu arazorik izan. Ez gaitzatela guztiak zaku berean sartu; ezta gure mezkita eta saltokiak ere. Denak ez gara gaizkileak». Elkarretaratzean izan zen sexu-eraso ahalegina jasan zuen emakumea. Emakumea xenofobia mota guztien aurka agertu zen, eta Iztietako magrebtarrak ez direla gertatutakoaren erredun adierazi zuen.

Herenegun auzo elkarteak deituta egindako manifestazioaren ostean, atzo arratsaldean Iztietako magrebtarrak izan ziren kalera irten zirenak. Hala, elkarretaratzea egin zuten Diputazio plazan. Elkarretaratzean ikurrina, Marokoko bandera eta bakearen eta delinkuentziaren aurkako pankarta bat ikusi ahal izan ziren.

Hainbat etorkin adingabek auzoan arazoak sortu izan dituztela aitortzen dute magrebtarren kolektiboak. «Etorkin adingabe hori emakume bat bortxatzen saiatu bada, ordain dezala. Baina guk ez dugu ezer egin, eta ez dugu haiek egindakoagatik ordaindu behar». Etorkin adingabeen arazoan Gipuzkoako Foru Aldundiak «zerikusi handia» duela uste dute. «Eskuetatik joan zaie», salatu dute. Hortik harago, orain egun batzuk arte auzoan ohikoa zen irudia berreskuratzea nahi dute. «Gure haurrak eta gazteak plaza honetan-Diputazio plazan-jolasten ikusi nahi ditugu, gainerako umeekin batera».

Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak hartutako neurriak ondo ikusten dituzte, baina beren saltokiak ikertzeko duten asmoa salatu dute. «Ez zaigu bidezkoa iruditzen soilik gure saltokiak ikertzea. Ikertu behar badituzte, auzoko saltoki guztiak iker ditzatela».

Udalaren neurriak
Hain zuzen ere, saltokiak ikertzea izango da Iztietan «bizikidetza eta normaltasun soziala» berreskuratzeko Udalak iragarritako neurrietako bat. Horrekin batera, bitartekaritza zerbitzu bat sortuko dute. Azken egunetako gertaeren harira, asteazkean izandako bileran adostu zuten hori Udalak eta Herrizaingo Sailak. Zerbitzu horretako arduradunek etorkinekin eta bizilagunekin hitz egingo dute; eta, ondoren, mahai bat osatuko du arazoarekin zerikusia duten aldeekin. Udalak ez du mahai horretan parte hartuko. «Eraginkorrak izateko zuhur jokatu behar dugu».

Zerbitzu horrekin batera, ertzain gehiago ibiliko dira auzoan, eta goiz eta arratsaldez udaltzainen patruila bat ariko da auzoa zaintzen; gauez bi patruila izango dira lan hori egingo dutenak. Auzo elkartetik jada aurreratu dute gertutik jarraituko dutela neurria horiek betetzen diren edo ez.

Herriko hainbat erakundek eta taldek salatuko dute azken egunetan gertatutako. Hala, ELAk, LABek, ESK-k, CCOOk, Bilgune Feministak, EHGAMek, Garaipenak, Caritasek, Oarsoaldeko SOS Arrazakeriak, Iztietako Almohssin Kultur Elkarteak, Mikelazulo Kultur Elkarteak, Txintxarri Elkarteak, Fatimako Ama Parrokiak, Amalatz Emakume Taldeak eta Almarachiba Kultur Elkarteak ere agiri bateratua bat kaleratu dute.

Elkarte eta talde horiek «kezkaz» ikusten dute gertatutakoa. «Arazo guztien errua ahulenei leporatzen badiegu, xenofobiaren alde egiten dugu». Hala, zubiak eraikitzearen alde egin dute. «Besteak ezagutzea, ingurukoen beldurrak eta nahiak entzutea da hormak eraisteko modu bakarra; errealitatea itxuraldatu eta etorkinekiko gorrota elikatzen duten estereotipoak suntsitzeko bide bakarra. Arrazakeria «guztion etsaia» dela nabarmendu dute. «Arazoak konpontzeko modu bakarra elkarrizketa da».

EAEko Ararteko Iñigo Lamarcarentzat «onartezina» da magrebtar guztiak laidotzea, «gutxi batzuek sor ditzaketen arazoengatik». «Gehienak herritar onak eta eredugarriak dira. Ez dute arazorik sortzen». Iztietan sortutako arazoek konponbide errazik ez duela onartu du, baina arduraz jokatzeko eskatu die Botere Publikoei. «Ahalik eta azkarren eta modu eraginkorrenean esku hartu behar dute, batik bat prebentzioaren alorrean».

Bi atxilotu lapurretagatik
Errenteriako udaltzainek, berriz, bi etorkin atxilotu zituzten atzo, Iztietan, mehatxuak eta lapurreta egitea egotzita. Atxilotuetako bat adingabea da, eta Foru Aldundiaren zaintzapean zegoen.

Udaltzainek emandako datuen arabera, 08:30 aldera izan ziren atxiloketak, Iztietako Donostia kalean. Bizilagun batek, bi gazte furgoneta batean lapurtzen ari zirela abisatu zien. Atxiloketaren unean, gazteek heriotza mehatxuak egin zizkietela salatu dute udaltzainek.

2009/07/10

> Berria: Arrazakeria > GIPUZKOA: MAGREBTARREN AURKA ERRENTERIAN

  • Magrebtarren aurka
  • Auzotarrek azken egunetan egin dituzten protestak «bidegabeak eta zentzugabeak» iruditzen zaizkie etorkinei. Errenteriako Udalak «lasai eta zentzuz» jokatzeko eskatu die Iztietako auzotarrei
  • Berria, 2009-07-10 # Ainara Arratibel . Errenteria
«Ondo ulertzen dut auzotarren haserrea eta mina. Haiek bezainbesteko indarrarekin salatzen dut aurreko asteko sexu-eraso ahalegina. Baina ez zait bidezkoa iruditzen gurekin egiten ari direna». Modou Diopen hitzak dira, Errenteriako Iztieta auzoan (Gipuzkoa) 17 urte daramatzan etorkinarenak. Auzoko mintzaleku batean lan egiten du, eta «tristuraz» ikusten du hainbat etorkinen saltokien aurrean bizilagunak egiten ari diren protestak. Auzo elkartetik protestak ez direla «arrazakeria kontua» diote. Baina etorkinen artean beldurra eta kezka dira nagusi.

Aurreko astean ustez etorkin adingabe batek emakume bati sexu erasoa egiten ahalegindu ondotik hasi zituzten auzotarrek protestak. Egunero, iluntzean, etorkinen hainbat saltokiren aurrean elkarretaratzeak egin dituzte. SOS Arrazakeriak salatu duenez, Alde hemendik!, Joan zaitezte zuen herri madarikatura! eta halako irain eta mehatxuak entzun behar izan dituzte. Atzo, gainera, manifestazioa egin zuten: Iztieta-Ondartxo: Indarkeriarik gabeko auzo seguru batengatik lelopean. Ehunka lagun bildu ziren, baina oraingoan isilpean egin zuten bidea. Tartean baziren hainbat magrebtar.

Protestak aurrean izan dituen saltokietako bat da Eissa mintzalekua. Ahmed Eissak zazpi urte daramatza bertan lanean. Duela 14 urte iritsi zen Marokotik Errenteriara. «Ulertezina» iruditzen zaio auzotarren jokabidea. «Oso gaizki» daudela dio. «Etorkinen batek zerbait gaizki egin badu, ordain dezala. Baina guk ez dugu ezer egin. Zergatik ordaindu behar dugu guk haiek egindakoa?».

Diop bat dator horrekin. «Gustura eta zalantzarik gabe» hartuko luke parte sexu erasoaren ahalegina salatzeko protesta batean, baina garbi dauka egun hauetako elkarretaratzeen helburua ez dela hori. «Nola hartuko dut parte nik etorkin guztiak alde egiteko eskatzeko protestetan?».

Jada hasi dira igartzen egun hauetan gertatzen ari denaren lehen ondorioak. «Azken egunotan jende gutxiago dabil mintzalekuan. Protestak ikusita, jendeari beldurra ematen dio sartzea. Aurreko batean, adibidez, mintzalekutik atera zen emakume bati oihuka eta joka eta hasi zitzaizkion. Beldur gara ez ote den zerbait larriagoa gertatuko».

Horrek eta krisi ekonomikoak gogor zigortu ditu saltoki horiek. «Guretzat ere urte gogorra izaten ari zen, eta honekin are okerrago jarri zaizkigu gauzak», azaldu du Eissak. Batzuek saltokiak ixtea ere aztertzen ari dira. Egoera hori guztia kontuan hartuta, neurriak hartzeko eskatu diote Udalari. «Elkarrizketa da bidea», Diopen hitzetan.

Auzotarren artean iritziak askotarikoak dira. Mintzalekutik gertu igaro den bikote batek ez ditu protestak ulertzen: «Alabarekin maiz sartzen gara mintzalekura gozokiak erostera, eta jende zoragarria da». Neurrigabea iruditzen zaie azken egunetan auzoan ibilitako ertzain eta udaltzain kopurua.

Badira, ordea, protesten alde daudenak. «Maiz egoten dira kola esnifatzen, eta istiluak sortzen. Larunbat gauetan, adibidez, taberna asko itxi egin behar izaten dituzte istiluen beldur. Duela gutxi, adibidez, paperontziak puskatzen aritu ziren», adierazi du auzoko emakume batek.

Auzo elkarteak dio «bat-batean» sortu zela protestak egiteko ideia. «Giroa aspalditik zegoen gaiztotuta auzoan», dio auzo elkarteko Miguel Harinak. «Droga trafikoa, lapurretak, erasoak... Auzotarrak beldurrez daude. Adineko jendea beldur da gaueko bederatzietatik aurrera kalera ateratzeko, eta baita gazteak ere».

Jendea «nekatuta eta nazkatuta» dagoela dio Harinak. «Eskubide eta askatasun osoa du jendeak protesta egiteko. Garbi gera dadila, gainera, protestak ez ditugula etorkinen saltoki guztien aurrean egiten, zehatz batzuetan baizik. Arrazistak garela diote askok, baina gure helburu bakarra auzoan genuen bizi-kalitatea eta ongizatea berreskuratzea dira». Udalari ere neurriak hartzeko eskatzen diote: «Bada garaia zerbait egitea».

Atzoko manifestazioarekin amaitutzat eman dituzte protestak, baina iragarri dute gertutik jarraituko dituztela Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak iragarritako neurriak.

Udalaren eskaria auzotarrei
Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak agiria onartu zuen atzo azken egunetako gertaerei buruz. «Lasaitasunez eta zentzuz» jokatzeko eskatu diete auzotarrei. «Arazoa ez da immigrazioa, delinkuentzia baizik. Bidegabeak izan daitezkeen ondorioak ez ateratzeko eskatzen diegu auzotarrei», dio agiriak.

Udal ordezkarien aburuz, Iztieta auzoa beti izan da kulturen arteko bizikidetzaren eredu. Duela hamar urte zabaldu zen mezkita jarri dute horren adibide. «Bizikidetza, ordea, gaiztotua dago auzoko lasaitasuna eta bakea apurtzera etorri diren gaizkile batzuengatik». Udalaren helburua «auzotarren segurtasuna bermatzea eta normaltasun soziala berreskuratzea» dela jasotzen du agiriak.

Magrebtar zenbaitek gaur manifestazioa egingo dute
Auzoan gertatzen ari diren liskar eta lapurreten aurka agertu dira Iztietako magrebtarrak ere. Atzoko manifestazioarekin ez zutela bat egingo adierazi zuten haietako batzuek, etorkin guztiak erruduntzat jo dituztelako. Horregatik, aparte egingo dute protesta, gaur, 15:30ean, auzoko mezkita aurrean.

806
Iaz Hego Euskal Herriko gizarte zerbitzuek jaso zituzten eskariak. Hego Euskal Herriko gizarte zerbitzuek seniderik gabeko etorkin adingabeen 806 eskaera jaso zituzten iaz. Bizkaian 440 jaso zituzten, Gipuzkoan 225 eta Araban 141. Nafarroan ez zuten eskaririk izan.

Lasaitasuna eskatu du Markel Olano ahaldun nagusiak
Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok adierazi du xenofobia joerak igarri dituela Errenteriako Iztieta auzoan (Gipuzkoa) gertatzen ari diren protesta ekintzetan. Protesta egitea zilegi dela, baina jokabide horiek ez direla «onargarriak» nabarmendu du Olanok, eta lasaitasunerako deia egin du.

Urretxun eztabaida hasiko dute, bizikidetza hobetzeko
«Jatorri ezberdineko pertsonek elkar onartzea lortu, eta horrela bizikidetza hobetu nahian», eztabaida prozesua hasiko dute Urretxuko Udalak eta Anitzak elkarteak. Oraingoz, herriko taldeekin harremanetan jarri da Anitzak, Urretxun zer-nolako migrazio prozesuak dauden aztertzeko.

%9,93
Errenteriako delituetatik, Iztietan gertatzen direnen ehunekoa. Iztieta auzoan Errenteriako biztanleen %10 bizi dira -3.500 herritar-; Ertzaintzaren arabera, berriz, Errenterian izan diren delitu eta arau-hausteen %9,93 auzo horretan izan dira. Iaz %11,92 izan ziren.

%13
Immigrazioa arazotzat daukatenen ehunekoa. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %13k arazotzat jotzen dute immigrazioa, Ikuspegi immigrazioaren behatokiaren 2008ko txostenaren arabera. Ehunekoa igo egin da urtebetean; 2007an, %7 ziren.

Aralar: «Iztieta auzoa hondatzen utzi du Udalak»
«Iztieta auzoa hondatzen utzi du Udalak», Aralarren arabera, eta giroa txartu aurretik uste du erakundeek «lehenbailehen» hasi behar dutela lanean. Gizarte eragileen eta udal gobernuaren arteko elkarrizketaren alde egin du; aldiz, kontrola zorroztea eta txabolak botatzea ez dela konponbidea adierazi du.

  • Peio Aierbe . SOS Arrazakeriako kidea : «Ez dira gaizkile»
  • Beerria, 2009-07-10 # Mikel Peruarena . Donostia
«Kanpotik ikusita sexu eraso bati lotutako arazoa dirudien arren, kontua konplexuagoa da». SOS Arrazakeriako kide Peio Aierbe (Donostia, 1950) kezkaz ari da ikusten Errenterian (Gipuzkoa) gertatzen ari dena. Droga trafikoa eta prostituzioa aspaldiko arazoak dira Iztieta auzoan. «Batzuk benetako arazoak dira», onartu du Aierbek. Baina arazoen errua eta ardura marokoarren komunitateari egotzi diete auzotarrek. «Gizartearen planteamenduak ez dira xenofoboak; aniztasuna-eta onartzen dira diskurtsoan, baina istiluak agertzen direnean betiko dinamikak ateratzen dira», nabarmendu du Aierbek. Donostian gertatu zen antzekorik. Igeldon (Gipuzkoa), berriz, zenbait herritarrek adingabeentzako zentroari su eman ziotela oroitarazi du. «Xenofobia dinamika kezkagarriak sortzen ari dira», ohartarazi du.

Aierbe Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroetan izan zen atzo, Donostian. Helmugako herrialdean erreferentzia heldurik ez duten adingabe migranteak hitzaldia eman zuen. Aierberen ustez, Administrazio publikoak ez du «bere esku dagoena» egiten adingabe etorkinen eskubideak bermatzeko: «Zabaldua dago honako hau: ondo funtzionatzen badugu, etorriko dira izugarri pila [migratzaileak], deialdi efektua izango du».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Arartekoak iaz, adingabeentzako zentro batean aurkitu zuen egoera jarri du adibide gisa: hamabost lagunentzako lekuan ia 50 zeuden; herri hartako Udalak ez zien erroldatzen utzi gehienei; gehienez ere, zentroan bi hilabete egon baldin balitezke ere, batzuek urte erdia zeramaten bertan... Neurri batzuk hartzea oso erraza litzatekeela adierazi du Aierbek: paperak arauz jartzea, edo ikasketak egiten uztea, adibidez -adingabe batzuei ez diete ikasketa bereziak egiten uzten-. Administrazioek «inprobisatu» egin dutela eta arazoaz «libratzen» saiatu direla salatu du. Zerbitzuak pribatizatzeak ere ez du onik egin, Aierberen ustez.

Kanporatzea helburu
Adingabeei buruzko lege eta arauek «errespetua» adierazten diete nerabeei, Aierberen hitzetan, «baina mehatxupean daude lege horiek». Espainiako Atzerritarren Legean, esaterako, «irizpide orokorra hemendik kanporatzea da, ez adingabearen interesa bermatzea». Legeak lege, «atzerritar modura ikusten ditugu, adingabe modura ikusi baino lehen», Aierbek dioenez. Atzerritarren Legeak adingabeak kaleratzeko bidea erraztu duela, eta foru aldundiak horrekin bat agertu direla salatu du Aierbek.

Aierbek azaldu duenez, «gatazkatsutzat» jotzen diren gazte batzuk SOS Arrazakeriaren egoitzan egonak dira. «Ez dira gaizkile, ez dute inor hil», adierazi du. «Gaztetxo bakoitza mundu bat da», Aierbek dioenez, eta arreta berezia behar du bakoitzak: «Interbentzioa egiten saiatu behar da; ezin da esan betiko galdu direla». Aierberen hitzetan, beharrezko da «tresnak jartzea eta eskubideak errespetatzea, eskubideak baitira, ez pribilegioak. Egin litekeen txarrena politika berarekin jarraitzea da, nahiz eta jakin horrek ez duela funtzionatzen. Penagarriak dira emaitzak».

2009/07/09

> Berria: Indarkeria > GIPUZKOA: ERRENTERIAKO UDALAK POLIZIA GEHIAGO BIDALTZEKO ESKATU DU

  • Errenteriako Udalak polizia gehiago bidaltzeko eskatu du
  • Magrebtar etorkinak Iztieta auzoko «segurtasun ezaren» erantzule egin dituzte bertako bizilagunek
  • Berria, 2009-07-09 # Erredakzioa . Donostia
Emakume bati sexu erasoa egiten saiatzea leporatuta, gazte magrebtar bat atxilotu zuten iragan asteburuan, Errenteriako Iztieta auzoan (Gipuzkoa). Ordutik, etorkin komunitate horren denda eta tabernen aurrean bilkurak eta manifestazioak egiten ari dira egunero bertako bizilagunak, etorkinek auzora «segurtasun eza» ekarri dutelakoan. SOS Arrazakeriak salatu duenez, mehatxu eta eraso «arrazistak» egon dira elkarretaratze horietan. Errenteriako Udalak, ordea, beste ildo batetik jo du: Ertzaintzaren presentzia areagotzeko eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailari, eta etorkinen zein haien denden dokumentazioa zorrozki kontrolatuko duela iradoki du.

«Iztieta auzoan bizi den komunitate magrebtarra langileez eta bizilagunekiko begirunea duten pertsonez osatuta dago gehienbat», dio hasieran Udalak igorritako prentsa oharrak. Ondoren, ordea, azken urteotan «etorkin gizalegegabeen eta gaizkileen» kopuruak gora egin duela erantsi du. Tartean seniderik gabeko etorkin adingabeak aipatu ditu Udalak; haien zaintza Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena dela eta, Maite Etxaniz Gizarte Politikarako diputatuarekin bilera eskatuko du Udalak.

Edonola ere, «herritarren segurtasuna bermatzeko», azken hilabeteotan neurriak hartu dituela azaldu du Joaquin Acosta jarduneko alkateak. Ertzaintzaren eta Espainiako Poliziaren laguntza izan du, «bai inguruan polizia gehiago edukitzeko, bai Atzerritarren Sailaren esku hartzea lortzeko, beharrezkoa izan den kasuetan». Neurrion emaitzak ere eman ditu: etorkinak aberriratzeko bost txosten abiatu dira, eta hiru pertsona zuzenean aberriratu ditu. Prentsa oharrak ez du aipatzen bertako bizilagunek segurtasun arazorik eragin duten ala ez.

Ildo horretan, Udaleko Hirigintza Sailak «merkataritza lokal batzuetan» ikuskatze teknikoak egingo dituela iragarri du. Hala, lokal horien irekiera baimenak eman zireneko baldintzak ez direla aldatu ziurtatu nahi duela adierazi du Udalak. «Edonola ere, hirigintza arauak zorrozki aplikatuko dira, bizilagunei eragozpenak eragiten dizkieten jarduerak ekiditeko», gaineratu du.

Era berean, «neurri prebentibo gisara, Iztietan Ertzaintzaren presentzia handitzeko konpromisoa» hartu du Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek, jarduneko alkatearekin izandako elkarrizketan. Udaltzaingoak Iztieta auzoan duen patruilaren gaueko txanda ere bikoiztuko du Udalak.

Gaur, Errenteriako Udaleko Bozeramaileen Batzordea elkartuko da, eta auziari buruzko instituzio adierazpena egingo du. Halaber, Iztietako auzolagunekin bilduko da Udala datorren astean.

2009/07/08

> Berria: Indarkeria > 19 URTEKO MUTIL BAT ATXILOTU DUTE ERANDION, NESKA BATI SEXU ERASOA EGIN DIOLAKOAN

  • 19 urteko mutil bat atxilotu dute Erandion, neska bati sexu erasoa egin diolakoan
  • Berria, 2009-07-08
Ertzaintzak 19 urteko mutil bat atzeman du Erandion (Bizkaia), ekainaren 28an herri hartan bertan emakume bati sexu erasoa egin ziola leporatuta. Biktimak berak sartu zuen parte. Honen arabera, goizeko bostak aldera etxera zihoala egin zion eraso mutilak, bularrak eta ipurmasailak ukituz. Emakumezkoak ihes egitea lortu zuen, ustezko erasotzaileari butzada emanda. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta mutila atxilotu du.

> Berria: Indarkeria > BIKTIMEN MEMORIA

  • Biktimen memoria
  • Hedabideek genero indarkeria nola lantzen duten aztertu dute Sortzen-ek eta Kazetarion Berdinsareak; hildako andreen bizitzei buruz behar baino gutxiago kontatzen da, haien ustez.
  • Berria, 2009-07-08 # Maite Asensio . Bilbo
Asko dakigu haien hilketez, baina ezer gutxi haien bizitzez. Genero indarkeriaren biktimei buruz hedabideetan agertzen den informazioaren inguruko kezkak bultzatuta, Hego Euskal Herrian, Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan 2008an izandako hilketen albisteak aztertu ditu Sortzen aholkularitzak, Zer dakigu haien hilketei buruz? lanean. Sortzen-eko kide Norma Vazquezek azaldu du «biktimen memoria historikoa eraikitzeko» asmoa zutela: «Zifren atzean zer zegoen jakin nahi genuen; emakume horien aurkako indarkeria zein neurritan izan zen haien zapalkuntzaren kontrako borrokaren ondorio». Baina informazio gutxi aurkitu dute horren inguruan.

Azken hamar urteotan, hedabideek genero indarkeria ikusgai egin izana txalotu du Vazquezek, baina arazoa ez dela sakon aztertzea deitoratu du ondoren: «Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak ideia gisara agertzen dira, guztiak berdinak izango balira bezala, otzanak... Biktimen mendekotasuna nabarmentzen da, baina ez zaie aitortzen bizimodua aldatzeko egin duten ahalegina».

Izan ere, Vazquezek uste du egun genero indarkeriaren ondorioz hildako andre askok jabekuntza prozesua abiatu zutela, eta, hain zuzen, emakumeei tradizioz egotzitako genero rolak hausten saiatzeagatik hil zituztela. «Hildakoaren ametsen eta grinen berri eman beharko genuke, hari buruzko erretratu hurbila egin, genero indarkeriaren biktima haien lagun izan zitekeela pentsa dezan irakurleak», gaineratu du Lucia Martinez Odriozola kazetariak. Genero ikuspegia duten kazetarien euskal sareko, Kazetarion Berdinsareako, kide da Martinez Odriozola.

Hilketen berri ematen duten albisteak aztertuta, joera «arriskutsuak» antzeman dituzte hedabide batzuetan. Besteak beste, hilketak gertakari soiltzat agertzen dituzte askok, genero desberdintasunetan oinarritu ordez. «Baina genero indarkeriaren ondorizko hilketa bat ez da ezustean gertatzen den zerbait», Martinez Odriozolaren arabera: «Tratu txarrak ematen dituzten gizonek hori ikasten dute gizartearen barruan, baliabide asko dituzte horretarako». Haren iritziz, badago emakumeak errudun bihurtzeko joera, «salaketarik jarri ez zutela, edo urruntze agindua hautsi zutela esanez».

Halaber, adituen iritzirik ez da ia agertzen; bai, ordea, lekukoenak, edo auzolagunenak, gehienetan harridura agertzen dutenak, edo erasotzailea gizon «ontzat» deskribatzen dutenak. Iritzi horiek plazaratzea gaitzetsi du kazetariak: «Ezin dugu hiltzaile bat, gehienetan hilketa egin duela aitortu duena, igogailuaren atea irekitzen duen aingerua bailitz bezala aurkeztu». Alde horretatik, Sortzen-en ikerlanak adierazten du ia albiste guztietan agertzen dela biktimaren adina, hilketa non izan zen, zein arma erabili zuen, edo nork eman zuen abisua; aldiz, albisteen %24k baino ez dute aipatzen erasotzaileak aurrekaririk zuen edo ez.

Jatorria, «esanguratsua»
Era berean, genero indarkeriaren biktimak etorkinak direnean, albisteari eman ohi zaion tratua gaitzetsi du Vazquezek: «Immigrazioa kriminalizatzeko beste modu bat da, etorkinek mendekotasun handiagoko jokabide kulturalak ekarriko balituzte bezala. Etorkin askok ez dute salaketarik jartzen, ez dutelako hizkuntza ezagutzen, ez dutelako hemengo legeen berri... Aldiz, emakume etorkinak kultura atzeratu batetik datozela eta ergelagoak direla zabaltzen da». Martinez Odriozolak uste du biktimen jatorria «esanguratsua» dela egoera batzuk azaltzeko; adibidez, «bakarrik migratzean, emakumeak abiatzen duen jabekuntza prozesua». «Baina ez da inola ere titulura eraman beharreko datua», erantsi du.

Edonola ere, Sortzen-eko eta Kazetarion Berdinsareako kideen ustez, ezin uka daiteke hedabideek gizartean duten garrantzia. Komunikabideek plazaratzen dituzten arazoak, gizartean eztabaidagai eta kezka bihurtzen dira. Horrela azaldu du Martinez Odriozolak: «2004ko abenduan, [Espainian] genero indarkeriaren aurkako legea onartu zenean, eztabaida sutsua izan zen hedabideetan. Espainiarren kezkak neurtzen dituzten inkestetan, %2tik %6ra handitu zen genero indarkeria. 2004an 72 emakume hil ziren estatuan genero indarkeriaren ondorioz, eta 2005ean 56. Bada, kezka hark bizitza salbatu zien hamalau emakumeri».

> Berria: Indarkeria > LAFFAGERENTZAKO JUZTIZIA ESKE

  • Laffagerentzako justizia eske
  • Urtea bete zen atzo Nagore Laffageren gorpua Orondritzen agertu zenetik. Hilketa bere gain hartu zuen Diego Yllanes Iruñeko kartzelan dago preso, udazkenean hasiko den epaiketaren zain.
  • Berria, 2009-07-08 # Naiara Elola / Mikel Peruarena
Sanferminak hasi dira, baina Asun Casasola Nagore Laffageren amarenak iaz izan ziren azkenekoak. Harrezkero ez dela bizi dio, alabaren heriotza onargaitza egiten zaiola. Azken egunak oso gogorrak izan dira Casasolarentzat. 2008ko ekainaren 27an ikusi zuen azken aldiz alaba. Ezin du egun hura ahaztu. Negarrari eutsi ezinik, «Nagorek izugarrizko gogoa zuen bizitzeko, eta begira orain», esan du. Ez du argi nondik ateratzen duen indarra, justizia lortzeko antsiatik agian: «Psikologikoki zisko eginda nago, egunero oroitzen naiz Nagorerekin».

Iazko uztailaren 7ko goizaldean hil zuten Nagore Laffage, Iruñean erizaintza ikasketak egiten ari zen 20 urteko irundarra. Gorpua Orondrizko (Nafarroa) bizilagunek aurkitu zuten herri inguruan, plastikozko poltsetan bilduta, sanferminetako ohiko jantzi zuri-gorriekin soinean eta hatz bat moztuta. Autopsiak argitu zuenez, itota hil zen Laffage; buruan ere kolpeak zituen, eta indarkeria nozitu zuelako arrastoak.

Foruzainek eta SOS Nafarroan bazuten ordurako zerbaiten susmoa. Ikerketaren arabera, hil aurretik 112 telefono zenbakira deia egin zuen Laffagek. Hilketa bere gain hartu zuen Jose Diego Yllanesek, berriz, lagun bati aitortua zion, ordurako, eta lagun hark ere parte emana zuen. Foruzainek uztailaren 8an bertan, goizaldeko ordubatak aldera, atxilotu zuten Yllanes. Haren gurasoen Erroko (Nafarroa) etxean atzeman zuten, Laffageren gorpua agertu zen lekutik hurrean. Ikerketaren arabera, Yllanesek Iruñean hil zuen Laffage, Antso Ramirez kaleko bere pisuan, eta autoan eraman zuen Orondritzera.

«Mutil horrek egindakoa ordaindu egin beharko du», adierazi du Casasolak. Ezinegona dute Laffageren senideek. Uda aurretik hasi behar zuen epaiketak, baina iraila amaiera edo urria hasiera arte atzeratu da. Epaiketan justizia egingo dela uste du Casasolak, baina zalantza gailentzen zaio; defentsako abokatuak lekuko berriak aurkeztu ditu.

Epaiketa, udazkenean
«Yllanesen espetxe zigorra 20 urte baino txikiagoa bada, ez dut ulertuko; mutil hotza eta kalkulatzailea da», adierazi du Casasolak. Zigor eskaera hori egin du Nafarroako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak Yllanesentzat. Hasieran giza hilketa leporatu zion -10 eta 15 urte arteko kartzela zigorra du delitu horrek-, baina eskaera egiteko unean, Yllanesek erailketa egin zuela adierazi zuen fiskalak. Erailketa delituetan hiltzailearen azpikeria nabarmentzen da, eta 20 urteko espetxe zigorra du.

Ekainaren 3an, ahozko epaiketa abiatzea erabaki zuen Iruñeko Instrukzioko 1. Epaitegiak. Yllanesek erailketa eta gorpuen profanazio delituak egin zituelako susmoa hartu zuen epaileak. Yllanes aurrez pentsaturik eta arriskurik gabe aritu zela nabarmendu zuen, gainera; Laffage kordea galduta eta bere burua defenditzeko aukerarik gabe zegoela zehaztu zuen epaileak.

Akusazioek aurkeztutako kontakizunak eta zigor eskaerak Fiskaltzak egindakoen antzekoak dira. Irungo eta Iruñeko Udala, Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta Laffageren ama, aita eta anaia aurkeztu dira akusazio gisa. Irungo Udalak 17 urteko espetxe zigorra eskatu du Yllanesentzat, gainerako akusazioek 20 urteko zigorra. Fiskaltzak Laffageren senideentzako 450.000 euroko kalte-ordaina eskatu du, bestalde. Yllanesen aurkako zigor eskaerekin eta akusazioen kontakizunekin ez dagoela ados agertu du defentsako abokatuak.

Yllanes, 27 urteko iruindarra, Nafarroako Unibertsitate Klinikoan psikiatra zen. Casasolak askotan ekarri du hori gogora, eta psikiatra gisa lan egiteko debekua ezartzea ere galdegin izan du. Haren ustez, ezinezkoa da, «halako pertsona bat», lan horretan aritzea. Yllanesek bere gain hartu zuen hilketa iazko uztailaren 10ean Agoizko (Nafarroa) epailearen aurrean. Barkamena eskatu zuen orduan, haren familiak ere berdin egin zuen, «erabateko tragedia» izan zela onartuta. Casasolarentzat ez da aski, ordea. «Ez dira ez dei bat, ez eskutiz bat ez telegrama bat igortzeko gai izan. Nire iritziz, haiek uste dute lehen mailako familia direla, eta gu, berriz, bosgarren mailakoa».

Laffageren senideek, baina, babes handia jaso dute urtebete honetan. Hilero elkarretaratzeak egin dituzte, txandaka, Irunen (Gipuzkoa) eta Iruñean, eta 80.000 sinadura bildu dituzte, «justizia» eskatuz. Hilketaren urteurrenerako ere, hainbat ekitaldi egin dituzte. Larunbatean Iruñeko Vinculo plazan elkartu ziren, Egia, justizia eta memoria lelopean, eta omenaldi sentitua egin zioten Laffageri. Atzo iluntzean, berriz, kontzentrazioa egin zuten Irunen.

Justizia, hori da Carmen Casasolaren bizitzak duen zentzua; hamaika aldiz errepikatu du Nagore Laffagek «justizia» izan behar duela. Justizia, zigorra betetzea da Casasolarentzat: «Hiltzen duenak ordaintzea nahi dugu». Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna ere aldarrikatu du Casasolak: «Gizonezkoak eta emakumezkoak berdinak gara, eta errespetatu egin behar gaituzte; gizarteak ohartu behar du emakumeen aurkako jazarpenak ezin duela jarraitu».

EITBn alarde «baztertzailea» ez sustatzeko eskatu dute
Aralarrek eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgelli, EITBk Irungo (Gipuzkoa) alardean izan zuen jarrera azal dezan. Aralarren esanetan, «alarde baztertzaileari gehiengoaren alarde tradizionala» deitu zion EITBk, eta ez zion lehentasunezko tratamendurik eman alarde mistoari.

13.000
Genero indarkeriaren biktimentzako etxeetarako aurrekontua Amurrion. Amurrioko Udalak (Araba) eta Arabako Diputazioak hitzarmena berritu dute, genero indarkeriaren biktimek Amurrion «etxe zubia» izan dezaten. 13.000 euroko aurrekontua du egitasmoak.

Laffage sendia babestu dute PSE-EEk eta Rafaela Romerok
«Nagore Laffageren hiltzailea zigorgabe ez gelditzea eta justizia egitea» eskatu dute PSE-EE alderdiko Gipuzkoako 16 batzarkideek. Atzo Irunen Laffagerentzako justizia eskatzeko elkarretaratzeaan izan ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiko parlamentuko presidente Rafaela Romero ere ekitaldian izan zen.

Sexu erasoak arrazarekin ez lotzeko galdegin dute
Aurreko astean sexu erasoa jaso zuen emakume batek Errenterian (Gipuzkoa). Eraso hura salatzeko, elkarretaratzea egin zuten herenegun. SOS Arrazakeriak salatu du immigratzaileen aurkako joera zabaldu dela herrian. Bi jazoerak bereizteko eskatu dute, eta «eraso sexistek eta arrazistek» ez dutela zuribiderik adierazi.

Laffagetarrei «maitasuna» adierazi diete Orondritzen
Orondrizko (Nafarroa) herritarrek protesta egin zuten igandean, Laffageren hilketa gaitzetsi eta haren sendiari «maitasuna eta laguntza» eskaintzeko. 200 lagun elkartu ziren, Erroibarko Laurentxi elkarteak deituta. Justizia egiteko eskatu dute, «inork ez diezaion inoiz beste norbaiti minik egin generoagatik».

Andre bat behartzea egotzi eta gizon bat atxilotu dute
Getxon (Bizkaia) gizon bat atxilotu zuten udaltzainek herenegun gauean. Metroko zaindari bat eta oinezko bat jotzea eta, Leioan (Bizkaia), andrazko bati sexu erasoa egitea egotzi diote. Getxoko udaltzainek lehen erasoen berri izan zutenean, erasotzailearen bila hasi eta Lamiakoko geltokian aurkitu zuten.

2009/07/03

> Berria: Despenalizazioa > HOMOSEXUALITATEA ZIGORTZEN DUEN ARTIKULUA INDARGABETU DUTE INDIAN

  • Homosexualitatea zigortzen duen artikulua indargabetu dute Indian
  • Britainiarren kolonizazio garaitik Indian indarrean zegoen homosexualak zigortzeko Kode Penaleko artikulua indargabetu zuen atzo Delhiko Goi Epaitegiak. Isun bat eta hamar urteko espetxealdiarekin zigortzen zuen artikulu horrek homosexualitatea.
  • Gara, 2009-07-03
Delhiko Goi Epaitegiak sexu bereko adin nagusikoen arteko harremanak despenalizatu zituen atzo. Hala, kolonialismo britainiarretik jasotako eta 150 urtez indarrean izan den diskriminazio historikoa bertan behera utzi dute. Atzo arte delitua zen homosexualitatea Indian.

1860an indarrean sartu zen Indiako Kode Penalaren 377. artikuluak homosexualen harremanak zigortzen zituen, batez ere sodomia. Atzoko epaian, berriz, artikulu hau Indiako Errepublikaren Konstituzioaren aurkakoa dela nabarmentzen da.

«Ezin da ahaztu bazterkeria pertsona guztien duintasunaren oinarri den berdintasunaren antitesia dela», adierazi dute epaileek.

Orain arte, Kode Penalak «naturaren kontrako jardueratzat» jotzen zuen homosexualitatea eta isun bat eta hamar urteko espetxe zigorra ezartzen zuen. Normalean legedia aplikatzen ez bazen, gay eta lesbianen eskubideen aldeko taldeek poliziek mehatxu ugari egin izan dizkietela salatu dute maiz.

Hala ere, Delhiko Goi Epaitegiaren epaiak ez du India osoan eraginik. Dena den, epaileek homosexualen aurkako artikulua adin nagusikoen arteko harremanetan India osoan aplika ez dadin eskatu dute, Tripti Tandon abokatuak France Presseri esan zionez.

«Oraingoz, epaia soilik Delhin izango da indarrean, baina bere garrantzia izugarria da eta erreferentziala izango da herrialdeko txoko guztietan», nabarmendu zuen Gautam Bhan gay militanteak.

ONUSIDAren txaloak
Delhiko epaia oso garrantzitsua dela adierazi zuen Nazio Batuen Hiesaren aurkako Programak (ONUSIDAk), eta horri esker homosexualak eta eritasun hau pairatzen dutenak ez direla ezkutuan bizitzera beharturik izango.

«Mundu osoan aurrekaritzat jo daiteke Indiakoa», adierazi zuen ONUSIDAko Susan Timberlakek. «Egun, 80 herrialdetan zigortzen dute homosexualitatea. Homofobia giza eskubideen urraketa da gizonezkoekin sexu-harremanak dituzten gizonezkoentzat, transexualentzat eta lesbianentzat», adierazi zuen Timberlakek Genevan izandako prentsaurreko batean. Egoera honek VIH birusa duten pertsona ugarik beharrezko duten mediku arreta ez jasotzea du ondorio», gaineratu zuen Timberlakek. Egun 2,5 miloi pertsonak du hiesa Indian.

2009/07/02

> Berria: Alardeak > IRUNEN ALARDE BAKAR, PUBLIKO ETA MISTOA IZATEAREN ALDE AGERTU DA ARALAR

  • Irunen alarde bakar, publiko eta mistoa izatearen alde agertu da Aralar
  • San Martzial egunean ustez bikotekideak zauritu zuen emakumea Bidasoa ospitaletik atera eta etxean da
  • Berria, 2009-07-02 # Erredakzioa . Donostia
Irungo alardean atzo iluntzean izan ziren istiluak gogor salatu ditu Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak. Goiza lasai igaro bazen ere, iluntze aldera alarde mistoko kideen aurka Kale Nagusia zeharkatzean izandako istiluek zipriztindu zuten eguna. Aralarrek kritikatu du komunikabideek eta instituzioek behar besteko oihartzunik ez ematea istiluei.

Liskarretan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak ere esku hartu zuten, eta alarde parekideko kideen hitzetan, udaltzainek gogor eraso zieten. Irungo Udalak zein bestelako instituzioak «normaltasun itxura saldu» nahi izan dutela salatu du Abrilek. Irungo Udalari eskaera egin dio: «Emakumeen aurkako erasoei aurre egiten lidergoa har dezala, urte gehiegitan luzatzen ari den gatazka konpontzeko». Etorkizunean egin beharreko urratsen inguruan, berriz, emakumeen aurkako erasoak alde batera utzi eta jaietarako «alarde bakarra, publikoa eta mistoa» egiteko eskatu dio Irungo Udalari Aralarrek.

Eraso egin zioten andrea, onik
Irunen, San Martzial egunean bikotekideak eraso bide zuen emakumea etxean da; ia bi egun pasatu ditu Bidasoa ospitalean (Hondarribia). Ustezko erasotzaileak botila hautsi batekin zauritu zuen lepoan eta buruan. Zauri hori dela eta, tendoi batean ebakuntza egin behar izan diote, baina, Osakidetzak jakinarazi duenez, «oro har, ongi dago emakumea».

Herenegungo eraso sexista gaitzetsi eta salatu dute instituzio publiko, alderdi politiko eta herri mugimenduko hainbat eragilek. Hala nola Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriarako Zuzendaritzak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Presidentziak, PSE-EEk, EBk, EAk, Aralarrek eta Bilgune Feministak. Bilgune Feministak deituta, elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek Irunen. Azkenaldian herrian izandako erasoak salatu zituzten, eta, era berean, Irungo Udalari emakumeen aurkako indarkeriaren aurka neurri zehatz eta eraginkorrak hartzeko eskatu zioten.

> Elkarrizketa: Monika Martinez > "NORMATIK ATERATZEAN DEN GUZTIA ZIGORTUTA IZANGO DA"

  • Monika Martinez . Psikologia lizentziaduna: «Normatik ateratzen den guztia zigortua izango da»
  • Eskolan jazarpen homofobikoak duen eragina aztertzen, eta aniztasunean nola hezi argitzen ari dira UEUko udako ikastaroetan.
  • Berria, 2009-07-02 # Mikel Peruarena . Eibar
Nerabeen %73,99k ikusi dituzte beste nerabe batzuk gazte homosexualei irain egiten; eta nerabe homosexualei emandako jipoien testigu izan dira %53,32. Gehitu elkarteak Donostian egin, eta urte hasieran aurkeztu zuen ikerketa baten emaitzetako batzuk dira. Jazarpen homofobiko hori aztertzen, eta nola aurre egin dakiokeen eztabaidatzen ari dira UEU Udako Euskal Unibertsitateko udako ikastaroetan, Eibarren. Atzo hasi ziren udako ikastaroak, eta Bullying homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan? ikastaroa ematen ari da Monika Martinez (Donostia, 1982) psikologoa bertan. Argi du ikastetxe batetik bestera oso egoera ezberdinak daudela, baina arazoa oso larria dela nabarmendu du.

Zer datu daude eskoletako jazarpen homofobikoari buruz? Zenbaterainokoa da arazoa?
Nerabeen artean, guretzako, larritasun oso-oso handia du. Ez bakarrik homosexualekin, baizik eta bere genero rolari eusten ez dioten pertsonekin. Guretzako, arazo larria hori da, berdin du homosexuala izan edo ez. Genero rolak oso sartuta daude, eta hortik ateraz gero... Etiketak jarrita daude, eta kito. Dauzkagun datuak Gehiturenak dira, eta guretzako larriak dira. Adibidez, 323 ikasletik hamairuk onartzea norbait jipoitu dutela homosexuala izateagatik, edo homosexuala dela uste izateagatik... Edo lau ikaslek jasan izan dituztela jipoiak. Niri iruditzen zait oso larria dela.

Zer da bullying homofobikoa? Nola definitu daiteke?
Bullying homofobiko esaten zaio pertsona batek, denbora luzez, mehatxuak, irainak, eraso fisiko edo psikologikoak jasaten dituenean, sexu joerarengatik, LGTB [lesbiana, gay, transexual eta bisexualak] direnengan, edo genero rolari ez eusteagatik. Isolamendua, irainak eta bazterketa jasaten dituzte.

Irakasleak konturatzen dira egoera horietaz?
Kasu larrienetan konturatzen dira. Kontua da garrantzitsua dela lehenago konturatzea, kasu horiek saihesteko.

Jipoietara iritsi aurretik konturatu behar luketela, alegia...
Bai, ikustea ez direla bakarrik jipoiak. Jolas orduan norbait bakarrik ikusten badute, zerbaitengatik izan daitekeela ohartzea, edo marikoia hitza entzuten dutenean, korridoreetan, zerbait izan daitekeela... horretaz konturatzea. Gertatzen da irakasle gehienek, posizio ona dutela, baina baita lan gehiegi ere, eta ezin dute denetara egon. Nahikoa dute beren gauzekin, eta kostatzen zaie konturatzea.

Zer gertatzen ari da ikastetxeetan horrelakoak gertatzeko?
Nik uste dut huts egiten duela enpatiak. Bakoitza bere munduan dago, bere gauzetan, eta kostatzen zaigu besteen lekuan jartzea. Horretaz aparte, frustrazio mailak kontrolatzeko baliabiderik ez daukate gazteek. Orduan, edozer txorakeriarengatik oldarkor jartzen dira. Mutilen artean bai, eta nesken artean ere gero eta gehiago.

Nesken artean ere bai?
Bai. Frustrazio maila oso-oso txikia daukate.

Zer da frustrazio maila?
Zer edo zer ez zaienean gustatzen, edo ez dutenean lortzen nahi dutena, segituan salto egiten dute, erreakzionatu egiten dute.

Berdinak dira portaerak neskekin eta mutilekin, edo badaude aldeak?
Homofobiaren aldetik antzekoa da. Akaso mutilen artean askoz ere gehiago ikusten da homofobia maila hori, haien genero rolak ere askoz itxiagoak direlako. Neskenak pixka bat malguagoak dira, eta gutxiago nabarmentzen da. Gero, erreakzioak antzekoak dira. Nesken artean, esaten dute lagun gay bat baldin badaukate, «ze ondo», lagunduko diotela. Baina lesbiana balitz, pixka bat kostatuko litzaiekeela esaten dute. Koadrilatik ez omen lukete botako, onartuko lukete, baina pixka bat urrutiratuta.

Eta erasoen aldetik, portaerak ere antzekoak dira?
Nahiko orokorrak izaten dira. Neskok, gure rolaren malgutzeagatik, mutilen rola hartzen ari gara, eta gero eta oldarkorragoak gara. Indarkeria mailan berdintzen doaz neskak, mutilen rola nagusitzen ari delako; neskek ikusten dute hori, eta rol hori hartzen ari dira. Berdintasuna lortzen ari gara, oker baina.

Erasoak jasaten dituztenek nola bizi dituzte egoera horiek? Zer eragin du haiengan?
Oso gaizki pasatzen dute. Bakarrik sentitzen dira. Uste dute ez daukatela inor hori kontatzeko. Gurasoei beldur handia diete, askotan etxean ere ez dakitelako homosexuala dela. Datu batzuk dauzkagu, oso fidagarriak ez diren arren, eta horiek esaten dutenez, bere buruaz beste egiten duten gazteek, homosexualak sentitzen direlako, eta ez dakitelako nondik jo, egiten dute hori.

Identitate sexuala sortzeko ere, kontrol gisa funtzionatuko du jazarpen homofoboa horrek...
Bai, bai. Normatik ateratzen den guztia zigortua izango da.

Zer gabezia ikusten dituzu hezkuntza afektiboan?
Sexu aniztasunari buruzko heziketan denok dakigu zer esan behar dugun, baina gero jarrerek, txisteek, esanek... hor jarraitzen dute. Gogoratzen naiz aurrekoan ume txiki bat, parkean, erori egin zela, eta aitak esaten zion: «Ez egin negarrik! Mutilek ez dute negarrik egiten!». Nola ez du negarrik egingo, burua ireki du eta!

Eta nola egin lekioke aurre arazo horri ikastetxeetatik?
Garrantzitsua da berdintasunean heztea, aniztasunean. Bakoitzaren sexualitatea eta beste sexualitateak onartu eta errespetatzeko jarrerak sortzea, ikusaraziz beste bizimodu batzuk badaudela, eta ez dela ezer gertatzen ezberdina izateagatik. Baina zaila da. Azkenean, nerabeek, dauden garaian egonda, talde izan behar dute, taldean egon behar dute. Ezberdintzea gaizki hartzen dute.

Azkenean, etxean ikasitakoa errepikatzen dute, ezta?
Bai, bai, nerabeak ispiluak bezalakoak dira, eta helduei ikusten dieten guztia islatzen dute. Guk esaten dugu gure lana dela korrontearen kontra joatea bezala. Mezu guztiak doaz bide batean, eta gu bestera saiatzen gara. Etxeetan, ikastetxeetan... Txikitatik aniztasun horretan hezi behar dira haurrak.

> Elkarrizketa: Monika Martin > "GAZTEEK HOMOSEXUALITATEA ONARTU ONARTZEN DUTE, BAINA BERE INGURUETATIK KANPO"

  • «Gazteek homosexualitatea onartu onartzen dute, baina beren inguruetatik kanpo»
  • Psikologian lizentziaduna, tratu txarretan espezializatua dago eta ikastetxeetan egiten du lan gazteekin. UEUko udako ikastaroetan «Bulling homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan?» ikastaroa eskaini zuen atzo.
  • Gara, 2009-07-02 # Maider Eizmendi
Pasa den igandean ospatu zen LGTB Harrotasunaren Egunean hizpide izan zen gazteek sufritzen duten homofobia, UEUko udako ikastaroetan bulling homofobikoaz mintzatu zen Monika Martin psikologoa. «Diskurtsoa oso ikasia dute, baina gero eta markatuagoak daude genero rolak gazteen artean» .

Zein modutan eta zen mailatan gertatzen da bulling homofoboa?
Gehitu-k egin duen ikerketa baten arabera, nahiko zabalduta dago. Datu bat ematearren, gazteen %74k entzun izan ditu gazte homosexualen aurkako irainak, eta 300 ikasletik 13k jipoitu izan dute gazte bat homosexuala delako edota ezarrita dagoen genero roletik kanpo dagoelako.

Genero rolak aipatu dituzu.
Bulling homofoboa ez dute jasaten soilik LGTB kolektiboko pertsonek, bere genero roletik irteten direnek ere jasaten dute. Gero eta markatuagoak daude genero rolak. Gazteek, beren diskurtsoan, oso markatua dute sexu moral bikoitza, oso zehaztuta dute zer egin behar duten neskek neska izateagatik, eta zer mutilek. Mutil bati futbola ez, baizik eta dantza gustatzen bazaio arazoak izan ditzake.

Bat egiten dute diskurtsoak eta jarrerak?
Banaka hartuz gero, gazteak errespetuz mintzatzen dira, baina talde araua kontrakoa da; denek berdinak izan behar dutela pentsatzen dute, eta hortik irteten denak zigortua izan behar duela. Diskurtso zuzena oso barneratuta daukate, baina sakonki aztertzen dituzunean konturatzen zara ez dela horrela: onartu onartzen dute, baina beren ingurutik kanpo. Horregatik, gazteek ere beren inguruetatik irteten direnean espresatzen dute homosexualak direla, ikastetxez aldatu direnean edota herritik aldatu direnean.

Bereziki zein eremutan gertatzen da bulling homofoboa?
Batez ere eskolan nabarmentzen da berdinen arteko diskriminazioa eta bazterkeria.

Nola eragiten dute jarrera horiek pairatzen dituzten gazteengan?
Orokorrean ez dute beren orientazio sexuala onartzen, badakitelako zer gerta daitekeen. Baina arazo larriagoak ere izaten dira: depresioa, bakartzea... Zantzuak daude gainera, bere buruaz beste egiteko arrazoi garrantzitsua dela, nahiz eta hori ez den azaleratzen.

Zein modutan landu behar da gaia?
Zaila da lantzeko baina txiki-txikitatik erakutsi behar zaie haurrei genero rolak malguak direla, ez direla horren markatuak. Gizartea oro har aniztasun eredu batean hazi behar da. Garrantzitsua da gaia ikastetxeetan lantzeaz gain, etxean ere lantzea, eta instituzioetan ere bai.

Homofobia agerikoa ez, baina «bromak» onartzen dira.
Homofobia sotila deitzen diogu horri. Gaizki dago esatea homofoboa zarela, baina txisteak egiten dira eta normalizatuta dago. Homofobia sotil hori ez da zigortzen eta kalte handia egiten du.