2009/07/02

> Elkarrizketa: Monika Martinez > "NORMATIK ATERATZEAN DEN GUZTIA ZIGORTUTA IZANGO DA"

  • Monika Martinez . Psikologia lizentziaduna: «Normatik ateratzen den guztia zigortua izango da»
  • Eskolan jazarpen homofobikoak duen eragina aztertzen, eta aniztasunean nola hezi argitzen ari dira UEUko udako ikastaroetan.
  • Berria, 2009-07-02 # Mikel Peruarena . Eibar
Nerabeen %73,99k ikusi dituzte beste nerabe batzuk gazte homosexualei irain egiten; eta nerabe homosexualei emandako jipoien testigu izan dira %53,32. Gehitu elkarteak Donostian egin, eta urte hasieran aurkeztu zuen ikerketa baten emaitzetako batzuk dira. Jazarpen homofobiko hori aztertzen, eta nola aurre egin dakiokeen eztabaidatzen ari dira UEU Udako Euskal Unibertsitateko udako ikastaroetan, Eibarren. Atzo hasi ziren udako ikastaroak, eta Bullying homofobikoa: nola ekidin sexu aniztasunarekiko diskriminazioa gazteengan? ikastaroa ematen ari da Monika Martinez (Donostia, 1982) psikologoa bertan. Argi du ikastetxe batetik bestera oso egoera ezberdinak daudela, baina arazoa oso larria dela nabarmendu du.

Zer datu daude eskoletako jazarpen homofobikoari buruz? Zenbaterainokoa da arazoa?
Nerabeen artean, guretzako, larritasun oso-oso handia du. Ez bakarrik homosexualekin, baizik eta bere genero rolari eusten ez dioten pertsonekin. Guretzako, arazo larria hori da, berdin du homosexuala izan edo ez. Genero rolak oso sartuta daude, eta hortik ateraz gero... Etiketak jarrita daude, eta kito. Dauzkagun datuak Gehiturenak dira, eta guretzako larriak dira. Adibidez, 323 ikasletik hamairuk onartzea norbait jipoitu dutela homosexuala izateagatik, edo homosexuala dela uste izateagatik... Edo lau ikaslek jasan izan dituztela jipoiak. Niri iruditzen zait oso larria dela.

Zer da bullying homofobikoa? Nola definitu daiteke?
Bullying homofobiko esaten zaio pertsona batek, denbora luzez, mehatxuak, irainak, eraso fisiko edo psikologikoak jasaten dituenean, sexu joerarengatik, LGTB [lesbiana, gay, transexual eta bisexualak] direnengan, edo genero rolari ez eusteagatik. Isolamendua, irainak eta bazterketa jasaten dituzte.

Irakasleak konturatzen dira egoera horietaz?
Kasu larrienetan konturatzen dira. Kontua da garrantzitsua dela lehenago konturatzea, kasu horiek saihesteko.

Jipoietara iritsi aurretik konturatu behar luketela, alegia...
Bai, ikustea ez direla bakarrik jipoiak. Jolas orduan norbait bakarrik ikusten badute, zerbaitengatik izan daitekeela ohartzea, edo marikoia hitza entzuten dutenean, korridoreetan, zerbait izan daitekeela... horretaz konturatzea. Gertatzen da irakasle gehienek, posizio ona dutela, baina baita lan gehiegi ere, eta ezin dute denetara egon. Nahikoa dute beren gauzekin, eta kostatzen zaie konturatzea.

Zer gertatzen ari da ikastetxeetan horrelakoak gertatzeko?
Nik uste dut huts egiten duela enpatiak. Bakoitza bere munduan dago, bere gauzetan, eta kostatzen zaigu besteen lekuan jartzea. Horretaz aparte, frustrazio mailak kontrolatzeko baliabiderik ez daukate gazteek. Orduan, edozer txorakeriarengatik oldarkor jartzen dira. Mutilen artean bai, eta nesken artean ere gero eta gehiago.

Nesken artean ere bai?
Bai. Frustrazio maila oso-oso txikia daukate.

Zer da frustrazio maila?
Zer edo zer ez zaienean gustatzen, edo ez dutenean lortzen nahi dutena, segituan salto egiten dute, erreakzionatu egiten dute.

Berdinak dira portaerak neskekin eta mutilekin, edo badaude aldeak?
Homofobiaren aldetik antzekoa da. Akaso mutilen artean askoz ere gehiago ikusten da homofobia maila hori, haien genero rolak ere askoz itxiagoak direlako. Neskenak pixka bat malguagoak dira, eta gutxiago nabarmentzen da. Gero, erreakzioak antzekoak dira. Nesken artean, esaten dute lagun gay bat baldin badaukate, «ze ondo», lagunduko diotela. Baina lesbiana balitz, pixka bat kostatuko litzaiekeela esaten dute. Koadrilatik ez omen lukete botako, onartuko lukete, baina pixka bat urrutiratuta.

Eta erasoen aldetik, portaerak ere antzekoak dira?
Nahiko orokorrak izaten dira. Neskok, gure rolaren malgutzeagatik, mutilen rola hartzen ari gara, eta gero eta oldarkorragoak gara. Indarkeria mailan berdintzen doaz neskak, mutilen rola nagusitzen ari delako; neskek ikusten dute hori, eta rol hori hartzen ari dira. Berdintasuna lortzen ari gara, oker baina.

Erasoak jasaten dituztenek nola bizi dituzte egoera horiek? Zer eragin du haiengan?
Oso gaizki pasatzen dute. Bakarrik sentitzen dira. Uste dute ez daukatela inor hori kontatzeko. Gurasoei beldur handia diete, askotan etxean ere ez dakitelako homosexuala dela. Datu batzuk dauzkagu, oso fidagarriak ez diren arren, eta horiek esaten dutenez, bere buruaz beste egiten duten gazteek, homosexualak sentitzen direlako, eta ez dakitelako nondik jo, egiten dute hori.

Identitate sexuala sortzeko ere, kontrol gisa funtzionatuko du jazarpen homofoboa horrek...
Bai, bai. Normatik ateratzen den guztia zigortua izango da.

Zer gabezia ikusten dituzu hezkuntza afektiboan?
Sexu aniztasunari buruzko heziketan denok dakigu zer esan behar dugun, baina gero jarrerek, txisteek, esanek... hor jarraitzen dute. Gogoratzen naiz aurrekoan ume txiki bat, parkean, erori egin zela, eta aitak esaten zion: «Ez egin negarrik! Mutilek ez dute negarrik egiten!». Nola ez du negarrik egingo, burua ireki du eta!

Eta nola egin lekioke aurre arazo horri ikastetxeetatik?
Garrantzitsua da berdintasunean heztea, aniztasunean. Bakoitzaren sexualitatea eta beste sexualitateak onartu eta errespetatzeko jarrerak sortzea, ikusaraziz beste bizimodu batzuk badaudela, eta ez dela ezer gertatzen ezberdina izateagatik. Baina zaila da. Azkenean, nerabeek, dauden garaian egonda, talde izan behar dute, taldean egon behar dute. Ezberdintzea gaizki hartzen dute.

Azkenean, etxean ikasitakoa errepikatzen dute, ezta?
Bai, bai, nerabeak ispiluak bezalakoak dira, eta helduei ikusten dieten guztia islatzen dute. Guk esaten dugu gure lana dela korrontearen kontra joatea bezala. Mezu guztiak doaz bide batean, eta gu bestera saiatzen gara. Etxeetan, ikastetxeetan... Txikitatik aniztasun horretan hezi behar dira haurrak.

No comments: