- Giza eskubideak aztergai, asteleheneko "Bi Errepidean" saioan
- Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, euskaldunek eta euskal instituzioek giza eskubideen alde zer egiten duten aztertuko du ETB-1eko saioak
- EITB 24, 2007-12-09
Astelehen honetan, Urko Aristi eta Alex Sarduik aurkeztutako “Bi Errepidean” saioak, giza eskubideak izango ditu aztergai, gaueko 23:15ean, ETB-1en.
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, euskaldunek eta euskal instituzoek eskubide hauen alde zer egiten duten erakutsiko da saioan, eta horretarako, sahararren eskubideen alde lan egiten duten herritarren eta Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendaria den Jon Mirena Landaren kasuak emango dituzte ezagutzera bi erreportariek.
Urko Aristik Tolosaldea Sahararekin elkarteak egiten duen lana erakutsiko du. Elkartean boluntario bezala aritzen den Gregorio Eizagirre leaburuarra eta bere familiarekin izango da Urko. Uda batean neskatila saharar bat hartu zuten etxean, eta orduz geroztik, Saharako herriaren eskubideen alde borrokan aritu dira. Tolosan bizi den familia saharar batekin ere egongo da eta, bide batez, sahararrek dituzten ohiturak ikasten saiatu da. Horretaz gain, sorterritik urrun bizitzearen oztopo, arazo eta sentimenduen inguruko testigantzak ere bilduko ditu, Abba izeneko 14 urteko mutiko saharar baten eskutik.
Alex Sarduik, bestalde, bidaia berezia egingo du Jon Mirena Landarekin batera. Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariak Lakuan egiten duen lana ezagutzeaz gain, Gernikara ere joango da, Giza Eskubideen eta Bake Hezkuntzaren Elkarte Foroaren lehen topaketara. Han UNICEF, Gernika Gogoratuz eta EHGAM elkarteetako ordezkariek, besteak beste, euskal herritarren eskubideen alde zer egiten duten argituko dute.
No comments:
Post a Comment