- Euskal gay mugimenduak 30 urte
- Aldaketa 16, 195. zk., 2007-07-02 # Imanol Alvarez · EHGAMeko partaidea
Denbora honetan guztian askatasun sexualen eremuko aldaketa ugariren lekukoa izan da euskal gay mugimendua. Baina, lekukoa izateaz gain, baita aldaketa hauen motore nagusienetarikoa izan dela baiezta dezakegu inolako zalantzarik gabe.
-1977an eta 1978an Madrilgo Kongresuan parlamentari batek lehen eta bigarren aldiz hitz egin zuen gay-lesbianen aldarrikapenen alde. Diputatu hori garai hartako Euskadiko Ezkerrako Francisco Letamendía Belzunce “Ortzi” izan zen.
-1978an polizia batek Francisco Vadillo (Francis) trabestia (orduan esaten zen bezala) hil zuen Errenterian. Erailketa honen aurrean Gipuzkoako EHGAMek protestaldi eta mobilizazioak antolatu zituen. Oso arrakastatsuak izan ziren ekitaldiak, baina, haien ondorioz, taldekideek jazarpen basatia pairatu behar izan zuten denboraldi batez, elementu parapolizialen aldetik. Urte horretan ere izan zen Euskal Herrian lehenengo ekainaren 28ko manifestazioa Bilbon. Estatu mailako COFLHEE koordinakundea sortu zen hogeiren bat urtez erreferentziala izan zena
-1979an lortu genuen oraindik indarrean zegoen Arriskutasun Soziakeko Legea aldatzea, homosexualitatea bertatik ateraraziz. Ordura arte, harreman sexual izatearen susmo hutsagatik edonor izan zitekeen kartzelaratua lege horren arabera. Urte honetan bertan lesbianen kolektiboak hasten dira sortzen, nahiz eta lesbiana askok talde mistoetan segitzeko erabakia hartzen duten.
-1983an lortzen da EHGAMen legeztatzea, lau urte lehenago eskatu arren.
-1989an COFLHEEk Lege Antidiskriminatzaile Proiektua aurkezten du. Politikariek gehiegi zelakoan, ez zioten jaramon handirik egin. Halere, eta zorionez, bertan agertzen ziren iradokizun eta aldarrikapen gehienak joan ziren apurka-apurka zertuz: kode militarraren aldaketa, hirialokairuen legea, bikote-legea, ezkontzarena…
- Aipagarriak lirateke, era berean, Hiesaren kontrako hiritar batzordeen sortzea 80ko hamarkadan (EHGAMek bultzatuak, hies-homosexualitatea identifikazioa hautsi nahian), Munduko osasun Erakundeak 1990ean homosexualitatea behin betiko kentzea gaixotasun-zerrendetatik, gay-les taldeen ugaritzea 90eko hamarkadatik aurrera (hogeiren bat talde daude gaur egun Euskal Herrian)…
Garaipenak asko izan dira, bai, baina erronka mardulak ditugu hemendik aurrera lanean segitzeko: homofobia handia dago oraindik gizartean, batzuetan oso sotila bada ere; oraindik badira sexualitate mota asko zokoratu edo arbuiatuak (belaunaldien arteko harremanak, sadomasoak…); etorkin gehienak gurea baino are homofoboak diren kulturetatik datozkigu…
Dena dela, gehien kezkatzen gaituena da ikustea nola leku askotan lehengo manifestazio eta aldarrikapenak inauteri eta jaialdi bihurtu diren. Festa, jakina, oso onuragarria da, besteak beste, buru-osasunerako. Ez dugu, beraz, gaitzetsiko. Baina, erabat salagarria iruditzen zaigu, aldiz, merkatariek egiten duten ekainaren 28aren erabilpena. Iraingarria eta mingarria ere iruditzen zaigu, errebindikazio oro baztertu eta ezkutatu egiten dutelako, errealitatea faltsutu egiten dutelako eta, azken batean, gay-lesbianak diseinuzko urrezko kaiolekin engainatzen saiatu. Are mingarriagoa dena, hau guztia gay-talde askoren laguntzarekin egiten dute.
Homofobia salatuz jarraituko dugu. Gizarte justuago eta libreagoarekin amesten jarraituko dugu.
No comments:
Post a Comment