- Lau pelikula eskainiko dituzte udako gaueko zinema zikloan
- Gai sozialak jorratzen dituzten filmak aukeratu dituzte ostiral gauetarako
- Goierriko Hitza, 2007-07-05 # Arkaitz Apalategi
Itsasondoko Kultur Elkarteak eta Udalak II. Gaueko Zinema Zikloa antolatu dute hil honetarako. Guztira lau film eskainiko dituzte ostiral gauetan, bihar hasi eta uztailaren 27ra bitartean. Udako gauetan aisialdirako aukera eman nahi izan diete antolatzaileek herritar guztiei. Emanaldiak gaueko hamarretatik aurrera izango dira, eliza ondoko frontoian.
Aurtengo edizioan, garrantzi berezia eman diete filmek lantzen dituzten gaiei. Antolatzaileek diotenez, «ziklo hau antolatzeko orduan gai sozialak ukitzen dituzten filmak aukeratu ditugu, adin guztietako jendearentzat egokiak direnak». Horren adibide da bihar bertan botako duten filma. Izan ere, gay eta lesbianen nazioarteko eguna igaro ondoren, gai horren inguruko kontzientzia zabaltzen jarraitu nahi dute. Horretarako Marco Kreuzpainter zuzendariaren Tormenta de verano lana aukeratu dute, EHGAMeko kideen laguntzarekin. Arraunlari talde batean dabiltzan bi mutil udako kanpamendu batera joango dira, eta bien artean zerbait sortuko da.
Gaueko zinema zikloan euskararen presentzia ere bermatu nahi izan dute; horregatik, bi pelikula euskaraz eta beste bi gaztelaniaz eskainiko dituzte. Hain zuzen ere, euskaraz eskainiko duten filmetako bat da Brian Koppelmanen Ajuste de cuentas filma. Hilaren 27an, berriz, Mark Hermanen Brassed off filma emango dute, hori ere euskaraz. Ikatz meategi bateko langileen historia kontatzen da bertan.
Lau emanaldien artean Michael Winterbottomen In this world filma izango da berezienetako bat. Dokudrama horrek errefuxiatu zelai batean bizi diren bi haur afgnaniarren bizimodua kontatzen du. Kritikaren harrera ona eta hainbat sari jaso ditu filmak, Berlingo Urrezko Hartza esaterako.
No comments:
Post a Comment