2008/05/18

> Berria: Maiatzak 17 > "EZ HEMEN, EZ INON" HOMOFOBIA GEHIAGO PAIRATU BEHAR EZ IZATEA ESKATU DUTE


  • «Ez hemen, ez inon» homofobia gehiago pairatu behar ez izatea eskatu dute
  • Gara, 2008-05-18

Ehgam-ek deituta elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Donostiako Bulebarrean oraindik orain gay, lesbiana eta transexualek pairatzen duten bazterkeria salatzeko. «Ez hemen ez inon» leloa zuen pankartaren atzean batu ziren guztiak.


Atzo bete ziren hemezortzi urte Osasunerako Mundu Erakundeak homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik ezabatu zuenetik. Data esanguratsua da inondik ere kolektibo horietako kideentzat, pairatzen duten homofobiaren zantzuetako bat desagertu baitzen. Hori dela eta, maiatzaren 17a Nazio Batuen Erakundeak Homofobiaren Aurkako Egun izenda dezan eskatu dute behin baino gehiagotan.


Ehgam-ek etxean maiz homofobia eta lesbofobia kasuak gertatzen direla salatu zuen, hala nola, gaztetxoek homofobia bullyinga pairatzen dutela, edota gero eta ugariago direla bazterkeria kasu horiek lan eremuan ere. Baina gure mugetatik kanpoko egoerari ere erreparatu zioten eta gogor salatu zuten, oraindik zenbait estatuk heriotza zigorra ezartzen dietela homosexualei.


Elkarretaratzea ez zen izan Ehgam elkarteak atzo egin zuen ekimen bakarra. Goizean erakustaldi gidatua egin zuten Donostiako Lugaritz kultur etxean jarria duten erakusketan. «Homobofia, lesbofobia eta transfobiaren aurpegiak» izeneko bildumak homofobia adibide diren ekintzak eta adierazpenak jaso ditu hainbat paneletan.


Gehitu elkarteko kideek bestalde, elkartasun afaria egin zuten atzo gauean. Batutako dirua homofobiaren aurkako borrokan ari den Colonbia Diversa elkarteari igorriko diote, bere lanean aurrera egin dezan.

No comments: