- Sexua Hezteko
- Edusex izeneko jardunaldiak antolatu dituzte Bilbon, sexu heziketaren gainean hausnartzeko
- Berria, Matraka gehigarria, 2006-10-25
Ikastetxeetan homosexualitatearen gaia herren dabilela. Horixe da 2004an Bilboko gay eta lesbianen hiru elkartek ateratako ondorioa. Edo, hobeto esanda, susmo horrek bultzatuta, ikerketa egitera animatu ziren. Beharrezko diru laguntza lortu eta gero, Gestikerrera jo zuten. Inkesta bat egin behar zuten Bilboko 18 ikastetxetan. Gaiari heldu, eta, ez dauden gauzen inguruan berba egin beharrean, errealitatea bertatik bertara aztertzea erabaki zuten.
Inkestarako galdetegia finkatzen ari zirenean, Biko Arloak sexologia zentroko Agurtzane Ormatzarengana jo zuten. Teknikaria behar zuten ikerketa proiektua egiteko. Behin galdetegia egin eta gero, ikastetxeetara joan ziren, eta sei urtetik 18 urtera arteko neska-mutilei egin zien galdeketa. Lan hori guztia egin ostean, pentsatu zuten interesgarria izango litzatekeela ikerketaren ondorioak jardunaldietan ezagutaraztea.Urriaren 27an eta 28an izango dira jardunaldiok, Bilboko Euskalduna jauregian. Sexu heziketa jorratuko dute orokorrean, eta, bide batez, ikerketaren emaitzak azalduko dituzte. "Jardunaldien eta ikerketaren helburua da kalitateko sexu heziketara heltzea eta gazte guztiek izatea heziketa hori hartzeko aukera", esan digute Maider Altuna eta Igor Erauzkinek. Biko Arloak sexologia zentroko sexologoak dira biak, eta jardunaldietako alde zientifikoa lotzeko lanean ibili dira: zein gai jorratu, zein aditu gonbidatu parte hartzera...
Jardunaldietako mahai-inguru asko ikerketaren emaitzak eztabaidatzeko erabiliko badituzte ere, hori baino gehiago egongo da. "Ikerketa bultzatu zuten elkarteek homosexualitatearen inguruan lan egiten dutenez, landuko dugu desiren orientazioa, noski. Baina sexu heziketan non gauden ere aztertuko dugu, balioak, etorkizuna, sexu heziketaren historia... Azken batean, ikastetxeetan, ikasgai guztietan landu beharko litzateke sexu heziketa teorian, baina praktikan ez da egiten", esan digu Altunak.
Altunak eta Erauzkinek ere egingo dute ponentzia bat: Sexu heziketa eta aholkularitza. Lan proposamena. Orain arte egindako lanetik abiatuko dira sexu aholkularitzaren bidean, aurrerantzean eman beharreko pausoetara heltzeko. "Azken batean, gu orain ikastetxeetan egiten ari garen lana nonbaitetik dator. Proiektu baten eraikuntza egon da honetan ere. Guk gure programa azaleratuko dugu. Klasera sartzen garenean zer dagoen azaldu", dio Erauzkinek. Altunak gaineratu digu batez ere urduritasuna igartzen dutela ikasgeletara sartzen direnean.
Orain arte, sexu heziketari dagokionez, prebentziora mugatu dute dena: gaixotasunen prebentzioa, haurdunaldiaren prebentzioa... Horri buelta ematen saiatzen dira Altuna eta Erauzkin. "Guk garenetik abiatuta harremanak izaten irakatsi nahi dugu. Zer naiz ni Zelan egiten ditut harremanak besteekin Hori da landu behar duguna", Erauzkinen arabera. Homosexualitatea presente egongo da jardunaldietan, eta ikastetxeetan ere hala egoten da. Dena den, ez bakarrik homosexualitatea. "Sex hitza barruan daukan guztia urduritasunez hartzen da. Esan daitekeena, politikoki zuzena dena, denok dakigu, baina ezkutuan bakoitzaren hainbat jarrera daude. Eta jarrera horiek ez doaz askotan esaten denarekin bat", dio Erauzkinek.
Garrantzitsua da sexologoentzat bakoitza zer garen lantzea eskolan. "Eskolan neskak eta mutilak batera daude, eta berdintasunean hezi behar direlako ez da lantzen emakume izatea eta gizon izatea", dio Altunak. "Gizartean berdintasuna beharrezkoa da, eta gizartean berdinak izan behar gara, baina norbanako moduan ez", gaineratu du Erauzkinek. Ondorioz, sexologiaren ikuspuntua lantzeko beharra ikusten dute. Beraz, jardunaldiak neurri handi batean irakasleentzat, pedagogoentzat, teknikari politikoentzat... izango dira. Jokaerak ulertu egin behar direla aldarrikatzen dute. "Homosexualitatea eskubidea dela esaten da, aukera dela... baina guk uste dugu bakoitzak ulertu behar duela sexuaren, sentimenduen.. aniztasuna. Ulertu egin behar dugu gure ondokoari bere sexu berekoak gustatzen zaizkiola", esan digute.
ta sexuari buruz ulertu behar ditugun gauza asko eskolan ikastea hobe da. Ondo ikasitakoa ez baita inoiz ahazten. Badakite Biko Arloak zentroko lagun biek, ideala eskoletan sexu heziketa ikasgaia izatea izango litzatekeela. Baina hortik urrun gaude. Aholkularitza osagarria izango litzateke behin horraino helduta, ez baitira bide biak kontraesankorrak. Dena den, asteburu honetan Euskaldunara doazen lagunei sexuari buruz pentsarazten badiete, trankil geldituko dira Altuna eta Erauzkin. Eta, ziurrenez, beste antolatzaileak ere bai.
No comments:
Post a Comment