- Gizakia edota legea
- Berria, 2006-08-03 # Pantxike Agirre
Legeak homosexualitatearen arloan bezalaxe emakumeen arloan ere pausoak eman dituelako ezagutzen eta salatzen da gehiago orain bi talde horien kontrako indarkeria. Alberto Lopez Sexu Heziketarako monitoreak azaldu du, BERRIAn, lehengo bidetik egiten diren erasoak direla azkenaldian komunikabideetan hainbeste aipatzen diren gay eta lesbianen kontrako erasoak eta gizonek emakumeei eginikoak. Zeintzuk dira, orduan, lege horien ondorioak? «Emakumearen salaketak eta legearen aplikazioak bere kontrako ondorioak izango dituela jabetzen da erasotzailea, eta horrek egiten du biktimaren kontra gogorrago egitea. Horregatik daude orain heriotza gehiago». Miguel Lorente auzi-mediku espainiarrak ikastaro batzuetan azaldutako ondorio ezin kezkagarriagoa da. Haren ustez, bikote harremanetako elementu asko astindu ditu legeak, eta hori onartu ezinik jokatzen dute bortizkeriaz gizon askok. Irtenbide modura, erasotzaileentzako neurri indibidualak hartzea proposatzen du.
EAEko epaitegietan egunean 10 salaketa jartzen direla jakin berri dugu, eta batez beste egunean lau babes agindu emateko eskaria jaso dela azken urtean. Emakumeen kontrako indarkeria zigortzeko sortu ziren epaitegi berezien urtebeteko lanaren ondorioa da. Epaitegietatik kanpora zer gelditzen den eta zer egiten den ere balantzerako gai izan beharko luke.
Beste lege batzuek, berriz, heriotzaren kausa izaten jarraitzen dute. Aaiungo (Mendebaldeko Sahara) kostaldean 28 hilotz jaso zituzten atzo itsasoan. Afrikako hainbat herrialdetatik abiatu ziren, eta bidaiaren azken zatiari bi txalupatan ekin zioten, Kanariar uharteetara iristeko esperantzarekin. Bat bera ere ez zen iritsi. Hondoratu egin ziren, eta hildako gehiago izango direla pentsatzen da. Ezinezkoa arlo honetan legea eta eskubideak bateragarri egitea; legea bera eta bizitza elkarren kontra borrokan.
No comments:
Post a Comment