2009/11/24

> Berria: Eliza > MUNILLAREN IZENDATZEAN GARDENTASUNA ETA EGIA FALTA IZAN DIRELA SALATU DUTE

  • Munillaren izendatzean gardentasuna eta egia falta izan direla salatu dute
  • Gipuzkoak beste era bateko gotzaina behar duela uste dute, eta Interneten sinadurak biltzen hasi dira
  • Berria, 2009-11-24 # Ainara Arratibel . Donostia
Argitara emandako gogoeta baten bidez, eliztar talde batek gogor salatu du Juan Ignacio Munilla Donostiako gotzain berriaren izendapena. Horretarako jarraitu den prozesuari «egia eta gardentasuna» falta izan zaizkiola iritzi diote. «Era mingarrian gutxietsita, engainatuta eta adingabea balitz bezala tratatua sentitzen dugu geure burua». Munilla «elizbarrutiko pastoral bideei ageriko gogo txarra erautsi dien pertsona» dela uste dute, eta beste era bateko gotzaina behar duela Gipuzkoak. Hala, gotzain berriaren izendapena «erantzukizunez» onartzeko eskatu diete gainerako eliztarrei. «Orain arte bezala, senidetasunezko jarrera kritiko eta eraikitzailea izateko eskatzen diegu, kristau elkartearekiko duten lotura afektibo eta eraginkorretik aldendu gabe». Gogoetarekin bat egin nahi dutenek gaurtik aurrera izango dute horretarako aukera www.donostiakogotzainberria.org webgunean.

Bestalde, gogorarazi dute Benedikto XVI.a aita santua dela Munillaren izendapenaren erantzulea, Elizaren elkartasunaren eta batasunaren erantzule baita. Baina izendapena «estrategikoki eta aurrez» diseinatu den susmoa dute gogoeta plazaratu eta babestu duten eliztarrek. «Bereizketa hobea egiteko datuak bildu, jaso eta baloratzeko orduan gure elizbarrutiko elkarte heldu eta konprometitua kontuan hartu gabe egin dute prozesu hori». Horren harira, San Leon Handia aita santuaren esaldi bat ekarri dute gogora: «Denen buru ipini behar duenak denek aukeratua behar du izan». Hori hala ez izateak «samina eta haserre sakona» eragin die. «Era ebanjelikoago batean jokatu izan balitz, une hau 'graziazkoa' izan zitekeen kristau taldearentzat».

Sinatzaileak kezkatuta agertu dira gizarteak dituen arazoengatik, baita Elizak gazteen artean ebanjelioa adierazteko nahiz bokazio bideak sustatzeko dituen arazoengatik ere. Hori ikusirik, nabarmendu dute Eliza Ebanjelioaren Zerbitzura dokumentuan Gipuzkoako Eliza gizarteak dituen kezkei erantzuten saiatu zela, baita «ilusioa eta dinamismoa» jasotzen dituen ebanjelizazio molde bat adierazten ere. Besteen artean, Elizaren erantzukizunetan emakumearen itzala areagotzeko egindako hausnarketa, eta pastoralgintza sozio karitatezkoa garatzeko nahiz gizarte bizitzan laikoen konpromisoa sakontzeko egindako lana jartzen dituzte horren adibide. «Munillak, ordea, idazkian zehaztutako norabideak aldatuko dituen susmoa dugu, Eliza berritzeko esperientzia hori baliogabetuz; batik bat pertsona konprometituei dagokienez».

Gotzain berriari eskaria
Hori guztia kontuan hartuta, Elizaren hierarkiarekiko konfiantza «larriki zauritua» geratu dela uste dute. Dena den, itxaropenerako mezu bat ere eman nahi izan dute. «Espero dugu gotzain berria Gipuzkoako kristau elkarte osoaren zerbitzura dagoen artzaina izaten saiatzea, eta gure elizbarruti honen ibilbidea eta norabidea errespetatu eta onartzea. Ez dezala arinegi jokatu aski hondatua dagoen elkartasunean zatiketa handiagoa sor dezaketen erabakiekin».

Bide horretan, Vatikano II. Kontzilioaren bidea jarraitzeko eskatu diote Munillari, azken urteetan Gipuzkoako Elizak urrats nabarmenak egin dituelako bide horretan. «Benetako artzain izan ditugun gure gotzainek, errealitate sozialarekin eta Jesusen Berri Onarekin leial jokatu nahirik, bide bat zehaztu digute, gure herriaren poz, tristura eta itxaropenenetan bidelagun izanez».

Gipuzkoako eliztarrei laguntza eskatu die Juan Ignacio Munillak
Hitz egin du. Donostiako gotzain hautatu gisara lehen gutuna plazaratu du Jose Ignacio Munillak. «Nire aurreneko hitz hauekin hasiera eman nahi nioke aurrerantzean zuekin izan nahi dudan tratu pertsonal eta ahal den gertuenekoari». Bide batez, «laguntza» eskatu die Gipuzkoako eliztarrei a abiatu berri duen prozesuan alboan izateko. Testuan, aparteko lekua egin dio orain arte Donostian gotzain jardun duen Joan Mari Uriarteri. «Aita batek bezala hartu nau, eta aholku jakintsuak eman dizkit». Apezpiku gisara egin behar duen bidean aurrera egiteko eliztarren arteko «senidetasuna» indartu behar dela esan du.

No comments: