2009/11/17

> Berria: Justizia > ASUN CASASOLA: "ZEIN MERKE ATERATZEN DEN 20 URTEKO NESKA BAT HILTZEA!"

  • Asun Casasola: «Zein merke ateratzen den 20 urteko neska bat hiltzea!»
  • Epaimahaiaren erabakia frogetan baino, frogatu gabeko hipotesietan oinarritu dutela uste du Nagore Laffageren amak
  • Berria, 2009-11-17 # Ainhoa Sarasola . Irun
Nagore Laffageren hilketaren inguruko epaia kaleratu zen egunean, iragan ostiralean, «etsita» eta erabakia sinetsi ezinik agertu zen Asun Casasola. Hiru egun igarota egin du erabakiari buruzko balorazio pausatuagoa, eta alabarena giza hilketa ez, erailketa izan zela guztiz argi duela berretsi du: «Ez da ama baten itsukeria; dauden frogetan oinarritzen naiz». Nahiz eta onartu eta errespetatu, zinpeko epaimahaiko kideek hartutako erabakiarekin «desadostasuna» agertu, eta azkenean «justizia egiteko» itxaropena duela adierazi du Casasolak. Ez baitu ulertzen nolatan sinetsi dituzten hilketa onartu zuen Jose Diego Yllanesek emandako argudioak. «Zein merke ateratzen den 20 urteko neska bat hiltzea eta lau egunetan kalera ateratzea lege hauekin!». Hori aldatu behar dela aldarrikatu du.

Irungo udaletxean (Gipuzkoa), bertako bi zinegotzik lagunduta, egin zuen Casasolak epaiaren inguruko balorazioa, atzo. Ebazpenarekin ados ez egonda ere eta kasua zinpeko epaimahaiaren bidez epaitzeko aukerarekin hasieratik zalantzak bazituen ere, epaimahaikideen zeregina ez da xamurra izan, haren ustez. Gogorarazi du auzi saioak oso luzeak izan zirela, iluntzera arte iraun zutela eta haietan informazio andana eman zela. Horrek guztiak erabakian eragin ahal izan zuen, Casasolaren hitzetan, epaimahaikideentzat ere oso zaila izan dela iritzita.

Horregatik uste du agian auzia ez zela zinpeko epaimahai batek epaitzeko modukoa. «Uste dugu epaimahaiak frogatuta ez dauden gertaerak hartu dituela aintzat, eta baztertu egin dituela frogatuta zeuden beste asko». Horien artean, Laffagek Yllanesi mehatxu egin ziola sinestea aipatu du: «Hori espekulatzea da, inork ez daki zer gertatu zen bien artean». Alabak jasotako kolpeak, 112ra eginiko deiak eta frogatutako beste zenbait gertaera gogorarazi ditu.

«Epaimahaiak huts egin du, frogak eta alderdikeriarik gabeko pertsonek esandakoak ez dituelako behar bezala ikusi. Haietariko inork ez al du pentsatu bera [Yllanes] esaten ari zena bere bertsioa zela? Inork ez daki zer pentsatzen zuen Nagorek. Non dago nire alabaren bertsioa?».

Yllanesen defentsa abokatuak proposatutako eta epaimahaiak aintzat hartutako lau aringarriek - alkoholaren eragina, haserraldia, delitua aitortzea eta kaltea ordaintzeko nahia- ez dute zentzurik Casasolarentzat. Bat berarekin ere ez daude ados. «Oso kolpe gogorra izan da. Sinetsita nengoen frogak ikusiko zituztela, baina jabetu naiz ez dituztela ikusi».

Epaiketan akusazio gisa jardun duten instituzio guztiek, familiak bezala, aringarririk gabeko erailketaren akusazioari eusten diotela gogorarazi du. Nolako helegitea jarri zehazteko, epaia kaleratzeko zain daude. «Nagorerekin justizia egiteko zain jarraitzen dugu; Nagorerengatik eta emakume guztiengatik».

Arnasa hartzeko beharra
Laffage hil zutenetik elkarretaratze eta ekimen ugari egin dira hamasei hilabeteotan, senideek eta emakume taldeek sustatuta. Denbora honetan jasotako babesa eskertu die herritarrei Laffageren amak. Baina aurrerantzean, luze gabe bederen, familiak ez duela elkarretaratzeetara deitzen jarraitzeko asmorik azaldu du. Nekatuta daudela, eta arnasa hartzeko beharra dutela. «Ez dut indarrik gaur gaurkoz horrekin jarraitzeko. Min handia dut barren-barrenean». Helegitea jarriko dutela eta abokatuek lanean jarraituko dutela gehitu du.

Indarrak batzeko denbora hartu aurretik, atzo iluntzean Astelehen Lilak ekimenak deituta Iruñean eginiko elkarretaratzean parte hartu zuen Casasolak. Inoiz baino jende gehiago batu zen atzo. Ekimeneko kideen ustez, epaia ez da justua izan, eta ez dituzte onartzen epaimahaiak aringarri gisa aintzat hartutakoak. «Hau ez da haserrealdi bat izan; erailketa bat izan da». Laffagerena genero-indarkeria kasua izan dela berretsi zuten ekimenean, «Nagoreri eta harekin emakume guztiei erabakitzeko eta ezetz esateko eskubidea ukatu zitzaiolako».

Bestalde, Nafarroako Lurralde Auzitegi Nagusiko presidente Juan Manuel Fernandezek zinpeko epaimahaiko kideekiko «errespetua» eskatu zuen atzo. Epaiarekiko kritikak «zilegiak eta eraikitzaileak» direla iritzi zion, baina errespetua eskatu zuen. «Ez borondatez, baizik legez ezarri zaien zeregin bat betetzera joandako lagunak dira. Guztiz errespetatu behar ditugu, are gehiago ziurrenik haientzat beste erabaki bat hartu izana errazagoa izango zenean». Epaia ez zuen baloratu, jarriko dituzten helegiteak aztertuko dituen aretoko kide den heinean.

No comments: