2009/11/11

> Berria: Indarkeria > IPARRALDEA: IRISARRIN BI EMAZTE USTEZ HIL ZITUEN GIZONA AUZIPETU EGINGO DUTE

  • Irisarrin bi emazte ustez hil zituen gizona auzipetu egingo dute
  • Prokuradoreordeak ukatu egin du genero indarkeriako kasua dela: «Familia barruko drama bat da»
  • Berria, 2009-11-11 # Nora Arbelbide . Baiona
Irisarrin (Nafarroa Behera) ustez astelehen goizaldean emaztea eta amaginarreba hil zituen gizona oraindik Baionako erietxean da, «bere buruarentzat lanjer bat delako». Marc Mariee Baionako auzitegiko prokuradoreordeak hala jakinarazi zuen atzo goizean egin prentsa agerraldian. «Bere buruaz beste egiteko joera dauka». Gizona auzipetzea erabaki dute, eta kasua jarraituko duen epailea erietxera joatekoa da, auzipetze horren berri ematera berari. Herenegun, haren egoera zela eta, ez zuten atxilotzea. Atzo, berriz, auzipetzeko erabakia hartu zuten, auzitegiak galdegin inkesta psikiatrikoak baimena eman zielako: «Senarraren osagarriaren egoera sendatu beharra baldin bada ere, bere aurka hartuko diren neurrien preziatzeko gai da. Neurri horien garrantziaz ohartzeko gai da. Bere eskubideak ez dira bortxatuak». Mementoko, haatik, ez dute galdekatua. Epailearen esku da erabakitzea noiz galdekatu. Abokatuak ere badu zer erran.

Herenegun goizean, Irisarrin, erietxean dagoen gizonaren emaztea eta haren amaginarreba hilik aurkitu zituzten, eta gizona bera, bere burua urkatzen ari zela, semeak salbatzeko denbora izan zuen. Emazteak 51 urte zituen, amaginarrebak 84, eta gizonak 61 ditu. Emaztearen eta amaginarrebaren hilotzei medikuek egin autopsiek baieztatu dute hasieratik pentsatua, hau da, biak itota hil zirela. Nola ito zituen ez bada oraindik erabat zehaztua, itxura guztien arabera, eskuekin ito lituzke. Senarraz aparte, erruduna beste norbait izan daitekeenik adieraziko lukeen elementurik ez du orain arte aurkitu inkestak, prokuradoreordeak gehitu duenez.

Genero indarkeria, ukatua
Hilketa genero indarkeriako kasu bat den ala ez galdetu prokuradoreordeari, eta hark ezetz iharduki zuen atzoko agerraldian: «Familia barneko drama bat da, inkesta esplikatzen ahaleginduko dena. Arazorik gabeko familia batean gertatu da; itxura guztien arabera, harreman onak zituzten beren artean». «Muga pasatzea» edonori gerta dakiokeela uste du: «Hori da arranguragarria».

Lehen ikerketen arabera, emazteak ez ziren joak. Hilotzetan egin autopsiek ez dute kolpe aztarnarik aurkitu, ez bada itotze mementoan beren buruen defenditzeko egin indarrek eraginak lituzketenak. Alkoholarekin arazorik ez omen zuen gizonak. Sendagailu berezirik ere ez zuen hartzen.

Bizkitartean, gaur elkarretaratzera deitu du Emakumeen Mundu Martxak, baita Irungo Bilgune Feministak ere, hilketaren salatzeko. Bilboko Arriaga antzokian 19:30ean, Gasteizeko Andra Mari Zuriaren Plazan 20:00etan, Iruñeko Udaletxe Plazan 20:00etan eta Donostiako Bulebarrean 19:00etan: «Aski da! Nazkatuak gaude! Erasotzaileak kanpora!» lelopean bilduko dira. ELA eta LAB sindikatuek beren atxikimendua helarazi dute.

No comments: