2009/11/20

> Iritzia: Gara > EMAKUME SAHARAR "ARRISKUTSUA"

  • Emakume saharar «arriskutsua»
  • Gara, 2009-11-20 # Editoriala
Lanzaroteko (Kanaria uharteak) aireportuan gose greban dagoen emakumea arriskutsua dela esango luke polizia guztiak herritarren zerbitzuko lagunak direla sinesten duenak, azken egunotan bi polizia motarekin jardun baitu sesioan. Marokoko Poliziak Aaiunen (Mendebaldeko Sahara) sartzen utzi ez eta Kanaria uharteetara kanporatu ondoren, Guardia Zibilak gauero aireportutik botatzen du. Emakume hori Aminatu Haidar ekintzaile sahararra da. Bere osasun egoera makala gorabehera, astebete darama gose greban, Marokoko Gobernua salatzeko protestan. Eta, GARAk egin zion elkarrizketan argi utzi zuenez, Gobernu espainola salatzeko ere bai.

Susmagarria da Haidarren kanporaketa eta Madrilen kolaborazioa Nazio Batuen Erakundea Mendebaldeko Sahararen gaineko negoziazioak sustatzen ari denean gertatu izana. NBEk Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidearen aldeko ebazpenak eman ditu, baita Marokok sahararren giza eskubideak urratzen dituela salatu ere; hala ere, nazioarteko komunitateak beste alde batera begiratu nahiago du, eta Gobernu espainolaren kasuan jarrera hori larriagoa da. Horregatik Haidarrek bere protestarekin, bere bizia arriskuan jarrita, nabarmen utzi du Madrilgo Gobernua, oraingoan bere deportazioaren konplize gisa. Gauza jakina da Estatu espainola -bereziki gizabanakoen eta herrien eskubideen gaineko gaietan- ez dela NBEren ebazpenak aintzat hartu zalea, eta kolonia izan zuen Mendebaldeko Sahararen kasuan haren erantzukizuna handiagoa da, bere zor historikoa kitatu beharrean, handitu egin baitu. Interes aitorrezinak -baina ezagunak- direla eta, Rabaten estrategiaren kolaboratzailea da; errege espainolaren «anaia txikiaren» kolaboratzailea, alegia.

Horiek horrela, Aminatu Haidarrek, emakume arriskutsu horrek, Estatuko herrietatik jaso duen elkartasuna azpimarratu du. Izan ere, nazioarteko komunitatearen ezaxola eta hipokrisiaren aurrean, sahararrek ezinbestekoa dute herrien elkartasuna.

No comments: