- «Ausardia aldarrikatzen dut»
- Edorta Jimenezek bere sexu bizipenetan oinarritutako 'Stock 13' liburu «antifaszista» argitaratu du
- Berria, 2009-11-24 # Garikoitz Goikoetxea . Bilbo
«Inon sailkatu ezin den liburua» da Stock 13. Jimenezen beraren sexu bizipenak ditu ardatz, liburuko azaletik bertatik hasita. Liburu berezia, sailkaezina dela uste du Jimenezek, baina ez hori egitea zuelako helburu: «Emaitza izan da berezia. Inoiz ez dut liburu hau planifikatu». Barruak hala eskatuta egin du, eta era naturalean idatzi du: «Nik ez dut batere sufritu nire miseriak kontatzen».
Egin du liburua. Baina hori lehen pausoa besterik ez da izan. Bai baitaki liburu «konprometitua» dela. «Konprometitua da zentzu zabalean, askatasunarekin. Esango nuke liburu antifaszista dela». Emakumeekin bizi izandako sexu harremanak ditu ardatz liburuak, eta, beraz, Jimenezek ez du bere burua soilik jarri konpromisoan. «Denok jartzen gaitu konpromisoan, baina zurikeriaz nazkatuta nago». Liburuan sexu harremanak izaten ageri diren emakume guztiekin hitz egin duela argitu du idazleak: «Bide hori konponduta daukat, eta ez naiz horren beldur». Hortaz, erabat libre izan da idazteko eta esateko.
Esaldi batean borobildu du lana: «Potroetan jarri zaidana egin dut». Egin, egin du. Baina hori lehen zatia baino ez da. Nolanahi ere, Jimenezek ez du liburuak sor dezakeen harrabotsaren beldurrik, nahiz eta kontatzen duenak eta liburuko argazkiek zeresana sortzeko aukerak badituzten. «Bakoitzak pentsa dezala pentsatu nahi duena, edo behar duena». Irakurleari eman dio askatasuna liburuari buruz nahi duena pentsatzeko. Askatasun osoz, idazleak liburua egin bezala. «Dena geratzen da irakurlearen iritzirako. Giltzak emanda daude, puzzlea osatuta. Bakoitzak erabakiko du».
Autobiografiaz eta autofikzioaz -«burufikzioa», haren hitzetan- gogoeta egiten du liburuak zati batean. Stock 13 zer den argitzea ere irakurlearen esku utzi du. «Nik irakurleari uzten diot dena erabakitzen: azalaren zergatia, istorioak egiazkoak edo asmatuak diren...». Dena.
Irakurleen esku dago guztia, eta irakurleengan bakarrik. Jimenezek ez baitu literatur kritikariek diotenaren zain egoteko asmorik: «Niri bost kritikariek esaten dutena. Barre egiten dut, ez naiz horren beldur, ez naiz inoiz horren beldur izan». Haren arabera, «ideologizaturik» daude kritikari gehienak. «Eta ezin dira euren ideologiatik askatu». Azkenean, ez du federik euskal literaturaren kritikekin. «Dagoen kritika iruzkinak dira, edo isiltasuna; aipatu egiten zaituzte edo isildu». Are, kritika horiek «kontrolatuta» daudela uste du.
Euskal literaturan gisa horretako lanak ez dira asko. Gutxiago hain gordinak. «Hizkuntzaren emozioaren aldetik, askotan literatura oso hotza da gurea. Hor bizi gara: beroa egiten badugu zaila da, eta, hotza egiten badugu, ez da irakurlearen oso gogokoa», dio Jimenezek. Horrek euskal literatura umezurtz uzten duelakoan da: «Euskaldunok ez daukagu egunerokoan euskaraz edozertaz irakurtzeko biderik».
Liburuaren aurkezpena, etzi
Hutsune horri aurre egin beharra nabarmendu du Jimenezek. Horretarako, haren ustez, «premiazkoa» da Stock 13-ren gisako liburu gehiago egitea euskaraz. Eta bera, behintzat, prest dago horretarako. «Nik nire burua gai ikusten dut astero maila horretako nobelak idazteko». Hala ere, kaleratu berri duena idazteko denbora gehiago behar izan duela aitortu du: abuztuaren 10etik urriaren 19ra, hamar aste ia.
Azkenean, horrekin guztiarekin literatura kaleko jendearengana hurbiltzea du helburu Jimenezek: «Literatura kaleko trintxeretara ekarri nahi dut». Literaturak eta euskarak kalean dutelako irabaztekoa, irabazi beharra, aurrera egingo badute. Hartara, gerra irudiarekin lotu du jarduna: «Nire burua idazletzat ez, baizik eta literaturaren gerrillaritzat kontsideratzen dut».
Kaleko jendea du helburu, eta jendaurreko ekitaldi irekian aurkeztuko du Stock 13 liburua Edorta Jimenezek. Eta era berezian, liburuak eskatzen duen eran. Etzi iluntzean dute egitekoa aurkezpen ekitaldia, Bilbon, Kalderapeko kultur gunean. Jimenez ez ezik, han izango da Rafa Rueda musikaria ere, idazlearen poema erotiko batzuk musikatuta. Galder Perezek eta Ane Zabalak performance bat egingo dute. «Eta agian ustekabekoren bat ere izango da», iragarri du Jimenezek.
No comments:
Post a Comment