- Jose Diego Yllanes: «Nik hil nuen Nagore, baina ez nuen hil nahi»
- Yllanesek, Nagore Laffageren hilketa aitortu arren, esan du ez duela gogoratzen «nola hil zuen» neska gazte. Hil eta gero bere buruaz beste egin nahi izan zuela adierazi du auzipetuak
- Berria, 2009-11-04 # Naiara Elola . Iruñea
Nafarroako Ospitalean psikiatra gisa ziharduen Yllanesek hilketa jazo zen sasoian. Laffagek, berriz, erizaintzako praktikak egiten zituen erietxe horretan. Dena dela, Yllanesek behin eta berriz esandakoaren arabera, Laffage ez zuen aurretik ezagutzen. Hilketa «akats» gisa ikusten duela aitortu zuen. «Pertsona orok bezala, akatsak ditut, eta barkamena eskatzen dut; neure buruaz lotsatzen naiz». Hala, Yllanes bere ondasun guztiak Laffage familiaren eskuetan jartzeko prest agertu zen: «Nahiz eta jakin pertsona baten bizitza diruz ezin dela ordaindu».
Yllanesek, esandakoaren arabera, 2008ko uztailaren 7ko goizaz ez du ia ezer gogoratzen. Dena den, uztailaren 6an zer edan zuen galdetuta, lagun batzuekin Alde Zaharrean edaten egon zela aitortu zuen. Deklarazioaren arabera, lehenengoz uztailaren 7ko 01:30ean edan zuen. «Zehazki, ez dakit zenbat edan nuen, lejia katxi bat, ron eta Coca-Cola, beste katxi batzuk, eta gero tekila txupito batzuk». Yllanesen arabera, 04:30ean edan zuen alkohola azkenekoz, gutxi gorabehera. Edateko ohitura handirik ez duela ere esan zuen. «Gauez ateratzen naizenean, azkar edan ohi dut, eta gainontzeko lagunek baino gehiago, gainera».
Bestalde, 06:30 aldera, Alde Zaharretik gurasoen etxera nondik joan zen ere ez duela gogoratzen dio. Alkoholaren eraginez antza berriz ere. Nagore Laffagez dituen lehendabiziko oroitzapenak Sancho Ramirez kalean duen etxebizitzara iritsi zirenekoak direla dio. Gertatutakoa gogoratzen saiatu dela dio, baina ez duela lortu oraindik ere. «Onartzen dut ondorio bat dagoela, eta horregatik ordaindu egin beharko dudala».
Dioenez, neska gazte irundarraren barruko arropak hausten ari zela gogoratzen du bere burua. Gogoan du Laffagek gelditzeko eskatu ziola ere. «Ez dut haren ahotsa gogoratzen, baina badakit harremana bortitza egiten ari zitzaiola». Une horretan, Yllanesen arabera, biktimarekin zuen «momentuko» hartu-emana bat-batean eten zen. «Gogoratzen dut Nagoreren gainean jarri nintzela eta lepoa eskuekin estutu niola».
Amaiera txarrik nahi ez
Fiskalak Yllanesi galdetu zion ea zergatik ez zion utzi Laffageri Sancho Ramirez kaleko etxetik alde egiten. Akusatuaren erantzunak bortitz apurtu zuen epaiketa aretoko isiltasuna: «Akaso, gertatutakoaren ostean lagun gisa amaitu nahi nuelako». Laffagerekin izan zuen jarrera «bortitza» gertatutakoa «bakean» bukatzeko ezintasunak eragin zezakeela uste du.
Gau hartan sentitutako denak ez ditu ahaztu Yllanesek. «Nagore hilda zegoela jakin eta haren odola ikustean izugarrizko beldurra sentitu nuen». Hala, bere buruaz beste egiteko asmoa egun osoan buruan jiraka izan zuela dio. Ez du argitu nahi izan nola hil zuen, edota zergatik utzi zuen neska gaztearen gorpua Orondritzen (Nafarroa).
Yllanesez gain, bost foruzainek ere deklaratu zuten atzo, Nagore Laffageren hilketaren ikerketaren nondik norakoak azaltzeko. Gaur, berriz, 10:00etan fiskalak izendatutako lau lekukok hartuko dute parte epaiketan, beste hiru foruzainez gain. Hainbat iturriren arabera, litekeena da gaur Yllanesen aitak ere deklaratzea.
No comments:
Post a Comment