2009/11/11

> Berria: Osasuna > MILIOI ERDI LAGUNI ESKAINIKO DIETE A/H1N1 GRIPEAREN AURKAKO TXERTOA HEGOALDEAN

  • Milioi erdi laguni eskainiko diete A/H1N1 gripearen aurkako txertoa Hegoaldean
  • Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak astelehenean abiatuko dute txertaketa; bihar Iparraldean hasiko da
  • Berria, 2009-11-11 # Jon Rejado . Gasteiz
Milioi erdi pertsonak baino gehiagok A/H1N1 birusaren kontrako txertoa hartzeko aukera izango dute datorren astelehenetik aurrera. Hego Euskal Herrian orduantxe hasiko da txertaketa kanpaina, eta 583.000 pertsona inguruk izango dute txerto hori jasotzeko aukera. Horietako 477.143 laguni gaixotasun kronikoa izateagatik edo bestelako arrisku taldeen barruan egoteagatik ematen zaie txertoa hartzeko aholkua. Osasun zerbitzu eta zahar etxeetako 60.589 profesionalei ere eskainiko diete txertoa, eta 17.304 polizia, suhiltzaile eta bestelako zerbitzuetako langileei ere txertoa hartzeko aukera emango zaie.

Haurdun dauden 27.555 emakume ingururi ere txertoa jasotzeko aukera emango zaie, baina txerto hori oraindik ez da heldu Hegoaldera. Haurdun dauden emakumeek txerto berezia behar dutela gogoratu du Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Ohiko txertoak eragingarriagoa izaten laguntzen dion gai bat du; haurdunen txertoak, ordea, ez du hori izango, baina eragingarria izango da hori ere. Txerto horiek datorren astearen bukaeran eskura izan daitezkeela aurreratu dute, eta orduan hasiko da haurdun dauden emakumeen txertaketa.

Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan modu ezberdinean antolatuko dute txertaketa kanpaina. Nafarroan astelehenean hasi eta abenduaren 18ra arte iraungo du, eta txertoa jaso nahi dutenek ordua eskatu beharko dute aldez aurretik, Maria Kutz Nafarroako kontseilariak azaldu duenez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan txertoa jasoko dutenek, berriz, gutun bat jasoko dute, eta han azalduko diete jarraitu beharreko bidea. Arrisku talde batean egon arren gutuna jasotzen ez duten pertsonek beren osasun etxera deitu beharko dute datorren astelehenetik aurrera, eta txertoa jasotzeko egin beharrekoaz galdetu.

Txertoa jasotzea norberaren araberakoa den arren, Bengoa sailburuak txertoaren garrantzia nabarmendu du. Duela egun batzuk 100.000 biztanleko 550 gripe kasu gertatu ziren, baina azken egunetan kopuru horrek behera egin du. A/H1N1 gripearen lehen gorakada bukatu dela pentsa daiteke, baina Jaurlaritzako Osasun Sailak gogora ekarri du 1950eko hamarkadan A/H1N1 gripearekin gertatutakoa. Orduko birusak parekotasun handia zuen egungoarekin, eta birus horrek udaberrian gorakada adierazgarria izan zuen. Hori saihesteko, txertaketaren garrantzia nabarmendu du Bengoak.

Dosi bakarra baino ez da behar izango txertaketa gehienetan. Sei hilabete eta bederatzi urteko adingabeen kasuan baino ez da bi egunetan banatuko. Adingabeei eta 65 urtetik gorakoei Focentria txertoa emango zaie, eta 18 eta 65 urte artekoentzat, Pandemrix. Haurdun dauden emakumeei Panenza emango diete.

Bost gune Iparraldean
A/H1N1 gripearen aurkako txertaketa kanpaina zabala bihar abiatuko da Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin. Bost txertaketa gune egonen dira, lau Lapurdin eta bat Zuberoan. Nafarrek batera edo bertzera egin beharko dute. Donibane Lohizunen House izeneko klubean eginen da txertaketa, Angelun Lembeye karrikako Aterbean, Baionan Lauga salan, Kanbon herriko igeritokian, eta, azkenik, Zuberoan Mauleko erietxean.

Txertaketa egunak eta ordutegia ere finkatu dituzte, ez baitira egunero eginen. Azaroaren 12az gain, azaroaren 17, 18, 24 eta 25ean emanen dituzte txertoak. Txertaketa 09:00etan abiatuko da eta 16:30ean bururatu. Maulen, aldiz, 09:00etan hasi eta 13:00etan bukatuko da. Lehentasun irizpideak ezarri ditu indarrean Paueko prefeturak, eta, horren arabera, txertoa noiz eta non har dezaketen jakinaraziko die gutunez herritarrei. Informazio gehiago nahi duenak, Info gripe zerbitzura dei dezake.

No comments: