- Jaime Vandor. Pijama marradunik ez
- Ez zen kontzentrazio esparruetan egon, ez zuen pijama marradunik jantzi, baina nazien jazarpena ezagutu zuen, eta holokaustoari ihes egin zion Jaime Vandorrek. «Basakeria» hura azaldu du Donostian.
- Berria, 2009-11-11 # Mikel Peruarena . Donostia
Horretara etorri da Donostiara, SOS Arrazakeriaren eskutik. Hitzaldia eman zuen atzo iluntzean: Haurtzaro judu bat alemanek okupaturiko Budapesten. Lehen pertsonan eman ere. Hamaika urte zituen Vandorrek 1944an, soldadu naziak bere sorterrian, Vienan, sartu zirenean. Ordurako, aita Espainiara joana zuten, «lehen gerlan oso gaizki pasa zuelako; hiru urte egin zituen Siberian preso». Aitak ahaleginak egin zituen Espainian familia batzeko. Alemaniarrak Austrian sartu orduko, baina, Hungariara alde egin behar izan zuten Jaime Vandorrek, haren anaiak eta bien amak. Hungarian ere baldintza gogorrak aurkitu zituzten: juduak ghettoetan biltzen hasiak ziren, Alemaniara deportatzeko; izarra paparrean jarrita ibiltzera behartzen zituzten...
«Hungariako probintzietako judu guztiak deportatu zituzten, 550.000 edo 600.000, zazpi astean. Haietako oso gutxi itzuli ziren. Gure aitaren sorterrian ziren hamalau senide, eta hamairu ez ziren sekula itzuli». Vandorri ahotsa kraskatzen zaio, tarteka, oroitzapenak berritzean. Zortea izan zuten, hala ere. Espainiako eta beste herrialde neutral batzuetako enbaxadak «babes gutunak» ematen hasi ziren juduei. Angel Sanz Briz espainiarra eta Georgio Perlasca italiarra ez ditu berehala ahaztuko Vandorrek. Bien artean 5.200 judu salbatu zituzten. Gutuna lortzen zutenak enbaxadaren hegalpera sartzen ziren, Sanz Brizek edo Perlascak alokatutako etxeetan. Baldintzak ez ziren onenak etxe haietan: 51 lagun bi gelatan, bata bestearen gainean lo eginez, jatekoa urri, hotza nabarmen... Ghettoan metatuta egotea baino hobea zen, hala ere; noiz deportatuko, noiz fusilatuko zain egotea baino hobea. Pijama marradunik gabe ere, kontzentrazio esparruetatik kanpo ere, lanbide nekeza zen irautea.
Errusiarrak sartu ziren Budapesten, 1945eko urtarrilean. Lehen astea ez zen askoz hobea izan: «Lapurretak, bortxaketak... bospasei egunez. Barrenak husten utzi zieten soldaduei». Gerla bukatu bai, bukatu zen, udaberri hartan bertan. Aitarekin Bartzelonan bildu zirenerako, ordea, ia bi urte igaro ziren. Bartzelonan egonkortu ziren, han egin zituen unibertsitateko ikasketak Vandorrek, eta han aritu da irakasletzan, eta juduen holokaustoaren berri ematen: «Holokaustoak aurpegi asko ditu. Guztira 11 milioi pertsona hil zituzten: arerio politikoak, homosexualak, elbarri psikikoak, Espainiako errepublikanoak... Zati txiki bat hil ziren kontzentrazio esparruetan». Lur azpiko meategietan edo lantokietan esklabo gisa, fusilatuta, sinagogetan erreta... Sei bat milioi judu hil ziren. Holokaustoa zer izan zen kontatu beharra sentitzen du Vandorrek: «Ez da nahikoa datuak ezagutzearekin, hausnartu egin behar da hartaz. Hezi behar dira haurrak eta gazteak tolerantziarako eta aniztasunerako».
Historiaren gurpilari «adi»
Izan ere, «genozidioak etengabe gertatzen dira», hala dio Vandorrek: Balkanak, armeniarrak... «Sinesten dut historian behin gertatu dena errepika litekeela». Historia, gurpil hori. Ilustrazioak ekarri zuen garapenaren ideia, XVIII. mendean, eta kulturarekin basakeria bukatuko zela pentsatu zen: «Garapenaren ideia horrek mugitu du dena XIX. eta XX. mendeetan, historiako menderik lazgarrienetan. Kultura ez da basakeriaren aurkako babesa. Konponbidea ez dago kulturan; hezkuntzan baizik». Horretan saiatu da Vandor 45 urtez eta, erretiroa hartu duen arren, ezin da gelditu. Biraka jarraitzen du gurpilak: «Adi egon behar da beti; izakien izaeraren berezko osagarria da gaizkia. Guztiok gara basakeria bat egiteko gai. Horregatik, norberarengandik hasi behar da».
- Nortasun agiria
- Jaiotza. Vienan (Austria) sortu zen Jaime Vandor, 1933an. Ama austriarra zuen, eta aita, hungariarra; juduak ziren biak.
- Ihesaldia. 1944an, naziengandik ihesi, Budapestera (Hungaria) jo zuten Jaime Vandorrek, haren anaiak eta bien amak. Aita Espainiara joana zen ordurako.
- Elkartzea. 1947an batu zen familia, Bartzelonan (Herrialde Katalanak).
- Unibertsitatea. Bartzelonan egin zituen ikasketak, eta han egin zuen doktoretza, Filosofia eta Letretan. 45 urtez irakasle izan da Bartzelonako Unibertsitatean, eta erretiratu berri da.
No comments:
Post a Comment