2009/11/06

> Berria: Transfobia > ONARTU DUTE TRANSEXUALA IZATEAGATIK LANETIK BOTA IZANA BIDEGABEA IZAN ZELA

  • Onartu dute transexuala izateagatik lanetik bota izana bidegabea izan zela
  • Maria Jesus Lastra lanetik kaleratu egin zuten transexuala izateagatik. Saltokiko jabearen aurkako epaiketa atzo egitekoa zen, baina bi aldeak adostu dira, eta nagusiak jarrera diskriminatzailea izan zuela onartu du.
  • Gara, 2009-11-05 # Zuriñe Etxeberria
EHGAM-Araba taldeak deituta, hogei bat lagunek elkarretaratzea egin zuten Gasteizko Justizia Jauregiaren parean, «Edozein lanpostuan lan egitearen alde, transfobiari stop» lelopean, Maria Jesus Lastrari epaitegira sartu aurretik babesa emateko.

Maria Jesus Lastra joan den ekainaren 5ean lanpostutik kaleratu zuten, bere ezaugarri sexualak direla-eta. Otartekoen saltoki txiki batean laneko lehen eguna zuen Lastrak, baina lan kontratua prestatzeko gestioak egiten ari zela, nagusia ohartu zen emakumea transexuala zela. «Saltokia parranda gune batean dago, eta jendea mozkortuta ibiltzen denez, erasoak jasan zitzakeen», aitzakia horrekin, nagusiak segituan erabaki zuen Maria Jesus Lastra kaleratzea.

Emakumeak, kaleratze bidegabe hori komunikabideen aurrean salatu ez ezik, bukaerara arte jarraitzea erabaki zuenez, epaile baten esku ere utzi zuen afera. Epaiketa atzo egitekoa zen, baina azkenean, bi aldeen abokatuek akordioa lortu dute, eta beraz, ez da epailearen aurreko agerraldirik izan.

Emaitzarekin «konforme»
Justizia Jauregian sartu baino ordu erdi lehenago, Maria Jesus Lastrak GARAri adierazi zion bera ondo dagoela, baina nabarmendu zuen halako egoera batean aurkitzea ez dela «batere atsegina»: «Nik ez nuen ezer txarrik egin eta lanetik kanporatua izan nintzen». «Transexualak jende multzo bat gara, eta gainerakoen eskubide berdinak ditugu; gizarteak hori onartu arte, honen antzeko egoerei eta are okerragoei egin beharko diegu aurre», salatu zuen Lastrak.

Bestalde, EHGAMeko kide Amets Martinezek honako adierazpenak egin zituen: «Kaleratze hori transfobia kasu bat izan da, eta sententziak hori islatzea nahi dugu».

Azkenean akordioa adostu dutenez epaiketarik izan ez den arren, Martinez, kolektibo osoaren izenean, «konforme» agertu zen, akordioan aitortu egin delako «diskriminazioz jokatu zutela eta kanporaketa bidegabea izan zela». Maria Jesus Lastrak kalte-ordaina jasoko du, eragin dioten kaltea konpentsatzeko.

No comments: