2009/11/10

> Berria: Indarkeria > IPARRALDEA: EMAZTEA ETA AMAGINARREBA HIL DITU USTEZ GIZON BATEK IRISARRIN

  • Emaztea eta amaginarreba hil ditu ustez gizon batek Irisarrin
  • Antza, bere buruaz beste egiten saiatu da gizona, baina semea iritsi eta aita salbatzea lortu du; Poliziak ikerketa abiatu du. Hildakoak 84 eta 51 urteko emakumeak dira; ustezko hiltzaileak 61 urte ditu
  • Berria, 2009-11-10 # Nora Arbelbide . Baiona
Lehen elementuek ikerketa «familia drama» bati buruz bideratzen dute, Marc Mariéek, Baionako auzitegiko prokuradoreordeak, atzo adierazi zuenez. Ez du genero indarkeriarik aipatu. Mementoan segurtatu dutena da, atzo goizean Irisarriko (Nafarroa Behera) Etxebestia lursaileko etxe batean bizi ziren bi emazte hilik aurkitu zituztela Irisarriko polizia etxetik bertaratu jendarmeek. Emazteetako batek 84 urte zituen, besteak 51. Ordu batzuk barru eskuratuko ditu autopsien emaitzak Baionako Auzitegiak. Hildakoen senar eta suhia ere etxean aurkitu zuten, antza bere buruaz beste egiten saiatu ostean.

Semeak, ondoko etxean bizi da, aita salbatzeko denbora izan zuela dirudi. Prokuradoreordeak erranaren arabera, aitak semea deitu zuen bere burua urkatu aitzin. Etxera etortzeko eskatu zion. Etorri eta ama eta amatxia, hilik aurkitu zituen, baina aita salbatzeko denbora izan zuen. Semeak zuen orduan Polizia abisatu. 04:50ak ziren. Orduz geroztik senarra Baionako erietxean dago. 61 urte ditu. Sortzez urepeldarra, erretretan, lanbidez hargina zen. Lan istripu baten ondorioz, urteetan lanetik gelditua egona zen erretreta hartu aitzin.

Ikerketaren inguruko iturrien arabera, senarraren bizia ez da arriskutan, baina psikologikoki arras hunkitua agertu da. Ondorioz, psikiatrak erabaki du erietxean atxikitzea eta Poliziak ez du oraino galdekatu. Mementoko ez da atxilotua. «Bere osagarriaren egoera galdeketa batekin batera ezina dela erran digu psikiatrikoak», prokuradoreordeak zehaztu duenez.

Dena dela, zehazki zer gertatu zen ulertu arte lanean segituko dutela gaineratu du prokuradoreordeak. Ordu arte, senarra ustez errugabea dela nabarmendu du. «Kontua da hilketa gertatu den lekuan bertan aurkitu duela Poliziak».

Armarik ez
Hasieran bi emazteak tiroz hil zituzten ustea zabaldu zen. Poliziaren arabera, ordea, ez gutunik, ez armarik, ez dute fitsik atzeman lekuan bertan. Iduriz, ustezko hiltzaileak ito lituzke bi emazteak: «Inkesta egileek ikusi dutenaren arabera, ondorioztatu dute estrangulatu lituzkeela, baina zuhur jokatu behar dugu, balitekeelako ez hori izatea». Iduriz ez lituzke pozoitu.

Ikerketaren lehen elementuen arabera, senideen arteko harremana ona zen: «Harreman bikaina zuten beren artean. Amaginarreba ohean zegoen egun osoan. Ezin zen jaikia. Senarrak zuen artatzen. Senideek segurtatu dute ongi zaintzen zuela. Ondorioz, mementoko gure buruari galdezka ari gara zerk bultzatu duen erabat ulertezina den hilketa horretara». Gertakaria aitzin, poliziak ez zituzten nehoiz deitu: «Arazorik gabeko familia zen». Auzoek ere berretsi dute ulergaiztasun hori. Herritarren baitan harridura da nagusi. Irisarrik 840 biztanle ditu.

Familiaren hurbileko iturriek jakinarazi dutenez, zinez familia atsegina zen. Eta senarra ere biziki gisakoa omen da. Kanpotik etxera heldu izan direnei, dela mediku edo garbitzaile, beti harrera ona egin izan diete. Familia ez da jatorriz irisartarra eta hitz egitera onartu duten auzoek ez dituztela biziki ongi ezagutzen adierazi dute. Orain dela lau urte jarri ziren bertan, semeak eraikiarazi etxean, hain zuzen. Semea Irisarrin ari da lanean.

  • Aurretik beste hiru emakume hil dituzte
  • Aurten, genero indarkeriarekin lotuta, beste hiru emakume hil dituzte Euskal Herrian. Iaz sei emakume hil zituzten, ustez haien bikotekide edota bikotekide ohiek. Ondokoak dira aurten hil dituzten emakumeak.
  • Izaskun Jimenez Borja. Gernika-Lumon hil zuten (Bizkaia), martxoaren 24an. Ustez senarrak hil zuen, martxoaren 24an. Etxean bertan jazo zen erasoa; Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera, eztabaidan hasi eta labana atera zuen gizonak. Jimenez eta 19 urteko haren alaba zauritu zituen, 11 urteko semearen aurrean. 48 urteko gizonak hilketa onartu zuen ertzainen aurrean, eta haiek atxilo eraman zuten. Jimenezek 44 urte zituen.
  • Yamiled Giraldo Quintero. Cordovillan hil zuten (Nafarroa), apirilaren 25ean, 33 urteko baztandarra. Iturenen bizi zen azken urteetan. Prostituzio etxe bateko nagusiak bortxatu egin zuela salatu zuen Giraldok. Herritar zenbaiten ustez, salaketa hura egin zuelako, norbaitek mendeku hartu zuen. Lan bat egitera deitu zuten Giraldo Cordovillara, eta etxeko atarira iritsi zenean, tiroz hil zuten.
  • Yasmin Zamira. Auto istripua eragin eta Yasmin Zamira bikotekide ohia labankadaz hil zuen maiatzaren 9an gizon batek Irunen (Gipuzkoa). Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera, emakumea zihoan autoa atzetik jo zuen berearekin eta, emakumea geratzean, kotxera inguratu eta labanaz zauritu. Istripua ikusi eta laguntzera geratu zen gizon bati ere aurre egin zion, eta larri zauritu zuen. Zamirak 37 urte zituen, eta Irunen bertan bizi zen
Autopsiak dio tiroz hil zirela Etxeberri senar-emazteak
Azaroaren 1ean Baionan hil ziren Etxeberri senar-emazteak tiroz hil ziren, autopsiaren arabera. Nicolas Etxeberrik emaztea hil zuen, eta gero bere buruaz beste egin zuen. Poliziak hasieran esan zuen emakumea labankadaz hil zuela gizonak. Biek sinatutako gutunean zioten biek erabaki zutela suizidatzea.

19.000
«Bortxakeria matxistaz» sentsibilizatzeko kanpainarako dirua. Emakumeen aurkako indarkeriaren nazioarteko egunaren harira, sentsibilizazio kanpaina bat egingo Nafarroako Gobernuak. Nafarroako Berdintasunerako Institutuari 19.000 euro eman dizkio.

No comments: