2009/06/30

> Berria: Matxismoa > GAUR ERE BI ALARDE

  • Gaur ere bi alarde
  • Irungo alarde mistoarekin bat egin dute feministek, sindikatuek eta ezkerreko alderdi politikoek
  • Berria, 2009-06-30
Azken urteotan bezalaxe, gaur ere bi alarde izango dira Irunen (Gipuzkoa), San Martzial eguneko ospakizunetan. Alarde tradizionalaren eta mistoaren arteko "gatazkak" saihesteko, ordu desberdinetan aterako direla ebatzi du berriro Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Hala, laugarren urtez, alarde tradizionala izan da lehena ateratzen, 07:40ean; hori amaitzean abiatuko da alarde mistoa, 10:10 inguruan. Arratsaldean alderantziz izango da: alarde mistoa 17:30ean aterako da, eta tradizionala 18:30ean.

1522ko ekainaren 30ean Irungo tropak Frantziako armadari gailendu izana ospatzen dute urtero San Martzial egunean. Zenbait gizarte eragile eta talde feminista, ordea, aspaldi hasi ziren aldarrikatzen ospakizuna ez zela berdintasunez egiten, emakumeek ezin dutelako alarde tradizionalean soldadu gisa parte hartu. Alarde mistoan, ordea, kantinera zein soldadu gisara ibiltzen dira andreak, eta aurten gainera, andre batek jeneral gisara desfilatuko du lehen aldiz: Ainhoa Ruizek.

800 lagun inguru aterako dira alarde misto horretan, bederatzi konpainiatan banatuta. Hainbat eragile sindikal, politiko eta gizarte eragilek egin dute bat alarde horrekin, besteak beste, Bilgune Feministak, Bidasoaldeko Emakumeek, EBk, Aralarrek, ezker abertzaleak, LABek, UGTk, CCOOk, ELAk eta EILASek.

Alarde tradizionalean, aldiz, 8.000 gizon atera dira, hemeretzi konpainiatan. Zortzigarrenez, Satur Ibargoien da jeneral; beraz, ez da aldaketa handirik egongo. Dena den, arduradunek diote aurtengo desfilea "desberdina" dela, 2008an Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaiaren ostean; alarde tradizionalak berdintasunerako eskubidea ez duela urratzen ebatzi zuen.

No comments: