- Lesbianek adiskideei ematen diete lehenbizi beren joera sexualaren berri
- Gazteek eta helduek modu desberdinean bizi dute lesbianismoa, Aldarte Zentroaren ikerketa baten arabera
- Berria, 2009-06-06 # Maite Asensio • Bilbo
Lesbiana gazteentzat errazagoa da haien joera sexualaren berri ematea, baina, halere, inkestatuen erdiek baino gehiagok diote «zaila» edo «oso zaila» egin zitzaiela lesbianak direla esatea. Lehenbizi adiskideei esaten diete gehienek; ondoren ahizpei edo nebei, amari, lankideei eta aitari. Lagunen eremua ere «funtsezkoa» da lesbianismoa ezagutzeko edo joera sexual desberdinen berri izateko, hedabideak, familia edo eskola baino lehen.
Belaunaldien artean aldaketa gehiago antzeman ditu ikerketak. Lesbiana gazteek 6 eta 14 urte arteko garaian izan zuten lehenengoz lesbianismoaren berri. Helduek, ordea, beranduago entzun zituzten heterosexualitateaz besteko aukera sexualei buruzkoak: %48,5ek, 14 eta 24 urte bitartean. Gainera, 40ko eta 50eko hamarkadetan jaiotakoek harreman heterosexualen bidez izan dituzte seme-alabak. «Belaunaldi horiek ezkontzeko izan zuten presioa adierazten du datu horrek», Inmaculada Mujika Aldarteko kidearen ustez. Gazteek intseminazio artifizialera jotzen dute batik bat.
Sinesmen erlijiosorik ez
Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko 468 lesbianari egindako inkestetan oinarritu da azterlana. Batez ere elur bolaren metodoa erabili dute inkestak banatzeko (ezagunei eman, horiek ere haien lagunen artean bana dezaten), eta, beraz, lagin horrek ez du benetako biztanleria ordezkatzen (parte-hartzaileen %55 Bizkaikoak dira, esaterako). Dena den, ondorio «esanguratsuak» atera dituzte, Ana Ureta Aldarteko lehendakariaren ustez: «Batez beste 27 eta 47 urte artean dituzten lesbianekin hitz egin dugu; sinesmen erlijiosorik gabekoak dira, ezkertiarrak, gaztelaniazko hiztunak (Gipuzkoan izan ezik), eta goi mailako ikasketekin».
Halaber, lesbianen inguruko aurreiritzi asko hausten ditu azterlanak. Inkestatuen %88k garrantzi handia edo nahikoa ematen diete sexu harremanei, eta hamarretik lauk bikotekidearekiko harremana etengo luke sexua ona izango ez balitz. «Lesbianak sexugabeak garela uste dutenei kontrajartzen zaizkie datu horiek», esan du Nekane Zabaleta Aldarteko bazkideak.
Lesbianen ikusezintasunaren seinaleak ere ageri dira ikerketan. Inkestatuek diote ikusgaitasun «nahiko handia» dutela hurbileko ingurunean, baina ez esparru publikoan. Esaterako, inkestatuen %64,5ek ez dute inoiz irainik jasan lesbiana izateagatik; bada, ikusezintasunak datu hori baldintzatzen duela uste dute ikerketaren egileek: «Emakumeen %90 baino gehiagok irainak jasan izan dituzte emakume izateagatik. Lesbianek eraso gutxiago jasotzen dituzte haien joera sexualari lotuta, ikusezina delako».
Bestalde, ikestatuen %74,4 ezkongabeak dira, baina horien %57,5ek bikotekidearekiko harremana «formalizatu» nahiko lukete. Gehienek ezkontza hautatuko lukete horretarako, «baina ez aitorpen soziala lortzeko, baizik eta bikote heterosexualen eskubide berdinak izateko», Uretak dioenez. Halere, administrazioan eskubide horiek gauzatzeko zailtasun handiak dituztela salatu dute lesbianek, seme-alaben izena emateraroan, adibidez.
No comments:
Post a Comment