- Denak batera, «armairutik kalera!»
- Ekainaren 28arekin batera ospatu dute Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Harrotasun Eguna. Zarautzen izan da eskualde mailako manifestazioa, eta beste hainbat ekitaldi ere egin dute jai giroan.
- Urola Kostako Hitza, 2009-06-30 # Xabi Aizpurua Ugarte
Ostadarra kalera
Urola Kosta eskualdeari dagokionez, Zarautzen egin ziren ekimen gehienak. Gurekin Jai festa batzordeak urtero egin ohi duen bezala bere egitarauan txertatu zituen askatasun sexualaren aldeko ekitaldiak. Arratsalde eguzkitsua izan zen igandekoa, eta manifestazio koloretsuak oraindik eta bizitasun gehiago eman zion herriari. Harreman eredu berrien alde, lesbianak kalera zioen pankartaren atzean, ostadarraren koloreak dituen bandera harro erakutsi zuten. «Zarautzen ere lesbianak gaude!», «armayotikan kalera!», eta gisa bereko beste zenbait aldarrik zipristindu zuten Alde Zaharra.
Manifestazioa txosna gunean amaitu zen. Antolatzaileek bertan azaldu zutenez, askatasun sexuala lortzeko bidean lesbianen egoera bistaratzeko indar berezia egin behar da, emakume izateak gizonezkoei baino oztopo eta zailtasun gehiago jartzen baitie oraindik ere.
Antzerkia eta parranda
Manifestazioaren ondoren antzerkia egin zuten, Txanogorritxoren ipuina goitik behera eraldatuta: rapa egiten zuen Txapelgorritxo, harroa izatera derrigortu zuten otsoa, tratu txarrak jasandako etxekoandrea, loti ederra eta Edurnezuriren arteko maitasuna... Barre ugari egin zuten bertaratu zirenek. Amaitzeko, playback saioa eta Korta y Pega DJa izan zituzten. Gaueko euri tantek freskura ekarri zuten berotasun artera.
No comments:
Post a Comment