- Berdintasun bidean, aurrera
- Munduko txoko askotan homosexualen harrotasunaren eguna ospatuko dute datorren igandean. Data horri lotuta beren eskubideen aldeko manifestazioak izango dira, larunbatean, Donostian.
- Irutxuloko Hitza, 2009-06-25 # Maitane Aldanondo
Hilabete osoan zehar egun honen harira hainbat ekitaldi egin dituzte hirian, baina nagusienak datorren larunbatean egingo dituzten manifestazioak dira. Lehena, hirian errotuta dauden EHGAMek, Garaipen-ek eta Medeak-ek deitua, Bulebarretik irtengo da 19:00etan, Transmarikabollo eta gauza guztien gainetik harro! lelopean. Ondoren, 19:30ean, Gehituk deitutako mobilizazioa izango da. Eskoletan armairurik ez lelopean abiatuko dira leku beretik. Gauean, aldiz, elkarrekin ospatuko dute eguna, 23:30etik aurrera, Egia kultur etxean aurrera eramango duten festan.
Hezkuntzaren garrantzia
Normalizazio legala lortu bada ere, gizarte normalizazioa gauzatzeko hezkuntza ezinbesteko esparrua dela uste dute. Horregatik, gay, lesbiana, bisexual eta transexualek osatutako 50 elkarte baino gehiagok 2009a aniztasun afektibo-sexualaren urtea izendatu zuten. Testuinguru horretan, Gehituk hezkuntzaren garrantzia azpimarratuko du bere mobilizazioan, «bidezkoago eta anitzagoa izan behar duela» gogoratuz.
Larunbateko egitaraua ezagutzera emateko egindako prentsaurrekoan Gehituko koordinatzaile Koldobike Mujikak adierazi zuenez, «berebiziko erronka da aniztasun afektibo-sexualarena». Laguntza edo aholku eske elkartera jotzen duten irakasle eta ikastetxeen kopurua asko hazi da azken urteetan eta hezitzaileen aldetik gabezia handiak daudela nabaritu dute.
Gehituk otsailean ezagutzera eman zuen txostenak bildutako emaitzen argitan, ikastetxeak ez dira lesbiana, gay, transexual edo bisexualak -LGTB¬ diren gazteentzat leku seguruak. Ikerketak harrera ona izan duela adierazi zuen Sergio Iñiguezek: «Errealitatearen argazki txiki bat da, eta ordura arte ez zegoen». Egoera honen aurrean, hainbat neurri proposatu zituzten «aniztasunari errespetua eta arreta jartzeko». «Irakasle eta hezitzaileek formakuntza bat behar dute ematen ari diren egoera horien aurrean zer egin ez dakitelako eta erakundeek plangintza bat prestatu behar dute, baliabideez gain, irakasleek nahiz ikasleek nora jo izan dezaten», gehitu zuen Mujikak. Horrekin batera, LGTB seme-alabak dituzten gurasoei «gazte hauek duten zamarekin ohartu eta, marjinatu beharrean, beren laguntza eskaintzeko» eskatu zieten.
Zilarrezko saria
Urtero bezala, Gehituk LGTB direnen eskubideak ondoen defendatu dituen pertsona edo erakundeari Gehitu Zilar saria emango du bihar. Aurten, Nafarroa Bai plataformari emango diote, «Foru parlamentuan transexualitate lege ekimen aitzindaria aurkeztu izanagatik, transexualen aldarrikapen guztiak bilduz», azaldu zuen Mujikak.
No comments:
Post a Comment