2009/06/30

> Berria: Ekainak 28 > OSAKIDETZAK SEXUZ ALDATZEKO EBAKUNTZAK BERE GAIN HARTZEA NAHI DU EUSKO JAURLARITZAK

  • Osakidetzak sexuz aldatzeko ebakuntzak bere gain hartzea nahi du Eusko Jaurlaritzak
  • Aniztasun afektibo sexualari buruzko agenda politiko bat egiteko asmoa du Gizarte Gaietarako Sailak
  • Berria, 2009-06-30 # Erredakzioa • Donostia
Osakidetzak transexualei eskaintzen dien arreta hobetzeko egingo du lan Eusko Jaurlaritzak. Hala esan zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak. Arreta «integrala eta normalizatua» izatea nahi dute, batik bat sexuz aldatzeko kirurgiarekin zerikusia duen orotan. Konpromiso hori Jaurlaritzak egin nahi duen aniztasun afektibo-sexualari buruzko agenda politikoan jasoko litzateke. Horretarako, parte-hartze prozesu bat jarriko du abian gay, lesbiana, transexual eta bisexualen eskubideen alde lanean ari diren elkarteekin. «Gure helburua gizarte justuagoa eta pluralagoa lortzea da, inor diskrimina ez dezaten beren sexu identitateagatik».

Zabaletak agerraldia egin zuen elkarte horietako hainbat ordezkarirekin, eta bertan egin zuen aipaturiko iragarpena. Gogorarazi du Osakidetzak lehen graduko ebakuntzak eskaintzen dizkiela transexualei gaur egun: bularretako ebakuntza eta basektomia. «Ondorengo ebakuntzak egiteko kanpora joan behar dute transexualek», azaldu du Transexualidad Euskadi elkarteko Andrea Muñizek. Egoera horri aurre egiteko, Osakidetzarekin hitz egin eta arreta hori hobetzeko ahalegin osoa egingo dutela aurreratu du Zabaletak, transexualen beharrei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko.

Hortik harago, askatasun eta aniztasun afektibo sexualaren agenda politikoan jasoko liratekeen lehentasunezko gaien artean daude: hezkuntza alorrean eduki eta ikuspegi egokiak txertatzea, sentsibilizazio kanpainak egitea, lan munduan diskriminazioari esku hartzea eta beren sexu aukeragatik asiloa eskatzen duten atzerritarren egoerari premiaz heltzea, besteak beste. «Pauso asko eman dira berdintasunerako bidean, baina ikus daitekeenez, asko dago egiteko oraindik».

Elkarteak itxaropentsu
Gay, lesbiana, transexual eta bisexualen elkarteek «itxaropenez» hartu dituzte iragarpenak, eta harretaz jarraituko dute betetzen diren edo ez.

Jaurlaritzaren ekimena begi onez ikusi arren, EHGAMek Eusko Legebiltzarreko presidente Arantza Quirogaren jarrera kritikatu du. Duela hilabete batzuk Quirogak adierazi zuen berak ez lukeela sekula antisorgailurik erabiliko. EHGAMen irudiko, halako adierazpenekin hiesaren aurka lanean ari diren elkarteen lanari ospea kentzen dio Quirogak. Hain zuzen ere, hori salatzeko, trapuzko espartina saria eman zion aurreko astean EHGAMek Quirogari.

No comments: