- Tino Brugos. Xega kolektiboko koordinatzailea: «Fundamentalismo erlijiosoak homofobia zabalduko du beti»
- EHGAMek antolatuta, 'De Stonewll a nuestros días: 40 años de una lucha' hitzaldia emango du Tino Brugos Xegako kideak. Hitzordua gaur izango da, Errenteriako Mikelazulo kultur etxean, 19:30ean.
- Berria, 2009-06-10 # Uxua Larretxea. Donostia
Tino Brugos (Asturias, Espainia, 1958) Xente Gai Astur (Xega) kolektiboko koordinatzailea da. Azken 40 urteetan gayen, lesbianen eta transexualen aldeko mugimenduek izandako garapenaz mintzatuko da gaur, Mikelazulon (Errenteria). Orain arte eskubideen alorrean izugarri aurreratu bada ere orandik lan asko egiteko dagoela aitortu du.
Hitzaldia Vicente Vadillo Santamaria Francis-en heriotza oroituz abiatuko duzu. Zer garrantzia izan zuen gertaera horrek homosexualen eta transexualen eskubideen aldeko borrokan? 1979. urtean jazo zen gertaera, Errenterian (Gipuzkoa). Nik orduan 20 urte nituen, eta arretaz entzun nuen gertaturikoa. Hedabideek gertaera horren berri eman zuten, eta hurrengo egunean greba orokorra antolatu zen heriotza salatzeko. Finean, gaiaz normal hitz egin zen. Halere, heriotza horrekin ohartu nintzen panorama zaila genuela.
Orain arte asko aurreratu da gayen, lesbianen, eta transexualen eskubideen onarpenean. Nola ikusten duzu egungo egoera? 1969an Stonewall erreboltak gertatu zirenetik egundaino izugarri aurreratu da, aldaketa sakonak izan dira. Hein handi batean ez zen posible izan iraultza, baina egunerokotasunean eragina izatea lortu genuen, bai homosexualen eta transexualen artean bai gizartean orokorrean. Lehen onartzen ez zen gizarte subjektu bat eraiki dugu urte hauetan guztietan. Horretarako, gogor borrokatu gara, baina gauza bat argi daukagu: gelditzeko etorri gara. Onerako zein txarrerako agenda politikoetan gaude.
Globalizazioak ez al dizue erraztu mugimendu guztien arteko harremana eta elkarlana? Globalizazioak gure mezua munduan zehar zabal dadin eta elkarren berri izan dezagun lagundu digu. Halaber, mugimendu guztien batasuna oso zaila da, herrialde bakoitzeko egoera sozio-politikoa eta kulturala oso desberdina delako. Mugimendua plurala bilakatu da, eta horrek zatiketa dakar, baina, era berean, gizarte klase guztietan eragina izaten ari dela ere erakusten du, eta hori baikorra da.
Aurrerantzean zein alderdi geratzen da bereziki lantzeko? Espainian legezkoa dena gizarte eremu guztietan arrunt bilakatzea da erronka, eta sozialki onargarria izan dadin borrakatzea. Arruntasun hori gizartearen osotasunera zabaldu behar dugu. Nolanahi ere, jabetzen gara fundamentalismo erlijiosoak beti homofobiak zabalduko dituela. Bestalde, transexualen eskubideen aldeko borrokan lan asko egiteko dago; adibidez, gizarte segurantzak sexu organuen kirurgia operazioak ordain diezaion lortu behar dugu, eta gizartean euren integrazia bultzatu. Bisexualen aldarrikapenak ere lantzeko ditugu.
Ez al dira egun sozialki gayak eta lesbianak transexualak baino hobeto onartzen? Marketina dago horren atzean. Urte hauetako borroka bereziki gizonezkoek garatu dute, eta, ondorioz, nolabaiteko errespetua lortu dute. Lesbianak ere errespetatzen direla esango nuke, baina hori ez da horren agerikoa. Gayen, lesbianen eta transexualen alde mugimenduetan gizonezkoak monopolioa izan dute, eta hori aldatu behar dugu.
Gizartea kontzientziatua ikusten duzu homosexualen eta transexualen gaien inguruan? Gizarte sektore bati behin eta berriz jakinarazi behar zaie gure eskubideak bermatzea ez duela euren eskubideen gutxitzea ekartzen, ez gaudela eri, ez garela lehen baino gehiago, baizik eta ageriago gaudela, eta abar. Eztabaida hori gizartera eraman eta iraunarazi behar dugu. Hezkuntzak zeresan handia dauka horretan, eta, horrenbestez, gaia eskolan etengabe landu behar da urtez urte. Gazteek bizi duten errealitatean homosexualak, transexualak eta atzerritarrak daude, besteak beste, eta hori eskolatik asimilatu behar dute.
Egun desberdintasunaren eta aniztasunaren aldeko apologia egiten da, baina benetan uste duzu gizarte hau tolerantea dela desberdina denarekin? Gertuko kasua denean kolpe antzeko bat gertatzen da, baina lehen ez bezala orain familiak ere gure eskubideen borrokan parte hartzen du. Orain arte umezurtzak izan gara, ez baitzegoen inor babestuko gintuenik. Zorionez, guri laguntzen ikasten ari dira.