- Amorruaren eta minaren kudeaketa
- EHGAM-DOK, 2006-11-28 # Sejo Carrascosa · Sidálava
Hasieran HIESaren pandemia Euskal Herrian batez ere zainetiko drogen kontsumitzaileei lotuta egon zen, egun, berriz GIB-HIESa STG bat (sexu bidez transmititutako gaixotasuna) baino ez da, nahiz-eta oraingoz sendatzerik ez daukan.
Denbora honetan gaixotasunari buruzko ikuspegia asko aldatu da, tratamendua eman ezean, ezinbestean heriotzara eramaten duen birus horri buruz asko eta oso azkar ikasi egin dugu. Drogekin eta sexuarekin beste modu batez harremanetan jartzen ere ikasi dugu, eta GIBaren kontrako borroka gertakizun berri horien arabera egokitzen joan gara.
Erretrobirusen kontrako lehen botikak agertu arte, 90ko hamarkadaren erdialdean, HIESaren kontrako mugimenduaren lana sufrimendua aritzen saiatzea izan zen, drogen kontsumo ohiturei edota sexu jarduerei buruzko balorazio moralik gabeko prebentzioa aldarrikatzearekin batera. Agonia eta doluan aditu bilakatu ginen, hainbeste heriotza bidegaberen aurrean amorratuta negarrari eusten genion bitartean.
Egun HIESaren kontra borrokatzen diren GKEen jarduera dibertsifikatu eta sofistikatu egin da.
Egun dauzkagun tratamenduei dagokienez, lan handia dago egiteko, presio handia egin ostean lortu da osasun publikoaren sistemak esku hartzea tratamenduok eragiten dituzten bigarren mailako ondorioak arintzeko, esate baterako lipodistrofiaren kasuan (gorputz gantzaren banaketa ohiz kanpokoa, aurpegiaren kasuan, eragiten duen itxuragatik, autoestima arazo larriak sorrarazten dituelako), baita semenaren garbiketa ere, bikote serodiskordanteek seme-alabak eduki ahal izan ditzaten. Borroka luze eta gogor baten ondoren, organoen transplanteak baliatu ahal izatea ere lortu zen, bereziki gibelenak, pertsona seropositibo askorengan birusaren kutsadurari C hepatitisarena gehitzen baitzaio, eta honek bizirik irauteko aukera are gehiago murrizten baitu. Zoritxarrez, salatzen jarraitzen dugu farmako berrien onarpenaren geldotasuna edota berauek erkidego autonomo batzuetara beste batzuetara baino lehenago heltzea.
Xiringak trukatzeko lehen planetatik asko aurreratu da, baina oraindik ikusten ditugu administrazioaren errezeloak bestelako errehabilitazio programetan porrot egin duten pertsonentzako injekzio-aretoak ezartzeko edota heroina helburu terapeutikoarekin banatzeko.
Prebentzioaren arloan, eta fundamentalismo erlijiosoen oposizio gogorraren gainetik, aurreko hamarkadan nolabaiteko lorpenak eskuratu ziren, kondoiaren erabilpena nagusituz joan zen, osasun publikoan hain garrantzitsua den prebentzioa GKEek garatzen badute ere, administrazioek hauen esku utzi dutelako, ziurrenik horrela merkeago suertatzen zaielako, aurrekontuetako diru apur batekin euren erantzukizunari ihes egiten baitiote. Ordena honen arabera, eta gaur egun gaixotasunari garrantzia kentzearen ondorioz, kutsadura maila igotzen ikusteak tristatzen gaitu, bereziki zeukaten garrantzia eman ez zaien sektore berrietan: gazteak, emakumeak eta arreta berezia behar duten etorkinak, eurentzako prebentzio programak sustatzeko eta gizarte eta osasun zerbitzuak euren esku jartzeko.
Hasieratik bagenekien HIESa gizarteko eta, ondorioz, munduko sektore ahulenak joko zituela, egun Afrikan inoiz ezagutu ez den genozidio ikaragarriena eta SESB ohian zein Asian zeharreko hedapen hazkor eta geldiezina ikusten ari gara. Ezin dugu ahaztu pandemiak alde ankerrena erakusten dueneko herrialde hauetako egoera, bertan tratamendu berriak eskuratzerik eta prebentzio estrategia eraginkorrak garatzerik ez dagoenez, bizi-itxaropena modu ezin larriagoan murrizten ari delako.
Ezin da ahaztu espetxeetan egon den eta dagoen egoera penagarria, urtetan espetxea gehi HIESa ekuazioa heriotza-zigor bilakatu zen, baina egungo egoera ez da larregi aldatu. Espetxe barruan GIBarekin bizi diren pertsonen kopurua % 17 inguru dela pentsatzen da, gure inguruko sektore “ongileak” hainbeste larritzen omen dituen Afrikako herrialde batzuetakoa baino handiagoa, sektore horiei gertuago daukaten egoera krudel horrek inolako kezkarik sortzen ez badie ere. Garrantzi handikoa da osasun sistema kohesionatzeko legea bete dadila eskatzen jarraitzea, preso dauden pertsonak berariazko artapena jasotzerakoan desberdintasun egoeran geratu ez daitezen, beharrezkoa da espetxeak gobernu autonomikoei transferitzea eta hauek artapenerako baliabide gehiagorekin gizarteko sektore hau hornitzea, presoek hainbat prestazio (Laguntzako Pentsioak edota Gizarteratzeko Gutxieneko Diru-Sarrerak, esate baterako) jasotzen jarraitu dezaten.
Pertsona seropositiboen edota seropositiboak izan daitezkeenen bazterkeria ezin izan da desagerrarazi, bereziki, zaurgarrien diren taldeen kasuan: prostituzioan aritzen diren pertsonak, homosexualak, drogen erabiltzaileak, transexualak, presoak, etorkinak, txirotasunaren atalase mailaren azpitik dauden pertsonak edota emakumeak. Beharrezkoa da esfortzuak biderkatzea GIBarekin bizi diren pertsonek jasaten duten gizarte eta lan bazterkeria ezabarazteko.
Garrantzitsua da ikerketan baliabide publiko gehiago inbertitzea, bai tratamendu berriei dagokienez, bai txertoa bilatzeko, alderdi politiko guztiei eskatzea autonomia eta udal hauteskundeetako programetan HIESaren kontrako herri mugimenduaren aldarrikapenak bere egin ditzatela, baita GIB-HIESaren kontrako borrokan Estatu hitzarmen handi batean Administrazio Publiko guztiak, komunitate zientifikoa, komunikabideak eta gizarte zibila biltzea ere.
GIB-HIESaren kontrako herri mugimenduak eta militanteek administrazioek betetzen ez dituzten zerbitzuak kudeatzen jarraitu dezakegu, prebentzio eta sentsibilizazio kanpainak egiten jarraitu dezakegu, nahiz eta baliabideak baino gehiago irudimena eduki, baina ez dugu ahazten borrokak giza eskubideen eta gizartea kontzientziatzearen aldekoa izaten jarraitzen duela, osasuna modu orokorrean sustatzeko zerbitzu gehiago eta hobeak bermatuko dituzten beharrezko aldaketa politikoak lortzearren.
No comments:
Post a Comment