- Hiesari zitzaion beldurra galtzen ari dela ohartarazi du Inclanek
- Herritarrek, eta batez ere gizon homosexualek, sexu jarduera seguruak alboratzen dituztela dio
- Berria, 2006-11-28 # Asier Iturriagaetxebarria, Bilbo
Gizartean hiesaz kutsatzeko beldurra gutxitu egin dela ohartarazi du Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Zehaztu duenez, herritarrek ondo dakite zein diren arriskua duten sexu jarduerak, baina beraiei ez zaiela ezer gertatuko sinetsita daude. Eta preserbatiboa erabiltzeari behar baino gehiagotan muzin egiten diote.
Hiesa duten pertsonen errealitatea «heterogeneoa» den arren, estereotipoek oraindik ere bizirik irauten dutela azaldu du Inclanek. Izan ere, gizon eta emakume heterosexualek pentsatzen dute GIB birusaz kutsatzea ez dela beren kontua. «Hiesa ez da droga hartzaileen, eta beraz, baztertutako kolektiboen gaixotasuna, baina pertsona asko ez da gai errealitate hori onartzeko». Inclanek zehaztu duenez, fenomeno hori ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen; mendebaldeko gizartean jazotzen ari den zerbait da.
Egoera hori «oraindik eta larriagoa» da gizon homosexualen kasuan. Gizonezkoen %6 inguru dira homosexualak, baina kutsatu berriak %25. Osasun sailburuaren hitzetan, hainbat arrazoik eragin dute kolektibo horrek sexu jarduera seguruak albo batera uzteko: asteburuetako drogak (metanfetaminak...), bikotekide ezezagunekin egotea edo sexua taldean egitea, preserbatiboa erabiltzeaz aspertzea, tratamenduetan konfiantza izatea, eta Internet erabiltzea bikotekidea bilatzeko.
Beraz, norbanakoak aukeratzen du gehienetan sexu jarduera seguruak albo batera uztea, baina Inclanek ohartarazi du aspaldian bestelako arrazoiak ere izaten direla. «Gizarteko testuinguruak garrantzia handia izaten du batzuetan: alternatibarik ez izatea, pobrezia, ahulezia... sexu jarduera seguruak izateko oztopoak izaten dira batzuetan».
Kanpaina berritzailea
Sexu jarduera seguruak behar baino gehiago alboratu arren, aurten 150 gaixo berri inguru izango dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; iaz antzeko kopurua izan zen. Dena dela, eta egoera hartzen ari den kutsua ikusita, preserbatiboaren erabilera sustatzeko kanpaina berritzailea egingo du Osasun Sailak. Lehen aldiz gizon homosexual bi agertuko dira kanpainaren argazkian. «Homosexualen elkarteak kezkatuta zeuden herritarrak sexu jarduera seguruak baztertzen ari direlako, eta horregatik erabaki dugu izaera horretako kanpaina egitea».
Hiesdunen diskriminazioa
GIB birusa dutenek pairatzen duten «diskriminazioari» aurre egiteko administrazioei laguntza eskatu die Harri-beltza hiesaren aurkako Gipuzkoako elkarteko kide Joseba Rekaldek. Zientziaren aurrerapenek gaixoei «bizitza normaltzen saiatzeko aukera» eman arren, hiesari «gizarte ikuspegia» emateko unea dela esan du Joseba Rekaldek.
Baionan 680 GIB kasu artatzen dituzte
Azken urteotan gora egin du GIB birusa dutenen kopuruak. Orotara 680 pertsona artatzen dituzte Baionako erietxean. Azterketak anonimotasunean egiten dira, eta ez dago jakiterik jendeen jatorria eta eritasunaren bilakaera eskualdeka. Baionako erietxeak kopuru ofizialak jakinarazi ditu aurten, lehen aldiz.
Zuberoa ez dago Baionako erietxeari loturik, eta Landetako hegoaldeko jendeak (Akitania, Frantzia) Baionako erietxera jotzen du, Celine Foucaud Euskal Herriko Aides taldeko kideak zehaztu duenez. Eritasuna zabaltzen ari da, bikote heterosexualen eta homosexualen artean. «Hedapena mugatzea lortu bagenuen ere, badirudi jendeak axolagabekeriaz diharduela orain. Larria da».
Aurten kolektibo bat osatu dute lehen aldiz hiesaren aurkako nazioarteko eguna prestatzeko. Ibilaldi bat eginen dute Baionako karriketan, eta eskoletako gazteek 680 ator berezi eramanen dituzte.
No comments:
Post a Comment