2006/11/25

> Erreportajea: Indarkeria > A-25: "NIK ERE BELDURRIK GABE BIZITZIKE ESKUBIDEA DAUKAT"

  • Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna
  • «Nik ere beldurrik gabe bizitzeko eskubidea daukat»
  • Gara, 2006-11-25

Adituek prebentzio neurrietan esku hartu behar dela diote, baina emakumeen aurkako indarkeria behin betikoz amaitu bitartean, biktimen segurtasuna eskatzen dute. Eskaintzen zaien baliabideetako bat erasotzailearen urruntze agindua da. Ezer gutxirako balio du, ordea, betetzen ote den edo ez zaintzen ez bada.

Emakumeei dei egiten diete tratu txar egoerak salatu eta neurriak har ditzaten, eta adibide garbia da gaurko egunean kasu, instituzioek duten mezua. Galdera zera da: Zein baliabide eskaintzen zaizkie emakume horiei beren segurtasuna bermatze aldera?

Ofelia Hernandez durangar emakumeak bi alditan salatu zuen senarra, eta urruntze agindua ere lortu zuen, baina alferrikakoa izan zitzaion, Felipe Ardantza bere senar ohiak eraso egin eta hil zuenean. Justiziak neurriak hartu ditu orain, eta 17 urteko espetxe zigorra ezarri dio.

Urruntze aginduak hausteak oihartzuna hartzen dute emakumeek bizia galtzen duten kasuetan. Baina, aginduok beteak izateak emakume hainbaten eguneroko bizitza baldintzatzen du. Horixe da, esaterako, ondorengo emakume honen kasua.

«Beldurrez ibiltzen naiz kalean, edozein unetan atzetik etorri eta min egingo ote didan». Elkarrizketa hau egiteko orduan bere izena eta bizilekua ere ezkutuan gordetzeko eskatu du emakume horrek, beldur baita bere erasotzaileak mendekua hartuko ote duen.

Indar handiak pilatu behar izan zituen urteetan jasandako izua gainditu eta bikotea salatzeko. Baina, egun batean, orain dela hilabete gutxi, erabaki sendoa hartu zuen, ez zuen ordura arteko egoera egun bakar bat gehiagoan jasateko ez indarrik ez gogorik.

Salaketa jarri eta erasotzaileari urruntze agindua ezarri zioten denbora laburrean; senarrak ezingo zuen 300 metrora bertaratu. Baina, lehen unetik ez duela bete gogora ekarri du. «Hasieran lasai utzi ninduen, baina berehala hasi zen agindua hausten».

«Begiratzeak ere beldurra»

Gogoan du oso salaketaren ostean erasotzailea ikusi zuen lehen aldia. «Oso urduri jarri nintzen, beldurra ematen zidan begiratzeak ere». Erasotzaileak berak duen jarrera ere nabarmendu nahi izan du: «Barre egiten du ikusten nauenean, berak badaki nik beldur izugarria diodala». Horregatik, epaiketaren egunean pentsatzen hasteak berak ere zirrara eragiten dio emakume horri. «Badaki begiradarekin berarekin beldurtzen nauela, eta ez dakit epaiketan indarrik izango ote dudan».

Azaldu duenez, tratu txarren kasuetan tartean haurrak izateak egoera are eta zailago egiten du. «Haurrek zeuk bezalaxe sufritzen dute», azaldu du, eta horrek ere salaketa jarri eta tratu txar egoerarekin apurtzen laguntzen duela nabarmendu du, halaber.

Behin salaketa jarri eta urruntze agindua lortu zuenean ere, haurrek sufritzen jarraitu zutela adierazi du, ordea. «Niri min gehiago egiteko bidea dira. Askotan aitarekin egon eta etxera etortzen zirenean hark esaten zituenak kontatzen zizkidaten, eta jasan ezina zitzaidan. Orain haurrek ez dute aita ikusten, ez dute ikusi nahi».

Erasotzailea beharrean biktima zaintzeko proposatzen diren neurriei dagokienez, ez ditu begi onez ikusten. «Zer izan behar dugu, pertsona bat egun guztiak atzetik? Zergatik aldatu behar dugu gure bizia guk?». Azken batean, bi eskaera baino ez dituela gogora ekarri du: «Nik ahazteko eta bakean uzteko eskatzen diot berari, eta, instituzioei nik bizitza normala egin ahal izatea bermatzeko. Azken batean, nik ere beldurrik gabe eta seguru bizitzeko eskubidea daukat». Berak eman zuen pausoa bide horretan, Euskal Herriko beste hainbat emakumeren gisara.

Acovidem elkarteko idazkari Sonia Frankoren esanetan ere, urruntze agindua poltsikoratzen duzun paper bat baino ez da, azken batean erasotzailea bertaratzen denean inolako babesik gabe egoten baitira emakume ugari. «Maiz salaketa jarri izanaz edota urruntze agindua eskatu izanaz ere damutu egiten dira, bikotearekin duten harremana gogortu eta babesik gabe ikusten baitute euren burua». Alde horretatik, emakumeei salatzen jarraitzeko deia egiten die, premiazko jotzen baitu, baina neurri berean oinarrizko irizten dio agintariek emakumeei eskaintzen zaizkien neurriak bete daitezen lan egin dezaten. «Gainerakoan alferrikakoa da».

Fernando Varga Perales abokatuak tratu txarrak jasan eta epai bidea hartu duen emakumeekin lan egin izan du maiz. Bere esanetan, Madrilen onartu zuten Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Lege Integralak tratu txarrak jasan dituzten emakumeen egoera hobetu egin du, «prozesu azkarragoak baitira». Bere esanetan, emakumeek ez dute jakiten nora jo, eta arlo horretan ere hobekuntzak izan dira.

«Biktimei zaintza poliziala»
Vargak zehaztu duenez, egun azkartasun gehiagorekin ezartzen den neurrietako bat erasotzailearen urruntze agindu da. «Baina, beste gai bat da neurri horiek eraginkorrak diren edo ez. Gure bulegoan dugun esperientziari erreparatuz, kasu askotan urruntze aginduak ez ditu errespetatzen erasotzaileak. Are gehiago, zenbait kasutan urruntze agindua beharrean biktimaren zaintza poliziala eskatzera ere iritsi gara», adierazi du. Horren gainean zera gaineratu du: «Emakumeentzako ez da batere erraza neurri hori hartzea, azken batean beren askatasuna mugatzen baitu, eta erasotzaileari, berriz, betiko bizimodua egiteko aukera ematen baitio».

Vargak azaldu duenez, genero indarkeriaren biktima diren emakumeek zigor prozesu luzeei aurre egin behar izaten die, eta zenbait kasutan, «etsipena» ere eragiten die, «batez ere urruntze aginduak hautsi eta beren segurtasuna arriskuan ikusten dutenean». Zentzu horretan lan egin behar dela adierazi du.

Legedia ahotan hartuta etorri da egunotan Olga Campos abokatu madrildarra Euskal Herrira. Burutu berri duen txostenak izenburu deigarria du oso: «Eskubideak errealitate egin».

Osatzen diren legeek ondorio onak izango lituzketela adierazi du, «baldin eta aurrera eramateko bitarteko pertsonal eta ekonomikoak jarri izan balira». Alde horretatik, urruntze aginduei dagokienez, bitartekoen gabezia ere aipatu du abokatu madrildarrak. «Neurri horiek ezartzen dira emakumeak epaia itxaron bitartean eta baldin eta egoera arriskutsuan dagoela uste bada. Nola babestu arriskutik erasotzaileak edozein unetan agindua hautsi badezake?».

Era berean, Camposi ulergaitza zaio epaiketetan gertatzen dena. «Nola da posible urruntze agindua duen emakume batek bere erasotzailearen aurrean deklaratu beharra. Maiz erabat baldintzatzen ditu emakumeak ematen dituen datuak, urduri jartzen da eta ez da xehetasunak gogoratzeko gai. Ondoren epaileak erasotzailea aske utz dezake, emakumeak bere testigantzan kontraesanak izan dituela argudiatuta», azaldu du. Alde horretatik, genero indarkeriaren biktimekin lan egiten duten pertsonak prestatuak egon behar direla nabarmendu du, eta emakumeen hitza zalantzan jartzeko dagoen joerarekin amaitzeko premia aipatu du. «Emakume hainbati erasoak salatu dituztenean horiek frogatzen ez badira erasotzaileak neurriak har ditzakeela gogorarazi diote. Zein beste kasutan gertatzen da hori?», azaldu du.

Abokatuak adierazi duenez, eskumuturrekoak soluzio bat izan daitezke, hala erasotzailea biktimarengana bertaratzean abisu emango bailuke, baina horretarako ere eskura daudenak baina errekurtso gehiago behar dira. «Ezin da ezer lortu lege ponposo bat egin baina ondoren bertan zehazten diren neurriak betetzeko modurik ez bada».

Estatu frantsesean Zarkozy Zirkular izenekoak emakumeen aurkako indarkeria kasuen gainekoak arautu zituen 2005eko lehenetik. Maider Etxoan Bortizkeria Sexisten Kontrako Kolektiboko kidea da. Oraindik ere legearen aplikatzeak ondo aztertzeko modurik ez dutela izan adierazi badu ere, legean bertan ezartzen direnak betetzeko mekanismoak ez direla zehazten argitu du. Gainera, legean nahiko neurri arinak hartzen direla nabarmendu du.

Testigantza guztiek argi uzten dute emakumeen aurkako indarkeria kasuei aurre egiteko eskaintzen diren baliabideek eraginkortasunik ez dutela.

Hala ere, neurriak neurri, eta kasuan kasuko egoerei aurre egiteko premia bada ere, adituak prebentzioaz mintzatzen dira, eta tratu txarren oinarrian dagoen gizarte patriarkala errotik aldatzeko neurriak hartzea da, euren ustez, premiazkoena.

Haurrak, tratu txarren zeharkako kaltetuak
Asier Bilbao psikologoak haurrekin ere egiten du lan, eta bere kontsultan hartu izan ditu tratu txarren testigu izan diren gazteak. Bere esanetan, haiek jasaten dituzten kalteak indarkeriaren nolakotasunaren, haurraren adinaren eta beste hainbat faktoreren araberakoak dira. «Hiru urtez azpitik genero indarkeriaren testigu izan dena asko beldurtu daiteke, adibidez, aitak amari jo diola ikustean, eta agian ez du modu berean beldurtuko ama iraintzen badu», nabarmendu du Bilbaok.

Eraginik handiena nerabezaro aurrean edota nerabezaroan dauden gazteek izaten dute, zortzi-bederatzi urtetik aurrerakoek: «Gainera, urteetan izaten den indarkerian haurrak ere erasotuak izaten dira maiz», azaldu du.

Emakumeen aurkako indarkeria etxean ikusi duten haurren jarrerari dagokionez, hainbat ondorio izan ditzakeela adierazi du. «Haur batek ikusten badu aitak nahi duena lortzen duela, mahaian kolpe bat emanez edota ama iraindu edota jotzen, hau da, hitza erabili beharrean indarra erabiltzen duela nahi duena lortzeko, bada, jarrera hori hartuko du», adierazi du.

Maila kognitiboan ere espero dena baino maila baxuagoa izan ohi dutela azaldu du. Hala ere, bereizketa egin du neskato edota mutikoen artean. «Mutikoek oro har jarrera oposizionalistagoak eta agresiboagoak izan ohi dituzte eta hotzagoak izan ohi dira gainerako haurrekin», azaldu du. Neskatoen kasuan, berriz, barruratzaileagoak izan ohi direla adierazi du, «bakartzeko joera handiagoa dute».

Haurrak erabili
Oro har bikoteen arteko liskarretan haurrak erabiltzeko joera dagoela adierazi du, eta tratu txar kasuak ez dira salbuespen.

Bilbaoren esanetan, erasotzaileak maiz erabiltzen du inguruko jendea biktimarengana iristeko, «mehatxatzeko edota damututa dagoela adierazi eta beste aukera bat eskatzeko», eta haurrekin gauza bera egiten du.

Bere esanetan, maiz haurrek helduenak diren ideiak eta hitzak transmititzen dituzte, esaterako, urruntze agindua dagoenean. «Kasu horietan komenigarria da bisitak elkartze puntu batean egitea eta bertan aditu bat izatea nolabait kontrola dezan haurrari zer esaten zaion».

Fernando Varga abokatuak ere ahotan hartu ditu elkartze puntuak. Haietan psikologoena eta langile sozialena ez ezik, laguntza juridikoa jasotzea ere oinarrizko jotzen du; «bertan izan daitezkeen arazoei aurre egiteko». Era berean, elkartze puntuak instituzio publikoek bultzatutakoak behar lukete izan, bere esanetan. «Emakumeek kexu asko agertzen dituzte elkartze puntuetan izaten diren arazoez, eta hori ere konpondu beharreko puntua da, ezin da biktimarentzat sufrikarioa izan», gaineratu du.

No comments: