2006/11/20

> Iritzia: Josebe Egia > ERREBELATZEAREN BEHARRA

  • Errebelatzearen beharra
  • Gara, 2006-11-20 # Josebe Egia
«Gauak bere atea irekitzen dizu buruan irribarre, maite zaitut edo laztan baten zain. Gorrotoz beteriko begiradak gris bihurtzen du zure logela. Dagoeneko ez daukazu bere berotasunik, alkohola da bere zaporea. Erreprotxeekin hasi eta irain eta gutxiespenekin jarraitzen du».

Une bat besterik ez. Baina halako milaka unez betetako egunerokotasuna pairatzen du emakume askok. Egun batean ezagutu eta maitatu zuten pertsona erasotzaile bihurtu zaie pixkanaka.


Eta eurak erasotzailearen bizitzeko arrazoi. Boteretsu sentiaraziko dituena euren bizitzako esparru bakarren batean sikiera. Eta hor dena menperatu nahi dute, bestearen bizitza eta izaera kontrolatu nahian indarkeria darabilte. Zenbat eta ondokoa ahulago bilakarazi, orduan eta indartsuago eurak. Eraso objekturik gabe ez baitago erasotzailerik eta, beraz, ez kontrolik ezta botererik ere.

Ondotxo daki hori emakumea erailda bere buruaz beste egiten duenak. Ez du erruduntasun sentimendurik, ez eta kartzelara joateko beldurrik. Denbora askoan eduki duen kontrol sentsazioa galtzean, bere zentroa izan dena desagertzean ­botere egarria ase dien emakume baten menderatze erabatekoa, alegia­ zentzurik gabekoa bihurtzen zaie existentzia.

«Dagoeneko ez dakit emakumea naizen edo kakaren hurrengoa. Zentzugabekerian murgildua, bere beldurraren, zeloen eta porro- taren biktima hutsa. Besaulkian txikituta, aurpegia tristuraz baino zerbait gehiagoz handituta».

Ez da kasualitatea ia beti biktima emakumea izatea. Izan ere, kulturalki eta sozialki gure identitatearen barne dago ahulezia. Hori dela eta, forma ezberdinak hartzen dituen menekotasunean bizi gara oraindik. Ahula ezereztatzea askoz errazagoa da.

Are gehiago familiaren pisua emakumeak eraman izan duenean betidanik. Arrakasta edukitzea emakumearen erantzukizuna izan denean. Orain askatasun handiagoa daukagula dirudi: etxetik kanpo lan egiten dugu, gauez parrandan ateratzen gara lagunekin, bizitza publikoan gaude... Baina famili eredu bakarra irentsita daukagu, jendarteak zuzena eta fundamentuzkoa dela esaten duen hori, non batik bat emakumeok jarraitu behar dugun arrakasta lortzen, beste guztiaren gainetik saiatzen eta saiatzen.

Horren porrotaren aurrean emakumeok sentitzen dugun beldurra eta frustrazioa gizonek senti dezaketena baino askoz bortitzagoa da. Edozer jasaten segitzeko tresna oso eraginkorra. Ahuldu egiten gaituena eta bikote harreman horretan biktima izateari uzteko premia eta adorea desagerrarazten duena.

«Ai Dolores, makiladak zure bizkarrean, tortura zure ariman. Ai Dolores, jendartearen isiltasunean galduta».


EAEn 3.300 baino emakume gehiago bizi da Ertzaintzaren babespean. Indarkeria jasan ondoren eta berriro gertatzeko arriskua dagoenean hartzen den neurri poliziala. Eta ez beti, noski, diru nahikorik ez dagoelako kasu guztiei behar den bezala erantzuna emateko.


Gure helburua emakumeenganako indarkeria amaitzea bada, konponbideak beste alde batetik etorri beharko du baina. Arazoaren erroari aurrez aurre begiratu eta jendarte guztiaren konpromisoa lortu eraso txikienetik hasita halako jokabideak dituztenei gure gaitzespen irmoa adierazteko. Hasteko.


Ez eraildakoak ditugunean soilik, baizik eta egunerokotasunean izaten diren eraso guztien aurrean. Norbanakoak aukeratuko duen jarrera erabakitzea ezinbestekoa da, hala nola jendartearena masa bezala: erakundeena, epaileena...


«Baina dena ondo joateko garaia iritsi da, aske zarela sentitu eta zu zarenaz gozatu, jendarteak harrapaturik zauzkan kateak apurtuz».


Edozein zapalkuntzatatik askatzeko, zapalduak garen kontzientzia hartzea da lehendabizikoa. Emakumeak kontzientzia hori bereganatzen duenean, bere identitate eta duintasunaren jabe egiten denean uzten dio ezereztatua izateari, erasotzailea garaituz.

«Azkenik istorio hau bukatu zen. Doloresek Askatasuna izena hartu zuen bere bizitza txikitu zuen kabroia baztertuz».

Errealitateko istorioak, ordea, ez dira bukatzen. Esan bezala, kontzientzia hartzea da lehenengo urratsa, hori gabe ez baitago baliozko konponbiderik. Ondoren, gehiago etorriko dira.

Baina zein urrats halako konponbideak bilatu behar izaten ez jarraitzeko? Arazo soziala den neurrian, zure erantzukizuna ere badelako, hausnartu dezagun honen inguruan. Bai datorren zapatuan eta baita egunero ere.


«Ai Dolores, makiladak zure bizkarrean, tortura zure ariman. Ai Dolores, jendartearen isiltasunean galduta» (Hitzak: Reincidentes, moldatuta).

No comments: