- 'Eman bostekoa', bullyinga prebenitzen saiatzeko material ikus-entzunezkoa
- Hiru film labur eta unitate didaktiko bat biltzen ditu ikasgelan erabiltzeko lanabesak
- El Diario Vasco, 2006-11-09 # N.A., DV, Donostia
Azken garaiotan hedabideetan aparteko tartea badu ere, bullyinga ez da inondik ere berria, eta atzo Donostian aurkeztu zen proiektuari ere ezin zaio «oportunismorik» egotzi, argitaletxeko ordezkari Iñaki Aldekoak azaldu zuenez aspaldi gerturatu baitzitzaien Nuria Ruiz Cabestany zinemagilea prebentziora bideratutako proiektuarekin. Errealizazioaz ez ezik gidoiaz ere arduratu den Ruiz Cabestanyk Javier Monzón irakaslea izan du lagun proiektua garatzeko eta gauzatzeko orduan. «Eskolan, toki bizia denez, era askotako gatazkak daude, eta denak ez dira berez txarrak. Bullyinga gatazka guztien arteko bat da, ezaugarri bereziak ditu eta prebentziorako, gatazka jakin horri aurre egin ahal izateko, oso garrantzitsua da identifikatzen jakitea», argitu zuen Monzonek.
DVDan bi film labur jaso dira. Mutilen eta nesken artean bullyingak ezaugarri desberdinak izan ohi dituenez, mutiko bat da baten protagonista, eta neska bat bestearena. «Mutilen kasuan bortitzagoa izan ohi da -zehaztu zuen Ruiz Cabestanyk- maizago gertatzen dira eraso fisikoak. Nesken artean, nahiz eta hasi diren bortizkeria bereganatzen, psikologikoa izaten da gehienbat, antzematen zailagoa». Jazarpen mota biak azaltzen dira Daniel eta Eleneren istorioak kontatzen dituzten filmetan. DVDaren hirugarren osagaia filmak nola egin ziren erakusten duen «making off» delakoa da. Atal horretan protagonistek euren pertsonaiei buruz dituzten iritziak eta sentsazioak kontatzen dituzte, eta ezinbesteko tresna da programa bete eta ikasleen artean eztabaida zabaltzeko.
Lanerako ez dira aktore profesionalak hautatu, gazte arruntak baizik. Horiek lan berrirako prestatzeaz Julia Hernandez arduratu da. «Filmetan oso erraz ikusten da zer gertatzen den, eta onak dira bullyinga zer den jakiteko», esan zuen, aktoreei «pertsonaien portaerak onartzea eta han gertatzen zena fikzioa zela ulertzea» asko kostatu zitzaiela azalduz.
No comments:
Post a Comment