2006/11/07

> Erreportajea: Hezkuntza > ZEIN ZAILA DEN

  • Zein zaila den
  • Eskolan jasotzen duten sexu heziketa ez dela nahikoa diote 12 eta 16 urteko nerabeek
  • Berria, 2006-11-07 # Agurtzane Ormatza Imaz

Sexu heziketari buruz Bilboko Euskalduna jauregian izandako jardunaldi batzuetan egon nintzen iragan asteburuan. 6, 12 eta 16 urteko ikasleen artean egindako ikerketa baten emaitzak abiapuntutzat hartuta, eskoletan ematen den sexu heziketa aztertu genuen jardunaldi haietan. Garbi ikusi genuen ematen den heziketa ez dela nahikoa.

EHGAM (Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimendua), Bizigay eta Queer ekintza taldeek bultzatutakoa zen ikerketa. 400 inkesta egin zituzten, Bilboko ikastetxe publiko eta pribatuetan. Laikoak eta erlijiosoak ziren ikastetxeak. Horri esker, sexu heziketari buruzko puzzlea osatu ahal izan genuen.


Hauek dira ikerketaren emaitza eta datu esanguratsuenak:

6 urteko neska-mutilek hobeto ezagutzen dute zakila bagina baino.

6 urteko umeek ez dituzte ezagutzen tradizionalak ez diren familia ereduak.

Antisorgailuen inguruan informazio ugari eduki arren, erabiltzeko momentuan zalantza ugari dituzte 12 eta 16 urteko gazteek

Sexualitateari dagozkion eremuetan -komunikazioa, gorputzaren autoestimua...- alde nabarmena dago 12 eta 16 urteko nesken eta mutilen artean.

Hasieran sexuari buruzko informazio iturri nagusia familia bazen ere, urteak pasatu ahala, lagunen konplizitatea ezinbestekoa dela aitortzen dute 12 eta 16 urteko gazteek.

Eskoletan emandako sexu heziketa ez dela nahikoa eta heziketa hori nahiko berandu jaso dutela iritzi diote 12 eta 16 urteko nerabeek.

Aspalditik genuen ustea baieztatzeko balio izan du ikerketak; oraindik asko dagoela egiteko ikusteko. Dena den, badira azpimarratzea merezi duten gauzak. Esanguratsua da ikerketan 6 urteko haurrek parte hartu izana. Izan ere, orain arte sexu heziketari lotutako programak nerabezarora mugatzen ziren.

Garbi geratu da, bestalde, sexu heziketa ez dela genitalen erabilerara mugatu behar. Hori baino gehiago egin behar da. Sexualak, sexudunak eta erotikoak diren heinean, neskatoen eta mutikoen heziketa behar dugu, sexuen heziketa. Norbere baliabide, beldur, lotsa eta plazeretatik abiatuz, besteekin ulertzeko bidea egin behar da. Hori da dugun erronka nagusia.
Espero bezala, ikerketan argi ikusi da haur eta gazteei ematen zaien informazioa ez dela nahi-koa. Bizitzako beste alorretan gertatzen den moduan, gauza bat da terminoak ezagutzea eta bestea kontzeptu horiek praktikan jartzea. Izan ere, gure jarrerak, pasioak, kontraesanek eta abarrek sekulako eragina dute. Horiexek ezagutzea da gure zeregina. Horretan denek dugu zeresana: komunikabideek, familiek, erakunde publikoek, irakasleek, sexu hezitzaileek eta, nola ez, gazteek. Gainera, informazio hori emate-ko garaia zein den zehaztu behar da.


Makina bat komunikabide izan zen jardunaldietan. Alde batetik, izugarri pozten gara, baina, bestetik, garbi dago komunikabideek eta zientzialariek ez dugula elkar ulertzen. Dena azaltzeko astirik ez izateak eta albisteak behar izateak ez du horretan batere laguntzen. Komunikabideek sexualitateari buruz duten grina aseezina da, eta datu deigarriei heltzen diete. Horrek sexualitateari buruzko azalpen sakona saihesten du. Adituok , gainera, ez dakigu zurrunbilo horretatik ihes egiten. Zabaldu nahi dugun mezua ez da heltzen jendearengana, eta eztabaida betiko kontuetara mugatzen da.

Aurrekoan Kalaka saioan egon nintzen (ETB1). Ez da plaza erraza: fokuak, jendea aurrean eta atzean... Batzuk besteak baino ohituagoak daude horretarako. Ni oso urduri egon nintzen. Kalaka-n ere garbi geratu ziren komunikabideen eta adituen arteko desberdintasunak. Alde batetik, adituoi (edota solaskideoi) zaila egiten zaigu telebistak eskatzen duen erritmora egokitzea. Gehienetan, erantzunak ez dira baiezkoak ala ezezkoak; testuinguru bat dute, jatorri bat. Beharbada, denbora gehiegi behar dugu hori dena azaltzeko. Oso zaila da hain gai sakonen inguruko iritziak bi hitzetan azaltzea.

Bestalde, eskertuko nuke gai labainkorrei heltzeko beste modu batzuk garatzea. Pena da egunkarietako tituluetan geratzea. Are gehiago gai horietan sakontzea denen onerako izanda.

Batzuetan gertatzen da, aurrekoan moduan, han batu ginenak ados geundela hainbat gaitan. Desberdintasunak bazeuden gure artean, baina horiek albo batera utzi behar dira. Adostasuna bultzatu beharreko altxorra dela uste dut. Ziurrenik, adostasunera heltzeko eztabaida sortzeak ez du ikusle kopurua igoko. Baina, nire ustez, telebista publikoaren zeregina hori da: iritzi desberdinak dituen jendea entzutea eta elkar ulertzea bultzatzea.

Gizartean hori bultzatu behar da: bikotekideen artean, enpresen artean, familien eta lagunen artean... Baina iruditzen zait komunikabideentzat nahiko aspergarria dela. Dena den, guztion zeregina da gazteen artean sexu heziketa egokia egitea.

No comments: