2009/10/29

> Berria: Homofobia > SIZZLA KANTARIA BUM JAIALDITIK KANPO UTZI DUTE ALDUNDIAK ETA ANTOLATZAILEEK

  • Sizzla kantaria BUM jaialditik kanpo utzi dute Aldundiak eta antolatzaileek
  • Bilboko kontzertua mantentzea erabaki du musikari jamaikarrak, eta EHGAMek boikota egiteko deia berretsi du
  • Berria, 2009-10-29 # Erredakzioa . Bilbo
BUM jaialdiaren antolatzaileen eta babesleen sostengurik ez izanagatik, Bilboko kontzertuarekin aurrera egitea erabaki du Sizzlak. Santana 27 aretoan joko du gaur, BUM jaialdiaren egitarautik kanpo bada ere. Hala erabaki du artistak berak. Musikari jamaikarraren abestien letrak homofoboak direla salatuta, boikoterako deia egin zuen EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak, eta salaketa aintzat hartuta, Sizzlaren emanaldia festibaletik kanpo uztea erabaki du Radiation enpresa antolatzaileak.

Bizkaiko Foru Aldundiak oharra igorri zuen atzo hedabideetara kontzertu horrekin zeukan lotura bertan behera utzi duela argitzeko. «Radiation enpresako eta EHGAMeko ordezkariekin bildu ostean hartu dugu erabakia, musikariaren abestien letrek homofobia hauspotzen dutela ikusita», adierazi du Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak. BUM jaialdiaren antolatzaileekin hitzartutako diru laguntza, nolanahi ere, mantendu egingo duela azaldu du Aldundiak. Sizzlak, alabaina, Bilbon gaur ematekoa den kontzertua mantentzea erabaki du, eta EHGAMek, horrenbestez, aretoaren aurrean kontzertuaren aurretik elkarretaratzeko deia egin du.

2005eko uztailean Ziburun (Lapurdi) Sizzla ematekoa zen kontzertua bertan behera utzi zuten antolatzaileek, haren abestien letrek ziotenaz ohartu ondoren. 2007an, baina, Zornotzako (Bizkaia) Belarreggae jaialdian izan zen reggae musikaria.

2009/10/28

> Berria: Erakusketa > HISTORIA SO, FANZINE SORTA ZAHARRARI BEGIRA

  • Historiari so, fanzine sorta zaharrari begira
  • Gasteizko Antso Jakituna Fundazioak duen fanzine bildumatik 200 paratu dituzte erakusketan
  • Berria, 2009-10-28 # Anakoz Amenabar . Gasteiz
Moztu, itsatsi, kopiatu eta banatu. Ekoizpen bide erraza eta merkea zuten fanzineek, estetika originala eta desberdina, kaotikoa zenbaitetan. Gazteek gazteentzako eginak, euren behar eta mezuak zabaltzeko sortutako argitalpenak webguneek ordezkatu dituzte, baina badira oraindik ondo gordetako altxorrak. Gasteizko Antso Jakituna liburutegiak 1970az geroko fanzineen erakusketa prestatu du.

Duela urte batzuk fanzineek ez zuten lekurik liburutegietan, ez ziren informazio iturri «serioa» historialarientzat, eta ez zituzten gordetzen. Gaur egun, ordea, gutxik jarriko dute zalantzan historia behar bezala aztertzeko ezinbesteko informazio iturri direla. Antso Jakituna liburutegian, apurka-apurka, 500 fanzine inguru bildu dituzte, eta horietatik 200 hautatu dituzte aurkeztu berri duten erakusketarako, denak Euskal Herrian sortutakoak.

1970eko hamarkadan esanguratsu izan ziren Panpina ustela, Gay hotsa, Euskadi Sioux eta Pott aurki daitezke, besteren artean. Gai jakinetan espezializatutako fanzineak, zineman edo musikan, esaterako, edo gizarte gaiak jorratzen dituztenak ere bildu dituzte. «Zama politiko handia zuten garaikoek. Frankismoaren kontrakoek, esaterako, bertan aurkitu zuten bidea», aipatu du erakusketako antolatzaile Txaro Martinezek. Gehienek bi edo hiru urte irauten zuten. «Euskal Herriaren beste ikuspegi bat ematen zutela da garrantzitsua».

1980ko hamarkadan entzutetsu egin ziren Tmeo, Burp! eta La Comictiva, izen handiko egileen eskutik. Mauro Entrialgo, Alex de la Iglesia, Mikel Valverde, Simonides eta Bernardo Atxaga aritu ziren, beste batzuen artean. «Fanzine bat aipatzekotan, Gasteizen sortutako Resiste esango nuke, 1998ra arte izandakoa. Bahitu egin zuten lehenengo alea, Amedo komisarioa GAL aferarekin lotzeagatik», gogorarazi du Martinezek.

Fanzine egileek eurek aipatu bezala, banaketa izaten zen oztopo nagusia. Ekoizteko ez zen diru askorik behar izaten, baina banaketa izaten zen buruhaustea. 1990eko hamarkadan behera egin zuen nabarmen fanzine kopuruak. Internetek lekua hartu, eta papera eta banaketa gastuak aurrezten hasi ziren. Bob Dylani eskainitako Fanzimmer eta El Karma dira horren adibide.

Bilduma osatzear
Fanzine bilduma zabala du Antso Jakituna Fundazioak, baina oraindik ere gehiago jasotzeko prest daude. Gehienak irakurri ostean desagertu ziren, eta ale gutxi batzuk baino ez dira geratzen. «Zaila izaten da halakoak topatzea, normalean gazteek gazteentzat egiten zituztelako, eta denbora gutxian desagertu, horregatik ongi etorriak dira guztiak».

Erakusketa urte amaiera arte izango da Antso Jakitunak Betoñun (Gasteiz) duen egoitzan. Erakusketarekin batera, Mikel eta Juan Luis Diaz de Corcuerak prestatutako katalogoa argitaratu dute.

> Berria: Homofobia > SIZZLARI BOIKOT EGITERA DEITU DU EHGAMEK

  • Sizzlari boikot egitera deitu du EHGAMek
  • Berria, 2009-10-28
Sizzla musikari jamaikarrak kontzertua emango du bihar Bilboko Santana 27 aretoan, eta haren abestien letrak homofoboak direla salatuta, boikoterako deia egin du EHGAMek. Radiationek antolatuta, udalak eta Bizkaiko Aldundiak diruz lagunduriko Urban jaialdian joko du Sizzlak.

2009/10/25

> Berria: Elkartasuna > TANTAKA OSATZEN ARI DEN UHOLDEA

  • Tantaka osatzen ari den uholdea
  • Presoen eskubideen alde. Euskal presoen eta beren senideen eta lagunen eskubideak aldarrikatzeko Etxerat-ek abiatu duen 'Elkartasun uholdea' kanpainak 2.500 atxikimendu jaso ditu dagoeneko. Herritarren babesa eskatu dute sinatzaileek.
  • Berria, 2009-10-25 # Aitziber Laskibar . Bilbo
Bilboko Guggenheim inguruan etengabea da turisten joan-etorria udazkeneko egun sargorian. Guggenheim ez den beste leku batera ere zuzentzen dute begirada oraingoan. Geldi dagoen taldearengana. Handia da taldea. Zapi zuria dute lepoan askok. Txapela batek baino gehiagok. Adinean gora doazenak ugari dira. Gazteak ere dezente. «Zer dago hemen?», turisten kuriositatea. Euskal presoen eskubideen aldeko ekimena dela azaldu dio batek. Horien eskubideen defentsan osatzen ari den «elkartasun uholdea» aurkeztuko dutela. Etxeraten zapi zuria lepoan daraman emakumeak esku orriak banatzeari ekin dio. «Euskal presoak Euskal Herrira!» dioen orria irribarretsu hartu dute bisitariek.

Etxerat elkarteak presoen eta beren senideen eta lagunen babeserako prestatutako agiriari sinadura bidez atxikimendua emateaz gain, agerraldi jendetsuan egonda irudikatu dute elkartasuna hainbat eremutako pertsona ezagunek: ezker abertzaleko Arantza Urkaregik, Aralarreko Iñaki Aldekoak eta Alternatiba Eraikitzeneko Jonathan Martinezek, esaterako. Unai Iturriaga, Igor Elortza, Xabier Amuriza eta Iratxe Ibarra bertsolariak ere bertan egon dira. RIP, Hesian eta Bilbomatrix musika taldeetako kideak ere bai. Patxi Uribarren eta Martin Orbe apaizak. Elkartzeneko kideak, Gazte Independentistak, LABeko eta Bilgune Feministako ordezkariak, kirolariak...

Kazetarientzat prestatutako eserleku gehienak, ordea, hutsik geratu dira. Hiru komunikabideetako ordezkariak besterik ez dira joan presoen eta senideen eskubideen alde dagoeneko 2.500 eragile eta pertsonak osatutako «Elkartasun uholdearen» berri jasotzera.

Preso eta senideak azkenaldian pairatzen ari diren «kriminalizazioa» salatu dute Oihana Bartra bertsolariak eta Iñaki Olano kazetariak, Etxerat bera legez kanporatzeko eskaera egina dagoela ohartarazita. «Eraso horiek presoek pairatzen duten eskubide urraketa etengabeari inpunitatea ematea besterik ez dute bilatzen». Eta aldarria «kriminalizatzea» elkartasunaren zergatiak «ezkutatzea» dela adierazi dute.

Baina senideek espetxe politikaren ondorioen berri emateko zilegitasun osoa dutela defendatu dute. Elkartasuna adierazi diote hargatik Etxerat-i, eta haren kontrako «mehatxuak» bertan behera uzteko eskatu dute. Presoen eta senideen eskubideen defentsan aritzeko ere eskatu diete herritarrei, hileko azken ostiralean egingo diren elkarretaratzean parte hartzeko dei berezia eginda. «Elkartasun uholdea» osatzeko idazkiari atxikimendua emateko aukera ere zabalik dago elkartasunauholdea.wordpress.com atarian.
  • Eragileen babesak
  • Sindikatuak: ELA, LAB, ESK, Eilas.
  • Eragile politikoak: Aralar, ezker abertzalea.
  • Gizarte eragileak. Komite Internazionalistak, Ezker Gogoa, Ahaztuak, Bilgune Feminista, Bai Euskal Herriari, Ehgam, Esait, EHBE, Salhaketa, Iratzarri, Gazte Independentistak, Apaiz Koordinadora (...).
  • Alfonso Sastreren gutuna
Lagun maiteok:

Zilegi bekit zuei hitzok helaraztea, hitz gutxi batzuk baino ez, zuen artean egon daitezen nire ordez, ni neu ezin bainaiz hor egon, zuekin; baina, besterik ezinean, bihotz-arimaz lagunduko zaituztet.

Maiz erabili ohi dut gogoetagai euskal historiaren oraindik oraingo alderdi hau: alegia, presoen senideak zigor lazgarria jasaten ari direla, ahaide kutunen gabezia ez ezik, gabezia horrek berekin dakarzkien distantzia handiak gainditu behar dituztelako; horrek biktima errugabe bihurtzen ditu -zaituzte-, edozein delituren biktima, eta, are, edozein erantzukizunen biktima.

Horrexegatik, ulergarri zait amnistia aldarri entzutetsuak -«Amnistia osoa!»- honako beste aldaera hau ekartzea hurrengo: «Presoak, etxera!»; esamolde horrek, gainera, esanahi bikoitza dauka, batetik, norbere herrialdea norbere etxetzat jotzen duelako, sinbolikoki, eta, bestetik, oraingo edo orduko norbere bizilekutzat jotzen duelako, zehazki. Preso dagoena, bere askatasunaz gabetua ez ezik, urrun baitago, bere herrialdetik eta bere bizilekutik urrunduta.

Zuetaz gogoeta egiten dudalarik, Antigona alegiazkoa datorkit etengabe akordura, tragedia greko bateko pertsonaia hura, orain dela 2.500 urtekoa. Hiltzeko -hilarazia izateko- zorian fortunatu zen emakume hura. Eta, zergatik? Bada, besterik gabe, militante politiko-militar baten arreba izateagatik; baina ez neba laguntzeagatik edo arriskuan eta perilean haren laguntzaile izateagatik, baizik eta neba hil ostean hura lurperatzen ahalegintzeagatik. Halako jokabideagatik, terrorista deritzotena izango litzateke gaur egun.

Egoera egiazkoak eta gaur egungoak dira, ez dira bakarrik euskal kasuak. Palestinan, esate baterako, abertzale palestinarren familien etxeak bonbardatzen ditu Israelgo armadak -zeina ez baitute terroristek osatzen, jakina, indar armatu agurgarriek baizik-. Senitarteko bat abertzale izatea da hango familien delitua.

Horrek guztiak, lagun maiteok, erro-errotik aldatu beharra dauka, eta horregatik ari gara borrokan egunero, nor bere ahalegintxoa eginez. Ni neuk ez daukat zalantza izpirik, euskal preso guztien askatasunak sine qua non baldintza behar du izan, egunen batean... bakea! ernatuko bada herri honetan. Eta bake horrek heldu beharra dauka.

Bihoazkizue nire agurrik senideartekoenak eta desirarik onenak.

> Berria: Elkartasuna > 2.500 ATXIKIMENDU ETXERAT ETA PRESOEN ESKUBIDEEN ALDE

  • 2.500 atxikimendu Etxerat eta presoen eskubideen alde
  • «Elkartasun uholdea» izeneko manifestuak dagoeneko 2.500 atxikimendu jaso dituela ezagutzera eman zuten atzo. Etxerat elkarteari babesa ematea eta euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea eskatzen duen idazkiari Euskal Herriko norbanako ugarik eta hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek agertu diote sostengua.
  • Gara, 2009-10-25 # Manex Altuna
Agerraldi masiboa egin zuten atzo eguerdian Bilbon, Etxerati eta euskal preso politikoei sostengua erakutsiz. Asteburutan turistaz beterik egoten den Guggenheim museoaren aurrean burutu zuten ekitaldia, eta hainbat bisitariren atentzioa bereganatu zuen sortutako mugimenduak. Izan ere, bertan egon ziren «Elkartasun uholdea» izeneko manifestuari atxikimendua adierazi dioten eragile eta norbanako ugari, preso politikoen senide eta lagunekin batera.

Kultura, politika, kirola, sindikalgintza eta gizarte mugimenduetako ordezkari andana izan zen egitasmoari babesa emanez. Besteak beste, bertan izan ziren ezker abertzaleko Arantza Urkaregi eta Jose Ramon Etxebarria, Aralarreko Rebeca Ubera eta Iñaki Aldekoa, Alternatibako kide Jonathan Martinez, LAB sindikatuko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide, Periko Solabarria militante historikoa edo gazte independentisten ordezkariak «Independentzia» lelodun kamiseta gorriekin.

Bilgune Feministako Izaskun Guarrotxena, Mati Iturralde medikua, ESAITeko kide eta futbolari ohi Ritxi Mendiguren, Elkartzeneko Aitor Balda eta Julen Arzuaga Behatokiko abokatua izan ziren beste aurpegi ezagun batzuk. Horiekin batera, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Xabier Amuriza, Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Beñat Gaztelumendi eta Iratxe Ibarra bertsolariak ere bertan izan ziren, baita Hesian, RIP edo Bilbomatiks taldeetako musikariak ere.

Ezagutzera eman zutenez, 2.500 atxikimendu jaso ditu jada manifestuak, baina oraindik ere elkartasunauholdea.wordpress.com atarian sinadura emateko aukera dago.

Azpimarratu zutenez, manifestuak izan duen zabalkundeak erakusten du «euskal presoen eta euren senide eta lagunen aurka jotzeak euskal jendartearen bihotzaren aurka bete-betean jotzea» suposatzen duela. Izan ere, senide eta lagunen mundua «anitza» dela eta «mota guztietako profesionalak» batzen dituela nabarmendu zuten.

Zilegitasun osoa
Oihana Bartra bertsolari santutxuarrak eta Iñaki Olano EITBko kazetariak irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz, Etxerat elkarteari babesa emateko eta presoen eskubideak errespetatzea eskatzeko prestatutako idazkia.

Adierazi zutenez, azkenaldian euskal preso politikoen senide eta lagunek pairatu dituzten erasoak «kezka handiz» bizi izan dituzte. Bidaietan jasan dituzten miaketa, kontrol edo mehatxuekin batera, udan zehar «kriminalizazio saiakera» nabarmena izan dela salatu zuten, polizia ezberdinek mobilizazioen aurka jo baitute «kolpe, karga, isun edo epaileen aurreko zitazioen bidez».

Etxeraten legez kanporatze eskaera izan dela azken kapitulua adierazi zuten eta beren aburuz «eraso hauek guztiek euskal presoek pairatzen duten eskubide urraketa etengabeari inpunitatea eskaintzea besterik ez dute bilatzen».

«Etxerat elkarteak zilegitasun osoa du bere senide eta lagunek dituzten eskubideen alde jarduteko eta gizarteari euskal presoek jasaten duten espetxe politikaren testigantza emateko», nabarmendu zuten.

Horregatik, presoen senide eta lagunen elkartearen kontrako «eraso eta mehatxuak bertan behera geratzea» eskatu zuten. Aldi berean, «presoen Euskal Herriratzea eta beren eskubideen errespetua» aldarrikatu zituzten. Ildo horretan, zigorra beteta duten kartzelaratuak eta larriki gaixorik dauden presoak askatzea exijitu zuten «bestelako jarrerak ez direlako konponbide politiko baterako lagungarri».

Azkenik, euskal jendarteari dei egin zioten urriko azken ostiralean Euskal Herriko herri eta auzoetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko.
  • Carta de Alfonso Sastre a Etxerat
Queridas amigas. Queridos amigos.

Permitidme tan sólo unas pocas palabras que van ahí sin mÍ, porque yo mismo no puedo estar presente, con vosotros, y sólo estoy en espíritu, de manera que mi corazón sí os acompaña.

Yo pienso con frecuencia en este aspecto de la reciente historia vasca: en el hecho de que las familias de los prisioneros sean objeto de ese castigo, que no es ya sólo la ausencia de los seres queridos sino además las grandes distancias de esa ausencia, que hace de ellas -de vosotros- víctimas inocentes no ya de cualquier delito sino incluso de cualquier responsabilidad.

Es por lo que comprendo que el ilustre grito de amnistía -Amnistía osoa!- tome a veces la forma inmediata de este otro: Presoak etxera!; voz que tiene, por otra parte, el doble significado que le da el que el país de uno sea «su casa» simbólicamente hablando y también, en un sentido concreto, «el domicilio» en el que uno vive (o vivía) y del que el prisionero, además de privado de su libertad, está lejano, «alejado», de su país y de su domicilio.

Siempre estoy recordando, cuando pienso en vosotros, el caso imaginario de "Antígona", aquel personaje de una tragedia griega de hace dos mil quinientos años; una mujer que se ve abocada a la muerte propia ¯a ser asesinada», ¿y ello por qué? Sencillamente: Por ser una hermana fiel de un militante político-militar, y ni siquiera porque lo acompañe o le ayude en sus riesgos y peligros sino porque, una vez muerto, ¡intenta enterrarlo! Eso hace de ella lo que hoy se llamaría «una terrorista».

Situaciones reales y de hoy se dan también, además de en el "caso vasco", por ejemplo en Palestina, donde el ejército israelí -que no está compuesto de terroristas, claro, sino de respetables "fuerzas armadas"- bombardea y destruye las casas... de las familias de los patriotas palestinos. El delito de esas familias es que alguien entre ellos es un patriota.

Todos esto, queridas amigas, queridos amigos, tiene que cambiar muy radicalmente y para eso luchamos cada uno con sus pequeñas fuerzas. Por mi parte, no tengo duda de que la libertad de todos los prisioneros vascos es una condición «sine qua non» para que un día por fin estalle... ¡la paz! en este pueblo. Y esa paz tiene que llegar.

Os envío mis más fraternales saludos con mis mejores deseos. Alfonso Sastre

2009/10/22

> Berria: Indarkeria > NAFARROA: SEXU ERASOAK IZAN DITUELA SALATU DU NESKA BATEK LIZARRAN

  • Sexu erasoak izan dituela salatu du neska batek Lizarran
  • Bikotekideari tratu txar psikologikoak emateagatik, 39 urteko gizonezko bat atxilotu dute Azkoienen
  • Berria, 2009-10-22 # Erredakzioa . Iruñea
Foruzaingoak 23 urteko gizonezko bat atxilotu du Lizarran (Nafarroa), sexu erasoa egin diolakoan adingabeko neska bati. Ustezko erasotzailea aurreko astelehenean atxilotu zuten. Foruzaingoak jakinarazi duenez, «gizonezkoak gutxienez bi aldiz eraso zion neskari». Antza denez, erasotzaileak eta biktimak aurretik ezagutzen zuten elkar. Noiz edo noiz elkartu ziren erasoa gertatu baino lehen. Nafarroako Gobernuaren arabera, «erasotzaileak bere bikotekide izateko desioa adierazi zion aurreko astean biktimari». Baina adingabeak ezezkoa erantzun zion. Jakinarazi dutenez, litekeena da ezezko erantzuna jasotzeagatik eraso izana.

Izan ere, ezezkoa jaso ondotik, ustez gizonezkoak neskari besotik heldu eta etxera eraman zuen, han eraso egiteko. Han, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, neskarekin bortxazko sexu harremana izan zuen. Hurrengo egunean, gertakari hori errepikatu egin zela jakinarazi dute iturri ofizialek, erasotzaileak eta biktimak kalean topo egin ostean. Bi egun horietan, adingabearen gurasoak kezkatuta ibili ziren; izan ere, alabarengan jarrera aldaketa sumatu zuten. Hala, adingabearen telefono deiak miatzen hasi ziren. Horren bitartez, besteak beste, alabak atxilotuari egindako telefono deiak aztertzen hasi ziren. Orduan konturatu ziren zer gertatzen ari zen, eta salaketa jarri zuten. 23 urteko akusatua epailearen esku dago egun.

Bestalde, Foruzaingoak 39 urteko gizonezko bat atxilotu du Azkoienen, genero indarkeriagatik. Foru Poliziak jakinarazi duenez, gizonezkoa epailearen eskuetan da, astelehenean emazteari tratu txar psikologikoak ematea eta mehatxu egitea egotzita. Biktimak astelehenean bertan jarri zuen salaketa, eta urruntze agindua ere eskatu zuen. Jakin denez, akusatuak genero indarkeriagatik aurrekariak dauzka.

Gizonezko bat, zigorturik
Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak Donostiako gizonezko bati urtebeteko kartzela zigorra ezarri dio, bikotekide ohiaren bikotekidea jipoitzeagatik. Epaiaren arabera, 2008ko maiatzaren 9an gertatu zen erasoa, 17:30ean. Biktima TAO Trafiko eta Aparkamenduaren Ordenamenduko langilea zen. Hala, Donostiako erdiguneko kale batean lanean ari zela, auto bat hurbildu zitzaion, eta handik, borra batekin hiltzeko mehatxu egin zion epaituak.

Akusatua mehatxua egin zuen tokitik joan eta minutu gutxira itzuli zen. Autotik jaitsi, eta biktima jotzen hasi zen. Epaiak dioenaren arabera, «makila batekin buruan eta hanketan jo zuen». Eraso horren ondorioz, TAOko langileak besoetan, ahoan, ezpainetan eta hortzetan zauriak izan zituen. Horren ondorioz, bost egun behar izan zituen guztiz osatzeko. Epaiketan, Fiskaltzak eskatutako zigorra ontzat eman du akusatuak. Hala, urtebeteko kartzela zigorra jaso du. Horrez gain, biktimari egindako lesioengatik, 3.500 euroko kalte-ordaina eman beharko dio.

2009/10/21

> Berria: Hiesa > HIESARI AURREA HARTZEKO "FUNTSEZKO ERREMINTA" BILAKATU DA PROBA AZKARRA

  • Hiesari aurrea hartzeko «funtsezko erreminta» bilakatu da proba azkarra
  • Berehalakoa, anonimoa eta doakoa, horrelakoa da hiesari aurrea hartzeko «funtsezko erreminta» bihurtu den proba azkarra. Minutu gutxitan burutzen den proba honek, besteren artean, infekzioaren transmisio arriskua ekiditea edota diagnostikoa ahalik eta azkarren lortzea ditu helburu.
  • Gara, 2009-10-21 # Zuriñe Etxeberrria
Orain dela hainbat urtetatik hona, Sidalava Arabako hiesaren kontrako batzordeak Giza Immunoeskasiaren Birusa (GIB) detektatzeko probak egiten ditu herritarren artean urriaren 20an. Helburua bikoitza da: birusaren egoera serologikoa ezagutzea eta transmisioaren arriskua ekiditea.

Orain dela bi urtetik dago Gasteizen hiesaren proba azkarra egiteko aukera; hain zuzen ere, San Frantzisko kaleko bigarren zenbakian, Sidalava batzordearen egoitzan. Proba egiteko lehendabizi ziztada txiki bat ematen zaio interesatuari, odol tantatxo bat hartzeko. Behin odol tanta hartuta, kartoi berezi batean jarri eta erreakzioa eragiten duen likido bat botatzen zaio. Emakumeek haurdun ote gauden jakiteko egiten ditugun proben oso antzekoa da.

Minutu batzuen buruan, emaitza izango dugu; proba egiteko erabilitako kartoian marra batzuk azalduko dira. Lehen marrak Giza Immunoeskasiaren Birusa dugula adieraziko luke; bigarrenak, berriz, proba bera baliozkotzat hartzeko balio du. Hau da, emaitza positiboa edo negatiboa izan, bigarren marra beti agertu behar da. Agertu ezean, proba ez da baliagarria izango eta prozesu osoa errepikatu beharko da.

Birusak positibo ematen duen bakoitzean Sidalavak protokolo bera jarraitzen du: Txagorritxuko ospitalearekin kontaktuan jarri eta bertara gerturatzen dira emaitza baieztatzeko. Berriz positibo emanez gero, tratamenduarekin hasi beharko litzateke. Emaitza positiboa denean, Arabako batzorde hau gaixoaren jarraipena egiten saiatzen da, etorkizunean izan ditzakeen beharretan laguntza emateko.

Batzordeko kide den Txerra Bolinagak azaldu zigunez, «probako emaitza negatiboa denean, %100ean da fidagarria; positiboa denean, ordea, %99an». Izan ere, Bolinagak adierazi zigunez, birusa dugun edo ez erabat ziurtatzeko denbora tarte bat beharrezkoa da -epe horri «leiho garaia» deitzen zaio-. Birusa hartu eta hiru hilabete pasa arte ezinezkoa da gaixotasuna detektatzea, «horrek suposatzen duen ezinegonarekin». Ezinegona GIBa dugun ez dakigulako eta, gainera, beste bati transmititu diezaiogulako.

Kasu gehiago azken urtean
Arabako hiesaren kontrako batzordean 80 pertsona inguruk egiten dute lan guztira; prebentzio arloan buru-belarri aritzen direnak, berriz, bost dira. Infekzio kopuruak izandako igoera dela-eta «kezkatuta» daude batzordean, izan ere, hiesaren prebentzio eta kontrolerako EAEko planeko datuen arabera, 2007tik 2008ra 173tik 199ra igo zen proban positibo emandako pertsona kopurua. Hori bai, baliteke horren arrazoia gero eta proba gehiago egiten direla izatea ere.

Aurtengo datuei dagokienez, urtarrila eta iraila bitartean 355 pertsona izan ziren Arabako batzordearen egoitzan informazio eske. Guztira 350 proba egin zituzten -bost kasutan praktika arriskutsurik ez zenez egon proba ez egitea erabaki zuten-, eta horietarik pertsona bakarrak eman zuen positibo. Proba egin zuten gehienak gizonak ziren, nahiz eta 143 emakume ere gerturatu ziren, baita beste bost emakume transexual ere. Proba egiteko arrazoi nagusia sexu harremanak izaterakoan preserbatiboa apurtzea edo hori ez erabiltzea izan zen. Proba egin zutenen erdia baino gehiago ziren gasteiztarrak.

Proba anonimoa, doakoa eta berehalakoa izatea oso baliagarria da gero eta jende gehiagok egin dezan. Eta noski, bide batez, birusa transmititzea ekiditeko.

2009/10/18

> Berria: Erakusketak > HOMOSEXUALITATEARI BURUZKO ERAKUSKETA EKARRI DU GEHITU ZUMAIARA

  • Homosexualitateari buruzko erakusketa ekarri du Gehituk Zumaiara
  • 16 gizonezko eta 15 emakume homosexualen biografiak jasotzen dira bertan Hezitzailea izateaz gain, erreferenteak ematea du helburu erakusketa honek
  • El Diario Vasco, 2009-10-18 # J.L. Romatet . Zumaia
“Emakume eta gizon homosexualak historian zehar” izeneko erakusketa zabalduko da bihar Foronda kultur etxean. 31 panelez osatutako erakusketa hau urriaren 31 bitartean ikusi ahal izango da kultur etxeko ohiko ordutegian: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 20;00etara, eta 9:30etik 13:30era larunbatetan.

16 gizonezkoen eta 15 emakumezkoen biografiak jasotzen dira Gehitu erakundeak antolatuta erakusketa honetan. Safo olerkariarekin hasi eta Alejandro Amenabar zinemagilearekin amaitzen da. Tartean Alejandro Magno, Miguel Angel, Marguerite Yourcenar edo Jodie Foster bezalako pertsona ospetsuen bizitzen berri jakin daiteke. «Beraien arlo profesionalean oso ezagunak diren pertsonak izan dira. Denak, gainera, homosexualak dira. Erakusketa honen helburuetako bat pertsona hauen homosexualitatea agerian uztea da, askotan ezkutuan egon baita», zioen Gehituko koordina-tzaile Koldobike Mujikak Foronda kultur etxean egin zen aurkezpen ekitaldian. Bere esanetan, «justizia egin behar da pertsona hauekin, askotan sufritu egin zuten eta beraien sexualitateagatik».

Mujikaren esanetan, erakusketa «hezitzailea» da eta «erreferenteak» ere ematen ditu. «Gazte nerabeak bakarrik senti daitezke homosexualitaterako bidea hartzen badute. Baina, ikusten badute pertsona ezagun eta garrantzitsu hauek homosexualak izan zirela, hor erreferenteak aurki ditzake».

Erakusketa eratzerakoan emakumezko eta gizonezkoen arteko parekotasuna bilatzen saiatu zirela gaineratu zuen. «Garai guztiak jasotzen ere saiatu gara. Kristoren aurreko IV. mendeko Safo olerkariarekin hasten gara eta gaur egun hain ezaguna den Alejandro Amenabar zinemagilearekin amaitzen dugu». Aipatu zuenez, nahiko zaila izan da emakumezkoak aurkitzea: «Horrek eramaten gaitu galdetzera ea zer gertatu den emakumezkoekin».

Gaineratu zuenez, Zumaian ikusi daitekeena mustra bat besterik ez da, «Pertsona gehiagoren biografiekin osatzen saiatuko gara». Mujikak eskerrak eman zizkion Udalari eta, bereziki, kultura zinegotziari Foronda uzteagatik erakusketa jartzeko.

Pili Etxabe kultura zinegotziak Berdintasun planaren barruan kokatu zuen erakusketa hau. «Garaia da bidetik oztopoak kendu eta homosexualitatea normaliza-tzeko», aldarrikatu zuen.

> Berria: Trans > TRANSEXUALITATEA EZ DELA ERITASUNA ALDARRIKATU DUTE

  • Transexualitatea ez dela eritasuna aldarrikatu dute
  • Berria, 2009-10-18
Trans eta Intersex Borrokarako Eguna deituta zeukan atzoko transexualitatea despatologizatzearen aldeko nazioarteko sareak, eta transexualitatea eritasuna ez dela aldarrikatu zuten Donostian, Gasteizen eta Bilbon. Aralarrek, bestalde, elkarretaratzea egin zuen Durangon (Bizkaia), alderdiko kide batek jasandako eraso homofoboa salatzeko.

2009/10/17

> Berria: Homofobia > ELKARRETARATZEA IZAN DA DURANGON "FAXISMO ETA HOMOFOBIARI INDARTSU ERANTZUTEKO"

  • Elkarretaratzea izan da Durangon "faxismoari eta homofobiari indartsu erantzuteko"
  • Aralar, 2009-10-17
Ehun pertsona inguru bildu dira Durangoko Andra Marin Markel Ganboarekin elkartasuna adierazteko eta eraso faxista eta homofoboak salatzeko. Bertan izan dira Aralarreko kideak eta hautatuak, Iratzarriko gazteak, EHGAM eta Sare-antifaxistako kideak, Durangoko udaletxeko PNVko zinegotziak, Durangoko alkatea eta hainbat herritar.

"Gure ideiak defendatzen tinko jarraituko dugu; beldurra sortu beharrean, gertatu denak borrokan jarraitzeko indarra ematen digu, eta borrokan jarraituko dugu", horixe izan da Andra Marin elkarretaratazera joan diren guztion izenean irakurri den testuaren mezua. Ozen esan diete mehatxatzen dutenei, "zuek baino gehiago gara, zuek baino elkartuagoak gaude eta zuek baino gehiago gara zuen gorrotoaren gainetik pasatzeko".

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak esan duenez "Markel Ganboarekin elkartasuna adierazteko bertaratu dira, eta bide batez, "azkenaldian izan den eraso faxistak salatzeko". Horren harira Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, "horrelakoak ez gertatzeko eta errepikatzeko neurririk oraindik hartu ez dutelako".

2009/10/15

> Berria: Salaketa > DURANGOKO ARALARREKO KIDE BATEK MEHATXU "FAXISTA ETA HOMOFOBOAK" SALATU DITU

  • Durangoko Aralarreko kide batek mehatxu «faxista eta homofoboak» salatu ditu
  • Berria, 2009-10-15
Aralarreko eta Iratzarriko kide Markel Ganboak mehatxu «faxista eta homofoboak» jaso dituela salatu zuen atzo. Jakinarazi zuenez, idatziko hainbat mehatxu jaso ditu Durangoko (Bizkaia) etxeko postontzian eta atean. Besteak beste, «Comunista de mierda» (Komunista zikina), «Maricón de mierda» (Marikoi zikina) eta «Ándate con ciudado» (Kontuz ibiliz) mezuak bere izena eta Aralarren eta Iratzarriren izenak diana batean sartuta marraztua zituen bi gutun jaso ditu. Erasotzaileen helburua Ganboak bere militantzia eta borroka uztea dela gaitzetsi dute Aralarrek eta Iratzarrik, eta elkartasuna adierazi diote Durangoko gazteari eta haren familiari. Erasoa salatzeko, Aralarrek eta Iratzarrik elkarretaraztea egingo dute etzi Durangoko Andre Mari Zuriaren elizpean, 12:00etan.

> Berria: Salaketa > ESKUTITZEZ JASOTAKO IRAINEN AURREAN ELKARTASUNA ERAKUTSI DIOTE GANBOARI

  • Eskutitzez jasotako irainen aurrean elkartasuna erakutsi diote Ganboari
  • Gara, 2009-10-15
Gaztehgam zein Iratzarri elkarteetako kide Markel Ganboak bere etxeko buzoian «mehatxu faxistak» jaso izana «gogor» salatu dute EHGAM eta Aralarreko kideek.

Hain zuzen ere, bi gutun jaso ditu gazte durangarrak eta «komunista zikina», «maritxu zikina» eta «kontuz ibili» gisako irain eta mehatxuak egiten dizkiote horietan. EHGAMetik salatu dutenez, «ez da gure erakundeko militanteen kontra aritzen diren lehen aldia». Honakoa ere gaineratu dute: «Faxistek askatasun osoz dihardute heterosexual, zuri eta espainol ez garenen kontra, politikari, epaile eta polizien begionez». Hala ere, erakundeko kideek azpimarratu dutenez, «33 urte daramagu kalean, lanean, askatasun sexualaren aldeko borrokan eta horrela jarraituko dugu, faxismoaren aurrean `Stop' seinale erraldoi bat eraikitzen».

Horrez gain, Aralarreko eta Iratzarriko kideek agerraldia eskaini zuten atzo goizean Durangon, «gaztearen aurkako mehatxuak salatzeko». Bertan, «pertsona guztiek eskubide zibil eta politiko berak izan beharko lituzkete, salbuespenik gabe», azpimarratu zuten.

2009/10/14

> Komunikatua: EHGAM > MARKEL GANBOAREKIN ELKARTASUNA

  • MARKEL GANBOAREKIN ELKARTASUNA
  • EHGAM, 2009-10-14
Prentsa ohar honen bitartez, Markel Ganboak, Gaztehgam-eko kideak, bere etxeko buzoian mehatxu faxistak jaso izana gogorki salatu nahi du EHGAM-ek, Eskutitz horietan maritxu izatea modu despektiboan idazten zioten, bestelako irain eta mehatxuen artean.

Ez da lehenengo aldia gure erakundeko militanteon kontra aritzen direna. Talde faxistek gure kideak beldurtu, jipoitu edota mehatxatu egin dituzte lanean hasi ginen lehen momentutik. Gaurkoan sekulan amaitu ez den faxismo horren berpiztea da, eguneroko berri txarra bilakatzen ari da gaur salatatzen ari garena.

Kezkatuta gaude egoera zahar-berri honekin. Kezkatuta azken asteotan beraien gorroto guztiarekin aipatu gaituztelako euren komunikazio ezberdinetan, bai komunikatuetan eta, baita ere, astelehenean Iruñean burutu zuten baimendutako manifestazio horretan; ze, gezurra badirudi ere, faxistek askatasun osoz dihardute heterosexual zuri eta “espainol” ez garenon kontra, politikari, epaile eta poliziaren begionez.

33 urte daramatzagu kalean, lanean, askatasun sexualaren aldeko borrokan, eta horrela jarraituko dugu EHGAMeko militanteok, faxismoaren aurrean STOP seinale erraldoi bat eraikitzen, lesbofobia, homofobia eta transfobiarik gabeko gizarterantz.

Azkenik, gure besarkadarik haundiena Markelentzat. Bere lana eta borroka, bere gaztetasuna eta freskotasuna ezinbestekoa zaizkigu eguneroko lanean. Eraso guztien gainetik, zurekin dago EHGAM, eta gurekin batera milaka eta milaka herritar.

Muxu erraldoi bat eta aurrera!

FAXISMOAREN AURREAN 1000 KOLORE!!!

> Komunikatua: LAB > TRANSFOBIA DA GAIXOTZEN GAITUENA

  • TRANSFOBIA DA GAIXOTZEN GAITUENA
  • LAB, 2009-10-14
Askotan entzun eta esan ohi dugu euskal hiritar libreekin osatutako Euskal Herri libre batean bizi nahi dugula. Eta hala da, gure herria inoiz askatuta ez dala egongo bere biztanleak, denak, libre ez diren bitartean. Arrazoibide honi jarraituz honako galdera egiten diegu gure buruei: zein izan daitekeen zigorrik okerrena, askatasun ezarik krudelena, norberaren nortasun sexualarekin zer ikusirik ez duen gorputzaren preso izatearena
baino.

Egun, ofizialki transexualitatea nortasun sexuala zalantzan jartzen duen gaixotasuna kontsideratuta dago. Gaixotasun psikiatrikoa hain zuzen. Transexualitatearen patologizazioa, nortasun sexualaren gaixotasun gisa, kontrol eta normalizazio jazarpen larri-larria dela uste dugu.

Transexualitatea gaixotasuntzat hartzen duen sistemak nahastu egiten ditu araututa ez dauden nortasunak gurputz gaixotuekin. Hori gutxi balitz, psikiatrizazioak norbanakoaren nortasun sexuala sendagile psikiatrikoen menpean uzten du. Munduko hainbat zentrotan gauzatzen da tratamendua. Estatu espainiarrean, kasu, beharrezkoa da azterketa-psikiatrikoa egitea. Azterketa hori Genero Nortasun Unitateetan egiten da. Behaketak asteroko kontrola izaten du, eta, askotan, talde edota familia-terapia lotsakorrez lagunduta egiten da.

LAB klase sindikatua da, gizartean sustraitua eta gaur egungo egoera sozioekonomikoaren ondorioak pairatzen dituzten sektoreekin konprometitua: gazteriaren eta emakumeen eskubideen alde, prekarietatea eta gizarte bazterkeria borrokatuz, ekologia babestuz, arraza edo sexu orientazioengatiko diskriminazioaren aurka,... Azken aldarrikapena haintzat hartuz Transexualitatea Despatologizatzearen aldeko Nazioarteko Sareak bultzatzen duen kanpainarekin bat egiten dugu, aipatu kanpaina helburu batekin sortua dela: 2012. urtean, Osasunaren Mundu Erakundearen Gaixotasun Zerrendatik transexualitatea deskatalogatzea. Besteak beste ondoko hau eskatzen da:

- Nazioarteko diagnostikoen eskuliburuetatik GIN (genero identitatearen nahasketa)-a baztertzea.
- Dokumentu ofiziletatik sexuaren aipamenaren baztertzea.
- Intersexualak diren pertsonekiko tratamenduen desagertaratzea..
- Tratamendu hormonal eta kirurgiari sarbide aske bat egotea (tutoretze psikiatriko batetik at)
- Transfobiaren prebentzioa: transexual pertsonen laneratze eta heziketa prestakuntzarako politikak.

Horrexegatik guztiagatik Estatuetako naiz Erkidego eta Foru Gobernuen jarrerak salatu nahi ditugu, batzuek guztiz atzerakoiak besteak epelkerietan txapeldunak. Zer esanik ez Eliza Katolikoaren Jerarkiak gai hauen inguruan mantentzen duen aurkako gurutzada. Horrelako jarrerek transfobiari bidea eman baino besterik ez diote egiten. Eta transfobiak gaixotu eta hiltzen gaitu.

Lan munduan kokatuz, transexual pertsonek lana lortzeko duten zailtasuna salatu nahi dugu. Euskal Herrian ere horrelako adibideak baditugu, aurten Gasteizen bere lantokitik kaleratua izan zenarena alegia. Beraz marjinazioarekin eta diskriminazioarekin amaitzeko politika eraginkorrak exijitxen ditugu.

Urriaren 17an nazioarte mailan TRANS ETA INTERSEX BORROKARAKO EGUNA ospatuko da. Egun horretan, gure afiliazioari eta herritar guztiei, Euskal Herrian zehar antolatuta dauden ekintzetan parte hartzeko dei egiten diegu.

Bukatzeko aprobetxatu nahi dugu gure babesa eta elkartasun osoa adierazteko Andrea Muñiz Transexualidad-Euskadi taldeko lehendakariak aurrera daraman borrokarekin.

2009/10/09

> Komunikatua: EHGAM > EHGAM ETA HOMOFOBIA, LESBOFOBIA ETA TRANSFOBIAREN AURKAKO MOZIOA DULANTZIN

  • EHGAM ETA HOMOFOBIA, LESBOFOBIA ETA TRANSFOBIAREN AURKAKO MOZIOA DULANTZIN
  • EHGAM, 2009-10-09
EHGAM-ek Dulantziko ezker abertzaleko zinegotzia zoriondu nahi du lesbofobia, transfobia eta homofobiaren kontrako mozioa aurkezteagatik. Gainera, udalbatzarrera eramatea ahalbidetu duten zinegotzi guztiak ere zoriondu nahi ditu.

Mozio honetan transexualen zein lesbianen kolektiboak kontuan izana nabarmendu nahi dugu. Kolektibo horiek dira gizarteak haien gorputz eta desioekiko duen fobia gehien jasaten dutenak.

Mozioa, gainera, transexualitatearen despatologizazioaren aldeko nazioarteko dinamikarekin aldi berean egin dute. “Trans despatologizazioaren aldeko Sarea”-ak dinamika hau egingo du eta Gasteizen, Donostian eta Bilbon EHGAM-ek antolatuta, beste talde batzuekin batera. Kanpaina honen barruan zenbait ekitaldi antolatzen ari dira. Horietako bat munduko hiri ezberdinetan urriaren 17an konzentrazio bat egitea da. Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan izango da arratsaldeko 18.00etan. Beraz, mozioa oso momentu egokian ageri da dugun herri, estatu, eta nazioarteko testuingurua kontuan hartuta.

Honekin batera, munduan diskriminazio larriak jasaten dituzten LGTB milioika petsonekiko elkartasuna dioen puntua nabarmendu nahi dugu. Mauritania, Saudi Arabia, Sudan, Iran, Yemen, Nigeria eta Somaliako zonalde batzuetan heriotza-zigorra dago. Beste 72 herrialdetan gartzela-zigorrak, latigazoak... jasaten dituzte. Heterosexuala ez dena eta araua jarraitzen ez duena egoera larrian dago. Hau da, gaur egun herrialde batzuetan, adibidez Vaticanon, homosexualitatearen despenalizazioaren aurka daude. Beste muturrean, Dulantzi eta Egiletako Udala dauzkagu. Hauek LGTB pertsonak bizitzeko eskubidea eta bakean bizitzearen alde daude.

Honetaz gain, testuan zehar egiten den LGTB kolektiboarekiko hurbiltzea aipatu nahi dugu, Udaleko eraikuntzan bertan heteronorman ez dauden pertsonak egoteko aukera ematen duelarik. Ohituta ez gauden jarrera berria da hau, armairu instituzionalatik ihes egiten baitu eta batzuk sinestu nahi duten baino askoz errealitate ohikoagoa agerian uzten duelako.

Hau guztia kontuan hartuta, EHGAM-ek kolektibo honetako zenbait pertsona udalbatzarrera joango direla jakinarazi nahi du hurbiletik jarraitu ahal izateko. Horrela, Dulantzi zein Egiletako hiritar guztiekin poza partekatuko dugu eta lesbofobia, tranfobia eta homofobiaz aske den eta askapen sexualerako irekia dagoen gizarte baterako bidea partekatu ahal izango dugu.

2009/10/07

> Berria: Indarkeria > EMAKUME BAT BORTXATU DUTE BAIONAN, ETA BILBON BESTE BATI SEXU ERASOA EGIN DIOTE

  • Emakume bat bortxatu dute Baionan, eta Bilbon beste bati sexu erasoa egin diote
  • Baionako bortxaketa bi gizonek egin zutela eta Bilbokoa beste hiruk diote poliziek, eta bosten atzetik ari dira
  • Berria, 2009-10-07 # Erredakzioa . Baiona
Bi gizonezkok 40 urte inguruko emakume bat bortxatu zuten ostiraletik larunbaterako gauean Baionan. Goizaldean gertatu zen erasoa, 01:00etatik 05:00etara bitartean. Emakumea Arena diskotekatik irteten ikusi zuten; atzetik jarraitu zioten erasotzaileek. Poliziaren arabera, emakumea indarrez atxiki, eta ibai bazter batera eraman zuten, Glain ingurura. Bertan bortxatu zuten, eta jo ere egin zutela ere jakinarazi dute. Bortxaketaren ostean, gizonezkoek alde egin zuten, eta emakumeak babes bila jo zuen Elkarteen Etxera. Zenbait pertsona aurkitu zituen han, eta azaldu egin zien gertatu berri zitzaiona. Larrialdi zerbitzuei dei egin zieten orduan, bertara joan ziren eta lehen arreta ere leku berean eman zioten.

Frantziako Poliziak ez du beste xehetasunik eman bortxaketari buruz, baina ikerketa zabaldu du bortxatzaileak atzemateko. Herritarren laguntza galdegin du horretarako. Bortxaketari edo bortxatzaileei buruzko edozein berri izan dezakeenak Baionako polizia etxera jotzeko, edo 0559-46 22 22 telefonora deitzeko eskatu dute poliziek.

Larunbat goizaldean bertan beste bortxaketa saio bat ere gertatu zen. Bilbon, Ametzola parkean gertatu zen erasoa. 20 urte inguruko neska bat, festa batetik etxerako bidean zihoala, parketik igaro zen. Ertzaintzari salatu dionez, «jatorri magrebtarreko» hiru gizon gazte hurreratu zitzaizkion, «bortxatzeko asmo argiarekin».

Hiru gizonezkoak gorputza ukitzen aritu zitzaizkiola salatu du emakume gazteak, baita lurrera bota zutela ere. Behin lurrera botata, galtzak ere jaitsi zizkiotela azaldu du. Une hartan, ordea, beste emakume bat agertu zen Ametzola parkean. Jendea heldu zela ikusita, eta bortxatzen saiatzen ari ziren emakumeak kontra egiten zienez, eta menderatu ezinik zeukatenez, erasotzaileek utzi egin zuten emakumea, eta lekua hustu zuten. Ertzaintzak azaldu du ikerketa zabalik duela hiru erasotzaileak atxilotzeko.

Durangon, labanaz mehatxu
Bestetik, Durangon (Bizkaia), 41 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo ertzainek. Bikotekide zuen emakumearen etxean sartu zen gizona, Durangoko alde zaharrean, Ertzaintzak azaldu duenez lehendik zituen giltzekin. Sukaldetik labana bat hartu, eta emakumea eta haren bikotekide berria zeuden logelara sartu zela, eta labanarekin mehatxu egin ziela salatu du emakumeak. Erasotzaileak diru zorroa eta sakelako bi telefono lapurtu zituela ere salatu du emakumeak. Ertzainek Durangon bertan atxilotu zuten ustezko erasotzailea, ibilgailu batean, ostutako diru zorroa gainean zuela.

> Berria: Trans > OPERATZEKO EGUNA EMANGO DIOTE ETZI ANDREA MUÑIZI

  • Operatzeko eguna emango diote etzi Andrea Muñizi
  • Berria, 2009-10-07
Etzi Gurutzetako erietxeko Genero Unitatearekin bilduko da, Barakaldon (Bizkaia), Andrea Muñiz Transexualidad-Euskadiko presidentea. Azaldu duenez, sexuz aldatzeko ebakuntza egiteko eguna emango diote. Irailaren 22tik 29ra gose greba egin zuen, haren hitzetan, ez ziotelako sexuz aldatzeko ebakuntza egin nahi. Eskerrak eman dizkie babestu dutenei.

2009/10/01

> Berria: Salaketa > ELIZAREN ALDE ETA LGTB KOLEKTIBOEN AURKA ARITZEA EGOTZI DIO EHGAMEK EAJRI

  • Elizaren alde eta LGTB kolektiboen aurka aritzea egotzi dio EHGAMek EAJri
  • Berria, 2009-10-01
EAJ Eusko Alderdi Jeltzaleari kontuak eskatu dizkio EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak, Espainiako Kongresuan ez baitzituen Benedikto XVI.aren hitzak gaitzetsi. IU eta ICV alderdiek proposamena aurkeztu zuten Kongresuan; Afrikan egon zenean, Benedikto XVI.ak preserbatiboaren aurka hitz egin zuela, eta hori gaitzetsi nahi zuten bi alderdi horiek. EAJk adierazpenaren aurka bozkatu zuen -baita PPk eta CIUk ere-, eta atzera egin zuen proposamenak. Galdera egin dio EHGAMek EAJri: «Eliza da herriaren bizitza politikoan eragin behar duena? Elizari dagokio sexu osasunaren edo gorputzen askatasunaren eskubidearen inguruan legeak egitea?». PSOEren jarrera ere gaitzetsi du EHGAMek, ez zuelako adierazpenaren alde bozkatu.