2009/12/02

> Berria: Sariak > GEHITU ELKARTEAK JASOKO DU AURTEN GIPUZKOAKO GIZA ESKUBIDEEN SARIA

  • Gehitu elkarteak jasoko du aurten Gipuzkoako Giza Eskubideen saria
  • Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen aldeko lana aitortzen diote. Hilaren 11n jasoko dute errekonozimendua Donostiako Kursaal jauregian burutuko den ekitaldi batean
  • Noticias de Gipuzkoa, 2009-12-02 # Arantzazu Zabaleta . Donostia
Gehitu elkarteak jasoko du aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak urtero banatzen duen Giza Eskubideen saria. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideak errespetatuak izan daitezen eta guztien normaltasuna lortzeko hamabi urte darama-tza lanean taldeak eta denbora guzti honetan egindako lana aitortu nahi diote sariarekin. Hilaren 11n jasoko dute errekonozimendua Donostiako Kursaal jauregian egingo den ekitaldian.

"Ilusio handiarekin jasoko dugu", aitortu zuen Josean Zapirain Gehituko presidentziako kideak, albistea ezagutu bezain laster. "Bide onetik goazela esan nahi du, orain artean egindakoaren aitortza da", gaineratu zuen. Izan ere, urte hauetan gogor aritu direla lanean gogoratu zuen, eta ordutik gizartea bera asko aldatu dela ere bai. "Duela 20 urteko Gipuzkoa ez zen gaur egungoa, eta eraldaketa horretan guk ere lagundu dugu, berdintasuna eta giza eskubideen errespetuan aurrerapenaren partaide gara", azaldu zuen Zapirainek.

Hala, sariarekin batera, bide horretan guztian lan egin dutenei eskerrak eman zizkion atzo bertan, bazkide, erakunde eta baita administrazioari ere. Izan ere, askotan legeak gizartea baino errazago aldatzen direla aipatu zuen eta, horregatik, administrazioa bidelagun izatea ezinbestekoa dela esan zuen.

Dena den, bidea ez dela bukatu ere garbi dauka, eta oraindik asko dagoela egiteko berdintasuna eta normalizazioa benetan lortzeko gaineratu zuen. Bereziki, hezkun-tzan eta lan munduan diskriminazioarekin bukatzeko, eta horretan lanean jarraitzeko animoa eta bultzada ere bada Foru Aldundiaren saria.

1997an sortu zuten Gehitu 40 lagunek, eta gaur egun 300 bazkide inguru ditu. Homosexualitatearen normalizaziorako bidean, orientazioa eskaintzen dio hori behar duenari, prebentzioa lan-tzen du eta gazteekin lan egiten du, eskoletara joan eta han garatutako tailer eta hitzaldietan. Sozializazioa ere jorratzen du, eta horretarako urte hauetan sortu ditu, besteak beste, mendi eta an-tzerki taldeak edo Gehitu abesba-tza.

Horrez gain, hainbat alor zehatz ere lantzen dituzten batzordeak osatu ditu: hezkuntza batzordea, lesbikoa, hiesarena, nazioarteko lanarena, mugaz gaindikoa eta zahar taldeak daude, guztietan homosexualitatearen normalizazioa helburu. "Hori dela bidea dirudi, saria oso positiboa da zen-tzu horretan", aipatu zuen Zapirainek.

Giza Eskubideen Saria Hilaren 11n jasoko duten sari hau 2004. urtean sortu zuen Giza Eskubideetarako, Enplegurako eta Gizarteratzeko Departamentua zenak. Giza eskubideen alde diharduen jendeari aitorpena egin nahi dio eta gizarte osoaren aurrean eredutzat jarri, "horrelako elkartasuna eta konpromisoa duten herritarrak behar baititu Gipuzkoak", Kiroletako eta Kanpo Ekintzako foru diputatu Iñaki Galdosek atzoko aurkezpenean aipatu zuenez.

Saria sortu zuten urtean Txema Auzmendik lortu zuen, premia handian eta gizartean baztertuta bizi diren kolektiboen duintasunaren alde egindako lanagatik. Ondorengo deialdietan Agipad Gipuzkoako Drogomenpekotasunen Ikerketarako eta Prebentziorako Elkartea (2005), Francisco Etxeberria EAEko Kriminologia Institutuko zuzendariorde eta Aranzadiko kidea (2006), hiesaren aurkako Harri Beltza elkartea (2007) eta Mary Irazusta Donostiako Gizarte Laneko Unibertsitate Eskolako zuzendaria (2008) aukeratu dituzte.

No comments: