- Gose greba mugagabeari ekin dio Andrea Muñizek
- Sexua aldatzeko ebakuntza gelak berma ditzala eskatu dio, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzari
- Berria, 2009-12-02
Bertan azaltzen duenez, Gurutzetako ospitaleko Genero Unitateko kirurgialari batekin zuen hitzordura joan zen iragan urriaren 9an. Sendagileak azaldu zion ezin zituela sexuz aldatzeko ebakuntzak egin, ospitaleko zuzendariak ez ziolako horretarako ebakuntza gelarik ez eta jarraibiderik eman.
Hori ikusita, oharra bidali zuen Muñizek hedabideetara: hilaren 2ko gauerdian gose greba mugagabea eta erabatekoa hasiko zuela iragarri zuen, baldin eta ospitale horretan Genero Unitatea berehala martxan jartzen ez bazen.
Iragan azaroaren 27an Transexualidad-Euskadi elkarteak Osasun sailburuordetzatik igorritako posta elektronikoa jaso zuen, sexuz aldatzeko ebakuntzak posible izango zirela, eta Gurutzetako erietxean horretarako ebakuntza gela izango zutela esanez.
Muñizen irudiko, ordea, mezu horrek ez du bermatzen sexuz aldatzeko ebakuntzak posible izango direla. Ezta ere ez dutenik zain egon beharko ebakuntza batetik besterako tartean. Hala, Eusko Jaurlaritzari «gezur gehiago» ez esateko eskatu dio, baita «jendaurrean argibideak emateko» ere. Sexu aldaketa egiteko ebakuntza gelak eskaintzeko prozesua hastea nahi du Muñizek. Halaber, sexuz aldatzeko behar diren ebakuntza batetik bestera zenbat denbora igaroko den zehaztea ere ezinbestekoa dela dio.
Aspaldiko kontua
Gemma Zabaleta Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak ekainean iragarri zuen «lehentasuna» izango zuela sexuz aldatzeko ebakuntzak abiatzea, eta Osakidetzak bere gain hartuko zituela. 2008ko irailaz geroztik, martxan behar luke Gurutzetako ospitaleko Genero Unitateak, baina oraingoz ebakuntza gela bakarra jarri dute. Eskaera berarekin barau erdian eman zituen hainbat egun Muñizek joan den irailean. Haren hitzetan, ez du transexualentzako tratu berezirik nahi, 2008an onartutakoa betetzea baizik.
No comments:
Post a Comment