- Hiesdunen bazterketa amaitzeko eskatu dute
- Prebentziorako deia egin dute Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunean egindako ekitaldietan
- Berria, 2009-12-02
Acasgik, EHGAMek, Gehitu-k Harri Beltzak eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Departamentuak deituta, hiesa dutenei elkartasuna adierazteko bilkura egin zuten Donostiako Teresa Calcuttakoa plazan. EHGAMek gogorarazi du ezinbestekoa dela hiesaren aurkako borroka «ikuspegi zabal batetik» bideratzea. «Erantzun zabal eta argi bat eman behar diogu hiesari, eta hori lortzeko ezinbestekoa da duela urte batzuk hasi genuen borrokaren planteamenduak berritzea. Gizarte osoaren inplikazioa behar dugu».
Arabako Hiesaren Aurkako Batzordeak gaur egun GIBarekin eta hiesarekin kutsatutako gaixoek bizi duten egoera salatu du. «Pertsona horien oinarrizko eskubideak behin eta berriz urratzen dira oraindik ere». Aste osoan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Hiesaren Aurkako Nazioarteko Egunaren karietara. Atzo, adibidez, mahai informatiboa jarri zuten unibertsitateko campusean. Bihar, berriz, Gaur egungo GIBaren egoera gure inguruan mahai-ingurua egingo dute Montehermoso kultur etxean, 11:30ean. Kontzertuak ere izango dira iluntzean, Montehermoson bertan.
Miarritzen (Lapurdi) Aides elkarteak xingola gorria jarri zion Euskal emaztea estatuari, eta, ondoren, mintzaldiak izan ziren. Baigorrin eta Donapaleun (Lapurdi), bestalde, antzerki emanaldiak antolatu zituzten.
Urtero moduan ekitaldi instituzionala egin zuen Nafarroako Gobernuak atzoko eguna gogorarazteko. Bertan izan ziren, besteen artean, Osasun Publikoko Institutuko zuzendari Marisol Aranguren eta Gizarte Gaietarako kontseilari Maria Isabel Garcia Malo. Arangurenek emandako datuen arabera, aurten hamalau hies kasu diagnostikatu dira Nafarroan. GIB birusarekin kutsatutakoak, berriz, 27 izan dira. Sexu harremanak izaterakoan preserbatiboa erabiltzearen garrantzia gogorarazi zuen Arangurenek.
Gaur egun 33 milioi lagun bizi dira munduan GIBarekin eta hiesarekin. Horietatik erdiak baino gehiago 15 eta 49 urte artekoak dira. GIBarekin kutsatu berri direnen %45, bestalde, 15 eta 24 urte arteko gazteak dira. Horrek kezka eragin du.
Aurten ere prebentzioaren garrantzia nabarmendu du Onusida erakundeak, eta hiesa dutenen eskubideak bermatzeko eskatu du.
No comments:
Post a Comment