2009/12/01

> Berria: Abenduak 1 > ORAIN 40 URTE INGURUKO HELDUAK KUTSATZEN DIRA GEHIEN GIBAREKIN

  • Orain 40 urte inguruko helduak kutsatzen dira gehien GIBarekin
  • Hiesak jotakoen kopuruak behera egin du Jaurlaritzaren arabera; GIB birusak, ordea, azken urteetan igoera motela izan du. Osakidetzak kanpaina berria hasi du, jendea GIB birusaren proba egiteko
  • Berria, 2009-12-01 # Julen Nafarrate . Bilbo
25 urte bete dira hiesaren lehenengo kasuak Euskal Herrian agertu zirenetik. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan birusak zituen transmisiorako bideak nabarmen aldatu dira 25 urteotan. Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzaren Osasun eta Kontsumo sailburuak hiesa eta GIBarekin lotutako datuak aurkeztu zituen atzo, eta gograrazi zuen gaur Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela. Gazteak eta GIBaren transmisioa lotzeko ohitura dagoen arren, sailburuak aurkeztutako datuen arabera, helduek osatzen dute GIBarekin kutsatutako pertsonen soslaia: «GIB birusa batez ere pertsona helduek harrapatzen dute; 2009. urtean kutsatutakoen batez besteko adina 37,8 urtekoa da».

2009. urtean jasotako informazioak agerian uzten duen moduan, EAEn GIBarekin kutsatutako pertsonen %75ek sexu harremanen bidez jaso dute birusa: «GIBak jada ez dauka inolako harremanik droga kontsumoarekin, sexu bidez kutsatzen den infekzioa da». Kasuen %9, berriz, xiringak partekatzeagatik izaten dira. Harreman sexual eta, batez ere, heterosexualen bidez transmititzen da GIB birusa. «Infekzioen %48 harreman heterosexualen ondorioz izaten dira, eta %27 harreman homosexualen ondorioz». Generoei dagokienez, kutsatuen%68 gizonekoak dira.

Azken 25 urteetan, hiesarekin eritutakoen kopurua «ikaragarri» gutxitu dela nabarmendu du Osasun sailburuak: «1990eko hamarkadaren erdialdean urtero 500 kasu izaten ziren; 2008an, berriz, 70 hies kasu izan ziren». Hala ere, Bengoak kezka agertu du, hiesak behera egin arren GIBakgaitza sortzen duen birusak, azken urteetan igo egin delako. Igoera motela izan da, baina aintzakotzat hartzeko modua. «Herritarrek badakite zeintzuk diren GIBarekin ez kutsatzeko hartu beharreko neurriak, eta aurten beste 192 kasu izan ditugu». Hiesak, urtero, 40 bat lagun hiltzen ditu, eta hurrengo urteetan kopuru horrek bere horretan jarraituko duela iragarri dute Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunek.

GIBarekin kutsatutako kasu berrien herenaren diagnostikoa, bestalde, «oso berandu» egiten dela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak, egindako azterketetan. Horrek gaixoaren osasunean kalte larriak ditu, diagnostiko ugari gaitza «agertzen ari denean» egiten direlako. Gainera, diagnostikoa berandu egiteak esan nahi du aurretik ez direla hartu beharreko neurriak hartzen eta birusa hedatu egiten dela.

Harreman berriak, arrisku
Ikerketak plazaratutako datuak kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak bi asteko kanpaina abian jarri du, GIB birusak sexu harremanen bidez sortzen dituen kutsadurak -kasuen %75- saihesteko. Kanpainaren leloa Harreman berri bat hastera bazoaz, ez zaitez arriskuan jarri. Hiesaren froga egin ezazu da. «GIBaren aurrean arrisku handiagoa egon daiteke bikote berri batekin sexu harremanak hasterakoan». Bengoak adierazi duen moduan, harreman berri bat hasterakoan, «zaila» egin daiteke bikotekideari sexu osasunari buruz galdetzea eta horrek arriskua handi dezake. Gainera, herritarrek «GIBa oso urruneko arazotzat» hartzen dutela gogorarazi du Osasun sailburuak.

Kanpainaren helburua «helduak GIBaren froga egitera bultzatzea» da, batez ere helduek bikote berri batekin sexu harremanak hasten dituztenean. Karteletan, sexu harremanak askotarikoak izaten direla agerian utzi nahi izan dute kanpainaren sustatzaileek, harreman heterosexual eta homosexualak grafikoki irudikatuz. «Oso garrantzitsua iruditu zaigu, batez ere GIBak gizonezkoen arteko sexu harremanetan duen eragina kontuan hartuta».

Otsailean jarri zituzten EAEn GIB birusaren analisiak egiteko test bizkorrak botiketan. Euskadiko Farmazialarien Kontseiluaren arabera, urriaren bukaera arte 2.400 azterketa egin dira, eta 19 positibo atzeman dira. 20 farmazia parte hartzen ari dira egitasmoan. Katalunian ere abian dago egitasmoa, eta arduradunen arabera, Europan interesa sortu du.

No comments: