2008/02/01

> Iritzia: Isabel Pozueta / Rocio Ibañez > SEXUALITATEA, 60 URTETIK GORAKOEN ARTEAN

  • Sexualitatea, 60 urtetik gorakoen artean
  • Berria, 2008-02-01 # Isabel Pozueta / Rocio Ibañez · BIOKeko sexologoak / Erredakzioan itzulia

Jogurt poto baten tapakiari begiratuz gero, argi eta garbi irakurriko dugu honako idazkun hau: «iraungitze data»; eta eguna, hilabetea eta ordua zehazten ditu. Badakigu, jakin, eta askok geure ere egin dugu, produktu hori idazkunean ageri den egunera arte izango dela kontsumitzeko moduan, alegia bere hartan gordeko dituela zaporea eta testura, esate baterako, 2008ko otsailaren zazpiko 15:46 arte; eta, egun horretako 15:47tik hasita, ez dela kontsumorako gai izango, gastroenteritisa edo zerbait larriagoa eragin diezagukeelako. Beraz, iraungitze egun hori baino lehen, kendu egin ohi dituzte iraungitzear dauden jogurtak «superretako» apaletatik; iraungita badaude, berriz, bota egiten dituzte, ez dutelako dagoeneko balio.


Zerikusirik ba al dute jogurtek, desioek, fantasiek...?
Iruñeko eta eskualdeko erretiratuen klubetan ibili ohi diren milaka emakume eta gizon ingururekin hainbat arratsalde-pasa egiteko aukera izan dugu, zorionez, azken bi hilabeteetan. Aisialdirako dituzten gune horietara joan gara, haien bizikizunak elkarrekin partekatzera eta 60 urtetik gorakoen sexualitateari buruz gogoeta egitera; eta nabarmena iruditu zaigu gure gizarte mendebaldekoan ageri den «jogurt» efektua.


Zein da, zehatz-mehatz, efektu hori?
Ohituta gaude emakume eta gizon gazteek dituzten sexualitate bizikizunei buruz hitz egitera; bizikizun horiek luzaroago irauten dute gizonen artean emakumeen artean baino. Bizi garen sistema honetako sexualitate emankorrari beren-beregi dagokio, zeinean kantitatea balioesten baita -jokaerak, koitoak, orgasmoak, jarrerak, neska-lagun edo mutil-lagun kopurua, plazera ahalik eta lasterrena lortzeko gailuak...- kalitatearen gainetik -asetasuna, zirrara atseginak, sentimenduak...-. Sexualitate emankor halakoak iraungitze data bat dauka, eta zerikusi gutxi du emakume eta gizon gehienek bizi dugun sexualitatearekin, eta, are gutxiago, urteak joan ahala bizi dugunarekin.


Gure sexologia ikuspegitik, bestelako diskurtso bat behar dugu, eta honako hauek izan ditugu hizpide: emakume nahiz gizon gisa sentitzearen eta bizitzearen balioa, nor bere desioekin; elkarri konpainia egiteko desioa; nor denagatik balioetsia izatea; besteren azala ukitzeko desioa eta nori bere azala uki diezaioten nahi izatea; ferekatuak izateko desioa; behinola bizitakoaren, egun bizi dugunaren eta aurrerantzean bizi nahi dugunaren inguruko fantasiatan aritzea, fantasiaren atsegin hutsez. Alderdi horiek guztiek adinarekin baitute zerikusia, urteak bete ahala gero eta bizikizun eta eskarmentu gehiago bereganatzen baitugu, eta urteak betez joateak ez baitu esan nahi horrek guztiak iraungitze data bat izan behar duenik, amaiera bat izan behar duenik. Ezaugarri horiek guztiek ez dutelako iraungitze datarik, ez eta inolako mugarik. Alderdi horiek guztiak, baina, gutxietsita daude eta ez dira aintzakotzat hartu ere egiten inposatu nahi diguten «gazte ereduaren» barnean.


Gutxiespen horren adierazgarri dira, besteak beste: mediku profesionalek ez jakinaraztea, eskuarki, sexualitateari dagokionez zer-nolako albo ondorioak eragin diezazkieketen berek emandako sendagaiak hartzen dituztenei, jakinaren gainean egonik ere haien bizi kalitatean erasan benetakoa izango dutela; ez erakundeetan ez familiartean ez gordetzea espazio intimo nahikorik -halakorik izateko duten eskubidea bera ere ez aitortzea-, beren sexualitateko hainbat alor jorratu ditzaten --autoerotismoa, sexualitate partekatua...--; homosexualitatea ez aipatu ere egitea, «adinekoen artean badenik ere ez aitortzea».


Emakume eta gizon horiek hitzetik hortzera aipatu izan dizkigute, esate baterako: sexu heziketa zeharo debekuzkoa eta tabuz jositakoa; sexualitatearen inguruko isiltasuna, bai haurtzaroan, bai gaztaroan, bai eta helduaroan; eta XXI. mendeko errealitate gordinean nora ezean eta iparra galduta dabiltzala, zeinean beste muturreko joerak baitira gailen, hala nola haizu erabatekoa, betebehar ezinbestekoa eta errendimendu eraginkorra. Esker oneko agertu izan zaizkigu, halaber, neguko arratsalde horietan aukera eskaini diegulako beren sexualitate iraganekoaz, egungoaz eta etorkizunekoaz hitz egin ahal izateko, hain balio handikoa izaki beren bizialdi luzean.


Aitortu beharra daukagu, beraz, sexualitate eredu jakin bat dela iraungita dagoena, ez datorrelako bat askotariko emakume eta gizon gehienekin, bikotekidedunak izan edo ez izan, elbarritasunen bat daukatenak edo batere gabekoak, azal kolore batekoak zein bestekoak, desio homosexualerako nahiz heterosexualerako joera dutenak, edozein adinetakoak direlarik edo dena delako bizi ziklotan daudelarik ere.


Ahalik eta sexualitate aniztasunik aniztunena hartu behar dugula aintzakotzat, alegia.

No comments: