2008/02/17

> Berria: Abortua > ABORTU LIBRE ETA DOAKOAREN ALDE EHUNKA PERTSONA MANIFESTATU DIRA IRUÑEAN

  • Abortu libre eta doakoaren alde ehunka pertsona manifestatu dira Iruñean
  • Apezpikuen Biltzarrak jaso ditu kontrako oihu gehienak, eta haren karikatura bat erre dute
  • Berria, 2008-02-17 # Asier Azpilikueta · Iruñea

Euskal Herriko hainbat talde feministak deituta, ehunka pertsona manifestatu ziren atzo, Iruñeko karriketan barna, abortatzeko eskubidearen alde. Aspaldiko partez, «Abortua orain, libre eta doan», «Erditu bai, erabaki ere bai», «Gure gorputza geurea da» eta gisako leloak entzun ziren Iruñean; ozen entzun ere, manifestazioak iraun bitartean ez baitziren manifestariak isildu.


Ohiko tokitik atera zen manifestazioa, baina ezohiko bidetik joan zen autobus geltokitik Gazteluko plazara. Armada etorbidea, Navas de Tolosa kalea eta Sarasate pasealekua iragan zituzten, helmugara ailegatzeko. Eta, erran bezala, etengabe joan ziren oihukatzen eta kantatzen.


Abortatzeko eskubidea. Emakumeok erabakitzen dugu zioen pankarta morea zeramaten manifestazioaren aitzinaldean, eta haien gibelean, ehunka emakume -batez ere emakumeak baitzeuden manifestazioan-. Abortu libre eta doakoaren aldekoak izan ziren oihu eta kanta gehienak. Kontrako oihuak, berriz, Apezpikuen Biltzarraren kontrakoak. «Eliza, ez sartu gure bizitzan», «Zuek, arrosariodunok, ez ukitu gure obarioak», «Kokoteraino gauzkate apezpiku harroxkoek» eta «Apezpikuen Biltzarra erretzera goaz, matxista eta patriarkala izateagatik», oihukatu zituzten, bertzeak bertze.


Espainiako Polizia eta udaltzain gutxi batzuek zaindu zuten manifestazioa. Eta ez zen aparteko arazorik izan, ez bada manifestazio erdian udaltzain batek errieta egin ziola emakume bati itsasgarriak paratzen ari zelako han eta hemen.


Gazteluko plazako kioskoaren ondoan bukatu zen martxa, eta, han, talde deitzaile guztien izenean, Miren Arangurenek eta Juana Arangurenek manifestua irakurri zuten, euskaraz eta gaztelaniaz. Zutik emakume ere kantatu zuten. Eta Apezpikuen Biltzarra irudikatzen zuen karikatura bateko pankarta erre zuten ere bai.


«Hemen ezin da»
Egiaztatze batekin hasi zuten emakumeek mintzaldia. «Hemen ezin da abortatu. Hemen, osasun publikoa klase mediko atzerakoienaren plaza propioa da. Hemen, emakumeon eskubideak ez dira errespetatzen. Hemen, giza eskubideak urratu egiten dira».


«Oztopo mediko eta juridikoen lasterketatzat» jo zuten emakumeek abortua. «Zentro publikoetan ez dute egiten. Ez da doakoa. Eta, azkenean, Guardia Zibilaren eskutik emakume eta profesionalak atxilotuz amaitzen den tranpa maltzurra da».


Nafarroan «are okerragoa» da egoera, emakumeen ustez; UPNko gobernua, «PSNren laguntzaz», legearen aplikazioa trabatzen ari baita. «Osasunbideko COFESeko hiru profesionalen kontrako epaiketa latz hura egin zutenetik, Nafarroan egondako gobernu guztiek legea urratzen jarraitu dute, eta botere judizialeko edo exekutiboko ezein agintarik ez du legea betearazteko inolako esku-sartzerik egin».


1985ean onartu zuten Espainiako Abortuaren Legea « zehazki ez aplikatzeko eta ez zabaltzeko maniobrak» egin dituzte gobernu guztiek, emakumeen aburuz. «Abortua delitu gisa mantentzen segitzeak abortua mugatzen du. Eta, gainera, gero eta zailagoa da zentro publikoetan hiru baldintzapeko abortuak dohainik eta berme guztiekin egitea. Emakumeon eskubide sexual eta erreproduktiboak deuseztatu eta zapaldu dituzte, eskukada bat botoren truke eta soldata handiz hornituriko besaulki batzuen truke».


Eliza katolikoak ere jaso zuen berea emakumeen kritiketan. «Elizak, era oldarkor eta inkisitorialean, berriz ere hauteskunde agertokia estutu du, gure bizitzetan muturra sartuz, askatasunen deuseztapenerako argudioak erabiliz».


Abortatzeko eskubidearen alde kalera ateratzen segituko dutela erran zuten bukatzeko.

No comments: