2008/02/06

> Berria: Laguntza > TRANSEXUAL ETA HOMOSEXUALENTZAKO ARRETA ZERBITZUA ERATZEA ADOSTU DA NAFARROAN

  • Homosexualentzako arreta zerbitzua eratzea adostu da Nafarroan
  • Nafarroako Parlamentuko gizarte gaietako batzordeak, Kattalingorri elkarteko ordezkariekin bilera egin ostean, homosexualentzako eta transexualentzako arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzua «bermatzea» onartu zuen atzo. Hala ere, adostutako mozio horretan ez zuten argi azaldu zerbitzua zein sistemaren bidez eratuko den, ezta ere zein mailako independentzia juridikoa izango duen. Proposamena Nafarroa Bai taldeak aurkeztu zuen.
  • Gara, 2008-02-06

Aurrerantzean, Nafarroan homosexualek eta transexualek aukera izanen dute arreta, informazio eta aholkularitza zerbitzu publiko batera jotzeko. Hori da behintzat Nafarroako Parlamentuko gizarte gaietako batzordeak atzo aho batez onartu zuena. Era horretan, batzordeak zerbitzu publiko hori eskaintzea bermatzeko eskaera egin du, eta azken orduko aldaketarik gertatzen ez bada, osoko bilkuran onartu egingo da. Dena dela, adostutako testuan ez da argi adierazten zerbitzu hori zein sistemaren bidez ezarriko den, ezta ere zein mailako independentzia juridikoa izango duen.


Erabakia hartu baino lehen Ganberako taldeak Kattalingorri gay, lesbianen, bisexualen eta transexualen erakundeko eledunekin bildu ziren. Hain zuzen ere, NaBai izan zen bilera eskatu eta mozioa aurkeztu zuen taldea.


Komunikabideei igorritako adierazpen batean, koalizioak gogorarazi zuen joan den urtarrilean Iruñeko Donibane auzoan gertatutako eraso homofoboa, eta gisa horretako gertaeren aurrean beharrezkotzat jo zuten «neurri zehatzak proposatzea». Era berean, oroitarazi zuen Estatu espainoleko beste autonomia erkidegoetan homosexualei eta transexualei zerbitzu publikoa eskaintzen zaiela edo, behintzat, zerbitzu mota horrek laguntza publikoak jasotzen dituela, eta Nafarroan ere halako formulak aplikatzea beharrezkoa dela nabarmendu nahi izan zuen.


Zentzu horretan, NaBai-ko parlamentari Paula Kasaresek gogorarazi nahi izan zuen urte gutxi igaro direla «homosexualitatea buruko gaitzen zerrendatik» ezabatu zenetik, eta oroitarazi zuen oraindik orain abian jarri ohi dela «erabateko bizitza zailtzen duen diskurtso patologizatzaile hori». Horregatik, bere aburuz, «taldearen premiak» kontuan hartuz, beharrezkoa izango da Nafarroako Gobernuak homosexualentzako eta transexualentzako zerbitzu hori lehenbailehen bermatzea.


Era berean, PSNko parlamentari Javier Mozonek nabarmendu zuen zerbitzuaren helburua «jendarteko arazo bati erantzun egokia» ematea dela. Jakinarazi zuen, halaber, Kattalingorriko teknikariak adierazi zietela kasu honetan komenigarria zela kudeaketa hitzartua izatea.


UPNko Conchi Mateok, beste aldetik, argi utzi nahi izan zuen bere taldeak ez dakiela zehazki zein diren gayen, lesbianen, bisexualen eta transexualen alde egiten duen erakunde horren eskaerak, baina hala eta guztiz ere, «lankidetzarako borondatea» daukatela jakinarazi zuen.


IUNk Kattalingorrin bolondres bezala lan egiten duten pertsonak «profesionalizatzea» eskatu zuen.

No comments: