2009/06/24

> Berria: Ekainak 28 > GIPUZKOA: GAY, LESBIANA ETA TRANSEXUALEN ESKUBIDEEN EGUNEAN HIRUKI ARROSA URRETXUKO UDALETXEAN

  • Gay, lesbiana eta transexualen eskubideen egunean hiruki arrosa udaletxean
  • El Diario Vasco, 2009-06-24 # F.J.A. • Urretxu
Urretxuko Udala, Ehgamek, hau da, Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua, ekainaren 28an ospatuko den Gay, Lesbiana eta Transexualen eskubideen nazioarteko egunerako egindako deialdiarekin bat egin du. Modu honetara, igandean, udaletxeko balkoian hiruki arrosa ikusgai ipiniko duela jakinarazi du.

Jatorria
Dagoeneko jakina da hiruki arrosa ikurra identifikatzailea naziek erabili zutela. Honakoa homosexualak bereizteko kontzentrazio eremuak bereizteko.

Gaur egun, sarraski hura gogorazten digun irudia bilakatu da, eta bide batez, oraindik bete gabe dauden gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko erabiltzen da lurralde ezberdinetan, munduan zehar.

2009/06/21

> Berria: Ekainak 28 > MAITASUN IZENEAN MIARRITZEN

  • Maitasunaren izenean
  • Gay eta lesbianen harrotasun eguna. Giro atseginean milatik gora lagun bildu dira Miarritzeko Gay Pride besta kari, 'Askatasuna, berdintasuna eta senidetasuna' aldarrikatzeko, haurrik ezin ukan eta ezkontzak ukatzen dituen eremuan.
  • Berria, 2009-06-21 # Nora Arbelbide · Miarritze
Askatasuna, hau da, bakoitzak ukan dezan, molde askean, ezberdin izateko eskubidea, nahi duenaren maitatzeko eskubidea. Berdintasuna, eskubide aldetik baita, bazterrean uzten direnek eskubide berak ukan ditzaten, bai ezkontzeko, bai haurren ukaiteko edo adoptatzeko, baita odolaren emateko ere. Eta, azkena, Senidetasuna, «herritar gehiegi bazterrean uzten delako, elkarren laguntzea ezinbestekoa delako». Christophe Stephany Miarritzeko (Lapurdi) gay eta lesbianen elkarteko (LGP) lehendakariak hitz hauekin esplikatu du Frantziako Errepublikaren leloa hautatu izana Miarritzen atzo iragan Gay Pride bestaren lelotzat: «Leloak guztiei zuzendua izan beharko luke, baina gaur egun ez da horrela».

Milatik gora lagun bildu ziren bestaren karietara, faroan hasita. Miarritzeko Faroak segitzen baitu leku sinbolikoa izaten. Luzaz homosexualen aurkako errepresioari ihes egiten ziotenen bilgune izan zen. Bederatzigarren aldikotz antolatu dute Gay Pride-a Miarritzen, aldarrikapen sakonak ahoan, baina umorea beti lagun. Adibidez, Betiereko Barkamenaren Seroren elkartekoak plazaz baliatu dira Betty eta Tina bezala, zenbait bikote ezkontzeko: «Tabuak hausteko eta noizbait egiazki ezkontzen ahalko garelakoan», Tinak laburbildurik.

20 bat elkarte eta sindikatu elkartu ditu bestak. CGT, CFDT, EHGAM, Gehitu, SOS homophobie, feminismo aldizkako baten aldeko PAF! elkarte gaztea, baita, mendi ibilaldiak antolatzen dituen Euskal ibiltariak. Sexu aukera guztiei irekia, kirola eta homosexualitatea uztartzea bektore bikaintzat dauka, normaltasunaren bidean: «Ez dugu deus ikaragarririk, denak bezalakoak garela!», ulertarazi nahian, elkarteko Beñat Gachen urruñarra (Lapurdi) bezala. Mendi ibilaldietan askatasun osoz sexu berekoak musuka daitezkeela, adibidez. Homofobiarik jasan gabe.

Homofobiaren arazoa eguneroko bizian oraindik indartsu dagoela salatzeko baliatu dute atzoko eguna, hain zuzen. Bere buruaz beste egiteko arrazoietako bat baita oraino, eta eraso fisikoak errealitate izaten segitzen dutelako. Duela hamar egun Baiona Ttipian ekintza homofobo larri bat gertatu da. Oraindik xehetasunak ez dira publiko egin. Miarritzeko faroan, berriz, apirilaren 14an zazpi bat gaztek gizon bat zanpatu zuten. Larriki zauriturik erietxean egon zen luzaz. Salaketa jarri du auzitegian.

Beste salaketa bat ere izan da aste honetan. Baionako, eta Biarnoko Oloroe eta Leskarreko Marc Aillet apezpikuak Gay Pride-aren antolatzaileen aurka agiri bat idatzi du. Betiereko Barkamenaren Seroren elkartea bestara gomitatu izana «zinezko bidegabekeria» da fede katolikoaren aurka, haren iduriko. Gaitzespen ugariren artean, serora berezi horietako bat den Myrtarena: «Ez du beste egitekorik, ala? Gu errespetu osoz gabiltza. Elizak betetzen ez duen lana betetzen dugu, baztertuei laguntza ekartzen diegu, besteak beste, ihesa duten gaixoei». Didier Borotra Miarritzeko auzapezak ere gaitzetsi du agiria, esanaz apezpikuak ez duela zertan horretaz arduratu.
  • 40 urte borrokan
  • Stonewall. LGBT kolektiboen askapen borrokaren abiapuntu jotzen dira New Yorkeko Stonewall tabernaren inguruan orain 40 urte izandako liskarrak. Urteurren hori dela eta ospatzen da gay eta lesbianen harrotasun eguna hilaren 28an.
  • Mobilizazioak. Miarritzen atzo egin bezala, heldu den asteburuan manifestazioak izango dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Donostian hilaren 27rako deitu dute manifestazioa. Gainerako hiriburuetan 28an bertan dira hitzorduak.

2009/06/19

> Berria: Salaketak > GIPUZKOA: SEXU ERASOA SALATZEKO KONTZENTRAZIOA EGIN DUTE HERNANIN

  • Sexu erasoa salatzeko kontzentrazioa egin dute Hernanin
  • Pasa den ostiralean hiru urteko haur bati sexu erasoa egitea leporatuta haur hezkuntzako irakasle bat atzeman zuen Ertzaintzak Hernanin.
  • Berria, 2009-06-19
Dozenaka lagun Hernaniko (Gipuzkoa) udaletxearen aurrean bildu dira eguerdian, haur hezkuntzako irakasle batek hiru urteko haur bati ustez egindako sexu erasoa salatzeko. Elkarretaratzean izan da Marian Beitialarrangoitia herriko alkatea, eta gertakaria salatzearekin batera, ustezko bortxatzailearen errugabetasun printzipioa errespetatzeko eskatu du.

Atzoko bilkuran, Hernaniko Udalak erasoaren aurkako adierazpena onartu zuen.

Pasa den ostiralean atxilotu zuen Ertzaintzak gizonezkoa, eta behin deklarazioa hartuta eta haren aurkako frogak aztertuta igandean Martuteneko (Donostia) espetxean sartu zuten. Sexu eraso larrien delitua egozten zaio, eta horrenbestez, errudun dela frogatzen bada gehienez hamar urteko kartzela zigorra jaso lezake.

Haurraren gurasoek ezarri zuten atxilotuaren aurkako salaketa pasa den ostiralean. Medikuak adintxikikoari egindako frogak aurkeztu zituzten gurasoek Ertzaintzan.

2009/06/18

> Berria: Ekainak 28 > MIARRITZEN BERDINTASUNA ALDARRIKATUKO DUTE ETZI

  • Miarritzen berdintasuna aldarrikatuko dute etzi
  • Berria, 2009-06-18
Urtero bezala, gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzeko elkarretaratzea eginen dute Miarritzen heldu den larunbatean. Askatasuna, berdintasuna, haurridetasuna izanen da elkarretaratze horren leloa, gogorarazteko Frantziak goraki aldarrikatzen duena ez duela betetzen. Manifestazioa Miarritzeko itsasargitik abiatuko da, 17:00etan.

2009/06/17

> Iritzia: Rikardo Arregi > TRANSFOBIA

  • Transfobia
  • Deia, 2009-06-17 # Rikardo Arregi
Batzuek erraz galtzen dute lana; langabeziarako bidea autopista zabala eta doanekoa zaie, abiadura handiko trena. Batzuen-tzat lan erregulazio bat izatea ere loteria desiragarria izango litzateke. Maria Jesús Lastrak sei hilabeterako sinatu zuen lan kontratua baina hiru ordu iraun lanean: goizeko hamaiketatik ordu biak arte. Sukaldean laguntzeko zegoen Gasteizen Alde Zaharreko ogitarteko denda batean baina nagusia konturatu omen zen Maria Jesús Lastra transexuala zela (ez galdetu nola) eta bere onerako kaleratu zuen. Bere onerako, bai, bere onerako, inolako asmo txarrik gabe. Nagusiak ez zuen arazorik transexualekin (guztiok gara oso toleranteak, ezta?), baina kontuan harturik Alde Zaharrean gazte mozkor asko dabilela asteburuetan deliberatu zuen hobe zela langileari arazo gehiegi ez ematea eta lan gabe utzi. Bihotz oneko gizona, zalantzarik gabe. Lan Ikuskaritzan salaketak daude, EHGAM-Arabak mobilizazioak antolatu ditu. Ez dakit, lerrook idazten ditudan bitartean, zer aterabidea izango duen arazoak baina bi gogoeta etortzen zaizkit burura oraintxe bertan, transfobia gaitzetsi eta salatzeaz gainera.

Lehendabizikoa enpresaburu, enplegatzaile edo nagusiei buruzkoa: nekatzen nau, nazkatzen nau, entzuteak behin eta berriz pertsona horien laudorio etengabea; badirudi negozioak baino karitatezko festak antolatzen dabiltzala eta egoera ekonomiko txarra sufritu, beraiek sufritzen dutela batez ere.

Bigarrena da gay, lesbiana eta transexualen mugimendu askotan nagusitzen ari den joera normalizatzaile eta lasaigarria, ezin ulertuzkoa dena bazterkeria kasuak eguneroko ogia ditugunean oraindik. Asteon bertan irakurri dut egunkari batean Benidormeko udalak (PP) eta Alikanteko diputazioak (PP) gay turismoa bultzatu nahi dutela gayak "bakezale eta lasaiak" direlako. Agian (agian ez, seguru) hasi-hasierako mugimenduetan zegoen probokazio puntu hura berreskuratu beharko genuke guztiok eta irribarretsu, zintzo eta jatorrak izateari utzi. Aspertu gehiegi dago munduan aspertu gehiago gehitzeko.

2009/06/13

> Berria: Transfobia > TRANSFOBIA SALAKETA: EZ DA HORREN URRUNA

  • Transfobia salaketa: Ez da horren urruna
  • Transexuala izateagatik lanetik kaleratu dutela salatu du Maria Jesus Lastrak; hori ikusirik, transexualen errealitatea ezagutarazteko eta lantzeko neurriak eskatu dituzte EHGAM eta 7menos20 elkarteek.
  • Berria, 2009-06-13 # Jon Rejado • Gasteiz
Ez da pentsatzen den bezain urrutiko kontua. Homofobia, lesbofobia eta transfobia kasuez pentsatzerakoan Euskal Herritik kanpoko hirietan pentsa liteke, hedabide batzuetan ager daitezkeen indarkeria kasuak gogora ekarriz. Ordea, gure gizartean bereizkeria kasuak gertatzen direla salatzen dute elkarteek, horien berri ematen ez den arren. Isilpean gertatzen diren bereizkeria kasuak dira. Ikusezintasun horrekin bukatzeko asmoz, EHGAM eta 7menos20 elkarteek transfobia kasu bat salatu dute. Maria Jesus Lastra lanetik bota zuten joan den ostiralean, eta kaleratzearen atzean genero arrazoiak daudela nabarmendu dute.

Maria Jesus Lastra Gijongo (Asturias, Espainia) Soy como soy (Naizen modukoa naiz) transexualen elkarteko presidentea da. Berak azaldu bezala, sei hilabeterako lanpostu baterako eskaintza lortu zuen Gasteizko Alde Zaharrean dagoen ogitarteko denda batean. Aurreko ostiralean kontratua sinatu eta lanean hasi zen, goizeko hamaiketan. Hiru ordu geroago nagusia gerturatu zitzaion. Lastrak azaldutakoaren arabera, tarte horretan lanpostua eskaini zion enpresara joan zen nagusia, eta bere sexuaren inguruko galderak egin zituen. «Esan zidan emakume transexuala nintzela bazekiela; ezin nuela dendan jarraitu gaineratu zuen, dendara gerturatu ohi diren gazteak edanda egoten direlako batzuetan, eta agian eraso egingo zidatelako», nabarmendu du Lastrak. BERRIA dendako jabearekin hitz egiten saiatu zen atzo, baina ez zuen lortu.

«XXI. mendean horrelakorik gertatzea penagarria da; transexualok bizi dugun egoera penagarria da». Duela astebete, kaleratu ondoren, Lan Ikuskaritzara jo zuen, eta etzi adiskidetze egintza du ogitarteko dendako jabearekin. «Gai honekin ahal dudan urrunen heltzen saiatuko naiz. Saiatuko gara egoera konpontzen, baina nagusiak behartuta hartu behar banau... Garrantzitsuena da halako kasuak berriro ere ez gertatzea». Elkarte bateko presidente den neurrian, halako hamaika kasuren berri izan duela jakinarazi du Lastrak, eta oso gogorra izan daitekeela gaineratu du. «Psikologikoki indartsua ez bazara min izugarria egin diezazuke; zarena zarelako lan batetik botatzen zaituztela ez dugu ahaztu behar».

Sentsibilizazioa
Laneratzeko zailtasuna bereziki handia da transexualen kasuan, Transexualidad Navarra eta Errespetuz elkarteek azpimarratu izan dutenez. «Gay eta lesbianak ezkutuan izan dezakete beren sexu hautua; transexualok ezin gara ikusezinak izan, aldaketa batzuk egin behar ditugulako», gogorarazi du Sarai Montesek, Errespetuz pertsona transexualen integrazio eta defentsarako euskal elkarteko presidenteak.

Transfobia kasuei aurre egiteko neurriak proposatu dituzte EHGAM eta 7menos20 elkarteek. Horien artean, sentsibilizazioaren garrantzia nabarmendu dute, gizarteak transexualen egoeraren berri izan dezan. Horrez gain, diskriminazio positiboa eskatu diete instituzioei, gizarte bazterketara bultzatuak izan ez daitezen. Instituzioek egin beharreko lana nabarmendu dute, orain arte LGTB kolektiboen diskriminazioaren arloan egiten ari diren politika «hutsaren parekoa» dela salatuta.

Bestetik, Osakidetzan aldaketak egin beharko liratekeela aldarrikatu dute. Transexualitatea gaixotasuntzat hartzen da gaur egun -genero disforia-, eta horren arabera jokatzen dute profesionalek. Hori dela-eta, gaixotasuntzat hartzen duten protokoloak bukatzeko eskatu dute, eta Osakidetzan «benetako» Diziplina Arteko Genero Unitateari begirako trebakuntza eskaintzea aldarrikatu dute. Eusko Jaurlaritzako aurreko Osasun Sailak ez zuen eskaria baloratu nahi izan, eta gobernu berriak adierazi du eskariaren arabera eta dituen lehentasunetan oinarrituta hartuko duela erabakia.

Gertatutakoa salatzeko dozenaka lagun elkarretaratu ziren atzo, 20:30ean, San Frantzisko Xabierkoaren kalean, EHGAMek eta 7menos20 elkarteen deiari erantzunez.

  • Transexualitatea, 1980tik gaixotasuntzat. Osasunerako Mundu Erakundeak 1980an sartu zuen transexualitatea buruko gaitzen zerrendan.
  • Aldarrikapenak. Buruko gaitzen zerrendatik kentzea, eta endokrinologora joan aurretik psikiatrara joan behar ez izatea eskatzen dute.
  • EAEko Genero Disforia Unitatea. Gurutzetan dago, baina ez du sexu aldaketarako kirurgia eskaintzen.

2009/06/10

> Elkarrizketa: Tino Brugos > "FUNDAMENTALISMO ERLIJIOSOAK HOMOFOBIA ZABALDUKO DU BETI"

  • Tino Brugos. Xega kolektiboko koordinatzailea: «Fundamentalismo erlijiosoak homofobia zabalduko du beti»
  • EHGAMek antolatuta, 'De Stonewll a nuestros días: 40 años de una lucha' hitzaldia emango du Tino Brugos Xegako kideak. Hitzordua gaur izango da, Errenteriako Mikelazulo kultur etxean, 19:30ean.
  • Berria, 2009-06-10 # Uxua Larretxea. Donostia
Tino Brugos (Asturias, Espainia, 1958) Xente Gai Astur (Xega) kolektiboko koordinatzailea da. Azken 40 urteetan gayen, lesbianen eta transexualen aldeko mugimenduek izandako garapenaz mintzatuko da gaur, Mikelazulon (Errenteria). Orain arte eskubideen alorrean izugarri aurreratu bada ere orandik lan asko egiteko dagoela aitortu du.

Hitzaldia Vicente Vadillo Santamaria Francis-en heriotza oroituz abiatuko duzu. Zer garrantzia izan zuen gertaera horrek homosexualen eta transexualen eskubideen aldeko borrokan?
1979. urtean jazo zen gertaera, Errenterian (Gipuzkoa). Nik orduan 20 urte nituen, eta arretaz entzun nuen gertaturikoa. Hedabideek gertaera horren berri eman zuten, eta hurrengo egunean greba orokorra antolatu zen heriotza salatzeko. Finean, gaiaz normal hitz egin zen. Halere, heriotza horrekin ohartu nintzen panorama zaila genuela.

Orain arte asko aurreratu da gayen, lesbianen, eta transexualen eskubideen onarpenean. Nola ikusten duzu egungo egoera?
1969an Stonewall erreboltak gertatu zirenetik egundaino izugarri aurreratu da, aldaketa sakonak izan dira. Hein handi batean ez zen posible izan iraultza, baina egunerokotasunean eragina izatea lortu genuen, bai homosexualen eta transexualen artean bai gizartean orokorrean. Lehen onartzen ez zen gizarte subjektu bat eraiki dugu urte hauetan guztietan. Horretarako, gogor borrokatu gara, baina gauza bat argi daukagu: gelditzeko etorri gara. Onerako zein txarrerako agenda politikoetan gaude.

Globalizazioak ez al dizue erraztu mugimendu guztien arteko harremana eta elkarlana?
Globalizazioak gure mezua munduan zehar zabal dadin eta elkarren berri izan dezagun lagundu digu. Halaber, mugimendu guztien batasuna oso zaila da, herrialde bakoitzeko egoera sozio-politikoa eta kulturala oso desberdina delako. Mugimendua plurala bilakatu da, eta horrek zatiketa dakar, baina, era berean, gizarte klase guztietan eragina izaten ari dela ere erakusten du, eta hori baikorra da.

Aurrerantzean zein alderdi geratzen da bereziki lantzeko?
Espainian legezkoa dena gizarte eremu guztietan arrunt bilakatzea da erronka, eta sozialki onargarria izan dadin borrakatzea. Arruntasun hori gizartearen osotasunera zabaldu behar dugu. Nolanahi ere, jabetzen gara fundamentalismo erlijiosoak beti homofobiak zabalduko dituela. Bestalde, transexualen eskubideen aldeko borrokan lan asko egiteko dago; adibidez, gizarte segurantzak sexu organuen kirurgia operazioak ordain diezaion lortu behar dugu, eta gizartean euren integrazia bultzatu. Bisexualen aldarrikapenak ere lantzeko ditugu.

Ez al dira egun sozialki gayak eta lesbianak transexualak baino hobeto onartzen?
Marketina dago horren atzean. Urte hauetako borroka bereziki gizonezkoek garatu dute, eta, ondorioz, nolabaiteko errespetua lortu dute. Lesbianak ere errespetatzen direla esango nuke, baina hori ez da horren agerikoa. Gayen, lesbianen eta transexualen alde mugimenduetan gizonezkoak monopolioa izan dute, eta hori aldatu behar dugu.

Gizartea kontzientziatua ikusten duzu homosexualen eta transexualen gaien inguruan?
Gizarte sektore bati behin eta berriz jakinarazi behar zaie gure eskubideak bermatzea ez duela euren eskubideen gutxitzea ekartzen, ez gaudela eri, ez garela lehen baino gehiago, baizik eta ageriago gaudela, eta abar. Eztabaida hori gizartera eraman eta iraunarazi behar dugu. Hezkuntzak zeresan handia dauka horretan, eta, horrenbestez, gaia eskolan etengabe landu behar da urtez urte. Gazteek bizi duten errealitatean homosexualak, transexualak eta atzerritarrak daude, besteak beste, eta hori eskolatik asimilatu behar dute.

Egun desberdintasunaren eta aniztasunaren aldeko apologia egiten da, baina benetan uste duzu gizarte hau tolerantea dela desberdina denarekin?
Gertuko kasua denean kolpe antzeko bat gertatzen da, baina lehen ez bezala orain familiak ere gure eskubideen borrokan parte hartzen du. Orain arte umezurtzak izan gara, ez baitzegoen inor babestuko gintuenik. Zorionez, guri laguntzen ikasten ari dira.

2009/06/06

> Berria: Lesbianismoa > LESBIANAK ADISKIDEEI EMATEN DIETE LEHENBIZI BEREN JOERA SEXUALAREN BERRI

  • Lesbianek adiskideei ematen diete lehenbizi beren joera sexualaren berri
  • Gazteek eta helduek modu desberdinean bizi dute lesbianismoa, Aldarte Zentroaren ikerketa baten arabera
  • Berria, 2009-06-06 # Maite Asensio • Bilbo
Hego Euskal Herriko lesbianei buruzko ikerketa aitzindaria egin zuen 2006tik 2008ra Gay, Lesbiana eta Transexualen Arretarako Aldarte Zentroak, eta horren aurkezpena egin zuen ostegun iluntzean, Emakundek antolatutako Berdintasunerako VI. gunearen barruan. Besteak beste, Hegoaldeko lesbianen profila definitu dute, eta haien ikusgaitasuna handitzeko proposamen soziopolitikoak egin dituzte. Ikerketaren arabera, nabarmena da lesbiana gazteek eta helduek modu desberdinean bizi dutela haien joera sexuala, baina oraindik ere adiskideen esparrua ezinbestekoa da lesbianismoa ezagutzeko eta horri buruz hitz egiteko.

Lesbiana gazteentzat errazagoa da haien joera sexualaren berri ematea, baina, halere, inkestatuen erdiek baino gehiagok diote «zaila» edo «oso zaila» egin zitzaiela lesbianak direla esatea. Lehenbizi adiskideei esaten diete gehienek; ondoren ahizpei edo nebei, amari, lankideei eta aitari. Lagunen eremua ere «funtsezkoa» da lesbianismoa ezagutzeko edo joera sexual desberdinen berri izateko, hedabideak, familia edo eskola baino lehen.

Belaunaldien artean aldaketa gehiago antzeman ditu ikerketak. Lesbiana gazteek 6 eta 14 urte arteko garaian izan zuten lehenengoz lesbianismoaren berri. Helduek, ordea, beranduago entzun zituzten heterosexualitateaz besteko aukera sexualei buruzkoak: %48,5ek, 14 eta 24 urte bitartean. Gainera, 40ko eta 50eko hamarkadetan jaiotakoek harreman heterosexualen bidez izan dituzte seme-alabak. «Belaunaldi horiek ezkontzeko izan zuten presioa adierazten du datu horrek», Inmaculada Mujika Aldarteko kidearen ustez. Gazteek intseminazio artifizialera jotzen dute batik bat.

Sinesmen erlijiosorik ez
Arabako, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko 468 lesbianari egindako inkestetan oinarritu da azterlana. Batez ere elur bolaren metodoa erabili dute inkestak banatzeko (ezagunei eman, horiek ere haien lagunen artean bana dezaten), eta, beraz, lagin horrek ez du benetako biztanleria ordezkatzen (parte-hartzaileen %55 Bizkaikoak dira, esaterako). Dena den, ondorio «esanguratsuak» atera dituzte, Ana Ureta Aldarteko lehendakariaren ustez: «Batez beste 27 eta 47 urte artean dituzten lesbianekin hitz egin dugu; sinesmen erlijiosorik gabekoak dira, ezkertiarrak, gaztelaniazko hiztunak (Gipuzkoan izan ezik), eta goi mailako ikasketekin».

Halaber, lesbianen inguruko aurreiritzi asko hausten ditu azterlanak. Inkestatuen %88k garrantzi handia edo nahikoa ematen diete sexu harremanei, eta hamarretik lauk bikotekidearekiko harremana etengo luke sexua ona izango ez balitz. «Lesbianak sexugabeak garela uste dutenei kontrajartzen zaizkie datu horiek», esan du Nekane Zabaleta Aldarteko bazkideak.

Lesbianen ikusezintasunaren seinaleak ere ageri dira ikerketan. Inkestatuek diote ikusgaitasun «nahiko handia» dutela hurbileko ingurunean, baina ez esparru publikoan. Esaterako, inkestatuen %64,5ek ez dute inoiz irainik jasan lesbiana izateagatik; bada, ikusezintasunak datu hori baldintzatzen duela uste dute ikerketaren egileek: «Emakumeen %90 baino gehiagok irainak jasan izan dituzte emakume izateagatik. Lesbianek eraso gutxiago jasotzen dituzte haien joera sexualari lotuta, ikusezina delako».

Bestalde, ikestatuen %74,4 ezkongabeak dira, baina horien %57,5ek bikotekidearekiko harremana «formalizatu» nahiko lukete. Gehienek ezkontza hautatuko lukete horretarako, «baina ez aitorpen soziala lortzeko, baizik eta bikote heterosexualen eskubide berdinak izateko», Uretak dioenez. Halere, administrazioan eskubide horiek gauzatzeko zailtasun handiak dituztela salatu dute lesbianek, seme-alaben izena emateraroan, adibidez.

2009/06/04

> Elkarrizketa: Itziar Ziga > "EUSKAL FEMINISMOA MUNDUKO INDARTSUENETAKO BAT DA, BAINA KUTSU PURITANO HANDIA GU"

  • Itziar Ziga • Idazlea: «Euskal feminismoa munduko indartsuenetako bat da, baina kutsu puritano handia du»
  • Emakumeen glamour ironikoa eta urdanga kategoria berreskuratzeko beharraz mintzatuko da gaur, Errenterian, 'Devenir perra' liburuaren egilea, Bartzelonako post-porno eszenako kide batekin batera.
  • Berria, 2009-06-04 # Edu Lartzanguren.
«Muturreko feminitate subersiboen» inguruan mintzatuko da gaur Itziar Ziga idazlea bere jaioterrian (Errenteria, Gipuzkoa, 1974). Bartzelonan bizi da aspaldi, eta "Devenir perra" liburua argitaratu du aurten (Urdanga bihurtu). Idazlearekin batera izango da Veronika Arauzo, liburuko protagonistetako bat. Gaur, 19:30ean, Mikelazulo kultur elkartean.

Zertan da "Devenir perra" liburua?
Erretratu kolektibo eta biografikoa da, muturreko feminitate subertsibo antipatriarkalaren ingurukoa. Elkarrizketak dira, Bartzelonako nire inguruko neska biologiko, transexual, homosexual eta lesbianei egindakoak. Azken urteotan aurkitu dudan feminitate parodikoa erretratatu nahi izan dut. Horrez gain, putaren estigma feminismoarentzat berreskuratu nahi izan dut.

Urdanga hitza, irain izan ondoren, harrotasun ikur bihurtu nahi duzu?
Urdanga hitzarekin deskribatzen dugu geure burua, sexuaren aldeko feminismoa bultzatzeko. Borrokatu nahi dugu bolada neokontserbadore honek ekarritako feminismo instituzional abolizionista. Halako erakundeak, putei lagundu beharrean, haiei jazartzen laguntzen ari dira.

Veronika Arauzo da zure liburuko protagonistetako bat, eta gaur zurekin egongo da hitzaldian.
Veronika nire adineko neska transexuala da. Sexuaren langilea da, eta aktibista feminista eta antikapitalista. Aspaldi egin dugu lan elkarrekin. Biok modu berean ulertzen dugu feminismoa eta feminitatea. Gizontasuna idealizatu egin du askotan feminismoak, eta emakumetasunaren zeinu guztietatik askatzeko esan ohi digu. Gure ustez, ordea, bide guztiak dira zilegi politikoki kontzienteak badira. Ez da beharrezkoa gizontzea edo baztertzea kortseak, oinetako takoidunak eta depilazioa. Puta itxurarekin errespetua lortzen baduzu eremu guztietan, indarrean dagoen misoginiak atzera egiten du. Matxismoak eta feminismo zaharkituak gure itxura gaitzetsi dute, eta, esaterako, titiak ez erakusteko esan digute. Horrek indartu egin gaitu, matxinoak garelako.

Post-pornoaren amak, Annie Sprinklek, emakumeak «jainkosa» bihurtzeko dei egiten zuen duela 20 urte, eta zuek orain jainkosa urdanga bihurtu nahi duzue?
Nire dibetako bat da Annie Sprinkle; ezagutzen dut, eta liburuko azken atala hari eskaini diot: Annie Sprinkleren aluari gorazarre. Nire ustez, Sprinkle bera identifikaturik sentituko litzateke urdangarekin, gu jainkosarekin identifikatzen garen bezala.

Zertan bereizten da zuek egiten duzuen pornoa eta komertziala?
Porno komertziala izugarri aspergarria da, eta ez nau berotzen, estereotipo berberak etengabe erabiltzen dituelako. Geurea ironikoa da, eta politikoa; errepresentazio kodeak aldatzen ditu. Gainera, benetan jotzen dugu larrua bideotan. Geure errealitatea islatzen du, eta berotzen gaitu.

Bartzelonan egiten duzun lana Euskal Herrian egiterik izango zenuke?
Leioako fakultatean nengoela, 1996. urtean, Martxoaren 8a ospatzeko, bi metroko alua egin genuen, eta kafetegiko atean jarri genuen. Ezpainak ireki behar zenituen sartzeko. Emakumezko irakasle bat haserre etorri zitzaigun, feminista liberal burges horietako bat. Bortxaketa kolektiboa irudikatu izana egotzi zigun. Zergatik bortxaketa eta ez larru jotzea? Euskal feminismotik asko edan dut nik. Nire ustez, munduko indartsuenetakoa da, baina kutsu puritano handia du, zoritxarrez, kultura katolikoarengatik.

2009/05/30

> Elkarrizketa: Javier Ugarte > "FRANKISMOA BIZI IZAN ZUTEN HOMOSEXUALEI EZ ZAIE AITORTU JASAN ZUTEN JAZARPENA"


  • Javier Ugarte - Filosofoa: «Frankismoa bizi izan zuten homosexualei ez zaie aitortu jasan zuten jazarpena»
  • Una discriminación universal: homosexualidad bajo el franquismo y la transición' liburua idatzi du Javier Ugarte filosofoak. Urte haietan homosexualek beren sexualitatea nola bizi zuten azaldu du Ugartek.
  • Berria, 2009-05-30 # Ainara Arratibel · Donostia

Frankismoaren jazarpena» jasan ostean, «zailak eta luzeak» izan ziren trantsizioko urteak homosexualentzat, Javier Ugarte filosofo eta Oviedoko Unibertsitateko irakaslearen hitzetan. «Atxilotuak eta kartzelatuak izaten jarraitu zuten, 1979 arte». Egun urratsak egin diren arren, homofobiaren aurkako politika «eraginkorragoak» behar direla uste du, eta garai hartako homosexualei jasan zuten «jazarpena» aitortu behar zaiela.


Zer islatu nahi duzu liburuan?
Inork erantzun ez didan zalantza bat argitu nahi izan dut hainbat alorretako profesionalen bidez: zein baldintzatan bizi eta eraiki behar zuen bere sexualitatea homosexuala sentitzen zen pertsona batek urte haietan.


Nola egiten zuen?
Harrigarria bada ere, kasu askotan ezkonduz egiten zuten. Erregimenak, Elizarekin bat eginda, heterosexualitatea ezarri zuen bizitzeko modu gisa. Gizonek emakumeekin ezkondu eta seme-alabak izatea nahi zuen, 1936ko gerrako galera ekonomiko eta demografikoak berreskuratzeko. Hori kontuan hartuta, eta frankismoaren errepresioa ez jasateko, homosexual asko ezkondu eta seme-alabak izan zituzten. Nahiz eta homosexualen aurkako sarekada batean harrapatu, Polizia eta epaileak ez ziren horren 'gogorrak' haiekin. Beraz, oso egoera gogor eta zailetan bada ere, beren homosexualitatea bizitzen jarraitzeko aukera zuten. Ezkondu gabe zeuden homosexualekin, ordea, ez zuten gupidarik izaten, eta kartzelatu egiten zituzten.


Kartzelako bizimodua gogorra izango zen, ezta?
Oso gogorra, benetako infernua bizitzen zuten.


Eta lesbianekin zer gertatzen zen?
Emakumeen sexualitatea ukatu egiten zen, eta erregimenak erotzat hartzen zituen lesbianak. Hori dela eta, kartzelatu beharrean, ospitale psikiatrikoetan sartzen zituzten.


Eta trantsizioa nolakoa izan zen?
Luzea eta zaila. Izan ere, trantsizioa luzeagoa izan zen homosexualentzat. 1979ko urtarrilera arte indarrean egon zen Gizarte Arriskugarritasun Legea. Beraz, trantsizioaren lehen urteak gogorrak izan ziren homosexualentzat, atxilotu eta zigortu egiten baitzituzten. Hori ez zen gertatzen frankismoaren errepresioa jasan zuten beste hainbat biktimekin. Adibidez, pentsa ezina zen alderdi sozialistako edo komunistako kide bat atxilotua izatea, zituen ideia politikoengatik.


Memoria Historikoaren Legearen bidez 1936ko gerrako eta frankismoko biktimek jasandako jazarpena onartu eta aitortu nahi izan da. Garai haiek bizi izan zituzten homosexual askok, ordea, eurei ez zaiela aitortu diote. Horrela dela uste duzu?
Bai. Frankismoa bizi izan zuten homosexualei ez zaie jasan zuten jazarpena aitortu. Hala, duela aste batzuk jaso du Espainiako Gobernuaren kalte-ordaina homosexuala izateagatik frankismoaren jazarpena jasan zuen lehen biktimak. Kalte-ordaina 4.000 eurokoa izan da. Jasan zuten jazarpena kontuan hartuta, kalte-ordaina iraingarria da, oso txikia .


Nola aitortu eta onartu dakieke jasan zuten jazarpen hori?
Nik uste ematen zaien kalte-ordain ekonomikoa handiagoa izan beharko litzatekeela. Baina, zoritxarrez, uste dut horrek ez duela atzera bueltarik izango, eta hor utziko dutela. Bestalde, ideia politikoengatik jazarpena jasan zutenekin egin den antzera, omendu egin beharko lirateke. Gainera, gehiago ikertu beharko litzateke bizi izan zutenaz. Izan ere, alor horretan lanean ari garenok ez dugu inork gehiago hori bizitzerik nahi. Ezinbestekoa da homofobiaren aurkako politika argiagoak eta eraginkorragoak egotea. Gizarte osoak egin behar du homofobiaren aurka, oraindik ere aurreiritzi asko baitaude.


Zure liburua aipatu duzun omenaldi horietako bat al da?
Neurri batean bai. Jendeak homosexualek garai hartan bizi izandako infernua jakitea nahi izan dut. Izan ere, historiaren alorrean bada oso esaldi on bat: beren historia ezagutzen ez duten herriak hura errepikatzera kondenatuak daude. Zorionez, kasu honetan ez da hala izango. Baina ezinbestekoa da jendeak hura jakitea.


Gaur egun, nola uler daiteke hainbat jendek homosexualitatearen inguruan duen jarrera atzerakoia?
Ezin da ulertu. Alor horretan, kezkagarria eta salagarria iruditzen zait Eliza katolikoa bezalako erakunde batek homosexualitatearen inguruan erakutsitako jarrera oldarkor eta atzerakoia.

2009/05/17

> Berria: Maiatzak 17 > FRANKISMOAK ZAPALDUTAKO "BESTEAK" GOGOAN, DURANGON

  • Frankismoak zapaldutako «besteak» gogoan, Durangon
  • Francoren diktaduran sexu joeraren ondorioz hildakoen omenezko eskultura jarri du EHGAMek
  • Berria, 2009-05-17 # Maite Asensio • Durango
Frankismoaren garaiko beste biktimak. Haien sexu joeraren ondorioz laidoztatuak, baztertuak, espetxeratuak, torturatuak, hilak; ondoren, ahaztuak, ikusezin bihurtuak. Francisco Francoren diktaduran zapaldutako lesbiana, gay, transexual eta bisexualen omenez, Kantu isila izeneko oroitarria inauguratu zuen atzo Durangon (Bizkaia) EHGAM Euskal Herriko Gay Askapenerako Mugimenduak.

Milaka izan ziren frankismoaren garaian «beren duintasunaren alde» borrokatu ziren emakumeak eta gizonak, Imanol Alvarez EHGAMeko kideak azaldu duenez. «Era guztietako irainak eta zapalkuntzak jasan zituzten, bakarrik beraiek hautatutako pertsonak maitatu eta haiekin larrua jo nahi izateagatik». Emakume eta gizon haiek gogoan izateko, Koldobika Jauregik egindako eskultura jarri dute Landako gunearen ondoan. Kantu isila da artelanaren izena, baina Jon Maiaren bertso bat bertan grabatu ostean, isiltasunari hitzak jarriko dizkiote.

Frankismoaren «beste» biktimak dira, hain zuzen, «bestelakoak» izateagatik jazarri zietelako. «Bene-benetan ahaztuak, gehienak anonimoak, baina gure aitortza merezi dutenak», gaineratu du Imanol Alvarezek. Izan ere, frankismoaren biktimen artean, lesbiana, gay, transexual eta bisexualak izan dira isilduenak. Hala onartu du Martxelo Alvarez Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kideak : «Tristea da, baina esan egin behar da: frankismoak ez ezik, frankismoaren aurka borrokatu zirenek ere zapaldu zituzten gay eta lesbianak. Garai hartako ezkerreko errepresaliatu politikoen artean ere jokabide homofoboak egon ziren».

Baina justiziari begira, oroitarriaren atzean «izen-abizen zehatzak» daudela esan du Alvarezek, eta hildakoak omentzea egoki jo arren, ekintzetara igarotzeko beharra nabarmendu du, «zoritxarrez, izen-abizen horiek jardunean jarraitzen dutelako egun». Elizak ere lesbiana, gay, transexual eta bisexualen inguruan izandako jarrerari buruz hausnartu beharko lukeela gaineratu du Ahaztuak 1936-77 elkarteko kideak. Horregatik, hain justu, Durangoko Andra Maria elizaren aurrean elkarretaratzea egin zuten atzo.

76ko azaroko egun batean
Durango hautatu du EHGAMek oroitarria jartzeko, besteak beste, bertan sortu zelako elkartea. «1976ko azaroko egun batean, Antonio Quintanak eta biok topo egin genuen hemen» , azaldu du Imanol Alvarezek, EHGAMeko sortzaileetako bat izandakoak. «Bertan hasi ginen berbetan, Europako beste leku askotan bezala, Euskal Herrian ere gay mugimendua antolatzeaz. Beste inork egiten ez bazuen, guk egin behar genuela zioen Antoniok. Ni nahiko eszeptikoa nintzen, baina haren gogoa ikusita, ezin izan nion ezetz esan».

Ordutik, aurrerapausoak eman dira, baina oraindik herrialde batzuetan sexu joeragatik pertsonei jazartzen dietela eta hil egiten dituztela gogorarazi du Gema Zabaletak, Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako sailburuak. Gurean ere «homofobia ekintzak» daudela eta «berdintasunaren alde borrokatzea beharrezkoa» dela gaineratu du, frankismoaren biktimek isuritako odola ez zelako alferrik izan: «Memoria eta justizia ekitaldia da hau, ez ahaztera konprometitzen gaituena».

2009/05/14

> Berria: Maiatzak 17 > ARABA: 7menos20 ETA EHGAM ELKARTEEK ALDAKETAREN ERAGILE IZAN NAHI DUTE

  • LGTB elkarteek aldaketaren eragile izan nahi dute
  • Homofobia, lesbofobia eta transfobiaren aurkako eguna dela-eta heterozentrismoarekin bukatzeko eskatu dute
  • Berria, 2009-05-14 # Jon Rejado • Gasteiz
Lesbianen, homosexualen, transexualen eta bisexualen elkarteek azpimarratu dute gizarte berri bat sortzeko eragile izan behar dutela homofobiaren kontrako borrokan. 7menos20 eta EHGAM Araba elkarteek adierazi dute helburu horren alde egin behar dutela mugimendu sozialekin, sindikalekin eta pentsaera politiko guztiekin lan eginez. Dei hori egin dute maiatzaren 17an egingo den homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren kontrako egunaren atarian.

Egungo sistema heterozentrista dela nabarmendu dute elkarteek, eta homofobiaren arazoa sortzen duela kritikatu dute heterosexualitatea ardatz duen sistema den neurrian. Lesbianek, homosexualek, transexualeek eta bisexualek sufritzen dituzte beldur eta aurreiritzi horiek, eta hori oinarritzat hartuta, sufritzen dutenek izan behar dute aldaketa eragileak.

Ideia hori aldarrikatuko dute maiatzaren 17an egingo diren ekimenetan. Aldarrikapen horrez gain Eliza Katolikoaren jarrera salatuko dute. Celestino Migliori Vatikanoko ordezkariak Nazio Batuen Erakundean egindako adierazpenak gogora ekarri dituzte, homosexualitatea ez despenalizatzeko eskatu zuen.

Hainbat ekimen
Maiatzaren 17a dela-eta hainbat ekimen antolatu dira Euskal Herrian. Maiatzaren 16an eskultura baten inaugurazioa egingo da, eta elkarretaratze nazionala deitu dute 18:30ean. Maiatzaren 17an bertan, manifestazioa egingo da Gasteizen, eta 12:30ean aterako da Babesgabetuen Andre Mari Zuriaren plazatik. Horrez gain Transfobia, lesbofobia eta homofobiaren aurpegiakerakusketa gaurtik aurrera ikusgai egongo da Gasteizko Hikaateneon.

2009/05/13

> Manifestua: Ekainak 6 > GEURE GORPUTZA, GEURE ERABAKIA

  • MANIFESTUA: GEURE GORPUTZA, GEURE ERABAKIA
  • Ekainaren 6an. Abortatzeko eskuidearen aldeko manifesta-zioa. Bilbon
  • Euskal Herrian, 2009ko Maiatza
  • Aske eta doan abortatzeko eskubidea.
  • Haurdunaldien Borondatezko Etenaldiak (HBE) osasun sare publikoan.
  • Abortatzen duten emakumeentzat erabateko bermeak osasunari eta arlo juridikoari dagokionez. Baita interbentzioa egiten duten osasun langileentzat ere.
  • Abortua eskubide gisa finkatzea.
  • Antisorgailuen doako eskuragarritasun unibertsala emakume ororentzat, osasun baldintza egokietan.
  • Hezkuntza sexuala eremu guztietan. Emakumeek beren amatasuna libreki eta borondatez erabaki dezaten, baita sexualitatea bizitzeko beren modua ere, gozagarria izan dadin eta ez inposaketen bidez ezarria.

Hauek dira eta izan dira, urte askoan, emakumeen sexu- eta ugalketa-eskubideen inguruan mugimendu feministak egindako aldarrikapenak.

Baina aldi berean, erreakzio kontserbadoreek -Eliza katolikoaren eta eskubiko indar politikoen eskutik- gure eremuaren jabe egin nahi duten garaiotan, beren eskubideak gauzatu nahi dituzten emakumeei amaigabeko oztopoak jartzen zaizkie, eta bereziki abortu eskubidea oztopatu eta zigortzen da.

Izan ere, abortatu ahal izateko balizko egoerek Kode Penalaren barnean jarraitzen dute. Hainbat oztopo eta mugen bidez, emakumeok epaileen, tribunalen edota medikuen aurrera eramaten gaituzte; azkenean, beraiek dira emakumeen gorputzari buruzko erabakia hartzen dutenak. Ez da bermatzen abortua doan eta osasun sare publikoan gauzatzeko aukera. Arautu gabeko kontzientzia eragozpena dela eta, medikurik atzerakoienek, ospitaleak beren intolerantziaren erlijio-kapera bihurtu nahi dituzte, eta hauetan emakumeen erabakitzeko eskubidearen aurka, “moral” faltsua inposatzen dute. Eskubide hau gauzatzearen alde dauden osasun langileak etengabe jazartzen dituzte. Ikastetxe erlijiosoetan, zentzugabeko superstizioak eta zientziaz kanpokoak diren hainbat sinesmen irakasten zaizkie gazteei, honela beren gorputzaz eta sexualitateaz libreki eta askatasunez erabakiak hartzen dituzten emakumeak errudun sentiaraziz eta epaituz.

Beste behin, orain eta betiko: geu erditzen gara, geuk erabakiko dugu. Abortua Kode Penaletik kanpo nahi dugu. Ez dadila sar Eliza gure bizitzetan.

  • EUSKAL HERRIKO MUGIMENDU FEMINISTA: 7MENOS20, ABORTOAREN ALDEKO NAFARROAKO ASANBLADA, ALTSASUKO FEMINISTAK, AMALATZ TALDE FEMINISTA, ANDERE BIDATZ, ARABAKO EMAKUMEON ASANBLADA, ARGITAN, ATARRABIKO EMAKUMEEN ASANBLADA, HANGO ETA HEMENGO EMAKUMEAK, BASAURIKO EMAKUMEON TALDEA, EMAKUMEAK ANIZTASUNEAN, BIZKAIKO EMAKUMEEN ASANBLADA, EMAKUME INTERNAZIONALISTAK, ERMUKO EMAKUMEEN ASANBLADA, EUSKAL HERRIKO BILGUNE FEMINISTA, FORUM FEMINISTA MARIA DE MAEZTU, HAGIN, HANKAZ GORA, IDUNA, LANBROA, LIZARRAKO KOORDINADORA FEMINISTA, MEDEAK, PLAZANDREOK, SORGINAK, TXANTREAKO EMAKUMEEN ASANBLADA, UXU ONDARRUKO EMAKUMEEN TALDEA.

2009/05/05

> Berria: Zinema > MAITASUN BERANTIARRAK

  • Maitasun berantiarrak
  • 'Axun eta Maite' filmatzen hasiko dira Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, bi emakume adinduren arteko maitasun istorio. Donostiako Zinemaldira iritsi ezean, 2010eko udaberrian estreinatuko dute
  • Berria, 2009-05-05 # Xabier Martin • Pasai San Pedro
Ander filmean homosexualitatea Euskal Herriko landa gunean kokatu zuen orain gutxi Roberto Castonek; bada, Jose Mari Goenaga (Ordizia, Gipuzkoa, 1976) eta Jon Garaño (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974) datorren astelehenean filmatzen hasiko diren euskarazko filmak ere (Axun eta Maite) zinemak ohiz kanpokoa duen esparru batera eramango du homosexualitatea, bi emakume adinduren arteko harremanetan jorratuko baitu. Dena den, Goenagak film biak desberdindu nahi ditu ezeren aurretik: «Ez genuke nahi jendea bi filmak alderatzen hastea. Izan ere, Ander askoz ere modu argiagoan dago kokatuta gai horretan. Gureak ukitzen du homosexualitatea, baina Axun eta Maite adiskidetasunari buruzko istorioa da batez ere». Zizurkilgo Irola baserrian hasiko dira filmatzen. Gero, Asteasun, Donostiako Santa Klara uhartean eta Gipuzkoako beste hainbat lekutan ariko dira, sei astez. Ekainaren 20rako bukatu nahi dute filmatzea. «Zinemaldian estreinatu nahiko genuke, baina filmatzea martxotik maiatzera atzeratu denez, larri ibiliko gara garaiz bukatzeko. Iritsiko ez bagina, 2010eko udaberri aldera estreinatuko genuke seguruenik», dio Jon Garañok.

Tercero B eta Sintonia film laburren ondoren, Lucio zuzendu du Goenagak, azken hori Aitor Arregirekin batera. Garaño, berriz, Dragon House eta Sahara Marathon dokumentalen egilea da. Bata zein bestea Axun eta Maite-ren produkzio aurreko lanetan aritu dira azken hilabeteetan, buru-belarri, Moriarti ekoiztetxeak Pasai San Pedron duen egoitzan. Pasarte guztiak nola filmatuko dituzten ere aldez aurretik erabaki dute, «inprobisazioari leku gutxi utzita». Jon Garañok izango du azken hitza filmaren arlo teknikoari dagokionez. Aktoreen zuzendaritzan, berriz, Jose Mari Goenaga izango da arduradun nagusia.

Izenburuarekin bueltaka
Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeen ekoizpen berria Axun eta Maite izenburuarekin hedatu dute, baina izen hori ez da behin betikoa. «Maite eta Axun, Maitaxun eta Pasodoblia ere bururatu zaizkigu», diote. Litekeena da azkenean filmaren izenburua Pasodoblia izatea. Haren alde egiten dute egileek. «Filmean protagonistek pasodobleak dantzatzen dituzte, eta horren haritik pentsatu dugu agian izenburua aldatuko dugula».

Izenburuak izenburu, Garaño eta Goenagaren filma giro dramatikoan garatuko da, komediaren ukituekin. «Giro positiboa izango du, hala ere», bota du azkar Goenagak. «Tragikomedia bat izango dela esan daiteke», gaineratu du Garañok. «Gure bizipenak oinarri hartuta idatzi dugu istorioa, baita inguruko pertsonei gertatutakoak ikusita ere». Erreferentziaz hitz egiten hasita, David Leanen Brief Encounter (1945) aipatu dute, baita Clint Eastwooden The Bridges of Madison County (1995) ere. Debekatutako maitasunak dituzte oinarri egileek aipatutako filmek; beraz, ezinezko maitasunetik ere izango du zerbait Axun eta Maite-k.

Aizpuru eta Pagoaga
Garaño eta Goenagaren filmaren ardatz nagusietako bat Axun eta Maite pertsonaien rolak jokatuko dituzten aktoreen interpretazioa izango da. Itziar Aizpuru izango da Axun, eta Mariasun Pagoaga Maite. Aizpuruk badu eskarmentua telebistan; ETBko Martin telesaileko Marikororena egiten, esaterako. Pagoaga, ordea, ez da aritu sekula ez telebistan ez zineman ere. «Arrasateko Doke antzerki taldean aritzen da. Asko gustatu zitzaigun Maiteren rolerako», dio Goenagak. Jose Ramon Argoitia, Patricia Lopez, Ane Gabarain eta Zorion Egileor ere aktore taldean izango dira.

Bestalde, musika bereziki zaindu nahi dute. Pascal Gaigne konposatzen ari da filmeko musika. «Maite musika eskolako irakasle denez, musika klasikoak -Txaikovskik, esaterako- berezko lekua izango du». Musika klasikoko hainbat konposizio egokituz ari da Gaigne filmeko musika prestatzen.

Axun eta Maite-k milioi bat euro inguruko aurrekontua izango du. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak, ETBk eta Espainiako ICAAk jarri dute dirua.

Ospitale bateko gelaren iluntasunean loratutako musuak
Bi emakume edadeturen arteko maitasun harremanak hauspotzen du Axun eta Maite-ren gidoia. Jon Garañok idatzi zuen jatorrizko testua, eta gero Jose Mari Goenaga ere proiektuan sartu zen, bere ekarpenak eginez. Axun eta Maite 70 urtetik gorako emakumeak dira; oso giro desberdinetan bizi izan dira. Axun baserri giroko emakumea da. Hurbileko pertsona bat gaixotu egingo da, eta hura zaintzen emango ditu egunak Donostiako ospitale batean. Erietxeko gelan ezagutuko du Maite; anaia zaintzen ari da hura. Maite lesbiana da, betidanik izan du garbi bere jarrera sexuala. Axunek, berriz, sentsazio berriak ezagutuko ditu Maiterekin hasi berri duen adiskidetasun harremanak aurrera egin ahala.

2009/04/30

> Iritzia: M. Carmen Ribeiro Rey > KOKTERAINO GAUDE! SISTEMA EKONOMIKO SOZIALA ETA FEMINISTA NAHI DUGU!

  • Kokoteraino gaude! Sistema ekonomiko soziala eta feminista nahi dugu!
  • Noticias de Gipuzkoa, 2009-04-30 # María del Carmen Ribeiro Rey . Berdintasunaren Aldeko Donostiako Emakumeen Kontseilua izenean
Gure gizartean emakume eta gizonen artean dagoen desberdintasuna lanaren banaketa sexualean oinarrituta dago. Lanaren banaketa hori etengabe agertu eta agertzen da gizarte eta kultura guztietan, denboran eta espazioan nabarmen aldatu daitekeen arren.

Lanaren banaketa horren arabera, gizarteak sexuaren araberako zereginak, jokabideak, aurreikuspenak, rolak eta jarduera zein mugikortasunerako espazioak esleitzen ditu. Sailkapen horren ondorioz, gizonek eta emakumeek egiten dutenaren garrantzia hierarkizatu egiten denez, balio soziala ematen zaio gizonek egindakoari, eta eskubideak nahiz herritartasuna ukatzen zaizkie emakumeei.

Era berean, lanaren banaketa sexualaren ondorioz, gizarte-harremanetarako bi arlo banatu eta bereizi egiten dira: esparru publikoa, hau da, lan-merkatuaren eta ondasun-ekoizpenaren esparrua. Bertan, honako irizpide hauek dira nagusi: arrazionaltasun ekonomikoa, trukea, eraginkortasuna eta errentagarritasuna. Esparru publikoan, erabaki sozio-politikoak hartzen dira, eta onespen zein botere soziala lortzen da. Gizonen berezko esparrutzat hartzen denez, gizonen ohiko esparrua omen da.

Ugalketa-lana, ordea, emakumeek egindakoa da, batez ere, eta familia-esparru pribatuan ondasunen nahiz zerbitzuen arloan agertzen diren premiei aurre egitea du helburu. Lan horretan, honelako eginkizunak garatzen dira: etxearen kudeaketa, antolaketa eta artapena, gizarteratzeko prozesua, hezkuntza, afektuak eta zainketak.

Emakumeoi ematen dizkiguten eginkizun horiek oso naturalizatuta daude oraindik, askok eta askok emakumeak izateagatik etxeko lanetarako "dohaina" dugula eta jakite nahiz trebetasun horiek berez ditugula uste dutelako oraindik. Beraz, lanaren banaketa sexualaren ondorio zuzena dela ezkutatzen dute.

Gizartea garatzeko orduan, familia-arloko ugalketa-lana ezinbestekoa bada ere, gurea bezalako sozietate patriarkalean ez dauka ez agerikotasunik, ez ordainik, ezta onespen sozialik ere. Lan hori ez da garran-tzitsua kontabilitateko ekoizpenaren eta aberastasun-sorreraren ikuspegitik. Hori dela-eta, lan hori bakarrik egiten duten emakumeak ez-emankortzat eta ez-aktibotzat hartzen dituzte.

Lanaren banaketa sexualaren ondorioz, ordainpeko etxeko lan gehienak ere emakumeek egiten dituzte, bertokoek eta etorkinek. Gainera, esklabutzatik hurbil dauden baldintzetan azpikontratatzen dituzte: gizarte-segurantzako afiliaziorik gabe, soldata txiki-txikia, aparteko ordainsaririk gabe eta atsedenik gabeko lanaldi amaiezinak.

Lanaren banaketa sexualak ondorio larriak ditu emakumeontzat, etxean eta lanean ez digulako gizonekiko berdintasun-baldintzetan garatzen uzten.

Hori dela-eta, maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, Berdintasunaren Aldeko Donostiako Emakumeen Kontseilua kalera irtengo da, donostiarrei desberdintasunak gogaituta gauzkala jakinarazteko.

Emakumeok gogaituta gaude…

…etxeko lana agerikoa ez delako, gizartea garatzeko orduan ezinbestekoa den arren!

… etxeko lana eta zainketak gizonek eta emakumeek berdintasunez partekatutako erantzukizuna ez delako!

…ume eta menpekoen atentzio unibertsalerako euskal sistema publikorik ez dagoelako!

…etxetik kanpo prestakuntza-maila eta ordainsari txikiko, aldi baterako eta lanbide-hobekuntzarik gabeko lan ezegonkorretan lan egin behar dugulako!

…hezkuntza-sistemarentzat lehentasunezkoa ez delako emakume eta gizonen artean familia eta lanaren arloko erantzukizun bateraturako hezkuntza sustatzea!

…etxetik kanpo eta etxean bertan lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak egin arren, nahikoa autonomia ekonomikorik ez dugulako eta arlo profesional, sozial, ekonomiko eta politikoan desabantailan parte hartzen dugulako!

...unibertsitatean ikasi arren eta lanbide-asmoak eduki arren, oraindik ere onartu egiten delako gizonek emakumeek besteko erantzukizunik ez edukitzea etxean eta familian!

…etxeko langileak izanda ere, Langileen Estatutuan zehaztutako oinarrizko eskubiderik ez dugulako!

... etxeko lanaren arloan legez kanpoko kontratuak onartzen direlako emakume etorkinak izateagatik!

…ekonomiari begira etxeko andreak biztanle ez-aktibotzat har-tzen dituztelako, ugalketa-lanak etekin ekonomiko eta sozialak sor-tzen baditu ere!

...mugikortasunari, zerbitzuei eta ekipamenduei dagokienez, garraioaren zein hirien plangintzak eguneroko bizimoduaren atentzioa eta zainketa eragozten jarraitzen duelako!

…langabeziaren eta lan-ezegonkortasunaren ondorioz, ahalegin handia egin behar dugulako menpeko senideak zaintzeko!

…enpresek lanaldi mugatu ezegonkorrak eskaintzen dizkigutelako familia-arloko arduraldi handiagoaren truke!

…gure pentsioak eta erretiroak gizarte-segurantzako txikienak direlako, bizitza osoan zehar geure familiak zaindu, hezi eta atenditu baditugu ere!

...geure bizitza pertsonala eta profesionala eten behar dugulako, gizonek, emakumeek, instituzio publikoek eta enpresek partekatu beharreko premia sozialei erantzuteko!

…krisi ekonomikoen ondorioz, gizarte-zerbitzuak murriztu eta emakumeek familian zein etxean dituzten erantzukizunak handitzen direlako!

Desberdintasunak gogaituta gauzka!

Sistema sozial eta ekonomiko feminista eduki nahi dugu!

2009/04/21

> Berria: Ekitaldiak > ABIAN DA EHGAMEK ANTOLATUTAKO LEHENENGO MADELON LITERATURA LEHIAKETA


  • Abian da EHGAMek antolatutako lehenengo Madelon literatura lehiaketa
  • Gara, 2009-04-21 # A.A. • Donostia
Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimenduak «Madelon» gazteentzako literatura lehiaketa jarri du martxan. «Dena lortua dugula esaten diguten garai hauetan, gazteriaren ikuspuntua ezagutzeko modu egokiena iruditu zitzaigun», azaldu zuen Ander Gisasola EHGAMeko kideak. Bide batez, Xanti Altxu, Madelon, EHGAM-Gipuzkoako fundatzaile izandakoa gogoan izango dute.

Gaia librea izango da, baina gay, lesbiana, bisexual edota transexualen arteko harremanak edo beste edozein «erlazio ez-normalizatu» islatu beharko du. Bi maila izango dira: 14-17 urte artekoak eta 18-25 artekoak. Kontakizunak euskaraz zein gaztelaniaz aurkez daitezke eta bost eta hamar orri bitarteko luzera izan beharko dute.

Lanak EHGAMen Gipuzkoako egoitzara bidali behar dira maiatzaren 29a baino lehen. Sari banaketa ekainaren 26an izango da Donostiako Koldo Mitxelena kulturgunean. Gisasolaren esanetan, «saria ez da azken unera arte jakitera emango, garrantzitsuena gaiaren inguruko hausnarketa iruditzen baitzaigu». Argibide gehiago, www.ehgam.org-en.

> Berria: Ekitaldiak > MADELON SARIAK LITERATURA LEHIAKETA ANTOLATU DU EHGAMEK

  • Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du EHGAMek
  • Xanti Altxuren omenezko literatura lehiaketa hau 1 8 eta 25 urte arteko gazteei zuzenduta dago
  • Oarsoaldeko Hitza, 2009-04-21 # Jon Gonzalo
Xanti Altxu herritarraren omenezko Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du EHGAM-ek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Xanti Altxuk bere bizitzan bultzatu zituen baloreak sendotzea eta zabaltzea izango du helburu lehiaketa honek, batez ere, homosexualen eta transexualen bizimoduaren normalizazioa.

Madelon Sariak Literatura Lehiaketa 18 eta 25 urteko gazteei zuzenduta dago. Gaia librea da, baina gay, lesbiana, transexual edo beste edozein motatako erlazio afektiboei tartea egin beharko die.

«Aukera polita iruditzen zaigu gazteek gay-en, lesbianen eta transexualen errealitateari buruz gogoeta egiteko. Halaber, gazteek duten ikuspuntua jaso eta erradiografia antzeko bat egin nahi dugu. Horrela, aurrera begirako ekintzetan haien ikuspuntua kontuan hartuko dugu», azaldu zuen lehiaketaren aurkezpenean Ander Gisasola EHGAMeko kideak.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, lehiaketara aurkezten diren lanak bost orrialdeko gutxieneko luzera eta 10eko gehienezkoa izango dute. Lanak jasotzeko azkeneko eguna maiatzaren 29a izango da.

Lehiaketari buruzko informazioa gehiago www.ehgam.org webgunean aurki daiteke.
  • Oinarriak
  • Parte-hartzaileak. 14 eta 25 urte arteko gazteek parte har dezakete.
  • Hizkuntzak. Lanak euskara eta gazteleraz aurkeztu ahal dira.
  • Mailak. Bi maila izango dira. 14-17 urteko gazteena, eta 18-25 urtekoena.
  • Sariak. Maila bakoitzeko lan hoberena sarituko da, eta baita maila bakoitzeko bi finalistak ere bai
  • Gaia. Gaia librea izango da, baldintza bakar batekin: gay-en, lesbianen, bisexualen edo transexualen harreman afektibo-sexualak islatzea.
  • Luzera. Lanek bost eta hamar orrialde bitarteko luzera edukiko dute, espazio bikoitzean, Times New Roman 12an.
  • Aurkezpena. Lan originala eta bi kopia aurkeztu beharko dira.
  • Epeak. Lanak 2009ko maiatzaren 29a baino lehen bidali behar dira.
  • Helbidea. EHGAM, Gaztegune-CRAJ, Anoeta 28, Txuri Urdin, 20014 (Donostia).
  • Datu pertsonalak. Irabazleekin harremanetan jartzeko erabiliko dira soilik.
  • Argitalpena. EHGAMek irabazleen lanak argitaratzeko eskubidea gordeko du.
  • Sari banaketa. Ekainaren 26an.

> Laburrak: Ekitaldiak > EHGAMEK MADELON GAZTE LEHIKETA ANTOLATU DU

  • EHGAMek Madelon gazte lehiaketa antolatu du
  • Berria, 2009-04-21
EHGAM elkarteak Madelon literatur lehiaketa antolatu du, 14 urtetik 17ra eta 18tik 25era arteko gazteentzat. Gay, lesbiana, bisexual eta transexualekin lotutako gaiak jorratu behar dituzte narrazioek, euskaraz edo gaztelaniaz. Maiatzaren 29a baino lehenago igorri behar dira narrazioak.

> Berria: Ekitaldiak > EHGAMEK MADELON LITERATUR SARIAK PRESTATU DITU LEHEN ALDIZ

  • EHGAMek Madelon literatur sariak prestatu ditu lehen aldiz
  • Gay, lesbiana, bisexual, transexual edo beste edozein motako harreman afektiboak islatu behar dituzte parte hartzaileek.
  • Irutxuloko Hitza, 2009-04-21
Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du. Sari hauei Xanti Altxu Madelon, Gipuzkoako EHGAMeko fundatzaile zenaren izena eman diete, bera izan baitzen Euskal Herrian gay, lesbiana, transexual eta beste adierazpen sexualen mugimenduaren gizarteratzaileetako bat. Sari hauek helburu bera dute, gazteen artean mugimenduaren «bisibilitatea bultzatu eta normalizatzea».

Bi kategoria izango ditu lehiaketak. 14 eta 17 urte bitartekoa bata eta 18 eta 25 urte bitartekoa bestea. Lehiaketaren gaia librea bada ere, beharrezkoa da gay, lesbiana, bisexual, transexual edo beste edozein motako erlazio afektiboak bertan islatzea.

Lanak euskaraz zein gaztelaniaz aurkeztu daitezke eta maiatzaren 29a bukatuko da epea. Lehiaketaren oinarriak eta informazio gehiago, www.ehgam.org webgunean edo 667435570 telefonoan.

2009/04/19

> Berria: Ekitaldiak > MADELON SARIAK LITERATURA LEHIAKETA ANTOLATU DU EHGAMEK

  • Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du EHGAMek
  • Xanti Altxuren omenezko literatura lehiaketa 18 eta 25 urte arteko gazteei zuzenduta dago
  • Oarsoaldeko Hitza, 2009-04-19 # J. Gonzalo
Xanti Altxuren omenezko Madelon Sariak Literatura Lehiaketa antolatu du EHGAMek. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Xanti Altxuk bere bizitzan bultzatu zituen baloreak sendotzea eta zabaltzea izango du helburu lehiaketa horrek, batez ere, homosexualen eta transexualen bizimoduaren normalizazioa.

Madelon Sariak Literatura Lehiaketa 18 eta 25 urteko gazteei zuzenduta dago. Gaia librea da, baina gay, lesbiana, transexual edo beste edozein motatako erlazio afektiboei tartea egin beharko die. Nolanahi ere, lehiaketari buruzko xehetasunak bihar Donostian egingo duten aurkezpenean emango dituzte antolatzaileek.