2009/05/30

> Elkarrizketa: Javier Ugarte > "FRANKISMOA BIZI IZAN ZUTEN HOMOSEXUALEI EZ ZAIE AITORTU JASAN ZUTEN JAZARPENA"


  • Javier Ugarte - Filosofoa: «Frankismoa bizi izan zuten homosexualei ez zaie aitortu jasan zuten jazarpena»
  • Una discriminación universal: homosexualidad bajo el franquismo y la transición' liburua idatzi du Javier Ugarte filosofoak. Urte haietan homosexualek beren sexualitatea nola bizi zuten azaldu du Ugartek.
  • Berria, 2009-05-30 # Ainara Arratibel · Donostia

Frankismoaren jazarpena» jasan ostean, «zailak eta luzeak» izan ziren trantsizioko urteak homosexualentzat, Javier Ugarte filosofo eta Oviedoko Unibertsitateko irakaslearen hitzetan. «Atxilotuak eta kartzelatuak izaten jarraitu zuten, 1979 arte». Egun urratsak egin diren arren, homofobiaren aurkako politika «eraginkorragoak» behar direla uste du, eta garai hartako homosexualei jasan zuten «jazarpena» aitortu behar zaiela.


Zer islatu nahi duzu liburuan?
Inork erantzun ez didan zalantza bat argitu nahi izan dut hainbat alorretako profesionalen bidez: zein baldintzatan bizi eta eraiki behar zuen bere sexualitatea homosexuala sentitzen zen pertsona batek urte haietan.


Nola egiten zuen?
Harrigarria bada ere, kasu askotan ezkonduz egiten zuten. Erregimenak, Elizarekin bat eginda, heterosexualitatea ezarri zuen bizitzeko modu gisa. Gizonek emakumeekin ezkondu eta seme-alabak izatea nahi zuen, 1936ko gerrako galera ekonomiko eta demografikoak berreskuratzeko. Hori kontuan hartuta, eta frankismoaren errepresioa ez jasateko, homosexual asko ezkondu eta seme-alabak izan zituzten. Nahiz eta homosexualen aurkako sarekada batean harrapatu, Polizia eta epaileak ez ziren horren 'gogorrak' haiekin. Beraz, oso egoera gogor eta zailetan bada ere, beren homosexualitatea bizitzen jarraitzeko aukera zuten. Ezkondu gabe zeuden homosexualekin, ordea, ez zuten gupidarik izaten, eta kartzelatu egiten zituzten.


Kartzelako bizimodua gogorra izango zen, ezta?
Oso gogorra, benetako infernua bizitzen zuten.


Eta lesbianekin zer gertatzen zen?
Emakumeen sexualitatea ukatu egiten zen, eta erregimenak erotzat hartzen zituen lesbianak. Hori dela eta, kartzelatu beharrean, ospitale psikiatrikoetan sartzen zituzten.


Eta trantsizioa nolakoa izan zen?
Luzea eta zaila. Izan ere, trantsizioa luzeagoa izan zen homosexualentzat. 1979ko urtarrilera arte indarrean egon zen Gizarte Arriskugarritasun Legea. Beraz, trantsizioaren lehen urteak gogorrak izan ziren homosexualentzat, atxilotu eta zigortu egiten baitzituzten. Hori ez zen gertatzen frankismoaren errepresioa jasan zuten beste hainbat biktimekin. Adibidez, pentsa ezina zen alderdi sozialistako edo komunistako kide bat atxilotua izatea, zituen ideia politikoengatik.


Memoria Historikoaren Legearen bidez 1936ko gerrako eta frankismoko biktimek jasandako jazarpena onartu eta aitortu nahi izan da. Garai haiek bizi izan zituzten homosexual askok, ordea, eurei ez zaiela aitortu diote. Horrela dela uste duzu?
Bai. Frankismoa bizi izan zuten homosexualei ez zaie jasan zuten jazarpena aitortu. Hala, duela aste batzuk jaso du Espainiako Gobernuaren kalte-ordaina homosexuala izateagatik frankismoaren jazarpena jasan zuen lehen biktimak. Kalte-ordaina 4.000 eurokoa izan da. Jasan zuten jazarpena kontuan hartuta, kalte-ordaina iraingarria da, oso txikia .


Nola aitortu eta onartu dakieke jasan zuten jazarpen hori?
Nik uste ematen zaien kalte-ordain ekonomikoa handiagoa izan beharko litzatekeela. Baina, zoritxarrez, uste dut horrek ez duela atzera bueltarik izango, eta hor utziko dutela. Bestalde, ideia politikoengatik jazarpena jasan zutenekin egin den antzera, omendu egin beharko lirateke. Gainera, gehiago ikertu beharko litzateke bizi izan zutenaz. Izan ere, alor horretan lanean ari garenok ez dugu inork gehiago hori bizitzerik nahi. Ezinbestekoa da homofobiaren aurkako politika argiagoak eta eraginkorragoak egotea. Gizarte osoak egin behar du homofobiaren aurka, oraindik ere aurreiritzi asko baitaude.


Zure liburua aipatu duzun omenaldi horietako bat al da?
Neurri batean bai. Jendeak homosexualek garai hartan bizi izandako infernua jakitea nahi izan dut. Izan ere, historiaren alorrean bada oso esaldi on bat: beren historia ezagutzen ez duten herriak hura errepikatzera kondenatuak daude. Zorionez, kasu honetan ez da hala izango. Baina ezinbestekoa da jendeak hura jakitea.


Gaur egun, nola uler daiteke hainbat jendek homosexualitatearen inguruan duen jarrera atzerakoia?
Ezin da ulertu. Alor horretan, kezkagarria eta salagarria iruditzen zait Eliza katolikoa bezalako erakunde batek homosexualitatearen inguruan erakutsitako jarrera oldarkor eta atzerakoia.

No comments: