- Sentitzen dudanaz
- 'Maribollotrans' kanpaldia egiten ari dira ostiraletik gaur arte Azkoitian. Sexualitatea natural bizitzearen garrantzia nabarmendu eta gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzen ari dira.
- Berria, 2009-09-13 # Ainara Arratibel . Azkoitia
Hemezortzigarren aldia da EHGAMek kanpaldia antolatzen duela. Dena den, aurrenekoz egin dute Azkoitian. Aurreko urteetan Oiartzungo Arritxulo aterpean (Gipuzkoa) bildu dira. Hausnartzeko ez ezik, ondo pasatzeko eta elkar ezagutzeko aukera ere eskaintzen du kanpaldiak. Hala, hiru eguneko egitarau betea osatzen ari dira aurten ere: mendi martxa, yoga saioa, eros masaje saioa, ibilaldi botanikoa, maribollotrans literatur tailerra, bio dantza ikastaroa, tupper sex saioa...
Errespetu eta naturaltasun hori lortzeko giltzetako bat hezkuntzan dagoela uste du Gisasolak. «Oso garrantzitsua da eskoletan izan daitezkeen edozein motatako jarrera homofoboak eta baztertzaileak amaitzea, baina hori bezain garrantzitsua da horiek ez gertatzeko neurriak hartzea. Denak diferenteak gara, eta elkar errespetatzen ikasi behar dugu, hori natural bizitzen».
Sexualitateari behar baino garrantzi handiagoa ematen diote askok, Gisasolaren ustez: «Zer inporta zait niri alboan dudana norekin oheratzen den, edo zer duen hankartean edo bularrean?». Kanpaldia naturaltasun horren isla izatea nahi dute: «Badira uste dutenak gay, lesbiana eta transexualentzat dela bakarrik. Baina ez da horrela. Edonork parte har dezake».
Bide horretan, ghettoetatik ihes egitearen beharra ere ikusten du Gisasolak. «Kasu batzuetan gay, lesbiana eta transexualak izan gara halakoak sortu ditugunak: gay giroko tabernak, adibidez. Halakoekin lortu nahi den naturaltasun hori oztopatzen da neurri batean». Euskal Herriaren kasuan, leku horiek «oso espainolduta» daudela ohartarazi du Gisasolak. «Hori aldatzeko, jabetze eskolak antolatu ditugu. Horien helburua da euskaraz aritzeko orduan segurtasuna lortzea, ondoren hitz egin ahal izateko».
Elizaren «jarrera homofoboen» aurka
Gay, lesbiana eta transexualen eskubideak aldarrikatzea ere badu helburu, sorreratik, kanpaldiak. EGHAMek beti salatu izan du Elizak gay, lesbiana eta transexualekiko dituen «jarrera homofoboak». Gaur ere hala egingo dute, 13:00etan Azpeitiko Loiolako basilikan (Gipuzkoa) egingo duten elkarretaratzean. «Gogorarazi behar da gay, transexual eta lesbianen artean badirela sinestunak. Dena den, ez dugu soilik errespetua eskatuko guretzat, baizik eta gizarte osoarentzat. Izan ere, adibidez, antisorgailuen aurkako jarrerekin gizarte guztiaren aurka ari dira».
Elizak sexualitatea ulertzeko duen moduarekin lotzen ditu Gisasolak jokabide horiek. «Elizarentzat sexu harremanen helburua haurrak izatea da. Guretzat, berriz, plazera sentitzeko, maitatzeko eta sentimenduak adierazteko modua dira, besteen artean, sexu harremanak».
- Datuak
- Zer: 'Maribollotrans' kanpaldia.
- Non: Azkoitiko Kukuherri aterpetxean (Gipuzkoa).
- Aldia: 18. aldia du aurten kanpaldiak.
- Parte-hartzaileak: ehun lagun inguru.
- Jarduera nagusiak: Mendi martxa, yoga saioa, eros masaje saioa, ibilaldi botanikoa, 'maribollotrans' literatur tailerra, biodantza ikastaroa, 'tupper sex' saioa...
No comments:
Post a Comment