- Hilda nahiago
- Sexuz aldatzeko ebakuntzaren zain dago Andrea Muñiz, baina itxaron zerrendan ez dela agertzen eta, promesak entzuteaz nardatua, gose grebari ekin dio; ebakuntzak bermatzeko eskatzen du.
- Berria, 2009-09-23 # Mikel Peruarena
Pazientzia agortu zaio Muñizi. Bularrak handitzeko ebakuntza egitekoa zen, eta uztailean ebakuntza aurreko probak egin zizkioten -urtarrilean balioa galduko dute proba horiek-. Kirurgia zerbitzura deitu zuen Muñizek. Hormonak hartzen baititu, ebakuntza egin baino astebete lehenago haiek hartzeari utzi behar lioke. Ebakuntzaren berririk ba ote zen galdetu, eta erantzun zioten 48 ordu lehenago jakinarazten dutela operazioak noiz egingo diren. Bestalde, azaldu zioten ez zegoela itxaron zerrendan. Eta orduan lehertu zen Muñiz: «Ez banaiz zerrendan agertzen, horrek esan nahi du ez dagoela bularrak handitzeko operaziorik. Eta hori ez bada existitzen, barre egiten dut genitaletako operazioaz!». Argigarriena, ordea, egoera berean dagoen beste pertsona bat topatzea izan da: «Esan zidaten lehenengoa nintzela, baina pertsona batekin hizketan hasi, eta konturatu gara hari ere gauza berak esan dizkiotela. Orduan ohartu naiz hau burla bat izan dela».
Hogei urte operatzeko itxaroten
Nerabe zenetik bere gorputzean arrotz sentitu da Muñiz: «Hamabost-hamasei urte nituenetik badakit zer naizen. Urte mordoa daramat mediku, endokrino eta psikiatrekin hitz egiten». Transexualidad Euskadi elkarteko presidente ere bada, baina erakundea sortu aurretik ere asko ikusitakoa da. «Donostian, jendeak ez zekien transexual bat zer zen ere» Muñiz kalean haien gisara ibiltzen hasi zenean. Malagan (Espainia) duela hamar bat urte hasi ziren sexuz aldatzeko ebakuntzak egiten. Saiatu zen, garai hartan, Osakidetzak Malagara bidera zezan: «Baina Osakidetzak ukatu egin zidan orduan». Ez zen posible jendea zerbitzu hartara bideratzea. «Frantzian ere egon nintzen bizitzen, eta ahalegina egin nuen, Frantziako Gizarte Segurantzak ebakuntza bere gain har zezan». Baina ordurako zerbitzu hori utzia zuen erakunde publikoak. «Urte asko daramatzat honetan, eta nazka-nazka eginda nago», aitortu du Muñizek.
Ekainean itxaropena piztu zen. Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailarekin bildu ziren gayen, lesbianen, bisexualen eta transexualen elkarteak. Gizarte Gaietarako sailburu Gemma Zabaletak agindu zuen transexualentzako sexuz aldatzeko ebakuntzak abiatzea «lehentasuna» izango zela eta Osakidetzak bere gain hartzea nahi zuela. Entzunak entzun, Muñizi ez zaio sinesmen handirik gelditzen. 2008ko irailean Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) genero unitatea sortzea. Zerbitzuak leku bakarrean biltzea zen asmoa, eskuragarriago jartzeko. Hara joaten da, Donostiatik, Muñiz. Ez diote autobuseko txartela ordaintzen. Eta genero unitatea ez da existitzen. «Urtebete joan da onartu zenetik», gogorarazi du. Gurutzetara doan bakoitzean maparekin ibili behar duela dio, zerbitzuak sakabanatuta eta «gordeta bezala» daudela: «Galdetu, eta esaten dizute: 'Hori existitzen da?'».
Abenduan 40 urte egingo dituela eta sexuz aldatzeko operazioak egiteko adin zailera heltzen ari dela ohartarazi du Muñizek: «Ez dira konturatzen denbora agortzen ari zaidala». Atzo arratsean bilera egin zuten Gizarte Gaietarako sailburuorde Fernando Fantovasek eta gay, lesbiana, bisexual eta transexualen hainbat elkartek. Telefonoz hitz egin zuen Muñizek Fantovasekin. Sailburuordeak lasaitzeko eskatu dio Muñizi, eta azaldu gaur presazko bilera egingo duela Osasun sailburuordearekin. Transexualentzat erietxeetan egin diren aurrerapenen berri emateko antolatu zuen bilera Sailburuordetzak. Hitzekin aspertua dago, baina, Muñiz: «Aurrerapenak? Ez dut aurrerapenik nahi, konponbideak nahi ditut».
- Nortasun agiria
- Andrea Muñiz Celestino. 1969an jaioa, 40 urte beteko ditu abenduan.
- Garaiera. 1,80 metro.
- Pisua. 64 kilo.
- Gose greba. Ebakuntza egingo diotela bermatzeko, barau erdia hasi zuen astelehen gauean. Bazkaldu bakarrik egingo du.
- Ebakuntza. Bularrak handitzeko ebakuntzaren zain dago; operazio aurreko probak egin zizkioten uztailean, baina esan diote ez dagoela itxaron zerrendan.
No comments:
Post a Comment