2009/08/18

> Berria: Homofobia > IRAKEKO HOMOSEXUALEN "EHIZA" SALATU DUTE

  • Irakeko homosexualen «ehiza» salatu dute
  • Aurten 90 homosexual bahitu eta hil dituztela dio Human Rights Watchek osatutako txostenak
  • Berria, 2009-08-18 # Leire Ventas
Azken bost urteetan homosexualen «ehiza» gogortu egin da Iraken; aurten bereziki. Hala ondorioztatu du Human Rights Watchek. Giza eskubideen aldeko erakundearen arabera, urtarrilaz geroztik gutxienez 90 lagun bahitu, torturatu eta hil dituzte sexu bereko bikoteekin harremanak izateagatik. Uste dute krimen horien atzean poliziak eta Mehdi Armadako milizianoak daudela.

Haider Jaber medikuak atzerrian zela izan zuen bere bikotekidearen hilketaren berri. «Hiltzaileek ez zioten Aliren gorpua senideei bidali, ehortz zezaten, eta, hala, lorez beteriko hilobi bat eduki zezan», kontatu dio gobernuz kanpoko erakundeari, erbestetik. «Animalia zela eta ez zuela merezi esan zuten».

Hilotza eskuak lotuta eta buruan tiroa zuela topatu zuten, zabor artean. Hori bere bikotearena bainoago, bere patua zelakoan, Iraketik alde egina zen Jaber. Arrazoiak bazituen: behin eta berriz mehatxatu zuten. Etxera eta lanera joan zitzaizkion milizianoak, musulman heterosexuala «bilakatzen» ez bazen, hil egingo zutela ohartaraztera. Egun Erresuma Batuak babesa eman zain dago, auzoko herrialderen batean.

Gisa horretako testigantzetan oinarritzen da Desagerrarazi egin nahi gaituzte: Sexuarekin eta generoarekin lotutako torturak eta hilketak izeneko ikerketa. «Hainbati uzkia kolaz bete diete, eta ondoren hiru egunez laxanteekin elikatu dituzte», azaldu du Rasha Mumnek, egileetako batek. «Hiltzeko modu ezin mingarriagoa dela ziurtatu digute medikuek».

Irudiak froga
Baina testigantzak ez ezik, frogak ere badaude. The Observer egunkariak eskuratu dituen argazkiak, esaterako. Haietako batean ustez elkarrekin sexu harremanak izan dituzten bi gizon ikus daitezke, begiak estalita. Beltzez jantzitako lagun batek fusil bat zuzentzen du bietako baten burura. Sakelakoekin grabatutako gisa horretako hainbat bideo ere zabaldu dira azken asteetan Bagdad hiriburuan.

Txostenaren arabera, homosexualen zapalketa Bagdadeko Sadr City auzoan hasi zen, 2004an, eta ordutik Kirkukera, Basorara eta beste hainbat hiritara zabaldu da. Moktada al Sadr buruzagi xiitak zuzendutako Mehdi miliziaren gotorlekua da Sadr City, eta duela hilabete eskas gayen kontrako kartelez josi zuten. Auzokide homosexualen izen eta helbideak jasotzen zituzten afixek, eta haiek zaintzeko eskatzen zieten bizilagunei. Hori hala, hilketen atzean miliziano horiek daudela uste du HRWek.

Gainera, hainbat elizgizon xiitek homosexualak izan dituzte hizpide azkenaldian sermoietan. Kerrada barrutiko elizgizon Shaik Sadek al Zairrek, esaterako, «emakumeen moduan janzten diren maritxuen» gaineko kezka azaldu zien sinestunei joan den astean. «Borrokatu beharreko fenomenoa da, baina tratamendu bidez», adierazi zien. Haratago joan da Mohammed al Ghreri: «Homosexualitatea ez da normala; beraz, jarrera aldatzeko exijitu behar diegu gayei». Haiek esana beteko ez balute, kartzelaratzea proposatu du. Bakartzeak ere «homosexualak heterosexual bilakatzen» ez baditu, sexu berekoekin harremanak izaten dituztenei ehun bizkarreko ematea da, haren arabera, hartu beharreko hurrengo neurria. «Lau aldiz bizkarrekoak jasotzera kondenatzen dituztenak, exekutatu egin behar dira».

Era berean, poliziak ere tartean egon daitezkeen susmoak dituzte ikerlariek. Irakeko Barne Ministerioak ukatu egin du bertsio hori, eta hilketak argitzeko ikerketa abian dela jakinarazi.

No comments: