2008/11/12

> Komunikatuak: Gerediaga Elkartea > BERDINTASUNERAKO DEFENTSORIARI ERANTZUNEZ

  • Berdintasunerako Defentsoriari erantzunez
  • Gerediaga Elkartea, 2008-11-12

Berdintasunerako Defentsoria Erakundetik salaketa jaso du Gerediaga Elkarteak, Durangoko Azokaren antolatzaile den aldetik, 43. edizioa iragartzeko kartelak emakumeak diskriminatzen dituela arrazoituz. Hona hemen Gerediaga Elkarteak adierazten duena.


Harriduraz hartu dugu salaketa hori publiko egiteko erabili duten prozedura. Defentsoriatik salaketa idatziz jaso eta Gerediaga Elkarteak alegazioak aurkezteko izan duen epea amaitu orduko, hau da, prozedura administratiboa irekia izan den bitartean, zabaldu du publikoki Berdintasunerako Defentsoriak salaketa.


Egiten den salaketaren gainean hau da adierazi nahi duguna:


  • “Kartelean txapelaren irudi tradizionala erakusten dela” aipatzen da, “argi eta garbi gizonarekin lotutako jantzi-osagaia” dela azpimarratuz. Gerediaga Elkartea ez da txapelaren generoaren eztabaidan sartuko. Baina, baieztapena ez datorrela bat errealitatearekin uste du. Adibideak asko dira erakutsiz txapela emakumezkoek zein gizonezkoek osagarri estetiko lez erabili izan dutela.
  • Karteleko betaurrekoengatik ez da ezer aipatzen salaketan. Eta argitu behar dugu, nesken modelotzat katalogatuta daudela. Hala ere, ez da Gerediaga Elkartea inor neskek edota gizonek erabili dezaketen esateko.
  • Salaketan sarri aipatzen den leloa edo esaldia ez da Gerediagak ipinitakoa, autoreak emandakoa baino kartela lehiaketara aurkezteko. Izenburu hori H.G. Wells-en eleberrian oinarrituta dagoen arren, ez da Durangoko Azokaren leloa, eta ez da kartelean agertzen. Kartela aukeratzeko ere ez da erabakiorra izan. Lehiaketetan ohikoa izaten da lana identifikatzeko leloa edo esaldia eskatzea.

Gerediaga Elkartea beti izan da adierazpen askatasunaren alde eta beti babestu ditu autore eskubideak. Gerediaga Elkarteak Azokako ateak zabal zabalik izan ditu beti eta orain ere baditu, emakumeak, gizonezkoak, euskaldunak, kanpotarrak, euskaltzaleak edota interesa duen edonor euskal kulturaren egutegiko topaketa nagusian hartzeko.


Abenduaren 5etik 8ra egingo den 43. Euskal Liburu eta Disko Azoka ahalik eta erakargarriena egiten lan egin du Gerediaga Elkarteak orain arte eta horretan jarraituko dugu. Ez dugu gai honekin eztabaidarik piztu gura. Herri honetako emakume eta gizonen sen onaren esku uzten dugu kartelari buruz bakoitzak izan dezakeen iritzia. Gerediaga Elkarteak, azkenik, a genero, arraza, erlijio, ideia edo beste arrazoiren bategatik diskriminazioarik jasan dutenei elkartasuna adierazten die.

No comments: