2008/11/20

> Komunikatua: Donostiako Koordinadora Feminista > ZRIA SARTZEN DIGUZUE, GU ERAILTZEN JARRAITZEN DUZUE

  • ZIRIA SARTZEN DIGUZUE, GU ERAILTZEN JARRAITZEN DUZUE
  • INDARKERIA MATXISTARI ERANTZUN!!!!
  • Donostiako Koordinadora Feminista, 2008-11-25

Gaur, azaroaren 25a, Indarkeria matxistaren kontrako nazioarteko egunean, berriz ere urteroko salaketa egitera gatoz: erailtzen jarraitzen gaituzte.


Aurten, emakumeen erailketen etengabeko jarioa ikusten ari gara,; erailketa hauen oihartzuna, tamalez, hutsaren hurrengoan geratzen da, eta: erailtzen jarraitzen gaituzte.


Egoera honek agerian uzten du ez dagoela aurrerapenik, ez nahikorik, behintzat. Indarkeria matxistaren eztabaida publikoa ez dago behar den lekuan kokatua, horren adibide, medioetan indarkeria matxistaren izendapena ematea kostatzen ari zaiguna eta gaur egun, oraindik ere, albistegiren batean pasio-krimentzat jotzen dituzte asasinatu hauek. Eta orain, gainera, krisiaren gaiarekin, beste argumentu bat gehiago dute emakumeak erailtzeko: lanetik bota dute eta desesperatua zegoen,… etab.


Emakumeontzat krisia konstantea da, pobreziaren feminizazioak gure inguruko pobreenak izatea eragiten du, eta, dakigunagatik, datozen murrizketek gugan izango dute eragina batez ere.


Feministok ezin dugu sinetsi horrelako sarraskiaren aurrean klase politikoak duen pasibotasuna. Nazkatuta gaude politikoak argazkietan ikusteaz, indarkeria ze txarra den esanez, baina sekula ere ez ditugu entzuten matxismoa kondenatzen.


Sistema matxistarekin bukatzen ez badugu, ez dugu amaituko indarkeria matxistarekin; sistema patriarkalaren alderdi guztiak identifikatu eta sustraitik suntsitzeko konpromiso sozialik ez baldin badago, ez dute ezertarako balio neurri asistentzialek.


Indarkeria matxista, sistematikoki emakumeak diskriminatzen dituen sistemaren borreroa da, emakumeon eskubideak ezabatzeko kontrol mekanismoa.


Kalean emakume bat bortxatzen dutenean, denak mehatxatzen gaituzte, emakume guztiok sentitzen baitugu kalea ez dela leku segurua. Emakume bat erailtzen dutenean, ematen ari diren mezua da, esaneko emakumeak ez baldin bagara edota zintzo portatzen ez bagara, hil egin gaitzaketela.


Indarkeriaren patriarkalaren aurrean, botere publikoei zera eskatzen diegu: onartzen dituzten plan eta protokolo miresgarri horiek betetzeko, behar den dirua jar dezatela; aurrekonturik gabe hutsean geratzen baitira asmo on guzti horiek. Aurrekonturik gabe, politikoki erabiltzeko tresnak besterik ez direlako, eta erreala ez den irudi publikoa ematen dutelako; egoera benetan tamalgarria izan arren, alarma soziala txikiagoa eginez.


Guzti honengatik, gaur, beste urte batez, salaketa egitera gatoz hona: ziria sartzen eta erailtzen jarraitzen gaituztelako. Emakumeei dei irmoa egin nahi diegu, indarkeriaren kontra antolatzen jarraitzeko, erasotzat hartzen dugun guztia salatzeko libre sentitzeko, injustizi sozial honen aurka borrokatzeko, geure buruaz jabetzeko, erasoen kontra autodefentsa erabiltzeko eta kaleak betetzeko gaur egun, XXI. Mendean, bizi dugun feminizidio honi erantzuna emateko. Indarkeria matxistari erantzun!!! Gora feminismoa. Gora emakumeon borroka!!

No comments: