2008/10/11

> Berria: Feminismoak > EMAKUMEEN ESKUBIDEAK "MUGATZEN" ARI DIRELA DERITZO BILGUNE FEMINISTAK

  • Emakumeen eskubideak «mugatzen» ari direla deritzo Bilgune Feministak
  • Martxoaren 8ko data «errespetatzeko» eta egun horretan hauteskunderik ez egiteko «exijitu» dute
  • Berria, 2008-10-11 # Mikel Peruarena · Donostia

«Historian zehar, batez ere gure borrokaren bidez, lortutako esparruak eta eskubide urriak ezabatzen edo mugatzen ari dira». Udan amaitu den ikasturtearen balantzea egin dute Bilgune Feministako bozeramaileek, Miren Aranguren eta Izaskun Guarrotxenak, eta ondorio horretara iritsi dira: «Jendarte parekidea izatetik oso urrun gaude».


Nafarroako Foru Gobernuak aurten onartu duen abortatzeko eskubidearen aldeko proposamenak ez du «inongo fruiturik» sortu, Arangurenek dioenez: «Ezin da abortatu Nafarroan, ez osasun publikoan, ez pribatuan ere». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, klinika pribatuetan egiten da abortuen %98. Espainiako Gobernuak, Abortuaren Legea aldatzeko, mugimendu feministaren iritziak kontuan hartu behar lituzke, Arangurenen esanetan. Emakumeen erabakitzeko askatasunari «mugak jartzeko ahaleginak» gaitzetsi ditu, eta abortu «libre eta doakoa» exijitzen jarraituko dutela jakinarazi du.


Lesakan (Nafarroa) eta Bilbon azken asteetan izan diren erasoak gogorarazi ditu Guarrotxenak. Emakumeek jasotzen dituzten erasoekin «oso arduratuta» daudela adierazi du, eta «autodefentsa feminista» erabiltzeko eta «kalean beldurrik gabe bizitzeko» deia egin die emakumeei.


Aurten bost emakume hil dira, genero indarkeriaren ondorioz, Euskal Herrian. «Hezkuntzan eta prebentzioan lan integralik egiten ez den bitartean, egoerak larriagotzen jarraituko du», Guarrotxenaren hitzetan. Gizartearen jarrera aldatu behar da bere ustez: «Guztion ardurari behingoz heldu eta gure esku dauden neurriak hartu behar genituzke».


Martxoaren 8a «errespetatu»

Instituzioek kanpainak egiten dituzte, baina «politikoki zuzena denak» agintzen dielako, «atzetik inolako oinarririk edota benetako lanik» egin gabe, Guarrotxenaren ustez. Hari horretatik, azken aldi honetan martxoaren 8an Eusko Legebiltzarra osatzeko bozak egitea entzun denez, «huts izugarria» izango litzatekeela uste dute. «Denok dugu gogoan aurten zer gertatu den Nafarroan, martxoaren 8a hausnarketa egunarekin egokitu zelako». Martxoaren 8a «errespetatu behar da eta politikariek agendan sartu behar dute», ohartarazi du Guarrotxenak. Eusko Jaurlaritzari «exijitu» dio egun horretan hauteskunderik ez deitzeko.


Atzerakada ekonomikoa emakumeei nola eragiten ari zaien aztertzea izango da ikasturteko erronketako bat. «Krisiak emakumeoi eragiten digu, bereziki; irakurketa eguneratzeko asmoa dugu ikasturte honetan», jakinarazi du Guarrotxenak.


Transexualitatea arazo psikiatriko hutsera ez murrizteko eskatuz elkarretaratzeak egingo dituzte, gaur eta bihar, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. EHGAM, Medeak eta Trans koordinadorak deitutako ekitaldietara joateko deia egin du Bilgune Feministak.

No comments: