2008/10/01

> Berria: Apostasia > ELIZAK EZ DITU APOSTASIA KASUAK BATAIO LIBURUETAN IDATZI BEHARKO

  • Elizak ez ditu apostasia kasuak bataio liburuetan idatzi beharko
  • Liburu horiek fitxategi izaerarik ez dutenez Datuen Babeserako Legetik kanpo daudela dio epai batek
  • Berria, 2008-10-01 # Erredakzioa · Gasteiz

Eliza katolikoak ez du idatzi beharko bataio liburuetan erlijio katolikoari uko egiten diotenen izenen aldamenean apostasia egin dutela dioen oharrik. Hala ebatzi du Espainiako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzietako salak, eta atzo bertan eman zuen erabaki horren berri, sententzia kaleratuta. Epai horretan, fitxategi izaera ukatzen diete bataio liburuei, eta, hori dela eta, Espainiako Datuen Babeserako Agentziak duela bi urte eta erdi Elizari agindu zion jokatzeko modua bertan behera gelditu da.


Inoren datu pertsonalak dituzten enpresa, elkarte edo administrazio publikoei zein datu dituen galdetzeko, datu horiek zuzentzeko edo ezeztatzeko aukera aitortzen die herritarrei datuen babeserako eskubideak, besteak beste. Apostasia eskubide horretan oinarritzen da, bataio liburuetan dauden datuak datu pertsonalak direlakoan ezeztatze eskubidea eskatzen baitu. Bataio liburuak «artxibo historikoak» direla argudiatu zuen Elizak, eta ezabatzeko aukera baztertu egin zen orduan. Horren ordez, ohar bat idazteko agindu zuen fede katolikoari uko egiten zion pertsonaren bataio dataren ondoan.


Espainiako Auzitegi Gorenak ondorioztatu du Elizaren bataio liburuak ez direla fitxategiak eta, ondorioz, Datuen Babeserako Legeak ez duela eraginik haiengan. Bataio liburuak datuen «pilaketa soil bat» direla deritzo Auzitegi Gorenak; datu horietan ezer bilatzea zaila dela dio epaiak, datuak bataio egunaren arabera sailkatuta baitaude.


Datuen Babeserako Legearen helburua da datu pertsonalak «informatikaren bitartez egin daitezkeen esku-hartzeen aurrean» babestea, epaiaren arabera. Apostasiaren kasuan, ordea, datuen babesa baino «sinesmenen lekukotasuna uztea» bilatzen zela ebatzi du Auzitegi Gorenak epaian. Elizak ez du apostasia kasuen berri eman beharko bataio liburuetan.


Aspaldiko eztabaida
Apostasia kasuen inguruan Elizak jarraitu beharreko izapidea aspalditiko eztabaida da. Espainiako Auzitegi Gorenak aztertu duen kasua M.B.G. valentziarrarena da. Eliza katolikoaren hainbat erabakik erlijio katolikoari uko egitera bultzatu zuten. Datuen Babeserako Espainiako Agentziara jo zuen, eta, hark, hamar eguneko epea eman zion Valentziako Artzapezpikutzari (Herrialde Katalanak) M.B.G.-ren bataio agiriaren ondoan erabaki horren berri emateko. Artzapezpikutzak Espainiako Auzitegi Nazionalera jo zuen, baina 2007ko urriaren 10ean arrazoia eman zioten M.B.G.-ri.


Auzitegi Nazionalaren epaiari helegitea aurkeztu zion Valentziako Artzapezpikutzak, eta Auzitegi Gorenak arrazoia eman zion atzo. Hau da, bataiatu izan diren pertsonek erlijio katolikoari uko egiteko askatasuna duten arren Elizak erabaki horren berri ematen duen oharrik ez duela idatzi beharko.

No comments: